|
ZER EGIN DUGU? Gure maskotarekin, Pintxa urtxintxarekin, euskaraz jolastu gara.
1. Interesgunea
Gure ikasleek euskara gela ezagutzea nahi genuen.
2. Motibazioa (talde handian)
Gure maskota, Pintxa urtxintxa, gelan agertu da eta bere burua aurkeztu du:
- Kaixo, lagunok, Pintxa urtxintxa naiz. Nor zara zu? (irakasleari).
- Ni ... naiz. Nor zara zu? (irakasleak urtxintxari).
- Pintxa urtxintxa naiz. Eta zu, nor zara zu? (gelako haurrei).
Gelako haurrek euren izenak esan dituzte.
3. Aurrezagutzak aktibatzeko (talde handian)
- Aurkezpenaren inguruan: urtxintxak “Nor zara zu?” galdetzean.
- Agurren inguruan: gelara sartzean edo korroan esertzean: “kaixo, agur...”
3.1. Gaiarekiko aurrezagutzak
Txokoetara bisita
Maskotak ekarri dizkigun objektuak txoko bakoitzaren sarrera egiteko erabili ditugu. Txoko bakoitzean zer dagoen ikusi dugu, eta horren inguruan mintzatu eta jolastu gara.
- Ipuin txokoa: ipuin txokoan dauden ipuin batzuk ikusi ditugu eta ipuintxo bat kontatu diegu.
- Plastika txokoa: “Zer dago plastika txokoan?” Plastika txokoan dauden objektuak behatu ditugu: margoak, plastilina, paperak... Ikasleekin eseri, eta suge luze-luze bat eginez, plastilinarekin jolastu gara.
- Jolas txokoa: “Hara zein puzzle politak!”, “Eta zer da hau?”Jolas txokoan dagoen materiala behatu dugu: dominoak, eraikuntzak, puzzleak... Taldearekin jolastu gara eta gaztelu bat eraiki dugu.
- Etxe txokoa: beste txokoekin egin dugun aurkezpena txoko honekin ere egin dugu: “Zer gustatzen zaizue?”, “Tarta bat prestatuko dugu?” Etxe jokoan beraiekin jolastu gara eta tarta bat prestatu dugu.
1. oharra. Urtxintxak egunero objektu ezberdin bat edo batzuk ekarri dizkigu txoko ezberdinak antolatzeko, adibidez, margoak, arkatzak, paperak, plastilina... Eta bestetik, ipuin bat. “Hara! Non utziko ditugu Pintxa urtxintxak ekarri dizkigun opari hauek?”, “Margoak ekarri ditu; non jarriko ditugu?”, “Non utziko dugu ipuin hau?...” 2. 0harra. Txokoen aurkezpena ez dugu egun berean egin. Egun ezberdinak erabili ditugu, eta behin ezagutu dituztenean, txokoetara bueltatu gara berriro. Ondoren, txokoak nola zaindu behar ditugun eta nola kudeatuko ditugun ikasi dugu:
|
4. Zertarako egin
Maskotak egunero ekarritako materialak ezagutu eta ordenatzeko.
5. Informazioa
Egunero urtxintxak ekarritako gelako objektuen bidez eman da.
6. Edukiak garatzeko
6.1. Txokoak
Ipuin txokoan: maskotak gelara eraman dituen euskarazko ipuinak kokatu ditugu, baita gelan landuko ditugun olerki, kanta, errimak... ere. Ipuin txokora joan garenean, “Pintxa urtxintxa” izeneko kanta aurkitu dugu. Kanta abestu dugu eta Kantutegia-ren azalpena egin diegu:
KANTUTEGIA: artxibagailu batean proiektu ezberdinetan landuko ditugun kantak, olerkiak, errimak, aho korapiloak... gordeko ditugula azaldu diegu. Eredu ezberdinak erabili ahal dira: kantaren eta olerkiaren izenburua letra larriz, kantari edo olerkiari ongi egokitzen zaion irudia, kantaren edo olerkiaren transkribapena, izenburu eta irudiarekin... Kantak, olerkiak, aho korapiloak... ezberdintzeko, kode baten beharra izango dugu; haurrekin batera ezberdintzeko, zein kode erabil dezakegun adostu dugu: koloreen bidez, formen bidez (gometsak)...
Plastika txokoan: urtxintxari etxea egin diogu. “Nolakoa ote da urtxintxaren etxea?... ”. Haurren erantzunak aintzat hartuta, paper marroi luzean Pintxa urtxintxaren etxea marraztu dugu: basoa. Ondoren, haurrek zein koloretan dekoratu nahi zuten erabaki dute. Jarduera egin bitartean, plastika txokoan dagoen materiala aurkeztu dugu: margoak, errotulagailuak, arkatzak... eta zerekin margotu erabaki dugu.
6.2. Errutinak
Gelara sartu baino lehen: ikasleen gelatik euskara gelara joateko kanta abestu dugu, adib.: “Egun on, lagunok!” (moldatua)…
Gelan sartu ondoren:
Gure maskota agurtzen: “Gure gela” kantaren doinua erabiliz, gure maskota agurtu dugu.
Gure gelan urtxintxa dago.
Gure gelan urtxintxa dago.
Pintxa urtxintxa da gure laguna.
Pintxa urtxintxa da gure laguna.(“Gure gelan”, Ikastolen Elkartea)
Urtxintxak ura edan eta pixa egin nahi du: bi hatz erakusleekin elkarrizketa motza izan dugu. Irakasleak hatz batean urtxintxaren eraztuna zuen. Haurrek hasieran hatzekin errepikatu dute, eraztunik gabe.
|
Urtxintxaren musuak: hasieran, irakasleak eta maskotak egin dugu errutina. Gero, eguneko arduradunak jarri du praktikan. “Kaixo! Pintxa urtxintxa naiz. Nor zara zu? (haur bakoitzari edo zenbait haurri galdetuz). Musu! Pa!”
Gela jasotzeko kanta: gela jasotzeko kanta erakutsi diegu, adib.: “Jasotzera”.
Gelatik ateratzeko: euskara gelatik ateratzeko kanta erakutsi diegu, adib.: “Martuteneko trena” (Kili eta Kolo, Ibaizabal).
Agurrak: Pirritx eta Porrotx pailazoek erabiltzen dituztenak, adib.: “Aio, Pelaio!”, “Ongi pasa, Mari Tomasa!”, “Agur, Ben-hur, eta jan jogurt!”…
6.3. Jolasteko (talde handian)
Urtxintxaren eraztuna: plastika txokoan urtxintxaren eraztuna margotu dugu (Internetetik ateratako urtxintxa baten iruditxoa). Hasieran, gelan errutinak ekoizteko, eta ondoren, etxera eramateko eta etxean jolasteko.
Musu eman: hasieran, irakasleak Pintxa urtxintxaren musuak eskatuko ditu:
Besarkada: musika entzun bitartean, haurrak, modu librean, gelan barna mugitu dira. Musika geratzean, haur bakoitzak inguruan duen haurren bat besarkatu behar izan du. Berriro musika jarri dugu, eta gelditzean aurretik besarkatu ez duten beste lagun bat besarkatu behar izan dute.
Nor zara zu?: korroan eserita jarri gara. Irakasleak bere izena esan du, doinu ezberdin batez: ozenki, suabe, azkar, poliki... Hurrengoak irakaslearen izena doinu berean errepikatu behar izan du, horrela gelako haur guztiek irakaslearen izena errepikatu arte. Irakaslearen ezkerrean zegoen haurraren txanda izan da, bere izena esan du eta gainerakook errepikatu egin dugu.
6.4. Kanta
Egun on, lagunok.
Egun on, lagunok,
zatozte nirekin.
Egun on, lagunok,
euskara egitera.(Kantiruri, 2. kanta, moldatua)
7. Ikaskuntza egiaztatzen
Egunero, errutinen bidez behatzeko aukera dugu.
8. Ebaluazioa
8.1. Irakaslea: ebaluazio irizpideak
EUSKARA
GELA EZAGUTZEN |
||||
Ikaslearen izena | ||||
Behatu beharreko alderdiak | Hasieran |
Garapenean |
Lortuta |
Oharrak |
Agurtzeko esapideak erabiltzen saiatzen da. |
||||
Gelako maskotaren izena ezagutzen du. | ||||
Taldeka agindu errazak betetzen ditu: "ekarri margoa, eseri aulkian..." | ||||
Eguneroko errutinetan parte hartzen saiatzen da. |
8.2. Ikaslea: Sentimenduen taula
Haur bakoitzak proiektua baloratu du. Arbelean edo paper zuri handi batean, ikasle bakoitzak eta irakasleak beren laukia bete dute; ondoren, korroan komentatu dugu: “Gustatu zaizue?”, “Ez zaizue gustatu?”, “Zergatik?”, “Nola sentitu zarete?”... Jasotako datuak apuntatu egin ditugu, proiektuan egin beharreko aldaketak ikusteko.
SENTIMENDUEN TAULA |
Pintxa urtxintxa |
Txokoak |
Urtxintxaren
eraztuna |
ONGI PASATU
DUT |
1. IKASLEA | ||||
2. IKASLEA | ||||
3. IKASLEA | ||||
IRAKASLEA |
NOLA BETE |
|||
Oharra. Jardueren balorazioa saio bakoitzaren bukaeran egitea komeni da. Proiektuaren azken saioan jarduera guztien ebaluazioa egingo bagenu, gehiegi luzatuko litzateke.
DOSIERREAN SARTU DUGUN INFORMAZIOA
Proiektu honetan ez dute dosierrik egin; horren ordez, Pintxa urtxintxaren eraztuntxoa eraman dute etxera.
/ Egileak: Maider Ayerdi, Batirtze Foruria eta Rakel Santamaria /
|