literatur sorkuntza

Txanogorritxo

Jakin badakigu oso ezaguna duzuela honako ipuin hau, baina guk beste bertsio bat aurkezten dizuegu. Ea desberdintasunik aurkitzen duzuen!

barratxoa

Behin batean ba omen zen baserriko neskato bat, sekula ikusi den ederrena; ama xoraturik zeukan eta amona are gehiago. Emakume on honek txano gorritxo bat eginarazi zuen neskatoarentzat, oso ongi ematen ziona, hain ongi, ezen leku guztietan Txanogorritxo deitzen baitzioten.

Amak, opiltxoak egosi eta egin zituen egun batean, esan zion:

- Hoa amonarengana nola dagoen ikustera, gaixorik dabilela entzun dinat-eta; eramazkion opiltxo bat eta gurin-ontzitxo hau.

Txanogorritxo berehala abiatu zen amonaren etxe aldera, beste herri batean bizi baitzen. Basoan barrena zihoala, otso jaunarekin topo egin zuen, eta neskatoa jateko gogo bizia piztu zitzaion, baina ez zen ausartu, basoan zeuden aizkolari batzuk zirela medio. Otsoak nora zihoan galdetu zion; neskato gajoak, artean ez baitzekien otsoari entzuten gelditzea arriskutsua dela, esan zion:

- Amona ikustera noa, amak eman dizkidan opiltxoa eta gurin-ontzitxoa eramatera.

- Urruti bizi al da? –galdetu zion otsoak.

- Oh, bai! –esan zuen Txanogorritxok- Han urrutian ikusten duzun errota igaro eta hantxe, herriko lehendabiziko etxean.

- Ederki bada! –esan zuen otsoak- Neuk ere joan nahi dinat bera ikustera, nik bide hori hartuko dinat eta hik hango bide hura, eta ikusiko dinagu biotatik zein iristen den aurrena.

Otsoa bere indar guztiaz ziztu bizian biderik motzenetik joan zen, eta neskatoak biderik luzeena hartu zuen, distraitu zelarik urrak hartzen, tximeletei segika eta aurkitzen zituen loretxoekin sortak egiten. Otsoa berehala iritsi zen amonaren etxera; atea jo zuen. Kax-kax.

- Nor da?

- Txanogorritxo, zure iloba –esan zuen otsoak ahots aizunez-, eta dakarzkizut amak zuretzat bidaltzen dituen opiltxo bat eta gurin-ontzitxo bat.

Amonak, ondoezik zegoelako ohean etzanda, oihu egin zion:

- Tira egion maratilari eta libratuko dun krisketa.

Otsoak maratilari tira egin eta atea zabaldu zen. Amona gaixoarengana jauzi egin eta ziplo irentsi zuen; izan ere, hiru egun emanak zituen deusik jan gabe. Berehala atea itxi eta amonaren ohean sartu zen, Txanogorritxoren zain, zein beranduago ate joka etorri baitzen. Kax-kax.

- Nor da?

Txanogorritxo otsoaren ahots sendoa entzutean ikaratu egin zen, baina amonak eztarria marrantatua zuela iritzita, honako hauxe erantzun zuen:

- Txanogorritxo, zure iloba, eta dakarzkizut amak zuretzat bidaltzen dituen opiltxo eta gurin-ontzitxo bat.

Otsoak, ahotsa doi bat eztituz, oihu egin zion:

- Tira egion maratilari eta libratuko dun krisketa.

Txanogorritxok maratilari tira egin eta atea zabaldu zen. Otsoak, barrura zetorrela ikusirik, manten azpian ezkutatzen zen bitartean esan zion:

- Laga itzan opiltxoa eta gurin-ontzitxoa ogi-kutxaren gainean eta hator nirekin ohera.

Txanogorritxo erantzi eta ohean sartzerakoan, harritu egin zen amona atorra hutsean nolakoa zen erreparatu zuenean.

Honela mintzatu zitzaion:

- Amona, nolako beso handiak dauzkazun!

- Heu hobeto besarkatzeko, laztana.

- Amona, nolako hanka handiak dauzkazun!

- Arinago ibiltzeko, laztana.

- Amona, nolako belarri handiak dauzkazun!

- Hobeto entzuteko, laztana.

- Amona, nolako hagin handiak dauzkazun!

- Heu jateko, laztana.

Eta hitzok esanda, otso gaiztoa Txanogorritxorengana oldartu eta jan egin zuen.

(PERRAULT, Charles. Perraulten ipuinak. Pamiela etxea)

barratxoa

Ezberdintasunik aurkitu al duzue? Denen artean komentatu.

Ipuin hau gustuko al duzue? Ipuinak kontatzea gustatzen zaizue?

barratxoa

Hemendik At taldearen Txanogorritxo kanta entzunen duzue.

Zer iruditzen zaizue?

Txanogorritxo dut izena
amonaren etxera noa
amonatxoa ikustera

Esaion gabian amatxori
kontutxo txiki bat kontatzeko
hik behar dunana dala hori
ohian goxo-goxo loak hartzeko

Eta berak ziur, gustu handiz
ipuin kaka bat, kontatuko din
esaion gogor, eztunala nahi
ipuin zikin hori kontatzerik

Txanogorritxo dut izena
amonaren etxera noa
amonatxoa ikustera

Ez dun hire amatxok asmatzen
ez zaizkin ipuin hoiek gustatzen
aspergarriak dira benetan
ez daukan hori entzun beharrikan

Eskazan beldur gabe beste bat
nazkatuta hagola erabat
gustatzen zaiana eskaion, txo!
Gustatzen zaiguna, TXANOGORRITXO!!

Txanogorritxo dut izena
amonaren etxera noa
amonatxoa ikustera

--->>>irakaslea<<<---