ZER DA ESKU ARTEAN DUZUNA?
Honako hau DBH 1. eta 2. mailako Literatur
Sorkuntza eta Oinarrizko Hizkuntza Trebetasunak aukerako
irakasgaiak lantzeko material osagarria da.
Jarraian bi irakasgai hauetarako materiala eta
hau erabiltzeko azalpenak ageri dira. Lana hiru ataletan banatua dago:
Literatur Sorkuntza, Oinarrizko
Hizkuntza Trebetasunak eta Liburuak
hizpide.
Atal bakoitzean sarrera orokor bat ikusiko duzue
eta jarraian irakasgai hori osatzen duten edukien izenak ageri dira.
Izen horien gainean klikatuz gero, atal horren edukiak ikusi ahal izanen
dituzte. Literatur Sorkuntzan, adibidez, lehen orrian sarrera
orokorra aurkituko duzue eta jarraian Literatur Sorkuntza osatzen
duten bost atalak: ipuinak, bertsoak, zinema, kazetaritza eta publizitatea.
Hauetako bakoitzaren barnean, sarrera txiki bat eta taula bat ikusiko
dituzue. Taulan, ariketen izenak, irakasle/ikasle fitxak eta ariketa
bakoitzaren helburua zein den zehazten dira.
Era berean, Literatur Sorkuntza eta
Oinarrizko Hizkuntza Trebetasunak irakasgaietan ageri diren
ariketak elkarren osagarri dira; hau da, ipuinetan
mintzamena, irakurriaren ulermena, entzunaren ulermena nahiz idazmena
lantzeko ariketak aurkituko dituzue, eta alderantziz.
Lan hau egiteko, zenbait ikastetxetara egindako
bisitak eta beste zenbait irakaslerengandik jasotako beharrak, iritziak
eta iradokizunak izan ditugu oinarri. Ez genuke aipatu gabe utzi nahi,
material hau guztia sortzeko hainbat iturritako materiala erabili dugula.
Iturri guztiak jarri ditugu, eta zenbaitetan link-a bera ere eskaini
dugu jatorrizko orriarekin. Eskerrak eman nahi dizkiegu iturri hauei
guztiei.
NOLA ERABILI?
Ariketa hauek beste edozein mailatan erabil
daitezke (bere horretan edo testuak eta ariketak egokituz).
Ariketa solteak dira, ez dira unitate baten
inguruan sortutakoak, baina nolabaiteko lotura dutenez, komeni da ordena
jakin batean egitea. Horrela, esate baterako, ipuingintzari dagokion
atalean, ariketak egiteko ordena bat proposatzen dugu. Izan ere, bukaerako
ariketetan gauza asko jakintzat ematen dira; hortaz, ez da komeni bukaerako
ariketak hasieran egitea. Gauza bera gertatuko da beste alorretan ere:
bertsolaritzan, kazetaritzan, publizitatean...
Beraz, asko dira ariketak eta, irakasleak berak
aukeratu behar ditu egokienak. Irakasleentzat baliagarri izatea espero
dugu; azken batean, irakaslearen lana baita ariketa edo testua taldearentzat
egokia den ikustea eta, behar izatekotan,
egokitzea. Ariketaren bat aldatu edo moldatu nahi izanez gero, aski
da interesatzen zaigun dokumentua edo ariketa sailkatu eta Word dokumentu
batean itsastea.
Hasi dugun lan hau ez da lan itxia eta, hortaz,
urtez urte osatu beharrekoa izanen da. Irakasleon ardura da egin denaren
inguruan iradokizunak egitea eta ariketa berriak gehitzea, denon artean
ariketa sorta oparoa bil dezagun. Beraz, iradokizunen bat edo beste
baduzue, ariketaren bat eginez gero... interesgarria litzateke EIBZren
posta elektronikora idaztea (eibz@educacion.navarra.es),
denon artean material hau aberasten eta handitzen joateko. Gisa honetan,
denok erabiltzeko materiala edukiko dugu eskuragai eta elkarri lana
erraztuko diogu.