literatur sorkuntza

Atxe ka be

 

1Gaurkoan ipuinen egiturari erreparatuko diogu. Horretarako, 3 koloreko margoak beharko dituzu. Hasierako egoera gorriz adieraziko duzu, korapiloa berdez, eta azkenik, bukaera urdinez.

Hasierako egoera

Korapiloa (arazoa, ekintza eta konponbidea)

Bukaera

Sorgina tximiniatik beheiti

Bazen behin Zubietako etxe batean, gauero haria iruten zuen emakume bat. Etxeko denak lotara joaten zirenean, etxekoandrea gelditzen zen tximiniaren aurrean lanean. Gauero tximiniatik sorgin bat jaisten zen iruten ari zen emakumearengana, gantza eske, hau erranez:

- Maria, ekarran gantx!

Mariak sutan gurina bero eta prest izaten zuen sorginarentzat eta sorginak dena jaten zuen.

Egun batean nazkatu zen eta senarrari esan zion gauero sorgina etortzen zitzaiola gantza jatera. Senarrak lasai egoteko esan zion, gau hartan bera geldituko zela haria iruten. Gaua heldu zen, senarrak emaztearen arropak jantzi zituen eta haria egiten hasi zen. Gauero bezala, lamia tximiniatik jaitsi zen, baina zerbait arraroa zegoela sumatu eta galdetu zion:

- Nor haiz hi? Atzo firi-firi eta gaur pordoka-pordoka?

- Nihaur neure buru!

Eta hau esaten ari zela, zartagiaren giderra hartu eta hanketara bota zion irakiten ari zen gantza. Sorgina oihuka ihesi joan zen tximiniatik goiti. Garrasiak adituta, gainerako sorginak hurbildu zitzaizkion eta galdetu zioten:

- Nork egin din?

- Nihaur neure buruk!

- Hihaurk egin badun, izorra hadi!

Sorginek ulertu zuten sorginak bere buruari min eman ziola, eta erretako sorginak gizonaren izena ez zekienez, “nihaur nire buru” esan ziolako, ezin izan zuen mendekurik hartu.

Gau horretatik aitzina, ez zen etxe horretan sorginik sartu.

(Herrikoia)

 

Urrezko xarrantxa

Iturengo Barbenea baserrian emakume bat bizi zen. Handik hurbil lamizulo bat zegoen errekaren azpian. Hango lami batek haurra izan behar zuen eta erditzeko emagin baten beharra zuten. Lamiek bazekiten Barbenea etxekoandreak laguntzen ahal zituela, beraz, gau batean han agertu ziren eta emagin lanetan lagunduko zien galdetu zioten. Etxeko andreak baietz esan zuen eta erreka aldera abiatu ziren.

Errekara iritsi zirenean, lami batek makila batez ura jo eta ura ireki zen, haien kobazulorako bidea agerian utziz. Beheti jaitsi ziren. Dena urrezkoa zuten lamiek: platerak, edalontziak, orraziak, ispiluak...

Emakumeak lana bukatu zuenean lamiek ogi zuri goxo-goxoa eman zioten. Inoiz ez zuen horrelakorik jan! Ogi puska txiki bat etxean erakusteko mantaleko sakelean gorde zuen. Egindako lana ordaintzeko, lamiek urrezko xarrantxa eman eta etxera lagunduko zutela esan zioten. Kobazuloaren atera joan eta lami batek ura hagaz jo zuen, baina ura ez zen ireki. Lamiek etxeko andreari haiek eman ez zioten zerbait al zuen galdetu zioten eta emakumeak ogi puska atera zuen mantaletik. Makilaz ura berriz jo eta erreka partitu zen. Etxera laguntzeko baldintza bakarra paratu zioten lamiek: ezin zuen etxean sartu arte gibelera begiratu, bestela urrezko xarrantxa kenduko baitzioten.

Gaua izan arren, pasatzen ziren lekutik bidea argitzen zen, zuhaitzak eta sasiak baztertzen ziren, inoiz aditu ez zuen musika ikaragarri polita entzuten zuen... Emakumeak hori nola egiten zuten ikusi nahi zuen, atzera begiratzeko irrikaz zegoen, baina ezin zuen, lamiek baldintza hori jarri baitzioten!

Etxera iritsi zirenean, hanka bat etxean zuela eta bestea kalean, emakumeak atzera begiratu eta, ra! Lamiek erdia kendu zioten.

Iturenera joaten bazarete eta Barbenea ikusten baduzue, ikusiko duzue oso handia dela eta etxe anitz dituela inguruan, denak bereak. Esaten dute xarrantxa erdiaren diruarekin erosiak direla.

(Malerreka solasean. Ahozko tradizioaren bilduma. Moldatua)

 

 

Aitzur eske

Donamariako baserri batean, alorrean lanean aritu eta gero, afaltzera joan zen familia osoa. Afalondoan ohartu ziren aitzur bat alorrean utzi zutela eta etxeko alabak esan zuen gaua izan arren, eske joanen zela. Neskatxak ez zuen beldurrik, espartinak jantzi zituen eta alorrera abiatu zen.

Alorrera iritsi zenean, sorginak atera zitzaizkion eta neska bahitu zuten, hau esanez:

- Gaua gauezkoentzat eta eguna egunezkoentzat.

Etxean berandu egiten ari zela eta neskatxa ageri ez zela ikusiz, kezkatzen hasi ziren. Halako batean, tximiniatik aitzurra bota zuten sorginek eta oihukatu zuten:

- Aitzurra zuentzat eta etxe honetako alaba guretzat!

Ordutik ez zuten neska horren berririk izan.

(Herrikoia)

 

Lamixeneko erreka

Asko munduan bezala, Berako Lamixeneko errekan lamiak bizi ziren. Handik hurbil Portula baserria dago, eta han, egun batean amaginarrebari erran omen zion errainak:

- Ama, iruditzen zait haur hau trukatu digutela.

- Bai! Horrelakorik...

- Bai, bai, hau ez da, ez da gure umea.

- Bai, hori aise ikusiko dinagu.

Hirurehun arrautza paratu sutondoan, eta, lamia izaki hura, sehaskatik burua altxatu eta:

- Baditut hirurehun urte eta ez dut behin ere horrenbertze eltze txiki ikusi su ondoan –erran omen zion.

Eta orduan bertzeek ezpelarekin joka hilko zutela esan zioten eta ezetz, barkatzeko eta haurra ekarriko ziela.

(Bortzirietan aditutakoak, moldatua)

 



Azpimarratu duzuna beheko taulan idatzi.

IPUINA
HASIERAKO
EGOERA
KORAPILOA
BUKAERA
Sorgina
tximiniatik
beheiti

 

 

 

 

 

 

 

Urrezko
xarrantxa

 

 

 

 

 

 

 

 

Aitzur
eske

 

 

 

 

 

 

 

 

Lamixeneko
erreka

 

 

 

 

 

 

 

 


Ohartu zara nola hasten diren irakurri dituzun ipuinak? Ea beheko taula osatzen duzun!

Ipuinen hasierak

Bazen behin...

Iturengo Barbenea baserrian...

Donamariako baserri batean...

Asko munduan bezala...

 

--->>>irakaslea<<<---