|
ZER EGIN DUGU? Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa ipuina landu dugu.
HOLZWARTH, Werner (idazlea), ERLBRUCJ, Wolf (irudigilea). Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa Kalandraka editora, 2001/11, Elkar
1. Interesgunea
Ipuin polita, modernoa, haurren gustukoa eta ezberdina delako aukeratu dugu. Ipuin honetan animaliak azaltzen dira; hortaz, ikasleek animaliekin duten lotura aprobetxatu dugu. Animalien soinuekin jolasteko aukera ere eman digu.
2. Motibazioa (talde handian)
Ipuina egun batzuk lehenago gelako liburutegian ikusgarri utzi dugu. Irakurri baino lehen: “Ezagutzen duzue ipuin hau?”
Formatoari erreparatu:
- Azala: “Nolakoa da ipuinaren azala, gogorra ala biguna?”.
- Ataria: “Zer da hau? (Azala)”, “Zer kontatzen digu?”. Ipuinaren izenburuaz gain, zer gehiago dakarren ikusi dugu (idazlearen izena eta marrazkilariarena): “Nork idatzi du liburua?”, “Irakasleak idatzi du?”. Ekarpenak erdaraz egin dituzte eta euskarara itzuli ditugu.
- Atzeko azala: “Zer ikusten duzue?”.
- Orriak zenbatu: “Ipuina nolakoa da, luzea ala motza?”.
- Hizki mota: hizki asko ala gutxi dakarren aztertu dugu. Bestetik, hizkien tamaina ere behatu dugu: “Hizki handiak ala txikiak dira?”.
Taularen lehenengo zutabea bete dugu.
Irakurketan
Lehenengo irakurketa
- Ipuina bi egunetan kontatu dugu. Horrela, suspense puntu bat eman diogu, eta hipotesiak birformulatzeko aukera eman diegu. Aurretik ipuina ikusgai utzi dugunez, irudien bidez zer ulertu duten baloratu dugu.
- Bigarren zatia irakurri aurretik, ipuinean gertatutakoa birpasatu dugu, eta gure gelako maskotari kontatu diogu: “Atzo gure maskota ez zen gurekin egon, eta ez daki ipuinean zer gertatu den; kontatuko diogu?”. Ipuinaren irudiak euskarri bezala erabili ditugu.
Oharra. Haur bat falta denean ere egin daiteke.
- Taularen bigarren zutabea bete dugu.
Irakurri ondoren
Hipotesien berrikusketa: hipotesiak irakurri ditugu eta bete diren ala ez ikusi dugu. Taularen hirugarren zutabea bete dugu.
Benetako izenburua: arbelean ipuinaren izenburua hizki larriz idatzi dugu. Asmatutakoa eta benetakoa alderatu ditugu: “Zein gustatzen zaizue gehiago, guk asmatu duguna ala benetakoa?”.
Bigarren irakurketa
- Ipuina jarraian kontatu diegu.
- Pertsonaiak aztertzen: ipuinean agertzen diren pertsonaiak aztertu ditugu;“Zein da ipuinaren protagonista?”, “Beste animaliarik agertzen da?”, ”Zeintzuk?”.
Atal honetan zenbait animaliaren ezberdintasunak ikusi ditugu: BEHORRA-ZALDIA, ERBIA-UNTXIA, AKERRA-AHUNTZA.
Hirugarren eta ondorengo irakurketak:
Hemen nago: ipuinean agertzen diren pertsonaien irudiak banatu dizkiegu ikasleei. Ipuina kontatzen ari ginela, haur bakoitzak, “Hemen nago” esan bitartean, egokitutako animaliaren irudia altxatu behar izan du. Hurrengo batean, animalien benetako argazkiak eman dizkiegu ( ahuntza, behia, erbia, satorra eta usoa).
Gertatuko denari aurre egin: irakurri bitartean: “Zer gertatuko ote da?”, ”Norengana joango da satorra?”, “Nola egiten du behorraren kakak?”...
Animaliak eta onomatopeiak: animalia bakoitzaren kakak egiten duen soinua zein den irakurri dugu.
USOAK: TXASTA
BEHORRAK: PLOSTA-PLOSTA
ERBIAK: TAR-TAR-TAR
AHUNTZAK: KLASTA-KLASTA-KLASTA
BEHIAK: PLOST
TXERRIAK: BROT
SATORRAK: PLISTTalde txikietan onomatopeiak grabatu ditugu grabagailuan doinu ezberdinekin.
Gezurrak esaten: ipuinaren kontakizunean gezurrak esan ditugu, esaterako, beste animalia batzuen izena esan dugu, kakek egiten duten soinua aldatu dugu, bukaera aldatu dugu…
Kanta: Mari Andresa(re)n korotza, Oskorri taldearen kanta, ikasi dugu. Kanta horrek deskribapen motzak lantzeko bidea eman digu.
Kakak alderatzen: taldeka, ipuinean agertzen diren animalien kakak egin ditugu plastilinaz. Ondoren, nolakoak diren aztertu dugu: luzeak, handiak, marroiak… Erabili dugun ahozko formula hauxe izan da: “Luzea eta marroia da/Biribila eta beltza da”… Hurrengo kontakizunetan, plastilinaz egindako kakak erabili ditugu, hots, animaliaren kaka ipuinean azaltzen zenean, haurrek plastilinazko ekoizpena erakutsi dute.
Gure animaliaren marrazkia: ikasle bakoitzak ipuinean agertzen den animalia bat aukeratu du, eta orri batean aukeratutako animaliaren irudia marraztu eta animalia horren kakaren onomatopeia idatzi du. Horretaz gain, marrazkiaren ondoan “–aren kaka” idatzi dute. Ikasle bakoitzak bere animaliaren kaka plastilinarekin egin ondoren, marrazkiaren gainean utzi dugu. Bukaeran, marrazkia erakutsi dute eta ahoz azalpen motza egin dugu. Erabili izan dugun ahozko formula hauxe izan da: “Hau (animaliaren izena) da eta (kakaren onomatopeia) egiten du”.
GEHIGARRIAK
Bideoa: Youtuben, eta kanoi bat erabilita, “Satortxoa” izeneko antzerkitxoa ikusi dugu.
Oharra. Bideoa eta ipuina ez dira guztiz berdinak eta bien arteko alderaketak egin ditugu.
Prozesuaren ebaluazioa:
Irakurketarekin gozatuz proiektuaren filosofia berarekin jarraitzeko, antzeko ebaluazio taula erabili dugu.
IRAKURRI BAINO LEHEN |
BAI |
EZ |
|
Jarrera | Gogoa azaltzen du | ||
Arretaz entzuten du | |||
Aurreikuspenak |
Hipotesiak egiten ditu |
||
Bere usteak adierazten ditu |
|||
IRAKURTZEN DUGUN BITARTEAN |
|||
Ulermena |
Hipotesiak birformulatzen ditu |
||
Galdetzen du |
|||
Interesa azaltzen du |
|||
IRAKURRI ETA GERO |
|||
Ulermena eta ekoizpena |
Pertsonaiak identifikatzen ditu (*) |
||
Ipuinean esaten diren ahozko zenbait formula errepikatzen du (**) |
|||
Ipuinarekin bat datorren marrazkia egiten du |
(*) Pertsonaiaren marrazkia seinalatzen du, pertsonaiaren izena esaten du, protagonistaren izena zein den badaki…
(**) Hasiera eta bukaera formulak, ipuinean errepikatzen diren formulak, kakek lurrera erortzean egiten duten soinua…
(Nork egin du kaka? - ingelesez dagoen webgunea)
/ Egileak: Maider Ayerdi, Batirtze Foruria eta Rakel Santamaria /
|