HELDUEN IRAKASKUNTZAKO MATERIALEN APLIKAZIOAK A EREDUAN.

Sagrario Crespo Zulet.

Materiala aztertzeko
Argitaratuta dagoen materiala
Cdak
Testu-prozesadoreak
Internet
Bibliografia

Hizlariaren aurkezpena

Aurkezpena, powerpointen

Euskaltegi batean zenbait urte ibili ondoren, eskola publikora pasa nintzenean, nire egoera asko hobetuko zela uste nuen: testu-liburuak izango nituen eskura, material anitza, ikuspegi pedagogiko desberdinak aurrera eramateko baliabideak… Hilabete bat pasa ez zela, behin eta berriro gogoan nituen euskaltegietan erabiltzen genituen karpeta horiek, handik eta hemendik hartutako fotokopia bilduma. Non zegoen, urteetan mesprezatu nuen materiala? Non testu-liburuak? Non programazio eginak?

Eduardok atzo esan zuena ere harrigarria egiten zait. Dirudienez, A eredua hasi zenean, helduentzako materiala erabiltzen hasi ziren, material hori aprobetxatzen zuten. Niri iruditzen zait aldrebes izan dela; eta gaur egun, oraindik ere, helduen irakaskuntzan umeentzat prestatutako materiala erabiltzen dugula. Adibidez, liburutegiko atean mailaz maila sailkatzeko liburu zerrenda bat dago. Behe-mailakoak begiratzen baldin badituzue, ia den-denak haur eta gazte literatura dira. Hau da, euskara ikasten ari den helduarentzat ez dago literatura propiorik, ez dago berez sorkuntzarik. Azken finean euskaldunak ez gara gehiegi eta hizkuntza honen irakaskuntzan lan egiten dugunok are gutxiago. Horregatik besteek egiten dutena ezagutzea komenigarria da, informazioa trukatzeko eta alferrikako lana ez egiteko.

gora

Materialaz hitz egiten dugunean, ezin dugu ahaztu horiek ez dutela bizitzarik. Materialak hilak daude, geletan ikasleekin berpizten ditugu; guk ematen diegu bizitza; erabiltzen ditugunean material horiek hartzen dute balorea, aurretik ez; guk geuk ematen diegu izaera. Ariketa bera irakasle batek edo besteak hartu, A taldean edo B taldean praktikan jarri, emaitza erabat desberdina izango da. Hau da, materialak ez daude isolaturik, beste zenbait elementu ere kontuan hartu behar dugu:


Horrela, irakasle berak euskaltegitik eskolara materialtxoa ekartzen duenean, ezinbestez zaindu beharreko beste faktoreak hor daude: testuingurua eta ikasleak.
Ikasleen ezaugarriak erabat desberdinak dira batean eta bestean, nahiz eta batzuetan berdin-berdin jokatu: beraien egoera pertsonala, giro soziala, parametro kulturalak, pertsonalitate faktoreak, herstura maila, adaptazio gaitasuna, heldutasuna, aurrezagutzak eta hauen egituraketa, garapen ebolutiboa, ikaslearen motibazio eta jarrerak… Testuingurua ere aldatzen da: irakasle-taldearen arteko harremanak materiala markatuko du, eta ikasleen arteko harremana ere bai.

Materiala, ariketak, bere horretan ez dira ez onak, ez txarrak; ikaslea eta taldea nolakoak diren, bere ezaugarriek, bere estrategiek, jarrerek, non lan egiten dugun, ikasketa-planak, helburuek… materialetan eragina izango dute.

Orain arteko hitzaldietan unitate, ataza edo proiektuez hitz egin dute. Helduen irakaskuntzan, gaur egun, atazak erabiltzen ditugu, baina ezinezkoa da bere horretan maila hauetara ekartzea, unitate hori osatzeko orduan ezaugarri propioak kontuan hartzen baitira. Hori dela eta, zenbait ariketa eta baliabide azalduko dizuet. Programazioetan ataza edo unitate baten barruan kokatuko genuke, baina hemen solte eta testuingururik gabe azalduko dizuet.
Ariketa hauen balioa aztertzeko, gure klasean aplikagarriak diren ala ez jakiteko, Ernesto Martin Perisek egindako gidatxo hau erabiltzen dugu. Bertan bost adierazle aztertzen dira:

• eginkizuna
• emaitza
• egilea/eragilea
• hutsune komunikatiboa
• ikasleen inplikazio pertsonala

Eginkizuna (zer lortu behar du ikasleak? zer da eskuetan geldituko zaiona?) ez da helburua (zer irakatsi nahi dugu honekin?). Adibidez, atzo graffitiarena aurkeztu zigutenean, proiektuaren eginkizuna garbi adierazi zuten: patioan graffiti bat egitea. Irakasleek klasera eramaten duten helburua ez da hori, baizik eta deskripzioak lantzea, konparazioak egitea… Hemendik lau urtetara ikasleek gogoan izango dute graffiti bat egin zutela, lortu zutena hori baita; baina guk ez diegu graffitiak egiten irakatsi, hizkuntza erabiltzen baizik.
Beste adibide bat jakiaren unitatean ikus dezakegu. Hartan puzzle bat osatu behar zuten. Ikaslearen eginkizuna da puzzlea osatzea, irudia egitea; gure helburua, aldiz, hitzak, hiztegia irakastea da. Horrela, saio bat programatzen ari garenean, helburu bera lan dezakegu behin eta berriro eginkizuna aldatzen badugu, ikaslearentzat astunegia izan gabe helburu bera sakonki aurkeztu.

Emaitzaz ari bagara, ariketak ematen dituen aukerez ari gara. Izan daiteke bakarra eta itxia (erantzun bat bakarrik ontzat emango dugu; bai/ez moduko ariketa edo galdera itxiak: non dago Gasteiz?), desberdina eta itxia (aldez aurretik erantzun guztiak aurreikus ditzakegu: aukera anitzeko galderak –bat baino gehiago zuzen dagoenean– edo Arabako herriak izendatu) eta desberdina eta irekia (ezin dugu jakin zer erantzungo duten). Saioa programatzean komenigarria da aukera hauek guztiak ematea, eta beti bat baino gehiago erabiltzea.

Egilea atalean aztertzen dugu partehartzea nolakoa izango den: bakarka, binaka, hirunaka, taldeka. Saio batean komenigarria da taldekatze, biltze modu desberdinak egitea, lan batzuk bakarka, beste batzuk taldeka.

Hutsune komunikatiboa, eginkizunarekin batera, beti neurtu behar duguna da. Honetan aztertzen dugu ikasleari zer elementu falta zaion; adibidez, atzo, Bihotzak proposatzen zuenean “ikasleak lan hori norentzat egin behar du?”, sor dezakegu hutsune komunikatibo bat, ez baita gauza bera denen aurrean kontatu behar izatea, gure lagun bati esatea, edo gure koadernotxoan gordetzea. Erregistroaz gain, lan desberdina eskatu beharko diegu interesgarria izateko. Ikasleei irakasle baten deskripzioa eskatzen badiegu, norentzat horrek esango digu ariketa erakargarriagoa egiteko zer hutsune komunikatiboa sor dezakegun: guretzat egin behar badu eta denok bertako irakasleak ezagutzen baditugu, deskripzio hutsaz gain, beste zerbait eskatu beharko diogu, txapelketa moduan planteatu (nor da nor?). Gurasoei erakutsi behar badiete, zeregina desberdina izango da, edo eskolako aldizkarian azaltzeko egin behar baldin badu.

Hutsune hauek izan daitezke informazio objektiboak, iritzi subjektiboak, edo bietakoak; ikasleen artean gerta daitezke edo falta zaiena osatzeko irakaslearengana edo testu-liburuetara jo behar dute. Hurrengo jarduerak osatzeko, beharrezkoak edo osagarriak izan daitezke; adibidez, aditz zerrenda bat egitea proposatzen diegunean, ariketan bertan ez dago hutsunerik; guk aditzak ondo ezagutzen baditugu, zertarako kontatu behar digute guri?. Hutsunea hurrengo ariketak sortzen digu: zerrendak praktikatzeko aukera ematen digu eta gero aplikatu beharko du.

Ikasleen inplikazio pertsonala ariketa batean aztertzen dugun azken elementua da. Garai batean askotan erabiltzen genituen A eta B fitxak, konparatu eta diferentziak aurkitu. Zertarako egin behar dute hori ikasleek? Ariketa hori egiteak zer ekartzen die ikasleei? Automata moduan egin dezakete, ezertxo ere pentsatu gabe. Inplikazio handiagoa izango dugu ariketak ikaslearen mundura jotzen badu, bere ezagutza eta aurrezagutza aktibatzea eskatzen badiegu, bere esperientziekin bat egin, eginkizuna lortzeko egileen ekarpen pertsonalaren bat beharrezkoa bada.

Azken finean, aztertzen ari gara ea ariketa batek motibatzeko balio digun. Euskaltegira etortzen den ikaslea, teorian, eskolara joaten dena baino askoz motibatuagoa dago, titulu bat lortu nahi duelako, edo lagunekin euskaraz hitz egin nahi duelako, edo Leitzako jaietan ligatu nahi duelako. Hala ere, egunez egun motibazio hori lantzen ez badugu, galdu egingo dugu. Epe luzeko motibazioak izena emateko balio du, ez egunerokoan aurrera jarraitzeko. Beraz, gure klaseetan motibazioa ere piztu behar dugu eta horretarako nik uste dut jokoa oso bide egokia dela. Joko diferente asko daude eta ia denak oso motibagarriak: joko linguistikoak (bingoa, errimak…) hizkuntzarekin jolasteko besterik ez dira, ondo pasatzea beste helbururik ez dute; joko komunikatiboekin gehiago ikasiko dute gure ikasleek (antzeztu, hitza asmatu) hizkuntza praktikatzeko aukera ematen digulako; eta aplikatzeko ariketak ere joko moduan aurkeztu ditzakegu, horrela beraiek entretenituago egongo dira eta konturatu gabe egingo dute. Adibidez, betiko aukera anitzeko galderak zuzentzeko orduan txartelen bidez egiten badugu, banan-banan galdetu beharrean, ikasleengan tentsio puntua piztea lortuko dugu.

Materialekin hasi baino lehen, gauzatxo bat azpimarratu nahi nuke: azken bolada honetan euskaltegien munduan autoikaskuntza sisteman murgildu gara eta horretan ari gara buru-belarri. Honen inplikazioak desberdinak dira: alde batetik, irakasleok gure betiko rola galdu dugu, berri bat bilatzeko. Eta bilatzeko diot, oraindik aurkitu ez dugulako. Ingelesez geure lana era desberdinetan izendatzen da (facilitator, mentor, counsellor, adviser, helper, learner support, officer,…), eta bakoitzak badu bere esanahi semantiko desberdina. Hau da, zerbait berri sortzen ari da eta ez dakigu zer izen eman. Euskaraz ere, autoikaskuntzan ari garenok ez dakigu zer garen: laguntzaileak, tutoreak, aholkulariak…
Beste aldetik, zer esanik ez, materialgintzan eragin nabarmena du, eta egiteko moduak aldatzen ari gara. Erabat autoikaskuntzarako zuzendutako materialetan sartuko ez bagara ere, honen eragina ikusiko duzue.

gora

Argitaratuta dagoen materialaren artean euskaltegi handienak eta HABE dira ekoizpen handiena izan dutena. HABEk aspalditik eta momentuko korronte pedagogikoen arabera material desberdinak plazaratu ditu. Garai batean, behe urratsetako material osatuena zeukaten merkatuan, baina karpeta berde horiek nahiko desfasatuak gelditu dira.
Duela 4 urte kurrikulu berria argitaratu zuen “Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua” (Urrutiko Hizkuntza Eskolakoek lehen azaldu digutena) eta horren haritik atazak argitaratu dira, material egokitua eta prestatua, programazioa eta kurrikulua aurrera eramateko unitateak. Gure mundu txiki honetan iraultza txiki bat izan zen, bai egin zen lanean, bai aurkezteko moduan, bai jendea inplikatzeko momentuan. Pausuz pausu, HABEk Barrene, Barrenet... argitaratu ondoren, hauen atzean dagoen filosofia irakasleei azaldu zien eta azkenik, beraiek berriak egitea proposatu. Material hau ere kaleratu da, eta zenbait unitate Interneten topa dezakegu. Erakargarria da guk geuk egin ditugulako, geure eskarmentutik abiatuta, eta adituek gainbegiratu dutelako, hausnartzeko bidea ematen. Ez dut uste Lehen edo Bigarren hezkuntzan aplikagarriak direnik bere osotasunean; agian, ariketa batzuk edo dauden ideiak bai. Solasean Jolasean bada horietako bat, gurasoei zuzenduta. Honen helburua da ipuinak nola kontatu garatzea.

IKAk arrakasta handia izan zuten liburuak argitaratu zituen: Ikasleen liburua 1, 2, 3, 4, 5 eta 6 eta Esaera zaharrak. Ariketa analitikoz osatuta daude eta autoikaskuntzarako bidea ireki nahi zuten. Antzeko materialak dira Kimetz edo Berbetan, Bizkaiko euskaltegiek argitaratuak. Autoikaskuntzarako ukitu hori ez dute eta zailagoa da klasean erabiltzea.
AEK-k aspaldian Hitzetik Hortzera liburu sorta egin zuen, eta ondoren Ahoz aho. Bietan ariketa desberdinak topa ditzakegu, proposamen politak, baina nahiko zaharkituta (esate baterako, bideo-sekuentzietan Klaudio Landa azaltzen da, famatua izan baino lehen). Talde dinamika eta Urraspide aldizkariak ere argitaratzen zituen, eta klase dinamikarako ideiak eta proposamen asko plazaratzen zuen.

Bakarka liburuak aspalditik daude gure apaletan eta azken bolada honetan berrindartu dira, autoikaskuntzarako erabat zuzenduta daukagun inprimatutako material bakarra delako. Argitalpen berriak egin dituzte, baina betiko metodologia dago horien atzean. Nire ustez, ez da oso material egokia, baina ikasleari nolabaiteko euskarria eta lasaitasuna ematen dio.
Jokoak eta proposamen desberdinak biltzen dituzten beste argitalpen batzuk ere izan dira.

Mintzapraktikarako jokoak liburuan jokoak daude, binaka edo taldeka egiteko. Ingelesa ikasteko sortu zuten, duela urte batzuk euskaratu zuten eta ondo zabaldu zen. Akats bat badute, hutsune komunikatiborik ez baitago ariketa hauetan eta, horrexegatik, ez dira klasean ondo ateratzen; gelara eraman nahi baditugu, beste zerbait bilatu behar diegu. Joko bilduma AEK-k argitaratu zuen eta, aurrekoaren ildotik, klasera eramateko jolasak topatuko ditugu.

Idazketa ikasgelan liburua lortzea nahiko zaila da, baina liburutegietan egoten da. Urrats altuetan idazlanak egiteko proposamen bereziak dira eta batzuk aprobetxatu daitezke beste mailetan aplikatzeko; adibidez, badago bat niri asko gustatzen zaidana, Esan ezazu bost hitzetan izenekoa: bost hitzeko idazlana egitea du helburu. Ikasleak taldeka biltzen dira eta bost hitzetako esaldi bat erabiliz zerbait idaztea proposatzen diegu, adibidez, ohar bat: “beste gelako batek gonbidatu zaitu bere urtebetetzera, ez duzu batere gogorik joateko, esaiozu bost hitzetan”. Sortze prozesua nahiko eroa, bitxia eta interesgarria da: “sobratzen da bat, hau jarriz ez dago ondo...”. Emaitzak denetatik izaten dira “Oso gaixo nago. Bihar arte”. Azkeneko emaitza ez da oso luzea, baina prozesua oso aberatsa izaten da. Beste aukera batzuk izan daitezke amodiozko eskutitza, sakelako telefonoz mezu bat, mehatxu bat…

Klaseetan erabilera handiko beste liburuak kontsulta liburuak eta irakurtzekoak dira. Gramática didáctica del euskara azkeneko urteotan ikasleen “biblia” bihurtu da edo dugu, nola kontsultatu eta nola erabili irakastea gure helburuetako bat izan baita. Irakurtzekoen artean, betiko Irakurmendi bilduma aurkitzen dugu, gauza handirik ez dira, baina ez dago beste ezer behe-mailetan.

gora

Eta material hau guztia biltzen ari nintzela konturatu nintzen argitaratuta dagoen gehiena oso zaharra dela. Bi arrazoi nagusi daude horretarako: azken urte hauetan, materialgintzan egin den esfortzurik handiena atazak sortzeko izan da eta, lehen aipatu dugun bezala, hauek zailak dira bere horretan beste mailetan aplikatzen; edo bestelako materiala sortzen ari gara, multimedia formatuan, CD-rometan aurkituko duzuena, edo beste gauzatxo batzuk Interneten. Adibidez, euskaltegietako autoikaskuntza geletan Hezinet (lehenengo bertsioa) edo Boga (bigarrena) erabiltzen dugu, Helduen irakaskuntzarako mila eta piko ordu jasotzen duena. Programa handia bada ere, ez du merezi eskoletara eramatea: ariketak ezin dira banaka aukeratu, unitateetan integratuta baitaude eta gauzak aldatzeko aukerarik ez dagoelako.

CDtan lan solteak aurkituko ditugu; errazago lor daitezke, eta gehienak ez dira oso garestiak. CD bat klasera eramaten dugunean edo saioan Internet erabili behar dugunean, oso inportantea da aldez aurretik material hori aztertzea eta galdera hauei erantzuna ematea:

• Zer lortu nahi du materialak?
• Guk zer lortu nahi dugu material horrekin?
• Zer egin behar du ikasleak?
• Motibagarria da ikaslearentzat?
• Ikuspegi didaktikoa egokia da edo beste bat eman behar diogu?

Bai noski eta Irakaslea I eta II behe urratsetan ikasteko ariketa multzoak dira, nahiko desfasatuak, baina errepasorako baliagarriak dira. Ikastira urrats altuetarako zuzenduta dago, arauak, esaerak eta hiztegi bereziak biltzen ditu. Gauza batzuk ikasleei grazia handia egiten die eta, momentu konkretu batean, guk geuk jartzen badiegu zertarako nahi dugun, erabili dezakegu. Adibidez, DBHn lan egiten baduzue Irainak eta beste eta horrelako hiztegi bereziek aukera handiak ematen dituzte, edo Baserriko tresnak edo Onomatopeiak. CD honetan ez dago ariketarik, jolas batzuk izan ezik. Unitate baterako informazioa lortzeko erabili dezakegu edo zerbaitetarako eskatu.

Egunez egun, esaldiz esaldi HABEk argitaratu duen agenda bat da eta osagarri moduan orain aurkezten dizuedan CD dago, bi atal nagusi dituena: egutegian 365 oinarrizko esaldi euskaraz badaude, oso xinpleak: "Egun on", "Arratsalde on" eta horrelako esaerak. Hiztegia iruditan oinarrizko hiztegia ikasteko irudiak daude, garai batean horma-irudietan zeudenak: animaliak, barazkiak, familia, jantziak, hondartza, mendia, ordua... Bakoitzaren barruan bi gune daude: 'Hitzak ikusi' edo 'Hitzak kokatu'. Material polita da eta geletara eramateko oso erraza. Horrelako materialekin lan egiten dugunean ere ez dugu ahaztu behar saio hauen bukaeran laburbiltzeko lan bat eskatzea, paperean ariketa bat, etxerako lan bat…

gora

Bestelako lanetarako ere informatikaz baliatzen gara. Xuxen eta Word programak ezinbestekoak izan daitezke idazlanak egiteko orduan. Gaur egun ordenagailua zuzentzaile ortografikoarekin erosten dugu, baina zaharra bada instalatu beharko dugu. Erraza da eta dohainik aurkitu daiteke Interneten (http://www1.euskadi.net/euskara_hizt/indice_e.htm). Idazlan bat zuzentzea lan deprimigarria izaten da: azpimarratu egiten dugu zuzendu beharrekoa eta ideiak alboetan jarri, bestelako proposamenak bukaeran, liburuetan begiratzeko eta hobetzeko klabeak, geziez betetzen dugu... Testua ikasleari bueltatu eta horretatik emaitza polit bat lor dezakeela uste dugunean, nota galdetzen digute: ez dute besterik begiratzen eta ez dute inongo interesik lana berregiteko. Xuxenekin lan egiten badute, bukatutzat eman baino lehen ortografia atala zuzenduta izango dugu, eta lan bat gutxiago izateaz gain, lanean ari diren momentuan ohartuko dira gaizki ari direla. Momentuko zuzenketak informazio gehiago ematen dio eta azken produktua eduki baino lehen aldatzeko aukera eskaintzen dio. Gutxi batzuk salbu, beraiek ez dute begiratuko irakasleak egindako zuzenketa, zer azpimarratu duen, baina ordenagailuak azpimarratzen dionean, esaten dionean "Hau gaizki dago", orduan erantzuna bilatzen saiatuko dira.

gora

Beste tresna erabilgarria Hot potatoes (patata beroa) programatxoa da. Josu Jimenezek esplikatu dizue programatxo bat, Klik, eta hemen duzue beste bat. Hau ere oso erraza da erabiltzea. Klikek baino aukera gutxiago du, baina lortzen dugun ariketa web formatuan izango dugu, ordeangailu guztietatik ikusteko moduan, ez da beharrezkoa beste aplikazio bat ezartzea. Adibidez: Santurtziko Udal Euskaltegikoek (http://www.santurtzieus.com/gela_irekia/materialak/ikastaro/iniciacion/ataria.htm) ereduak ematen dizkigute zer egin dezakegun ikusteko. Aukera asko ditu, eta, benetan, oso erraza da erabiltzen: bi ordutan ikasten da erabilera eta Internetetik ere jaitsi daiteke dohainik. Beste euskaltegietako web orrietan ariketa asko topatuko dituzue, gehienetan formatu honetan eginak.

Dena dela, gaur egun euskaltegietako irakasleok gehien erabiltzen duguna HABEko web orria da. Gauza asko bildu dute eta, konexioa ona ez bada, denbora luze pasa dezakezue zerbait interesgarria ikusteko, hala ere, merezi du. Hiru gune nagusi daude: lehenengoa, "Aurkezpena" edo "Erabilera orokorrak", bigarrena da "Ikaslearen gunea" eta hirugarrena "Irakaslearen gunea".

Lehenengo multzo horretatik “liburutegia” eta “zerbitzuak” atalez hitz egin nahi nuke. HABEko liburutegia Donostian dago, baina katalogoa on-line dute jarria eta oso erraza da begiratzeko. Bilatzeko bi aukera dugu: artikuluak, Artikuluen Datu-Base Dokumentala (ADBD), edo liburuak, beste liburutegi askok egiten duten moduan Absys sisteman. Askotan liburuak bertan bilatzen ditut, ez hara joateko asmoa dudalako, baizik eta gure gaian espezializatutako liburutegia denez, ale asko daude eta erreferentziak bilatzeko oso toki ona delako, arloan dauden baliabideak zabaltzeko. Gustatzen zaidan liburu bat topatzen dudanean, programan erreferentzia sartzen dut eta erreferentzia horren bidez, beste batzuk topatzen ditut, ondoren hurbileko liburutegietan bilatzeko. Aurkitzen ez badut, betiere posible da korreoz eskatzea eta bizpahiru egunetan bidaltzen dute. Bueltatzeko epea hilabetekoa da eta, beste inork eskatuko ez balu, luzatu daiteke beste hainbeste. Zerbitzu hau oso jende gutxik erabiltzen du eta liburu guztiak ia beti daude eskuragai.

Zerbitzuak atalean hemeroteka aurkituko dugu, HABEk argitaratutako material didaktikoa aurkituko duzue: Habeko mik, Habe aldizkaria, Unescoren albistaria, eta Habe aldizkari elektronikoa. Ikusiko dugun bezala, hauetara beste bideetatik ere ailegatu daitezke. Zutabe/Hizpide aldizkariaren inprimatu daitezkeen didaktikako artikulu zaharrak bilatzeko oso baliagarria da.

Bigarren atal nagusian, ikaslearen gunean (http://www.habe.org/ikaslearengunea/index_e.asp), material asko aurkituko dugu,. Alde batetik, alfabetatzeko Murgilduz dago. Garai batean liburua izan zen, baian materiala eguneratu eta sarean jarri dute. Unitateak eta ariketak daude, baina behe urratsetarako zailak dira. Shockwawen eginak daude eta, ordenagailuan ez baduzue, aldez aurretik Internetetik jaitsi behar duzue; zer egin behar duzuen ariketak berak esango dizue. Unitateka zatituta dago eta irakurgaiak, ariketak, entzungaiak tartekatzen ditu.

Habeko mik garai batean HABEk argitaratu zuen komiki bilduma Interneten jarri du orain, denon eskura. PDFn dago, eta komiki osoa eskuratzeko konexio ona behar da. Formatu horrek duen abantaila da inprimatzeko arazorik ematen ez duela.

HABE aldizkaria ere, alez ale, PDF formatuan edo web formatuan aurkituko dugu, hala nola Unescoren Albistaria. Aldizkari elektronikoa paperezkoaren ahaidea da: han artikuluak atera dira noizbait, baina hemen proposamen didaktikoak daude. Ez dira oso errazak izaten eta autoikaskuntzarako bideratuta daude.

Euskara hobetzen (esaerak eta esapideak, Euskaltzaindiaren azken arauak, euskara hobetzeko oharrak), Euskalkiak edo Irrati nobelak aurretik CD formatuan argitaratutako materiala da edo irratian entzundakoa. Goi mailetarako interesgarria da, ez, ordea, gure mailetan. Lehenengo biak geure euskara hobetzeko erabil ditzakegu.

Denborapasak egiteko shockwave erabili dute. Programa honek eskaintzen dituen aukera guztiak erabili dituzte: gurutzegramak, hitz dorreak, itxuraldaketak, zaldiko-maldiko, letra zopak, dominoak eta ezkutuko mezuak topatuko ditugu. Ariketa egin ondoren, aukerak ematen ditu: erabat zuzendu edo egindakoa zuzendu.

Txisteak, Ipuinak, Istorio animatuak entzungaiak egiteko aukera ematen digute. Transkripzioa bertan dago eta, aldi berean, entzun eta irakur daitezke. Postalak politak dira, Interneten dauden beste hainbeste postal bezalaxe, baina euskaraz; soinua eta guzti dute, eta ikasleen artean trukatzen badituzte, idazki motzak egiteko aukera ematen digu, jolasteko. Kantu-kantari ikasleen gustukoa izaten da: kanta tradizional batzuk bildu dituzte eta bi eratara aurkezten dira: ahotsarekin edo musika bakarrik, karaoke moduko bat egin ahal izateko.

Azken atal nagusia Irakaslearen gunea da. Hemen sartzeko pasahitza behar da. Hau lortzeko galdetegi bat bete ondoren bidaliko digute. Agendan HABEk antolatzen dituen ikastaroen berri izan dezakegu. Kanpotik ekarritako espezialistak izaten dira eta bizpahiru egunetan jarduten dira gai baten inguruan. Ikastaro gehienak ekainean, uztailean eta irailean izaten dira. Prestakuntza arloan, beste gauzen artean, aldizkari teknikoak aurki eta kontsulta ditzakegu.Kurtsoan zehar ikastaroak on-line antolatzen dira eta horretarako erabilgarriak dira beste atal batzuk: postontzia, ikastaroak., gelak, taldeak...

Dena dela gehien erabiltzen dugun atala Mediateka da, eta, zuentzat ere interesgarria izango dela uste dut. Loturak, ikas-materialak, aldizkariak... daude eta horrez gain Baliabideak. Hemen helduak euskalduntzeko kurrikulua HTML formatuan osorik eskura dezakegu. Fototekan argazki bilduma aurkituko dugu, baina beste bilatzaileenetan ez bezala, norbaitek kategoriak ondo sailkatzeko lana hartu du, eta gure materiala argazki batekin hornitu behar dugunean zer nahi dugun garbi badugu, berehala topatuko dugu.

Dokumentu biltegia (http://www.habe.org/dokumentubiltegia) gaur egun gehien erabiltzen dugun web orria da. Testuen banku bat da eta material erreala modu diferenteetan sailkatuta dago; badaude entzutekoak, bideoak, testu idatziak eta ariketak. Bideoak izan ezik, beste guztiak saretik har ditzakegu. Irizpide desberdinak erabiltzen ditugu bilaketa egiteko: hitz gakoak, noiz argitaratua, maila, testu mota, euskalkiak, hitz kopurua... Ezinbesteko tresna bihurtu da gure eguneroko lanean.

Askotan kontsultatzen ditugun beste web orriak honako hauek izaten dira: www.ivap.org, www.euskaltzaindia.net, hiztegiak...
Beste helbide batzuk badaude, baina lan puntualak egiteko besterik ez digute balio, adibidez, altxorraren bila jokoa. Horretarako, beste hizkuntzetan dauden web orriak erabili ditzakegu, edo euskara eta gaztelania erabiltzen dutenak. El Correoren gunean oraindik zintzilik dituzte aspaldian ateratako fitxa batzuk: http://www.diario-elcorreo.es/euskera/ eta errepaso egiteko balio dute.

Interneten nabigatzen ari garenean jokaera arrunta zein den kontuan hartu behar dugu: toki batetik bestera joatea, inon denbora gehiegi gelditu gabe, markatutako bidetik oso erraz alde egiten dugu eta askotan galtzen gara, zerbaiten bila joan eta beste puntan bukatu. Ikasleek ere horrela jokatzen dute. Hori ez gertatzeko, hasieratik esan behar diegu zer egin behar duten, zer bilatu behar duten, helburuak eta eginkizunak garbi izan behar dituzte. Horrez gain, kontuan hartu behar dugu ariketa batek hamar minutu baino gehiago irauten badu, ikaslea galduko dela. Beraz, Informatika gelara joan behar badugu, ariketa asko eta motzak prestatu beharko ditugu. Ume txikiak baldin badira, ariketa bakoitzeko bi helbide baino gehiago ez eman, nahi dugun horretan arreta mantentzeko. DBHn baldin bada, bospasei batera erabili ditzakegu, gehiago ez, bestela galdu egiten dira eta. Ahaztu behar ez dugun beste puntu bat da helbide elektronikoak askotan aldatzen direla. Norbaitek ematen badigu proposamen bat, aldez aurretik gauzak hor mantentzen direla ziurtatzea komenigarria izaten da.

Ariketak egiteko proposamenak bilatzeko Cervantes institutuaren tokia baliagarria da. Gauza asko daude, baina nik azpimarratuko nuke Didactiteca. Ariketa sorta bat da, batzuk Internetekin lotuta daude, beste batzuk klasean aplikatzeko, norentzat egokituta dagoen aipatzen du: "Jóvenes", "Adultos", "Nivel"... Batzuk gurera moldatzeko oso errazak dira; beste batzuk ez. Egunero argitaratzen dute baten bat. Beraz, noiz edo noiz joaten bagara eta gustatzen zaizkigunak gordetzen baditugu, artxibo on bat lortuko dugu.

Bukatzeko txat-a aipatu behar dut. Berez, komunikatzeko sortu “berri” den tresna hau, nahiz eta idatziz egin, ahozko hizkuntzaren parekoa da. Ikasle gehienek ezagutzen dute eta noiz edo noiz ibiliak dira. Honetan sartzen direnean, bat-batekotasunak agintzen du, zaila da kontrolatzea; baina, batzuetan, aukera dugu esandakoa gordetzeko eta inprimatzeko. Jokotxo bat proposatu diezaiekegu: bakoitzak izengoiti bat hartuko du, eta besteek nor da nor aurkitu behar dute galderen bidez. Txatean sartzen garen lehenengo aldiz nahiko kaotikoa izaten da dena, baina idatzitakoa/esandakoa inprimatzen badugu eta hurrengo egunean aztertzeko klasera eramaten badugu, hurrengo aldiz tentu gehiagorekin ibiliko dira, eta jartzen dutena gehiago zainduko dute.

gora

BIBLIOGRAFIA
Dudeney, Gavin (2000). The Internet and the Language Classroom. Cambridge: Cambridge Handbooks for Language Teachers
HABE (1999) Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua. Donostia: HABE
Javier Suso Lopez, Mª Eugenia Fernandez Fraile (2001). La didáctica de la lengua extranjera. Fundamentos teóricos y análisis del curriculum de lengua extranjera. Granada: Editorial Comares (Interlingua)
Martin Peris, Ernesto (1996) Las actividades de aprendizaje en los manuales para la enseñanaza de E/LE. Argitaratu gabeko tesia
Williams, Marion; Burden, Robert L. (1999) Psicología para profesores de idiomas. Cambridge University Press

Materialak
AEK, Ahoz aho, Hitzetik Hortzera , Joko bilduma; Urraspide aldizkaria
B. G. Aresti, Berriketan, Berbetan, Edan, Eutsi
Basurto, Aitor (1994) Idazketa Ikasgelan. Lizarra: Abegi Kultur Elkartea
HABE. Bai Horixe. (bideokasetak)
Hadfield, J., Mintzapraktikarako jokoak (Hasierako mailakoak), Elhuyar.
IKA, Hitzetik Hortzera
Irakurmendi bilduma
JM Zabala euskaltegia Kimetz
Letamendia, J. A., Bakarka
Pello Esnal (1984). Euskalduntzearen A mailarako langaiak. Donostia: HABE
Zabala, Ion; Iriondo, Asis; Aldama, Dabid (1993). Esaera zuhur eta zahar. Gasteiz: Ardatz Kultur Elkartea (IKA)
Zuburi, Ilari (1991) Gramática didáctica del euskara. Bilbo: Didaktiker

Helbide elektronikoak
HABE: http://www.habe.org/
Dokumentu biltegia: http://www1.habe.org/kapsula/bmhasi_e.htm

Euskaltegi batzuen ariketak:
http://www.hator.com/herria.htm
http://www.santurtzieus.com/gela_irekia/materialak/ikastaro/iniciacion/ataria.htm http://www.abegi.com/euskariketak.asp

Hot Potatoes: http://web.uvic.ca/hrd/hotpot/

Xuxen: http://www.sc.ehu.es/xuxen-e.htm

Cervantes institutua: http://cvc.cervantes.es/
Didactiteca: http://cvc.cervantes.es/aula/didactiteca/apartados.asp

Oinarrizko euskara ikasteko ikastarotxoak:
http://www.gure-irratia.com/cours_esk.asp
http://www.eirelink.com/alanking/basquep.htm (ingelesez)
http://anseo.free.fr/basque.html (frantsesez)
http://www.geocities.com/aprendereuskera/ (gaztelaniaz)
http://www.diario-elcorreo.es/euskera/ (gaztelaniaz)

Ume txikiekin erabiltzeko
http://www.txikiak.com/bienvenida.html
http://www.komunika.net/txikinet/index.htm

Bestelakoak:
http://www.hiru.com
http://www.euskadi.net/euskara/indice_e.htm
http://www2.euskaltzaindia.net/
http://www.ivap.org/eusk/menu_eus.htm

 

Euskaltegi batean zenbait urte ibili ondoren, eskola publikora pasa nintzenean, nire egoera asko hobetuko zela uste nuen: testu-liburuak izango nituen eskura, material anitza, ikuspegi pedagogiko desberdinak aurrera eramateko baliabideak� Hilabete bat pasa ez zela, behin eta berriro gogoan nituen euskaltegietan erabiltzen genituen karpeta horiek, handik eta hemendik hartutako fotokopia bilduma. Non zegoen, urteetan mesprezatu nuen materiala? Non testu-liburuak? Non programazio eginak?

Eduardok atzo esan zuena ere harrigarria egiten zait. Dirudienez, A eredua hasi zenean, helduentzako materiala erabiltzen hasi ziren, material hori aprobetxatzen zuten. Niri iruditzen zait aldrebes izan dela; eta gaur egun, oraindik ere, helduen irakaskuntzan umeentzat prestatutako materiala erabiltzen dugula. Adibidez, liburutegiko atean mailaz maila sailkatzeko liburu zerrenda bat dago. Behe-mailakoak begiratzen baldin badituzue, ia den-denak haur eta gazte literatura dira. Hau da, euskara ikasten ari den helduarentzat ez dago literatura propiorik, ez dago berez sorkuntzarik. Azken finean euskaldunak ez gara gehiegi eta hizkuntza honen irakaskuntzan lan egiten dugunok are gutxiago. Horregatik besteek egiten dutena ezagutzea komenigarria da, informazioa trukatzeko eta alferrikako lana ez egiteko.

Materialaz hitz egiten dugunean, ezin dugu ahaztu horiek ez dutela bizitzarik. Materialak hilak daude, geletan ikasleekin berpizten ditugu; guk ematen diegu bizitza; erabiltzen ditugunean material horiek hartzen dute balorea, aurretik ez; guk geuk ematen diegu izaera. Ariketa bera irakasle batek edo besteak hartu, A taldean edo B taldean praktikan jarri, emaitza erabat desberdina izango da. Hau da, materialak ez daude isolaturik, beste zenbait elementu ere kontuan hartu behar dugu:

Horrela, irakasle berak euskaltegitik eskolara materialtxoa ekartzen duenean, ezinbestez zaindu beharreko beste faktoreak hor daude: testuingurua eta ikasleak.

Ikasleen ezaugarriak erabat desberdinak dira batean eta bestean, nahiz eta batzuetan berdin-berdin jokatu: beraien egoera pertsonala, giro soziala, parametro kulturalak, pertsonalitate faktoreak, herstura maila, adaptazio gaitasuna, heldutasuna, aurrezagutzak eta hauen egituraketa, garapen ebolutiboa, ikaslearen motibazio eta jarrerak� Testuingurua ere aldatzen da: irakasle-taldearen arteko harremanak materiala markatuko du, eta ikasleen arteko harremana ere bai.

Materiala, ariketak, bere horretan ez dira ez onak, ez txarrak; ikaslea eta taldea nolakoak diren, bere ezaugarriek, bere estrategiek, jarrerek, non lan egiten dugun, ikasketa-planak, helburuek� materialetan eragina izango dute.

Orain arteko hitzaldietan unitate, ataza edo proiektuez hitz egin dute. Helduen irakaskuntzan, gaur egun, atazak erabiltzen ditugu, baina ezinezkoa da bere horretan maila hauetara ekartzea, unitate hori osatzeko orduan ezaugarri propioak kontuan hartzen baitira. Hori dela eta, zenbait ariketa eta baliabide azalduko dizuet. Programazioetan ataza edo unitate baten barruan kokatuko genuke, baina hemen solte eta testuingururik gabe azalduko dizuet.

Ariketa hauen balioa aztertzeko, gure klasean aplikagarriak diren ala ez jakiteko, Ernesto Martin Perisek egindako gidatxo hau erabiltzen dugu. Bertan bost adierazle aztertzen dira:

        eginkizuna

        emaitza

        egilea/eragilea

        hutsune komunikatiboa

        ikasleen inplikazio pertsonala

Eginkizuna (zer lortu behar du ikasleak? zer da eskuetan geldituko zaiona?) ez da helburua (zer irakatsi nahi dugu honekin?). Adibidez, atzo graffitiarena aurkeztu zigutenean, proiektuaren eginkizuna garbi adierazi zuten: patioan graffiti bat egitea. Irakasleek klasera eramaten duten helburua ez da hori, baizik eta deskripzioak lantzea, konparazioak egitea� Hemendik lau urtetara ikasleek gogoan izango dute graffiti bat egin zutela, lortu zutena hori baita; baina guk ez diegu graffitiak egiten irakatsi, hizkuntza erabiltzen baizik.

Beste adibide bat jakiaren unitatean ikus dezakegu. Hartan puzzle bat osatu behar zuten. Ikaslearen eginkizuna da puzzlea osatzea, irudia egitea; gure helburua, aldiz, hitzak, hiztegia irakastea da. Horrela, saio bat programatzen ari garenean, helburu bera lan dezakegu behin eta berriro eginkizuna aldatzen badugu, ikaslearentzat astunegia izan gabe helburu bera sakonki aurkeztu.

Emaitzaz ari bagara, ariketak ematen dituen aukerez ari gara. Izan daiteke bakarra eta itxia (erantzun bat bakarrik ontzat emango dugu; bai/ez moduko ariketa edo galdera itxiak: non dago Gasteiz?), desberdina eta itxia (aldez aurretik erantzun guztiak aurreikus ditzakegu: aukera anitzeko galderak �bat baino gehiago zuzen dagoenean� edo Arabako herriak izendatu) eta desberdina eta irekia (ezin dugu jakin zer erantzungo duten). Saioa programatzean komenigarria da aukera hauek guztiak ematea, eta beti bat baino gehiago erabiltzea.

Egilea atalean aztertzen dugu partehartzea nolakoa izango den: bakarka, binaka, hirunaka, taldeka. Saio batean komenigarria da taldekatze, biltze modu desberdinak egitea, lan batzuk bakarka, beste batzuk taldeka.

Hutsune komunikatiboa, eginkizunarekin batera, beti neurtu behar duguna da. Honetan aztertzen dugu ikasleari zer elementu falta zaion; adibidez, atzo, Bihotzak proposatzen zuenean �ikasleak lan hori norentzat egin behar du?�, sor dezakegu hutsune komunikatibo bat, ez baita gauza bera denen aurrean kontatu behar izatea, gure lagun bati esatea, edo gure koadernotxoan gordetzea. Erregistroaz gain, lan desberdina eskatu beharko diegu interesgarria izateko. Ikasleei irakasle baten deskripzioa eskatzen badiegu, norentzat horrek esango digu ariketa erakargarriagoa egiteko zer hutsune komunikatiboa sor dezakegun: guretzat egin behar badu eta denok bertako irakasleak ezagutzen baditugu, deskripzio hutsaz gain, beste zerbait eskatu beharko diogu, txapelketa moduan planteatu (nor da nor?). Gurasoei erakutsi behar badiete, zeregina desberdina izango da, edo eskolako aldizkarian azaltzeko egin behar baldin badu.

Hutsune hauek izan daitezke informazio objektiboak, iritzi subjektiboak, edo bietakoak; ikasleen artean gerta daitezke edo falta zaiena osatzeko irakaslearengana edo testu-liburuetara jo behar dute. Hurrengo jarduerak osatzeko, beharrezkoak edo osagarriak izan daitezke; adibidez, aditz zerrenda bat egitea proposatzen diegunean, ariketan bertan ez dago hutsunerik; guk aditzak ondo ezagutzen baditugu, zertarako kontatu behar digute guri?. Hutsunea hurrengo ariketak sortzen digu: zerrendak praktikatzeko aukera ematen digu eta gero aplikatu beharko du.

Ikasleen inplikazio pertsonala ariketa batean aztertzen dugun azken elementua da. Garai batean askotan erabiltzen genituen A eta B fitxak, konparatu eta diferentziak aurkitu. Zertarako egin behar dute hori ikasleek? Ariketa hori egiteak zer ekartzen die ikasleei? Automata moduan egin dezakete, ezertxo ere pentsatu gabe. Inplikazio handiagoa izango dugu ariketak ikaslearen mundura jotzen badu, bere ezagutza eta aurrezagutza aktibatzea eskatzen badiegu, bere esperientziekin bat egin, eginkizuna lortzeko egileen ekarpen pertsonalaren bat beharrezkoa bada,.

Azken finean, aztertzen ari gara ea ariketa batek motibatzeko balio digun. Euskaltegira etortzen den ikaslea, teorian, eskolara joaten dena baino askoz motibatuagoa dago, titulu bat lortu nahi duelako, edo lagunekin euskaraz hitz egin nahi duelako, edo Leitzako jaietan ligatu nahi duelako. Hala ere, egunez egun motibazio hori lantzen ez badugu, galdu egingo dugu. Epe luzeko motibazioak izena emateko balio du, ez egunerokoan aurrera jarraitzeko. Beraz, gure klaseetan motibazioa ere piztu behar dugu eta horretarako nik uste dut jokoa oso bide egokia dela. Joko diferente asko daude eta ia denak oso motibagarriak: joko linguistikoak (bingoa, errimak�) hizkuntzarekin jolasteko besterik ez dira, ondo pasatzea beste helbururik ez dute; joko komunikatiboekin gehiago ikasiko dute gure ikasleek (antzeztu, hitza asmatu) hizkuntza praktikatzeko aukera ematen digulako; eta aplikatzeko ariketak ere joko moduan aurkeztu ditzakegu, horrela beraiek entretenituago egongo dira eta konturatu gabe egingo dute. Adibidez, betiko aukera anitzeko galderak zuzentzeko orduan txartelen bidez egiten badugu, banan-banan galdetu beharrean, ikasleengan tentsio puntua piztea lortuko dugu.

Materialekin hasi baino lehen, gauzatxo bat azpimarratu nahi nuke: azken bolada honetan euskaltegien munduan autoikaskuntza sisteman murgildu gara eta horretan ari gara buru-belarri. Honen inplikazioak desberdinak dira: alde batetik, irakasleok gure betiko rola galdu dugu, berri bat bilatzeko. Eta bilatzeko diot, oraindik aurkitu ez dugulako. Ingelesez geure lana era desberdinetan izendatzen da (facilitator, mentor, counsellor, adviser, helper, learner support, officer,�), eta bakoitzak badu bere esanahi semantiko desberdina. Hau da, zerbait berri sortzen ari da eta ez dakigu zer izen eman. Euskaraz ere, autoikaskuntzan ari garenok ez dakigu zer garen: laguntzaileak, tutoreak, aholkulariak�

Beste aldetik, zer esanik ez, materialgintzan eragin nabarmena du, eta egiteko moduak aldatzen ari gara. Erabat autoikaskuntzarako zuzendutako materialetan sartuko ez bagara ere, honen eragina ikusiko duzue.

Argitaratuta dagoen materialaren artean euskaltegi handienak eta HABE dira ekoizpen handiena izan dutena. HABEk aspalditik eta momentuko korronte pedagogikoen arabera material desberdinak plazaratu ditu. Garai batean, behe urratsetako material osatuena zeukaten merkatuan, baina karpeta berde horiek nahiko desfasatuak gelditu dira.

Duela 4 urte kurrikulu berria argitaratu zuen �Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua� (Urrutiko Hizkuntza Eskolakoek lehen azaldu digutena) eta horren haritik atazak argitaratu dira, material egokitua eta prestatua, programazioa eta kurrikulua aurrera eramateko unitateak. Gure mundu txiki honetan iraultza txiki bat izan zen, bai egin zen lanean, bai aurkezteko moduan, bai jendea inplikatzeko momentuan. Pausuz pausu, HABEk Barrene, Barrenet... argitaratu ondoren, hauen atzean dagoen filosofia irakasleei azaldu zien eta azkenik, beraiek berriak egitea proposatu. Material hau ere kaleratu da, eta zenbait unitate Interneten topa dezakegu. Erakargarria da guk geuk egin ditugulako, geure eskarmentutik abiatuta, eta adituek gainbegiratu dutelako, hausnartzeko bidea ematen. Ez dut uste Lehen edo Bigarren hezkuntzan aplikagarriak direnik bere osotasunean; agian, ariketa batzuk edo dauden ideiak bai. Solasean Jolasean bada horietako bat, gurasoei zuzenduta. Honen helburua da ipuinak nola kontatu garatzea.

IKAk arrakasta handia izan zuten liburuak argitaratu zituen: Ikasleen liburua1, 2, 3, 4, 5 eta 6 eta Esaera zaharrak. Ariketa analitikoz osatuta daude eta autoikaskuntzarako bidea ireki nahi zuten. Antzeko materialak dira Kimetz edo Berbetan, Bizkaiko euskaltegiek argitaratuak. Autoikaskuntzarako ukitu hori ez dute eta zailagoa da klasean erabiltzea.

AEK-k aspaldian Hitzetik Hortzera liburu sorta egin zuen, eta ondoren Ahoz aho. Bietan ariketa desberdinak topa ditzakegu, proposamen politak, baina nahiko zaharkituta (esate baterako, bideo-sekuentzietan Klaudio Landa azaltzen da, famatua izan baino lehen). Talde dinamika eta Urraspide aldizkariak ere argitaratzen zituen, eta klase dinamikarako ideiak eta proposamen asko plazaratzen zuen.

Bakarka liburuak aspalditik daude gure apaletan eta azken bolada honetan berrindartu dira, autoikaskuntzarako erabat zuzenduta daukagun inprimatutako material bakarra delako. Argitalpen berriak egin dituzte, baina betiko metodologia dago horien atzean. Nire ustez, ez da oso material egokia, baina ikasleari nolabaiteko euskarria eta lasaitasuna ematen dio.

Jokoak eta proposamen desberdinak biltzen dituzten beste argitalpen batzuk ere izan dira. Mintzapraktikarako jokoak liburuan jokoak daude, binaka edo taldeka egiteko. Ingelesa ikasteko sortu zuten, duela urte batzuk euskaratu zuten eta ondo zabaldu zen. Akats bat badute, hutsune komunikatiborik ez baitago ariketa hauetan eta, horrexegatik, ez dira klasean ondo ateratzen; gelara eraman nahi baditugu, beste zerbait bilatu behar diegu. Joko bilduma AEK-k argitaratu zuen eta, aurrekoaren ildotik, klasera eramateko jolasak topatuko ditugu.

Idazketa ikasgelan liburua lortzea nahiko zaila da, baina liburutegietan egoten da. Urrats altuetan idazlanak egiteko proposamen bereziak dira eta batzuk aprobetxatu daitezke beste mailetan aplikatzeko; adibidez, badago bat niri asko gustatzen zaidana, Esan ezazu bost hitzetan izenekoa: bost hitzeko idazlana egitea du helburu. Ikasleak taldeka biltzen dira eta bost hitzetako esaldi bat erabiliz zerbait idaztea proposatzen diegu, adibidez, ohar bat: �beste gelako batek gonbidatu zaitu bere urtebetetzera, ez duzu batere gogorik joateko, esaiozu bost hitzetan�. Sortze prozesua nahiko eroa, bitxia eta interesgarria da: �sobratzen da bat, hau jarriz ez dago ondo...�. Emaitzak denetatik izaten dira �Oso gaixo nago. Bihar arte�. Azkeneko emaitza ez da oso luzea, baina prozesua oso aberatsa izaten da. Beste aukera batzuk izan daitezke amodiozko eskutitza, sakelako telefonoz mezu bat, mehatxu bat�

Klaseetan erabilera handiko beste liburuak kontsulta liburuak eta irakurtzekoak dira. Gram�tica did�ctica del euskara azkeneko urteotan ikasleen �biblia� bihurtu da edo dugu, nola kontsultatu eta nola erabili irakastea gure helburuetako bat izan baita. Irakurtzekoen artean, betiko Irakurmendi bilduma aurkitzen dugu, gauza handirik ez dira, baina ez dago beste ezer behe-mailetan.

Eta material hau guztia biltzen ari nintzela konturatu nintzen argitaratuta dagoen gehiena oso zaharra dela. Bi arrazoi nagusi daude horretarako: azken urte hauetan, materialgintzan egin den esfortzurik handiena atazak sortzeko izan da eta, lehen aipatu dugun bezala, hauek zailak dira bere horretan beste mailetan aplikatzen; edo bestelako materiala sortzen ari gara, multimedia formatuan, CD-rometan aurkituko duzuena, edo beste gauzatxo batzuk Interneten. Adibidez, euskaltegietako autoikaskuntza geletan Hezinet (lehenengo bertsioa) edo Boga (bigarrena) erabiltzen dugu, Helduen irakaskuntzarako mila eta piko ordu jasotzen duena. Programa handia bada ere, ez du merezi eskoletara eramatea: ariketak ezin dira banaka aukeratu, unitateetan integratuta baitaude eta gauzak aldatzeko aukerarik ez dagoelako.

CDtan lan solteak aurkituko ditugu; errazago lor daitezke, eta gehienak ez dira oso garestiak. CD bat klasera eramaten dugunean edo saioan Internet erabili behar dugunean, oso inportantea da aldez aurretik material hori aztertzea eta galdera hauei erantzuna ematea:

        Zer lortu nahi du materialak?

        Guk zer lortu nahi dugu material horrekin?

        Zer egin behar du ikasleak?

        Motibagarria da ikaslearentzat?

        Ikuspegi didaktikoa egokia da edo beste bat eman behar diogu?

Bai noski eta Irakaslea I eta II behe urratsetan ikasteko ariketa multzoak dira, nahiko desfasatuak, baina errepasorako baliagarriak dira. Ikastira urrats altuetarako zuzenduta dago, arauak, esaerak eta hiztegi bereziak biltzen ditu. Gauza batzuk ikasleei grazia handia egiten die eta, momentu konkretu batean, guk geuk jartzen badiegu zertarako nahi dugun, erabili dezakegu. Adibidez, DBHn lan egiten baduzue Irainak eta beste eta horrelako hiztegi bereziek aukera handiak ematen dituzte, edo Baserriko tresnak edo Onomatopeiak. CD honetan ez dago ariketarik, jolas batzuk izan ezik. Unitate baterako informazioa lortzeko erabili dezakegu edo zerbaitetarako eskatu.

Egunez egun, esaldiz esaldi HABEk argitaratu duen agenda bat da eta osagarri moduan orain aurkezten dizuedan CD dago, bi atal nagusi dituena: egutegian 365 oinarrizko esaldi euskaraz badaude, oso xinpleak: "Egun on", "Arratsalde on" eta horrelako esaerak. Hiztegia iruditan oinarrizko hiztegia ikasteko irudiak daude, garai batean horma-irudietan zeudenak: animaliak, barazkiak, familia, jantziak, hondartza, mendia, ordua... Bakoitzaren barruan bi gune daude: 'Hitzak ikusi' edo 'Hitzak kokatu'. Material polita da eta geletara eramateko oso erraza. Horrelako materialekin lan egiten dugunean ere ez dugu ahaztu behar saio hauen bukaeran laburbiltzeko lan bat eskatzea, paperean ariketa bat, etxerako lan bat�

Bestelako lanetarako ere informatikaz baliatzen gara. Xuxen eta Word programak ezinbestekoak izan daitezke idazlanak egiteko orduan. Gaur egun ordenagailua zuzentzaile ortografikoarekin erosten dugu, baina zaharra bada instalatu beharko dugu. Erraza da eta dohainik aurkitu daiteke Interneten (http://www1.euskadi.net/euskara_hizt/indice_e.htm). Idazlan bat zuzentzea lan deprimigarria izaten da: azpimarratu egiten dugu zuzendu beharrekoa eta ideiak alboetan jarri, bestelako proposamenak bukaeran, liburuetan begiratzeko eta hobetzeko klabeak, geziez betetzen dugu... Testua ikasleari bueltatu eta horretatik emaitza polit bat lor dezakeela uste dugunean, nota galdetzen digute: ez dute besterik begiratzen eta ez dute inongo interesik lana berregiteko. Xuxenekin lan egiten badute, bukatutzat eman baino lehen ortografia atala zuzenduta izango dugu, eta lan bat gutxiago izateaz gain, lanean ari diren momentuan ohartuko dira gaizki ari direla. Momentuko zuzenketak informazio gehiago ematen dio eta azken produktua eduki baino lehen aldatzeko aukera eskaintzen dio. Gutxi batzuk salbu, beraiek ez dute begiratuko irakasleak egindako zuzenketa, zer azpimarratu duen, baina ordenagailuak azpimarratzen dionean, esaten dionean "Hau gaizki dago", orduan erantzuna bilatzen saiatuko dira.

Beste tresna erabilgarria Hot potatoes (patata beroa) programatxoa da. Josu Jimenezek esplikatu dizue programatxo bat, Klik, eta hemen duzue beste bat. Hau ere oso erraza da erabiltzea. Klikek baino aukera gutxiago du, baina lortzen dugun ariketa web formatuan izango dugu, ordeangailu guztietatik ikusteko moduan, ez da beharrezkoa beste aplikazio bat ezartzea. Adibidez: Santurtziko Udal Euskaltegikoek (http://www.santurtzieus.com/gela_irekia/materialak/ikastaro/iniciacion/ataria.htm) ereduak ematen dizkigute zer egin dezakegun ikusteko. Aukera asko ditu, eta, benetan, oso erraza da erabiltzen: bi ordutan ikasten da erabilera eta Internetetik ere jaitsi daiteke dohainik. Beste euskaltegietako web orrietan ariketa asko topatuko dituzue, gehienetan formatu honetan eginak.

Dena dela, gaur egun euskaltegietako irakasleok gehien erabiltzen duguna HABEko web orria da. Gauza asko bildu dute eta, konexioa ona ez bada, denbora luze pasa dezakezue zerbait interesgarria ikusteko, hala ere, merezi du. Hiru gune nagusi daude: lehenengoa, "Aurkezpena" edo "Erabilera orokorrak", bigarrena da "Ikaslearen gunea" eta hirugarrena "Irakaslearen gunea".

Lehenengo multzo horretatik �liburutegia� eta �zerbitzuak� atalez hitz egin nahi nuke. HABEko liburutegia Donostian dago, baina katalogoa on-line dute jarria eta oso erraza da begiratzeko. Bilatzeko bi aukera dugu: artikuluak, Artikuluen Datu-Base Dokumentala (ADBD), edo liburuak, beste liburutegi askok egiten duten moduan Absys sisteman. Askotan liburuak bertan bilatzen ditut, ez hara joateko asmoa dudalako, baizik eta gure gaian espezializatutako liburutegia denez, ale asko daude eta erreferentziak bilatzeko oso toki ona delako, arloan dauden baliabideak zabaltzeko. Gustatzen zaidan liburu bat topatzen dudanean, programan erreferentzia sartzen dut eta erreferentzia horren bidez, beste batzuk topatzen ditut, ondoren hurbileko liburutegietan bilatzeko. Aurkitzen ez badut, betiere posible da korreoz eskatzea eta bizpahiru egunetan bidaltzen dute. Bueltatzeko epea hilabetekoa da eta, beste inork eskatuko ez balu, luzatu daiteke beste hainbeste. Zerbitzu hau oso jende gutxik erabiltzen du eta liburu guztiak ia beti daude eskuragai.

Zerbitzuak atalean hemeroteka aurkituko dugu, HABEk argitaratutako material didaktikoa aurkituko duzue: Habeko mik, Habe aldizkaria, Unescoren albistaria, eta Habe aldizkari elektronikoa. Ikusiko dugun bezala, hauetara beste bideetatik ere ailegatu daitezke. Zutabe/Hizpide aldizkariaren inprimatu daitezkeen didaktikako artikulu zaharrak bilatzeko oso baliagarria da.

Bigarren atal nagusian, ikaslearen gunean http://www.habe.org/ikaslearengunea/index_e.asp), material asko aurkituko dugu,. Alde batetik, alfabetatzeko Murgilduz dago. Garai batean liburua izan zen, baian materiala eguneratu eta sarean jarri dute. Unitateak eta ariketak daude, baina behe urratsetarako zailak dira. Shockwawen eginak daude eta, ordenagailuan ez baduzue, aldez aurretik Internetetik jaitsi behar duzue; zer egin behar duzuen ariketak berak esango dizue. Unitateka zatituta dago eta irakurgaiak, ariketak, entzungaiak tartekatzen ditu.

Habeko mik garai batean HABEk argitaratu zuen komiki bilduma Interneten jarri du orain, denon eskura. PDFn dago, eta komiki osoa eskuratzeko konexio ona behar da. Formatu horrek duen abantaila da inprimatzeko arazorik ematen ez duela.

HABE aldizkaria ere, alez ale, PDF formatuan edo web formatuan aurkituko dugu, hala nola Unescoren Albistaria. Aldizkari elektronikoa paperezkoaren ahaidea da: han artikuluak atera dira noizbait, baina hemen proposamen didaktikoak daude. Ez dira oso errazak izaten eta autoikaskuntzarako bideratuta daude

Euskara hobetzen (esaerak eta esapideak, Euskaltzaindiaren azken arauak, euskara hobetzeko oharrak), Euskalkiak edo Irrati nobelak aurretik CD formatuan argitaratutako materiala da edo irratian entzundakoa. Goi mailetarako interesgarria da, ez, ordea, gure mailetan. Lehenengo biak geure euskara hobetzeko erabil ditzakegu.

Denborapasak egiteko shockwave erabili dute. Programa honek eskaintzen dituen aukera guztiak erabili dituzte: gurutzegramak, hitz dorreak, itxuraldaketak, zaldiko-maldiko, letra zopak, dominoak eta ezkutuko mezuak topatuko ditugu. Ariketa egin ondoren, aukerak ematen ditu: erabat zuzendu edo egindakoa zuzendu.

Txisteak, Ipuinak, Istorio animatuak entzungaiak egiteko aukera ematen digute. Transkripzioa bertan dago eta, aldi berean, entzun eta irakur daitezke. Postalak politak dira, Interneten dauden beste hainbeste postal bezalaxe, baina euskaraz; soinua eta guzti dute, eta ikasleen artean trukatzen badituzte, idazki motzak egiteko aukera ematen digu, jolasteko. Kantu-kantari ikasleen gustukoa izaten da: kanta tradizional batzuk bildu dituzte eta bi eratara aurkezten dira: ahotsarekin edo musika bakarrik, karaoke moduko bat egin ahal izateko.

Azken atal nagusia Irakaslearen gunea da. Hemen sartzeko pasahitza behar da. Hau lortzeko galdetegi bat bete ondoren bidaliko digute. Agendan HABEk antolatzen dituen ikastaroen berri izan dezakegu. Kanpotik ekarritako espezialistak izaten dira eta bizpahiru egunetan jarduten dira gai baten inguruan. Ikastaro gehienak ekainean, uztailean eta irailean izaten dira. Prestakuntza arloan, beste gauzen artean, aldizkari teknikoak aurki eta kontsulta ditzakegu. Kurtsoan zehar ikastaroak on-line antolatzen dira eta horretarako erabilgarriak dira beste atal batzuk: postontzia, ikastaroak., gelak, taldeak...

Dena dela gehien erabiltzen dugun atala Mediateka da, eta, zuentzat ere interesgarria izango dela uste dut. Loturak, ikas-materialak, aldizkariak... daude eta horrez gain Baliabideak. Hemen helduak euskalduntzeko kurrikulua HTML formatuan osorik eskura dezakegu. Fototekan argazki bilduma aurkituko dugu, baina beste bilatzaileenetan ez bezala, norbaitek kategoriak ondo sailkatzeko lana hartu du, eta gure materiala argazki batekin hornitu behar dugunean zer nahi dugun garbi badugu, berehala topatuko dugu.

Dokumentu biltegia (http://www.habe.org/dokumentubiltegia) gaur egun gehien erabiltzen dugun web orria da. Testuen banku bat da eta material erreala modu diferenteetan sailkatuta dago; badaude entzutekoak, bideoak, testu idatziak eta ariketak. Bideoak izan ezik, beste guztiak saretik har ditzakegu. Irizpide desberdinak erabiltzen ditugu bilaketa egiteko: hitz gakoak, noiz argitaratua, maila, testu mota, euskalkiak, hitz kopurua... Ezinbesteko tresna bihurtu da gure eguneroko lanean.

Askotan kontsultatzen ditugun beste web orriak honako hauek izaten dira: www.ivap.org, www.euskaltzaindia.net, hiztegiak...

Beste helbide batzuk badaude, baina lan puntualak egiteko besterik ez digute balio, adibidez, altxorraren bila jokoa. Horretarako, beste hizkuntzetan dauden web orriak erabili ditzakegu, edo euskara eta gaztelania erabiltzen dutenak. El Correoren gunean oraindik zintzilik dituzte aspaldian ateratako fitxa batzuk: http://www.diario-elcorreo.es/euskera/ eta errepaso egiteko balio dute.

Interneten nabigatzen ari garenean jokaera arrunta zein den kontuan hartu behar dugu: toki batetik bestera joatea, inon denbora gehiegi gelditu gabe, markatutako bidetik oso erraz alde egiten dugu eta askotan galtzen gara, zerbaiten bila joan eta beste puntan bukatu. Ikasleek ere horrela jokatzen dute. Hori ez gertatzeko, hasieratik esan behar diegu zer egin behar duten, zer bilatu behar duten, helburuak eta eginkizunak garbi izan behar dituzte. Horrez gain, kontuan hartu behar dugu ariketa batek hamar minutu baino gehiago irauten badu, ikaslea galduko dela. Beraz, Informatika gelara joan behar badugu, ariketa asko eta motzak prestatu beharko ditugu. Ume txikiak baldin badira, ariketa bakoitzeko bi helbide baino gehiago ez eman, nahi dugun horretan arreta mantentzeko. DBHn baldin bada, bospasei batera erabili ditzakegu, gehiago ez, bestela galdu egiten dira eta. Ahaztu behar ez dugun beste puntu bat da helbide elektronikoak askotan aldatzen direla. Norbaitek ematen badigu proposamen bat, aldez aurretik gauzak hor mantentzen direla ziurtatzea komenigarria izaten da.

Ariketak egiteko proposamenak bilatzeko Cervantes institutuaren tokia baliagarria da. Gauza asko daude, baina nik azpimarratuko nuke Didactiteca. Ariketa sorta bat da, batzuk Internetekin lotuta daude, beste batzuk klasean aplikatzeko, norentzat egokituta dagoen aipatzen du: "J�venes", "Adultos", "Nivel"... Batzuk gurera moldatzeko oso errazak dira; beste batzuk ez. Egunero argitaratzen dute baten bat. Beraz, noiz edo noiz joaten bagara eta gustatzen zaizkigunak gordetzen baditugu, artxibo on bat lortuko dugu.

Bukatzeko txat-a aipatu behar dut. Berez, komunikatzeko sortu �berri� den tresna hau,nahiz eta idatziz egin, ahozko hizkuntzaren parekoa da. Ikasle gehienek ezagutzen dute eta noiz edo noiz ibiliak dira. Honetan sartzen direnean, bat-batekotasunak agintzen du, zaila da kontrolatzea; baina, batzuetan, aukera dugu esandakoa gordetzeko eta inprimatzeko. Jokotxo bat proposatu diezaiekegu: bakoitzak izengoiti bat hartuko du, eta besteek nor da nor aurkitu behar dute galderen bidez. Txatean sartzen garen lehenengo aldiz nahiko kaotikoa izaten da dena, baina idatzitakoa/esandakoa inprimatzen badugu eta hurrengo egunean aztertzeko klasera eramaten badugu, hurrengo aldiz tentu gehiagorekin ibiliko dira, eta jartzen dutena gehiago zainduko dute.


 

BIBLIOGRAFIA

Dudeney, Gavin (2000). The Internet and the Language Classroom. Cambridge:Cambridge Handbooks for Language Teachers

HABE (1999) Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua. Donostia: HABE

Javier Suso Lopez, M� Eugenia Fernandez Fraile (2001). La did�ctica de la lengua extranjera. Fundamentos te�ricos y an�lisis del curriculum de lengua extranjera. Granada: Editorial Comares (Interlingua)

Martin Peris, Ernesto (1996) Las actividades de aprendizaje en los manuales para la ense�anaza de E/LE. Argitaratu gabeko tesia

Williams, Marion; Burden, Robert L. (1999) Psicolog�a para profesores de idiomas. Cambridge University Press

 

Materialak

AEK, Ahoz aho, Hitzetik Hortzera , Joko bilduma; Urraspide aldizkaria

B. G. Aresti, Berriketan, Berbetan, Edan, Eutsi

Basurto, Aitor (1994) Idazketa Ikasgelan. Lizarra: Abegi Kultur Elkartea

HABE. Bai Horixe. (bideokasetak)

Hadfield, J., Mintzapraktikarako jokoak (Hasierako mailakoak), Elhuyar.

IKA, Hitzetik Hortzera

Irakurmendi bilduma

JM Zabala euskaltegia Kimetz

Letamendia, J. A., Bakarka

Pello Esnal (1984). Euskalduntzearen A mailarako langaiak. Donostia: HABE

Zabala, Ion; Iriondo, Asis; Aldama, Dabid (1993). Esaera zuhur eta zahar. Gasteiz: Ardatz Kultur Elkartea (IKA)

Zuburi, Ilari (1991) Gram�tica did�ctica del euskara. Bilbo: Didaktiker


 

Helbide elektronikoak

HABE: http://www.habe.org/

Dokumentu biltegia: http://www1.habe.org/kapsula/bmhasi_e.htm

 

Euskaltegi batzuen ariketak:

http://www.hator.com/herria.htm

http://www.santurtzieus.com/gela_irekia/materialak/ikastaro/iniciacion/ataria.htm

http://www.abegi.com/euskariketak.asp

 

Hot Potatoes: http://web.uvic.ca/hrd/hotpot/

 

Xuxen: http://www.sc.ehu.es/xuxen-e.htm

 

Cervantes institutua: http://cvc.cervantes.es/

Didactiteca: http://cvc.cervantes.es/aula/didactiteca/apartados.asp

 

Oinarrizko euskara ikasteko ikastarotxoak:

http://www.gure-irratia.com/cours_esk.asp

http://www.eirelink.com/alanking/basquep.htm (ingelesez)

http://anseo.free.fr/basque.html(frantsesez)

http://www.geocities.com/aprendereuskera/ (gaztelaniaz)

http://www.diario-elcorreo.es/euskera/ (gaztelaniaz)

 

Ume txikiekin erabiltzeko

http://www.txikiak.com/bienvenida.html

http://www.komunika.net/txikinet/index.htm

 

Bestelakoak:

http://www.hiru.com

http://www.euskadi.net/euskara/indice_e.htm

http://www2.euskaltzaindia.net/

http://www.ivap.org/eusk/menu_eus.htm

 

gora

---------------- hitzaldiak ----------------