Olatu handia
Reyko ttikia umezurtza zen eta aitonarekin bizi zen mendiko etxetxo batean, urre koloreko arroz soroen artean. Hantxe gozatzen zuen aire garbiaz, eguzkiaz eta txorien askatasunaz.
Behean herrixka zegoen, itsas ertzean luze, eguzkitan sututa bezala. Reykok hango etxetxo zuri eta garbiak ikusten ahal zituen; herri osoak jostailua zirudien. Gizon eta emakumeak inurri handiak bezala ikusten zituen eta haurrak inurri txikiak bezala.
Mendiaren eta itsasoaren artean ez zegoen lur zerrenda argal bat baizik, eta herritarrek hantxe eraiki zituzten beren etxeak. Lur landu guztiak Reyko bizi zen mendiko lautada heze eta emankorrean zeuden. Aitona bera zen herriko arroz soro zabalen zaindaria.
Egun batez, arroz buruak eguzkitan dir-dir zeudela, gizon zaharra urrunera begira zegoen, itsasoaren mugara. Haren begiratua zorrotza zen eta harriduraz josia zegoen.
Hodei handi eta beltz antzeko bat altxatzen zen azken mugan, ura zeruaren aurka ari balitz bezala. Bat-batean etxeari buruz bueltatu eta oihu egin zuen:
-Reyko! Reyko! Ekartzan adar bat sutatik.
Reyko ttikiak ez zuen ulertzen aitonak zer nahi zuen, baina berehala atera zen, lasterka, eskutan ilinti bat zekarrela. Zaharrak beste ilinti bat hartu zuen eta ondoko arroz sorora zihoan lasterka.
Reykok harriturik segitzen zion. Nora ote? Eta izuturik ikusi zuen aitonak ilentia jaurti eta soroa galdatan pizten zela:
-Zertan ari zara, aitona? Zer egin nahi duzu?
-Azkar, azkar, Reyko, sutu itzan soroak!
Reyko harriturik zegoen. Aitonak zentzua galdu zuela pentsatu zuen. Baina haur japoniar batek men egiten du beti, eta lastargia landare artera bota zuen.
Hasieran suño ahul bat izan zen, zurten ihartuak bihurritzen zituena; gero sugar gorriak zabaldu ziren, eta handik berehala arroz soroak sute ikaragarri bat izan ziren. Mendia zerurantz luzatzen zen, ke zutabe baten bitartez.
Han behetik, herritarrek beren soroak sutan ikusi zituzten eta, amorrazio oihuen artean, desesperaturik, mendiko bidezidor bihurrietatik gora lasterka igo ziren. Inor ez zen gibelera geratzen. Umeak bizkarrean igotzen ziren emakumeak.
Zelaira iritsi eta arroz soro zabalak kiskalita ikusirik, haserre gorria amorruzko garrasi bihurtu zen:
-Nork egin du? Nor izan da su emailea?
Zaindari zaharra gizonengana jo eta lasaitasunez esan zuen:
-Ni izan naiz!
Reyko negar zotinka ari zen.
Giza talde batek inguratu egin zituen, mehatxuka eta oihuka:
-Zer dela egin duzu? Zergatik?
...
(JIMENEZ MAIA, Josu.
Moldatua)