literatur sorkuntza

Ipuina ordenatu

Ikasleek ipuina ordenatuko dute, eta gero ahoz kontatuko dute. Irakasleak ikasleei honako egoera hau emanen die:

Ipuinetan errealitatean onartzen ez ditugun gauzak arazorik gabe onartzen ditugu, ez dugu galderarik egiten, ez gara harritzen.

Zer gertatuko litzateke gaur egun guraso batzuek bere familia basoan utziko balute?

barratxoa

Tartaro eta Gizon TTipi

Senar-emazte batzuek, arras pobre zirenek, bazituzten zortzi haur. Azkena, Gizon Ttipi deitzen zena, zen orotarik abilena. Senar-emazte haiek, ezin bizi baitziren, hitzartzen dute behar dituztela haur guztiak eraman baso batera eta utzi otso eta hartz baizik ez zen leku hartan.

Biharamunean abiatzen dira guztiak eta joaten dira urrun. Basoaren erdira direnean, aitamek uzten dituzte haurrak han eta eskapatzen dira beren etxera.

Ikustearekin iluna heldu zela, haur haiek arduratzen dira. Gizon Ttipi igotzen da arbola baten gainera eta ikusten du etxe bat argi batekin. Hara abiatzen dira.

Hura zen tartaro baten etxea. Eskatzen dute gauaren han pasatzea, baina neskatoak erraten die tartaroak jaten dituela pertsonak eta hobe dutela handik joatea. Gizon Ttipik erraten du gordeko direla txoko batean; eta sartzen dira.

Tartaroa etorri denean hasten da:

- Hemen bada ume usaina!

Neskatoak erraten dio nola baziren han zortzi haur. Tartaroak erraten du behar dituela larrutu biharamuneko denak, eta jartzen da banku baten gainean etzanik.

Gizon Ttipi ohartzen da lo dagoela. Hartzen du burduntzi bat eta sartzen dio kopetaren erdian duen begi bakarrean. Tartaroa han zegoen, inora ezin gidatuz. Gizon Ttipik joanarazten ditu denbora berean bere anai-arrebak kortara, eta hiltzen dituzte zortzi ahari. Haien larruez gero tapatzen dira. Goiza etorri ondoan tartaroa abiatzen da aharien kanpora eramatera. Gizon Ttipik pasarazten ditu anaiak lehenik eta bera, zintzarri bat hartutik, gelditzen da azkenik.

Tartaroak ukitzen ditu denak pasatzean, baina sonatzeko moduagatik ezagutzen du azkena ez dela aharia. Heltzen dio, baina Gizon Ttipi, larrua utzirik tartaroaren eskuan, eskapatzen da. Tartaroa abiatzen da ondotik, baina ezin du heldu. Orduan oihu egiten dio Gizon Ttipiri eman nahi diola gauza bat baliosa. Eta jaurtitzen dio eraztun bat.

Gizon Ttipik ematen du atzamarrean, baina eraztun hark oihu egiten zuen:

- Hemen, hemen!

Eta tartaroa heldu zen orduan jauzika. Gizon Ttipik, ikustearekin harrapatua izan behar zuela, eraztuna botatzen du ibaira. Tartaroa joan zen hara lasterrez eta ito zen.

Gizon Ttipi joan zen berriz tartaroaren etxera, eta emanarazi zion neskatoari zaku bat urre nagusiaren izenean. Gero, urrea harturik, etxera itzuli zen bere anai-arrebekin.

Horrela kanpoarazi zuten etxetik miseria guztia.

(ETXANIZ, Xabier. Geure ipuinak. Pamiela)

--->>>ikaslea<<<---