|
ZER EGIN DUGU? “Ikusi, ikusi han...” kantaren moldaketa.
1. Interesgunea
Animalien inguruan ari ginela, haur batzuek etxean txakur bat dutela esan digute, beste batzuek katua.
2. Motibazioa (talde handian)
“Ikusi, ikusi han...” (elefantea) kanta entzuteko eskatu diegu: “Ongi entzun. Animaliarik entzun al duzue abestian?” Ikasle batzuek kanta ezagutzen zuten eta berehala “elefantea” entzun dutela esan digute. Ondoren, haiekin kanta abestu eta antzeztu dugu.
Ikasleei zein maskota dituzten galdetu diegu. Horrela, aurrezagutzak aktibatzen hasi gara.
3. Aurrezagutzak aktibatzeko (talde handian, korroan)
3.1. Gaiaren inguruan
a) Animalien izenak eta haien bizilekua aipatu ahala, horma-irudian behar adina zutabe egin ditugu, baina zutabeetan ez dugu izenbururik jarri.
ETXEKO ANIMALIAK |
BASERRIKO ANIMALIAK |
OIHANEKO ANIMALIAK |
BASOKO ANIMALIAK |
|
Leku ezberdinetako animaliak esan ahala, animalia bakoitzaren izena zegokion zutabean idatzi dugu: “Animalia hauek zergatik daude zutabe honetan eta ez beste zutabe horretan?”, “Non bizi dira animalia hauek?”, “Eta beste horiek?”...
“Eta gure maskota?”, “Non bizi da Bernardi ardia?”, “Eta bere familia?”... Gure maskotaren irudia Baserriko animaliak izeneko zutabean jarri dugu.
Bukaeran, zutabe bakoitzari izena eman diogu: “Hauek etxeko animaliak dira, hauek baserrikoak, beste hauek oihanekoak, eta hemen basoko animaliak dituzue”.
b) Non egituraren inguruan: zer dago leku bakoitzean?
“Non bizi da Bernardi ardia?”, “Baserrian, ezta?”, “Eta baserrian, non bizi ote da?”, “Larrean?”, “Elefantea teilatu gainean bizi da?”, “Eta txoria zeren gainean bizi ote da?”.
c) Animalien gorputz atalen inguruan.
Muturra-mokoa-tronpa: Zutabeetan idatzitako animaliak behatu ditugu. “Guk sudurra dugu?”, “Zer du elefanteak?”, “Eta txoriak zer du?”, “Eta txakurrak?” Animaliaren izenaren ondoan, muturra, mokoa edo tronpa txiki bat marraztu dugu. Haurrek ekarpenak erdaraz egin dituzte eta guk euskarara itzuli ditugu.
3.2. Zer egin erabaki (lehendabizi talde handian eta ondoren txikietan)
Kanta azkar ikasi dutenez: “Eta kantan beste animaliak sartuko bagenitu?”...
Talde txikietan jarri dira eta talde bakoitzak animalia bana aukeratu du. Aukeraketa horma-irudian idatzi dugu.
4. Zertarako egin erabaki (talde handian, korroan)
3 aukera eman dizkiegu eta guztiak egin nahi dituztela esan digute: kasetean grabatu, aitatxo eta amatxori abestu, txikitxoei abestu.
Nola egin erabaki (talde handian, korroan).
Talde bakoitzak zer behar duen erabaki du: “Zer behar dugu?”, “Kaseta, kantaren hitza”... (bideratuta). Grabagailu bat behar dugula erabaki dugu, eta baita kantaren hitza ere.
Aukeraketak horma-irudian jaso ditugu.
5. Informazioa
Etxetik animalien irudiak ekartzeko eskatu diegu eta gure horma-irudian sailkatu ditugu: “Zein animalia dira etxekoak?", "Zein baserrikoak?", "Zein basokoak?" eta "Zein oihanekoak?”.
Gelako edo eskolako ipuinak: taldeka, animaliak dituzten ipuinak aukeratu eta aztertu dituzte. Ipuinetan etxeko, baserriko, oihaneko eta basoko animaliak aurkitu behar izan dituzte.
Informazioa aztertu eta, talde txikietan, animalien irudiak sailkatu ditugu: mokoa, muturra edo tronpa duten. Emaitzak talde handian partekatu ditugu.
6. Edukiak garatzeko
6.1. Elkarrizketa (binaka)
Bi lagunek topo egin dute, eta bakoitzak bere maskota darama. Lagun batek etxeko edo baserriko animalia darama eta besteak oihanekoa.
- Kaixo, Iñaxio!
- Egun on, Mirentxu!
- Hau nire ..... da.
- Oso polita da. Hau nire ... da. Horrela egiten du (animaliaren onomatopeia).
- Zintzo-zintzoa da? (animalia laztandu bitartean).
- Bai, oso zintzoa.
- Jolasten utziko diegu?
- Bai.
6.2. Animalia fantastikoak (banaka)
Plastilinaz animalia fantastikoak egin ditugu. Bakoitzak bere animalia fantastikoa egin du plastika txokoan. Ikasleei emandako jarraibidea hauxe izan da: “Egin tronpa(k), mokoa(k), isatsa(k), muturra(k) dituen animalia”. Bukatutakoan, gelakideei erakutsi diete. Erabili dugun ahozko ekoizpena hurrengo hau izan da: “Nire animalia fantastikoak 2 tronpa eta 3 isats ditu” (lehenengo adibidea, bigarren adibidea, hirugarren adibidea).
6.3. Animalien azalak (talde txikietan)
Hasieran, taldeka aukeratu duten animaliaren azala folio batean imitatzeko eskatu diegu. Folioaren azalera arrabolaz margotu dugu, eta lehortzean, azalak gainean dituen berezitasunak –orbanak, marrak...– gehitu ditugu. Adibidez:
Folioaren azalera | Berezitasunak | |
Zebraren azala | Zuria (ez dugu margotu) | Tenpera beltzez eta pintzelez / hatzez egindako marra beltzak. |
Dortokaren azala | Berde argia | Poto txiki bat hartu, tenpera berde ilunean busti eta berde argiz margotutako folioan estanpatu. |
6.4. Kanta moldatzen (talde handian eta ondoren txikietan)
Talde handian: “Ikusi, ikusi han...” kantaren moldaketa denon artean egin dugu. Gure maskota aukeratu dugu eredutzat:
IKUSI, IKUSI HAN...
Ikusi, ikusi han,
traktore gainean,
kristo(re)n aberea
triziklo batean.
muturra aurrean
isatsa atzean,
kar, kar, kar, kar
Nor da?
Bernardi ardia da!Talde txikietan: proiektuaren hasieran aukeratu duten animaliaren berezitasunekin moldatu dute kanta. Aldaketak piktograma bezala sartu dituzte, hutsuneetan zegozkien irudiak marraztuta. Honako hauek izan dira taldeetan atera diren bertsioak:
IKUSI, IKUSI HAN... Ikusi, ikusi han, |
IKUSI, IKUSI HAN... Ikusi, ikusi han, |
IKUSI, IKUSI HAN... Ikusi, ikusi han, |
6.5. Animaliaren azala eta kanta (taldeka)
Animalia-azalaren atzean, taldeka asmatu duten kanta (dortoka, elefantea, zebra) itsatsi dute. Gelan taldeka abestu eta grabatu ondoren, etxera eraman dute.
7. Ikaskuntza egiaztatzen (talde handian, korroan)
Gure horma-irudiaren behaketa egin dugu. Hasieran genekiena kolore batez idatzi dugu, eta proiektuan gehitzen joan garen informazioa beste kolore batez. Hasieran euskaraz genekiena eta orain dakiguna alderatu ditugu.
8. Ebaluazioa
8.1. Irakaslea: ebaluazio irizpideak
IKUSI,
IKUSI HAN |
|||||
Ikaslearen izena | |||||
Behatu beharreko alderdiak | Hasieran |
Garapenean |
Amaieran |
Lorpenak |
Oharrak |
Animalia fantastikoa deskribatzen ahalegintzen da. |
|||||
Talde txikian kanta sortzeko orduan parte hartzen du. | |||||
Taldean kanta abesten saiatzen da. |
8.2. Ikaslea: Sentimenduen taula
Haur bakoitzak proiektua baloratu du. Arbelean edo paper zuri handi batean, ikasle bakoitzak eta irakasleak beren laukia bete dute; ondoren, korroan komentatu dugu: “Gustatu zaizue?”, “Ez zaizue gustatu?”, “Zergatik?”, “Nola sentitu zarete?”, “Zergatik?”... Jasotako datuak apuntatu egin ditugu proiektuan egin beharreko aldaketak ikusteko.
SENTIMENDUEN TAULA |
“Ikusi,
ikusi han...” kanta |
Animalia
fantastikoak |
Animalien
azalak |
KANTA BERRIA |
1. IKASLEA | ||||
2. IKASLEA | ||||
3. IKASLEA | ||||
IRAKASLEA |
NOLA BETE |
Hiru margo emango dizkiegu: gorria, laranja
eta berdea. |
Oharra: Jardueren balorazioa saio bakoitzaren bukaeran egitea komeni da. Proiektuaren azken saioan jarduera guztien ebaluazioa egingo bagenu, gehiegi luzatuko litzateke.
DOSIERREAN SARTU BEHARREKO INFORMAZIOA
Proiektu honetan ez dute dosierrik egin, etxera kanta eraman baitute.
/ Egileak: Maider Ayerdi, Batirtze Foruria eta Rakel Santamaria /
|