literatur sorkuntza

Ipuin beraren bertsioak II

Txanogorritxo ipuinaren beste bertsio bat irakurriko duzue jarraian, Txanogorritxo Ramalan, hain zuzen ere. Ea zuek ezagutzen duzuen bertsioarekin zein berdintasun eta ezberdintasun aurkitzen duzuen!

TXANOGORRITXO RAMALAN

Jose A. Tellaetxe Isusi

Begoña Montorioren itzulpena

Jose A. Tellaetxeren marrazkiak

Desclée De Brouwer

I

Basamortuko haizeak kiribil luzetan askatu zituen adatsak. Neskatilaren inguruan trostan, goxoki harrotzen zituen hautsak, borobilak eta irudiak marrazten zituen zoruan, eta haren aurpegia atzamar ezti eta epelez laztantzen zuenean, elezaharrak eta urezko ameskeriak murmurikatzen zizkion, bai eta arropak astintzen, hegoak zabaldutako uso baten lumak bailiran.

––Begira nola egiten dudan hegan, Said! Txoritxo bat naiz, ikusten?

Sanaak barre algarak egiten zituen harrien gainetik korrika, jauzika, hanka bat goratuz, gero bestea, txaloka, oin puntetan jarrita eta besoak zabal-zabalik bira egiten zuen, edo airearekin borrokatzen zen hegan eraman ez zezan, tunikapetik sartu eta puxika baten modura puzten zuenean.

Nekaturik, zangoak gurutzatuta jezarri ziren biak, haizea eta neskatila, haien azpian zeuden palmondo, zabaltza eta teilatu hautseztatuez harantzago ikusten zituzten fruta-arbolen berde minaz, hori eta laranjaz zipriztinduriko berde minaz gozatzeko.

Apirileko goiz zehazgabe hartan, Ramala gainean pausatua zen udaberria, isilik, nakar koloreko oihal baten antzera. Han aurrean ikusten zuten errepide handia Nablusera zihoala ari zitzaion kontatzen neskatila lagunari, eta beste hura, apur bat eskuinera makurtzen zena, Jerikora zihoala. Handik joatekoak ziren familiako guztiak batera amama ikustera, autobusez, aitak denbora apur bat hartzen zuenean.

Denbora luzea zen amamaren berririk ez zutela. Hark ez zuen telefonorik eta haren auzoko Bara ez zen jada merkatura jaisten astoarekin, hortaz, inork ez zien amamaren berririk ekartzen. Gauzak horrela, neskatilak amamari bisita egitea erabaki zuen, horretarako mendixkak eta muinoak zeharkatu behar bazituen ere.

Ilusioz beterik eta irribera, amamaren herrixkako arbolen ederra irudikatzen zuen, haien loreen kolore bizia, arkumetxo jaio berrien goxotasuna.

Shadik, Ahmed Amik, Azizak eta Mahmudek, eskolako lagunek, planotxo bat marrazten lagundu zioten eta hura zeraman poltsikoan, arreta handiz tolestuta; alabaina, badaezpada ere, buruz ikasia zuen. Lagunak hasiera-hasieratik agertu zitzaizkion laguntzeko prest, bidaia haren asmoaren berri jakin zuteneko; askoz zailagoa izan zen, ordea, ama konbentzitzea joaten uzteko. Goiz hartan bertan lortu zuen baietza eta elkarrekin bildu zituzten amamarentzako opariak; gero, ondoan zeukan lastozko otartxoan gorde zituzten.

––Amama ikustera noa, Said; nahi duzu zure partetik zerbait esatea? Benetan, zuk esadazu nahi duzuna eta neuk kontatuko diot.

Eguerdiko argi betea nagusi zen Ramala tristearen aldiri eta herrigunean. Han zegoen neskatila jesarrita, eta haren alboan hondar-ekaitzetako haize zakar eta latza, duna ikaragarriei bultza egiten ziena eta harkaitzak kiskali, landu, txikitu eta hauts fin bilakatzen zituena, harrotu eta kiribilka barreiatzen zuen hauts fina, gorri, arre eta beltza.

Nagituta, txistu luzea egin zuen haizeak, eta berehalako agurraren soinua zuen hasperen batek inguratu zuen Sanaa.

Neskatilak, isilik, sekretuak zituen amets, eta ekialdeko haizea penaturik zegoen ezin zuelako atseden gehiagorik hartu. Berandutzen ari zitzaion; basamortua karabanatan zeharkatzen zuten gizon misteriotsuek neguan errezitaturiko ipuinak, kantuak eta otoitzak olatuen gainean uzteko garaiz heldu nahi bazuen, lehenbailehen abiatu beharko zuen itsasora heltzeko falta zituen kilometro luzeak ibiltzeko.

Atzean zuten maldatik behera abiatu aurretik, Sanaak otartxoa hartu eta ilea estaltzen zion hiyab gorria atondu ondoren, buruari jira egin zion azken aldiz Tenplu Sakratuaren kupulako urrezko dirdira begiradaz harrapatzeko, goxo eta amaigabea egin zitzaion une labur batez dirdira bizia egin baitzuen eguzkipean.

Azkenerako, neskatilak pausu biziz ekin zion bideari, amamaren herrixkara joan eta etxeratzeko agindua baino lehen bueltan egon ahal izateko segitu beharko zuen bidexkaren bila. Haizeak, marmarka, berarekin joateko keinua egin zuen, baina berehala oldartu zen eta zeruan gora egin zuen, ahapeka orro eginez, arin eta bizkor bidaia luzearen azken tarteari ekiteko.

 

--->>>irakaslea<<<---