Argudiatzen I
Hurrengo albiste hau irakurri ondoren, Berria egunkariko Iritzia atalean gutun bat idatzi zuen iritzia emanez.
Musika jaisteagatik kondenatua Euskal Herrian
Lapurdiko bizilagun bat kondenatu dute Baionako epaitegi batean Kazaa p2p truke saretik musika jaisteagatik, eta, sistema hauen logikari jarraiki, jaitsitakoak berriz beste batzuentzat eskuragai jartzeagatik.
Gizon hau epaitegira SCCP musika ekoizleen eskubideen kudeatzaile frantsesak eraman zuen.
Kazaa erabili zuen pertsona honek. Beste p2p sare batzuetan bezala, musika edo beste fitxategi batzuk jaitsi daitezke bertatik, baina hori egiten duzunean zeu ere sare orokorrean zaude, eta zure ordenagailukoak ere besteen eskura daude. Hori omen da delitua, zuk besteei musika ematea, ez handik hartzea.
Zigortuak esan zuen epaiketan, ez zekiela berak erabilitako programarekin besteek ere bere material hori erabiltzeko aukera zutenik. Baina ez dio balio izan. Abokatuak beste argudio bat erabili zuen alferrik: musika jaisteko programen arduradunen kontrako neurriak hartu beharko zirela, eta ez musika artxiboak deskargatzen dituztenen aurkakoak.
Bost mila euroko kalteordaina eskatzen zuen SCCPk. Akusatuak ez du horrenbeste ordaindu beharko, baina ez da gutxi ere: 750 euroko isuna ordaintzeaz gain, SCCPri kalteordainean 700 euro eta 500 gehiago epaiketa gastuei aurre egiteko.
Guk dakigula, Euskal Herrian musika deskargatzeagatik epaitutako lehendabiziko pertsona da hau.