literatur sorkuntza

Argudiatzen II

Hurrengo albiste hau irakurri ondoren, Berria egunkariko Iritzia atalean gutun bat idatzi zuen iritzia emanez.

barratxoa

Euskal gazteak analfabeto mediatikoak dira

14-18 urte arteko gazteek komunikabideen inguruan duten jarrera aztertu du EHUko irakasle talde batek

Euskal Herriko nerabeak ez dira gai komunikabideetatik heltzen zaien informazio guztia interpretatzeko; hau da, analfabeto mediatikoak dira. Horixe ondorioztatu dute Komunikabideak eta nerabeak Euskal Herrian azterketa lanaren egileek.

Hala ere, ondo ulertzeko, analfabeto mediatiko kontzeptuari zenbait ñabardura egin behar zaizkiola agertu dute. Izan ere, 14-18 urte arteko nerabeek komunikabideen inguruan duten jarrera ez da homogeneoa: otzana da batzuetan, baina kritikoa beste zenbaitetan. Komunikazioari dagokionez, hezkuntza sisteman dagoen hutsunea agerian utzi du azterketak. Hainbat irakaslek egin dute azterketa, eta horren inguruan neurriak hartzeko eskatu dute.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte eta Komunikazio Fakultateko irakasle Petxo Idoiaga, Txema Ramirez de la Piscina eta Jose Inazio Basterretxea eta Bilboko Magisteritza Eskolako irakasle Esther Zarandona dira lanaren egileak. 1.882 inkesta, gazteekin eztabaidak eta adituekin elkarrizketak egin dituzte lana behar bezala osatzeko.

Adituekin berba eginda, beren hipotesia baieztatu zuten: nerabeek hezkuntza behar dute komunikabideetatik heltzen zaien informazioa kodetzeko eta jarrera kritikoa izateko. Ez bakarrik nerabeek, helduek ere gabezia dute arlo horretan. «Beharbada, helduak baino kritikoagoak dira nerabeak, baina jarrera kontrajarria dute sarritan. Baina jarrera kontrajarriak helduok ere ez ditugu, ala?», galdetu zuen Ramirez de la Piscinak.

Publizitatearen indarra agerian dago

Publizitatean igartzen dira ondoen nerabeek dituzten kontraesanak. Gainerakoan, nerabeak, oro har, gai dira informazioren objektibotasuna eta subjektibotasuna neurtzeko, edo albiste batean ikuspuntu guztiak jasotzen diren edo ez jakiteko.

Halaber, komunikabideak agintarien menpe daudela (%75), manipulatuta daudela (%73) eta publizitateak engainatzen dituela (%71) diote gazteek. Hala ere, jarrera otzanagoa dute beste zenbaitetan: komunikabideek zuzen informatzen dutela diote erdiek (%51).

Baina arazoa tartean irudiak sartzen direnean sortzen da. Telebistan irudiren bat ikusten badute, sinetsi egiten dute. Antza, ez dute ulertzen irudiak ere manipulatu daitezkeela. «Irudiaren lilura» deitzen dio Basterretxeak fenomeno horri. «Irudia eta testua bi diskurtso ezberdin direla ez dira konturatzen. Beren begiekin ikusten badute, sinetsi egiten dute, irudien muntaiak izan dezakeen eraginaz ohartu gabe».

Hezkuntza sistemaren parte-hartzea

Horrelako egoerei aurre egiteko eta herritar kritikoak sortzeko, hezkuntza sistemaren parte-hartzea ezinbestekoa dela uste dute EHUko irakasleek. Baina nerabeei gertatzen zaien legez, sarri askotan irakasleak beraiek ere ez dira gai izaten beren ikasleei komunikabideak behar bezala kontsumitzeko gakoak emateko.

Idoiagaren hitzetan, gurasoek ez daukate gai horretan aditu izateko derrigortasunik, eta ardura hori batez ere hezkuntza sistemari dagokiola azpimarratu du. «Gurasoek beren seme-alabekin denbora gehiago egin dezakete, komunikabideak elkarrekin kontsumitu, komunikabideetako edukiez hitz egin... baina ardura nagusia hezkuntza sistemarena da», eman du aditzera.

Iturria: berria