a eredua
 

MIELO, MIELO, MIEL OTXIN

ZER EGIN DUGU? Lantzeko inauterietako pertsonaiekin antzerkitxo bat.

aurkibidea

1. Interesgunea

Eskolan inauteriak ospatzen ari dira.

 

2. Motibazioa (talde handian)

Gure maskota, Bernardi ardia, kutxa baten gainean eserita aurkitu dugu. Kutxari buruzko galderak egin ditugu: “Norena ote da?”, “Zer ote du barruan?”... Kutxa ireki eta barruan, serpentina eta konfeti artean, proiektuan landu behar ditugun pertsonaien zenbait irudi aurkitu ditugu: Miel Otxin, Zaldiko, Ziripot eta txatxoak.

 

3. Aurrezagutzak aktibatzeko

3.1. Gaiaren inguruan (talde handian, korroan)

Inauterietako pertsonaien inguruan dituzten aurrezagutzak

3.2. Zer egin erabaki (talde handian)

Ipuina:

Irakasleak: “Ba, nik Miel Otxin agertzen den ipuina dut, irakurri nahi al duzue?” Lantz herria izeneko ipuina kontatu diegu. “Zer egin dezakegu ipuin honekin?” Haur batek antzerkitxoa egin ahal dugula adierazi du; denak ados agertu dira.

Lantz herria Dan Alvarez Prieto

(Alvarez Prieto, Dan: Lantz herria, Bruño, Madrid, 1992)

Pertsonaia bakoitzaren ondoan bere jantzien zerrenda idatzi dugu. Haur bakoitzak inauterietako pertsonaia bat aukeratu du, jantzia plastika txokoan egiteko.

MIEL OTXIN

ZIRIPOT ZALDIKO TXATXOAK
  • Ttuntturroa
  • Alkandora
  • Tripa handia
  • Isatsa
  • Zaldiaren burua
  • Ttuntturroa

Oharra. Pertsonaia bakoitza nola janzten zen ikusteko, Interneteko irudiak erabili ditugu.

 

4. Zertarako egin erabaki (talde handian)

Nola egin (talde handian eta ondoren talde txikietan)

Pertsonaia bera aukeratu duten ikasleak talde berean jarri dira eta mozorroa nola egingo duten erabaki dute. Irakasleari azaldu eta berarekin adostu dute.

Oharra. Irakasleak gidatua.

Erabaki guztiak horma-irudian jaso ditugu.

 

5. Informazioa

Lantz herriko inauteriak:

Informazio liburua:

TIBERIO, Patxi eta OTERMIN, Luis: Nafarroako ihauteriak, Nafarroako Gobernua, 1993. ISBN: 978-84-235-1270-6

 

6. Edukiak garatzeko

6.1. Hitzekin jolasten (talde handian)

mielotxin

txanogorritxo
txatxoak
urtxintxa

 

zaldiko

ziripot

 

pottoka

ttantta
ttuntturro

 

Txalo pin-txalo: Fonema bera duten irudi ezberdinak aurkeztu dizkiegu. Irudiak erakutsi dizkiegu eta ahoskerari garrantzia eman diogu, fonemari enfasia emanez. Ondoren, hitzak esan bitartean, txaloak jo ditugu, adibidez: ttun-ttu-rro-a, zal-di-ko... Gero, txaloak egin ditugu baina silabak ahoskatu gabe: “Zer da?”.

6.2. Jolasteko

6.2.1. “Txibiripon eta Ziripot” kanta abestu eta antzeztu dugu (talde handian)

(Urtxintxa 5, 2. hiruhilabetea)

Haur batzuk txatxoak izan dira; zutik, eskua emanda, korroan jarri dira. Beste haur batzuk Miel Otxin izan dira; besoak alboetara luzatu dituzte. Gainerako haurrak Ziripot izan dira. Kanta hastean, txatxoak korroan bueltaka hasi dira:

TXATXOAK.
Txibiripon eta Ziripot
Dantzari onak gara biok.
Txibiripon eta Ziripot,
Zazpi sorgin dantzan Ernion.

Txatxoak gelditu egin dira eta Ziripotek, korroaren kanpoaldetik, atea joko balu bezala egin du.

ZIRIPOT. Dan, dan, dan, dan
TXATXOAK. Nor da? Nor da?
ZIRIPOT. Ziripot naiz ni.
TXATXOAK. Esan, esan, berriz.
ZIRIPOT. Dan, dan, dan, dan
TXATXOAK. Nor da? Nor da?
ZIRIPOT. Ziripot naiz ni.
TXATXOAK. Barrura, dantzara!

Txatxoek Ziripot sartzera gonbidatu dute eta eskua emanda korroan bueltaka hasi dira.

TXATXOAK.
Txibiripon eta Ziripot
dantzari onak gara biok.
Txibiripon eta Ziripot,
zazpi sorgin dantzan Ernion.

Txatxoak gelditu egin dira, eta bigarren honetan Miel Otxinek, korroaren kanpoaldetik, atea joko balu bezala egin du.

MIEL OTXIN. Dan, dan, dan, dan
TXATXOAK. Nor da? Nor da?
MIEL OTXIN. Miel Otxin naiz.
TXATXOAK. Esan, esan, berriz.
MIEL OTXIN. Dan, dan, dan, dan
TXATXOAK. Nor da? Nor da?
MIEL OTXIN. Miel Otxin naiz.
TXATXOAK. Kanpora, hor konpon!

Txatxoek Miel Otxin kanpora bidali dute, hau da, ez diote sartzen utzi, gaiztoa delako, eta Ziripotekin dantzatzen jarraitu dute.

TXATXOAK.
Txibiripon eta Ziripot
dantzari onak gara biok.
Txibiripon eta Ziripot,
zazpi sorgin dantzan Ernion.

Behin kanta barneratu dutenean, Zaldikoren pertsonaia ere sartu dugu. Zaldikori, Miel Otxinen laguna delako, ez diote sartzen utzi.

6.2.2. Miel Otxin, non zaude? jolasean ibili gara (talde handian)

(Otsoa, non zaude? jolasaren moldaketa, Anaya-Haritza 1)

Haurrak korroan jarri dira eta, zotz egiteko formula baten bidez, Miel Otxin nor den erabaki dugu. Abestia kantatu bitartean, Miel Otxin korrotik kanpo egon da. Miel Otxinek nahi dugun guztia jantzitakoan, azkeneko “janzten ari naiz” esan eta gero, denak korrika hasi dira Miel Otxinek harrapa ez ditzan:

Herriko bazterretik,
Miel Otxin kantari,
eta beste aldetik,
kukua erantzuten.

Ku-ku, ku-ku,
Ku-ku, ku-ku, ku-ku (berriz)

–Miel Otxin, non zaude?
–Hemen nago!
–Eta zertan ari zara?
–Ttuntturroa janzten ari naiz.

Hau ongi ikasitakoan, beste pertsonaiekin ere jolastu gara.

Oharra. Hona hemen bakoitzaren jantziak: Miel-Otxin-ttuntturroa, txatxoak-ttuntturroa eta erratza, Zaldiko-buztana eta Ziripot-txapela.

6.3. Txokoak

PLASTIKA TXOKOA

Inauterietako pertsonaien jantziak egin ditugu. Haur bakoitzak, hasieran aukeratutako pertsonaiaren mozorroa egin du.

Miel Otxinen ttuntturroa eta alkandora: ttuntturroa egiteko, kartulina, koloretako zeta papera, guraizeak eta itsasgarria erabili ditugu. Kartulinarekin kono bat egin dugu, eta bertan zeta paper tirak itsatsi ditugu. Alkandora egiteko, zabor poltsa eta koloretako gometsak erabili ditugu.

argazkia

Ziripoten tripa: Supermerkatuko poltsa bana, egunkariak eta zabor poltsa bana erabili ditugu.

argazkia

Zaldikoren isatsa eta gorputza: isatsa egiteko, zeta paper marroiak moztu eta artile luze batekin lotu ditugu; lotutakoan, sobera gelditu den artile zatia gerrian lotzeko erabili dugu. Gorputza egiteko, zabor poltsa eta zaldi baten irudia erabili ditugu.

argazkia

Txatxoen ttuntturroa: kartulinak eta koloretako zetazko paperak erabili ditugu.

argazkia

 

ETXE TXOKOA

Bi ttuntturro jolas txokoan utzi ditugu, urtean zehar beraiekin jolastu ahal izateko.

 

6.4. Dantza

“Lantzeko zortzikoa” dantzatu dugu. Horretarako, dantza haurrentzako moldatu behar izan dugu, eta errazagoa egin.

6.5. Ipuina

Lantz herria.

6.6. Asmakizunak (talde txikietan)

Inauterietako pertsonaien inguruko asmakizunak

Gizon potolo eta kuttuna,
ibiltzeko, eskuan
makila behar du(e)na.

dokumentua NOR OTE DA? ZIRIPOT

Gaiztoa zara zu!
Erre egingo zaitugu!

dokumentua NOR OTE DA? MIEL OTXIN

Jiraka eta biraka,
dantzan ari dira,
aurpegia estalita eta
erratza eskuan.

dokumentua NOR OTE DIRA? TXATXOAK

Lau hanka eta buztan
luze-luzea duen zaldia.
“Kanpora, hor konpon!
Zoaz hemendik, animalia.”

dokumentua NOR OTE DA? ZALDIKO

 

 

Ondoren, dokumentua fitxa bat eman diegu eta, mailaren arabera, inauterietako pertsonaien izenak idatzi edo itsatsi behar izan dituzte.

 

6.7. Antzerkia ikasten (talde txikietan)

Haurrek aukeratu duten pertsonaiaren testutxoa ikasi dute. Errutinetan testutxoa barneratzen hasi dira.

Eguneko errutinetan dokumentua testutxoa zatika ikasi dugu. Saio batean, gidoiaren zati bat, hurrengo saioan, zati hori gehi beste esaldiren bat, eta horrela, gidoi osoa barneratu arte.

 

7. Ikaskuntza egiaztatzen

Dosierra egin dugu. Horma-irudian hasieran idatzitako ekarpenak irakurri ditugu eta ikasi duten ala ez ikusi dugu.

8. Ebaluazioa

8.1. Irakaslea: ebaluazio irizpideak

MIELO, MIELO, MIEL OTXIN
Ikaslearen izena  
Behatu beharreko alderdiak
Hasieran
Garapenean
Amaieran
Lorpenak
Oharrak

Inauterietako pertsonaien asmakizunak entzutean, zein pertsonaiaz ari garen adierazten du, irudia seinalatuz edota pertsonaiaren izena esanez.

         
Antzerkian parte hartzen du eta bere elkarrizketa zatia ekoizten saiatzen da.          
Taldeko jardueretan eta jolasetan euskaraz parte hartzen saiatzen da.          

 

8.2. Ikaslea: Sentimenduen taula

Haur bakoitzak proiektua baloratu du. Arbelean edo paper zuri handi batean, ikasle bakoitzak eta irakasleak beren laukia bete dute; ondoren, korroan komentatu dugu: “Gustatu zaizue?”, “Ez zaizue gustatu?”, “Zergatik?”, “Nola sentitu zarete?”, “Zergatik?”... Jasotako datuak apuntatu egin ditugu, proiektuan egin beharreko aldaketak ikusteko.

SENTIMENDUEN TAULA

Txibiripon eta Ziripot
Miel Otxin, non zaude?
Mozorroak
Asmakizunak
Antzerkia
1. IKASLEA          
2. IKASLEA          
3. IKASLEA          
IRAKASLEA          

 

NOLA BETE

Hiru margo emango dizkiegu: gorria, laranja eta berdea.

 

Oharra. Jardueren balorazioa saio bakoitzaren bukaeran egitea komeni da. Proiektuaren azken saioan jarduera guztien ebaluazioa egingo bagenu, gehiegi luzatuko litzateke.

DOSIERREAN SARTU BEHARREKO INFORMAZIOA

 

Nafarroako Gobernua / Egileak: Maider Ayerdi, Batirtze Foruria eta Rakel Santamaria / EIBZ