Italiatik ekarritako hitz berriak
Gianni Rodari-ren Favole al telefono liburutik ipuin bat hautatu dugu, La donnina che contava gli starnuti, hain zuzen ere. Ipuina italieraz irakurriko edo entzunen dute, eta ikasleek interpretatu beharko dute. Ulertu dutena kontuan hartuta, ikasleek ipuin bat sortuko dute, hots, ulertu dituzten hitzekin edo esaldiekin.
Ipuina idatzi eta gero, euskarazko ipuina irakurriko diegu.
BibliografiaRODARI, Gianni. “Usinak zenbatzen zituen emakumetxoa” in Telefonozko ipuinak. ELKAR.
RODARI, Gianni. “La donnina che contava gli starnuti” in Favole al telefono. EINAUDI. Rosa Martinez-en ahotsa.
Usinak zenbatzen zituen emakumetxoa
Behin bazen, Gavirate herrian, egun osoa jendeak egiten zituen usinak zenbatzen ematen zuen emakumetxo bat. Gero bere lagunei kontatu eta berriketa ugari egiten zuten elkarrekin.
-Botikariak zazpi egin ditu –esaten zien emakumetxoak.
-Egia ote?
-Zin egiten dizuet; sudurra eror dakidala egia ez bada. Eguerdia baino bost minutu lehenago egin ditu.
Tirri-tirri, txor-txor, marmarrean aritu ondoren, botikariak errizinolioari ura botatzen ziola erabakitzen zuten azkenean.
-Apaiz jaunak hamalau egin ditu –esaten zien behin batez emakumetxoak emozioz gorri-gorri eginda, arnasestuka.
-Ez ote dituzu gaizki zenbatu?
-Sudurra eror dakidala bat gutxiago egin badu.
-Jesus, Maria eta Jose!
Tirri-tirri, txor-txor, marmarrean aritu ondoren, apaiz jaunak entsaladari olio gehiegi botatzen ziola erabakitzen zuten azkenean.
Behin batez emakumetxoa eta bere lagunak, denak batera –eta zazpi baino gehiago baziren- On Delioren leiho azpian zelatan jarri ziren. On Deliok, ordea, ez zuen usin bat ere egiten, ez baitzuen ez tabakorik erretzen ezta katarrorik harrapatzen ere.
-Ezta usin bat ere –esan zuen emakumetxoak-. Susmo txarrik badut nik.
-Baita nik ere! –baieztatu zuten bere lagunek.
On Deliok entzun zituen. Orduan, intsektilkariaren barruan eskukada bat piperrauts sartu zuen eta haiek ikusi gabe zarrastada eder bat bota zuen berritsu haiek leiho azpian makurtuta zeuden tokira.
-Atxis! –egin zuen emakumetxoak.
-Atxis! Atxis! –egin zuten bere lagunek, behin eta berriz usinka.
-Nik gehiago egin ditut –esan zuen emakumetxoak.
-Guk zuk baino gehiago –esan zuten bere lagunek. Eta han hasi ziren elkarri ileetatik tiraka, zirti-zarta elkar astinduz; azkenean, soinekoak urratu zituzten eta bakoitzak gutxienez hortz bana ere galdu zuen.
Aurrerantzean, emakumetxoak ez zuen gehiago bere lagunekin hitzik egin; blok txiki eta arkatz bat erosi zituen eta bakar-bakarrik ibiltzen zen, entzuten zuen usin bakoitzeko bere blok txikian gurutze bat ipiniz.
Hil zenean, gurutzez betetako blok txiki hura aurkitu zuten eta jendeak zera zioen:
-Begira ezazue! Bere ekintza on guztien seinaleak izango dira. Zenbat eta zenbat!
Hau Paradisuan sartzen ez bada, ez da inor sartuko.
(moldatua)