literatur sorkuntza

Errusiako ipuina

Anton Txekhoven ipuin bat irakurriko dugu, baina lehenago begira zer esaten duen ipuinaren itzultzaileak:

Errusieratik euskarara lehendabizikoz egin den itzulpen honetarako hautatu ditugunak sona handienekoak dira eta mundua eta estiloaren berri irakurle euskaldunari emateko aukerakoak direlakoan gaude. Dastatuko ahal ditu irakurle euskaldunak maisu errusiar honen kontakizunetan nabari den giza aberastasun eta pilpira liriko guztia, Europako «etxe amankomunean» mendebala eta ekialdea elkarrekin bake eta anaitasunean bizi izateko pauso bizkorrak ematen ari diren une honetan.

X. Mendiguren Donostian, 1990eko azaroan

 

--------+++*+++-------------

Seigarren pabilioia

Duela 12-15 urte, kale nagusi berean, bere jabegoko etxean Gromov funtzionaria bizi zen, gizon serio eta modukoa. Bi seme zituen: Sergei eta Ivan. Unibertsitateko laugarren urtean zegoela, Sergei alborengo bizkor batez harrapatu eta hil egin zen eta heriotza hau Gromov familiaren gainera bat-batean abaildu ziren zorigaitz sail baten hasiera gisako zerbait izan zen. Sergei ehortzi eta aste bete geroago, aita zaharra auzitara eraman zuten iruzurra eta zarrastelkeriagatik, eta laster hil zen presondegiko eritegian tifusez. Etxea eta altzari guztiak saldu zituzten enkantean, eta Ivan eta ama inolako eskuarterik gabe gelditu ziren.

Lehenago, aitaren garaian, Ivan Dmitritx Petersburgon bizi zen, unibertsitatean baitzebilen eta hilean 60-70 errublo hartzen zituen eta ez zuen inoiz jakin premia zer zen, orain bizimodua erabat aldatzera beharturik zegoen. Goizetik gauera eskolak ia hutsaren truk eman beharrean aurkitu zen, kopiagintzan lan egitera eta hala ere gose izatera, zeren irabazi guztiak amari bidaltzen baitzizkion mantenurako. Ivan Dmitritxek ezin izan zuen halako bizimodua jasan; jausi egin zen gogoz, porrot egin eta unibertsitatea utzirik etxera alde egin zuen. Han, herritxo batean, influentzia bati esker maisu postua lortu zuen auzo-eskola batean, baina ez zen konpondu kideekin, ez zuten ikasleek atsegin izan eta laster utzi zuen postua. Hil zen ama. Urte erdi eman zuen lanposturik gabe, ogia eta ur hutsez mantenduz, ondoren exekutore judizial postua lortu zuen. Kargu honetan gaixotasunarengatik bidali zuten arte egon zen.

Inoiz ez zuen, ezta estudiante gaztea zen urteetan ere, osasuntsu itxurarik izan. Beti zegoen zurbil, ihar, katarroetara isuria, gutxi jaten zuen, gaizki lo egiten zuen. Baso ardo batek burua nahasi eta nerbio atake bat emanarazten zion. Beti jendartera jotzen zuen, baina bere izaera suminkor eta ingira zirela-eta, ez zen inorengana hurbiltzen eta ez zuen adiskiderik. Beti mesprezuz mintzatzen zen hiritarren aurka, esanez, berorien manera zakar eta animalia lozorrotuen bizimoduari ezesgarri eta nardagarri zeritzela. Tenore-ahots altu gartsuz hitz egiten zuen eta sumindurik eta asaldaturik bezala edo suharraz eta miresmenaz eta zinez beti. Zernahi zelarik ere hizketagai, dena gauza bakarrera zuzentzen zuen: itogarria eta gogaikarria zen hiriko bizitza, gizarteak ez du interes jasorik, bizimodu motel, zentzugabea darama, bortxak, makurkeria lotsagabeak eta azaluskeriak soilik bixikotzen duena; bilauak ase eta jantzirik daude beti, eta jatorrek apurrak bakarrik jaten dituzte; beharrezko dira eskolak, bertako kazeta bat norabide jator batekin, teatroa, herri-liburutegiak, eta indar intelektualen elkargo bat; beharrezko da gizartea bere buruaz jabetu eta izutu dadin. Jendeari buruzko bere epaietan kolore bortitzak erabiltzen zituen, zuria eta beltza soilik, inolako ñabardurarik gabe; harentzat gizadiak bi sail zituen: bilauak eta jatorrak; ez zegoen tartekorik. Emakumeez eta maitasunaz beti grinaz, suharraz hitz egiten zuen, baina ez zen behin ere maitemindu.

Bere epaien zorroztasuna eta urduritasuna gorabehera, maite zuten hirian eta aurrean ez zegoenean Vania deitzen zitzaion kutunki. Berezko finezia, adeitasuna, jatortasuna, ohitura-garbitasuna eta lebita maiztua, gaixo-itxura eta famili zorigaitzek sentimendu adiskidekor bero eta onbera sorrarazten zuten; gainera, pertsona ikasia eta irakurria zen, hiritarren iritzian, eta guztiek entziklopedia ibiltari gisakotzat zeukaten.

Izugarri irakurtzen zuen. Klubean eseri eta urduri bizarra lisatzen eta aldizkari eta liburuen orriak iraultzen ematen zuen astia, eta aurpegitik igartzen zitzaion ez zuela irakurtzen, baizik eta irentsi egiten zuela murtxikatzeko astirik gabe. Pentsatu beharra dago irakurketa zuela bere ohitura gaixozkoetako bat, zeren lera berdinaz oldartzen baitzitzaion eskuetaratzen zitzaion guztiari, baita aurreko urteetako kazeta eta egutegiei ere. Etxean beti etzanda irakurtzen zuen.

---- ++++***++++----

Hiztegitxoa
Abaildu: Guztiz nekatu edo leher egin.
Ehortzi: Lur eman, lurperatu.
Enkante: Jendaurreko salmenta-mota, gehien eskaintzen duenari salgaia ematen zaiona.
Zarrastelkeri: Zarrastela denaren nolakotasuna, gaitzesgarritzat hartua.
Errublo: Garai bateko SESBeko moneta-unitate nagusia eta gaur egun, Errusia eta beste zenbait errepublikatakoa.
Zurbil: Kolore hori-zurixka edo eskasa duena (bereziki aurpegiko larruazalaz mintzatuz erabiltzen da).
Ingira: Alhadura, har, ausiki.
Ezesgarri: Mespretxagarri.
Nardargarri: Nardatzen duena, higuingarria, nazkagarria.
Sumindu: Haserre bizian, sutan jarri.
Asaldatu: Norbait bere onetik atera; hori dela eta, zarata edo nahasmendua eragin. Jendea asaldaturik zebilen zerga berriengatik.
Suhar: Gartsua, sutsua.
Makurkeria: Ekintza makur gaitzesgarria. Maltzurkeria.
Azaluskeria: Zurikeria, itxurazalekeria.
Bilau: Edozein doilorkeria edo saldukeria egiteko gauza dena.
Lebita: Txaketa.
Maiztua: Jantziez, maiz erabiltzearen ondorioz hondatu edo higatu.
Murtxikatu: Mastekatu, mamurtu.
Lera: Joera bizia, grina.
Oldartu: Borrokatu, eraso.

---- ++++***++++----

Errusiako San Petersburgoko irudietan eta Ivan Dmitritx pertsonaian oinarrituta, ipuin bat sortuko duzu.

gizona
dorreak
san petesburgo
errusia