eibz atlas sentimentala
patxi zubizarreta
LAN-EGUNKARIA
MARTXOAK 27

a. ariketa

Testua begiratu eta esapide hauen sinonimoa (edo esanahia) idatzi:

• astoaren mandolina: _______________________________

• hortzak ikaran dituk: _______________________________

• beldurrak airean egon: _____________________________

• abaila bizian etorri: ________________________________

• kopeta beltza erakutsi: _____________________________

• oilo ipurdia aterarazi: _______________________________

• begiz joa zeukaat: _________________________________

b. ariketa

Iruñeko lagunei idatzitako gutuna (50. eta 51. or.) berriz irakurriko duzue. Ondoren, beheko galderak erantzunen dituzue:

Zenbat gezur bota ditu? Zergatik?

Zer aldatu du?

Zergatik geratu zaio zapore gazi-gozoa gutuna idatzi ondoren?

c. ariketa

Idazleak liburuan pasarte eta marrazki hau eskaintzen dizkigu.

(...) bidezidor ikusezinez josita dagoen pareko menditik, kantu baten hotsa heldu zaigu. Hara begiraturik, hiru puntu, hiru inurri ttiki ikusi ditut. Gertuagotu direnean, haien jantzi koloretsuen gainetik, bizkarraldean zekarten egur sorta antzeman diet.

emakumeak

- Emakumea da gure gizarteko habea –jarraitu du Abdelkrimek, eskolatik kanpo ere irakasle izateari uzterik ez balu bezala-. Hemengo familietan beraiek garbituko dute arropa, beraiek ekarriko ura eta egurra, beraiek prestatuko otorduak...

 

Idazleak lerro hauetan esaten duena fikzioa edo erreala al da? Zer uste duzu? Denon artean hurrengo puntu hauek komentatuko dituzue:

o Zer garaitan kokatuko zenuke? Gaur egun horrela bizi direla uste duzu?

o Emakumeak gazteak ala zaharrak izanen dira?

o Marokoko emakumearen papera zein da?

o Hemengo emakumearen bizimodua eta hangoarena alderatu.

 

Oraingoan arreta handiz begiratu Marokoko Ourika haraneko emakume hauei. Lehen hitz egindakoa kontuan hartuz, hamabost bat lerro idatzi argazki honek iradokitzen dizuna esanez.

 

 

d. ariketa

“Abdelkrim gaur ere ni harrapatzeko zorian egon da Xerezaderen historia ezagutzen ote nuen galdegitean, baina nik irmotasunez baietz erantzun diodanez (gezurra bada ere, ez nuen berriro lotsagarri geratu nahi), zalantzarik egin gabe”. (58-59. or.)

Zuk Xerezaderen istorioren bat ezagutzen duzu? Harrapatu zaitugu, ezta?

Klasean denon artean Mila gau eta bat gehiago liburuko ipuin batzuk irakurriko dituzue.

Ezti tanta

Behin batez izan omen zen oihanean piztiak harrapatzen ibiltzen zen ehiztari bat. Halako batean, mendi bateko leize-zulo batean sartu, eta harri arteko zulo bat bete ezti topatu zuen. Aldean zeraman zahagia eztiz bete, eta hirirantz itzuli zen.

Olioarekin salerosketan zebilen gizon baten dendan gelditu zen, eta eztia erakutsi zion. Saltzaileak eztia dastatu, eta erosi egin zion. Zahagitik ezti tanta bat jausi zen, eta hara txori bat hegaldatu zen. Baina merkatariak katu bat izan, eta katua txoriaren gainera oldartu zen. Baina zakur batek katua ikusi, eta, jauzi eginez, katua akabatu zuen. Baina merkatariak hura ikusi, eta zakurra garbitu zuen. Orduan ehiztariak jauzi egin zuen merkatariaren gainera, eta hil.

Merkataria herri batean bizi zen eta ehiztaria beste batean, eta hilketaren berri izan zutelarik, bi herriek armak eta gerra tresnak hartu, eta elkarri egin zioten eraso. Bi aldeen borroka odoltsua izan zen eta ezpatak ukaldika ibili ziren harik eta denak hil ziren arte. Jainkoak bakarrik daki zenbat izan ziren.

Egunsentiaren argitasunak ezustean harrapatu zuen Xerazade eta honek hitz egiteari utzi zion. Dunyadad ahizpak ipuinari zoragarria iritzi zion, eta Xerazadek are ipuin zoragarriagoa kontatuko zuela hitz eman zuen, baldin eta Xariar sultanak bizia beste egun batez luzatzen bazion. Erregeak, orduan, jakin-gosearen jakin-goseaz, onartu beste aukerarik ez zuen izan.

 

Hegaztien mintzaira ulertzen zuen esklaboa

Gizonaren zuhurtzia beste behin ere argi baino argiago geratu zen. Antza, gizon aberats batek mutil esklabo bat erosi zuen azokan. Etxera eraman zuen, eta emazteari hura zaintzeko esan.

Egun batez, gizonak emazteari esan zion:

-Bihar lorategira joan zaitezke. Ibilalditxo bat egin dezakezu, eta baietz zure gogobetekoa izan.

-Hala egingo dut –erantzun zion emakumeak, proposamena aintzat harturik.

Baina gertatu zen mutil esklaboak ere entzun zituela hitz haiek eta, ez bat eta ez bi, janariak eta edariak bildu, eta lorategira jo zuela. Jatekoak zuhaitz baten erroetan kokatu zituen, edatekoak beste baten azpian, eta gozokiak eta fruta beste batean ezkutatu zituen.

Hala bada, biharamunean emakumea lorategira irten zelarik, jauntxoak esan zion:

- Mutil honek lagunduko zaitu –eta esklaboari zuzendurik, emaztearentzako jan-edanak eraman zitzala agindu zion.

Zaldi gainean abiatu dira eta, lorategira heltzean, bele baten karranka entzun dute:

-Ongi esan duzu –erantzun dio mutilak.

-Ba ote? Benetan ulertu al duzu beleak esan duena? –galdegin dio emakumeak.

-Bai, ene anderea.

-Eta zer esan du ba?

-“Zuhaitz horren erroetan janaria dago. Zatozte jatera”.

-Hegaztien mintzaira ulertzen duzu, beraz.

-Bai –amaitu du mutilak.

Emakumea inguratu da zuhaitzera, eta, beleak adierazi bezala, jaki ezin finagoak topatu ditu. Mutila ere joan zaio, eta biek bapo jan dutelarik, berriro ere abiatu dira.

Bidean aurrera, beste bele batek karranka egin zuen.

-Zer esan du?

-Zuhaitz honen azpian, almizklez urrindutako ur ontzi bat dagoela, eta beste ontzi bat bete ardo.

Horrek are gehiago handiagotu zuen emakumea mutikoarekiko sentitzen hasi zen lilura eta miresmena.

Berriro ere bidean abiaturik, hirugarren bele baten karranka entzun zuten.

-Egia esan duzu.

-Zer esan du?

-Zuhaitz horretan gozokiak eta fruta topatuko ditugula.

Esan eta izan. Eta doi bat jan zutelarik, berriro ere ibiltzeari ekin zioten. Beste bele batek karranka egin zuen orduan, baina oraingoan mutilak harri bat jaurti zion.

-Zergatik egin duzu hori? Zer esan du bada?

-Ezin dizut errepikatu. Itsuskeria bat izan da.

Emakumea tematu egin zen eta, hainbeste ekin zion azkenean mutilak itzuli behar izan baitzion:

-Esan dit zure senarrak zurekin egiten duena nik zurekin egiteko.

Emakumea irriz karkailaka hasi zen, lehertu beharrean.

-Ez da gauza asko –atera zitzaion gero-, nik ezin diot eskaera horri uko egin.

Eta zuhaitz baten azpialdean tapiz bat zabaldu zuelarik, mutilari hurbiltzeko esan zion. Baina hara non une hartan senarra agertu zitzaien:

-Zer du bada hire andereak, hor lurrean etzanik egoteko?

-Ene jauna. Zuhaitzetik jausi ez da bada! Zartakoarekin hil egin da, baina gure Jainkoak bizia itzuli dio. Orain apur bat suspertzen ari da.

Emakumea orduan aieneka eta itxurak egiten hasi zen:

-Ai, ene bizkarra! Ai, ene saihetsak! Laster azken arnasa emango dut!

Senarrak azkar baino azkarrago zaldi baten gainera igo zuen, eta denak abiatu zirelarik, emazteari esan zion:

-Jainkoak indartuko zaitu. Berak sendatuko zaitu.

Hauxe duzu gizonen zuhurtziaren hamaika adibidetako beste bat.

Egunsentiaren argitasunak ezustean harrapatu zuen Xerazade eta honek hitz egiteari utzi zion. Dunyadad ahizpak ipuinari zoragarria iritzi zion, eta Xerazadek are ipuin zoragarriagoa kontatuko zuela hitz eman zuen, baldin eta Xariar sultanak bizia beste egun batez luzatzen bazion. Erregeak, orduan, jakin-gosearen jakin-goseaz, onartu beste aukerarik ez zuen izan.

 

Senar jeloskorra eta loroa

Ba omen zen behin emakume ezin ederrago bat oso senar jeloskorra zuena. Behin batez, bidaia bat egin behar izan zuen eta, etxea bien bitartean zaintzeko eta itzulitakoan zer gertatu zen jakiteko, lororik burutsuena eta berbatsuena erosi zuen.

Bidaiatik itzuli zenean, ezer baino lehen loroarengana jo zuen eta hark hitzez hitz kontatu zion emazteak maitalearekin egin zuen guztia. Senarrak esan ezin ahalako bihotzondokoa hartu zuen eta berealdiko jipoia eman zion emazteari.

Emazteak berehala bere neskameen susmoa egin zuen eta banan-banan galdezkatu zituen. Baina haiek errugabeak zirela erakutsi zioten eta loroa senarrarekin solasean entzuna zutela adierazi. Orduan emazteak loroa nabarmen utzi nahi izan zuen.

Senarrak gauez etxetik irten behar izan zuen batean, emazteak neskame bati ehogailu bat hartzeko eskatu zion, eta loroaren kaiolapean aleak ehotzeko; beste bati kaiola ureztatzeko agindu zion; eta hirugarren bati kaiola inguruan ispilu batekin paseatzeko.

Biharamun goizean, senarrak loroarengana jo zuen eta honek hitzez hitz kontatu zion gertatutako guztia:

- Jauna, bart ezin izan dut ezer entzun ez ikusi. Iluntasuna trinkoa baino trinkoagoa izan da eta ekaitzak, bere tximista eta trumoiekin, gau osoan zehar iraun du.

Senarra harritu egin zen, batez ere kontuan harturik uda minean zeudela eta berak ez zuela inongo ekaitzaren arrastorik izan. Baina loroak gezurretan jarraitu baitzuen, hura kaiolatik atera, eta han berean akabatu zuen.

Zenbait egunen buruan, senarrak jakin zuen loroak egia esan ziola eta dena emaztearen amarrukeria izan zela.

aurrera

irakurtzen duzun bitartean...