literatur sorkuntza

Atzerriko prentsa

JORDANIA
Amango hiru hoteletan bonba bana leherrarazi eta 53 pertsona hil dira
Turistek eta negozio gizonek ostatu hartzen duten luxuzko hoteletan leherrarazi dituzte bonbak

agentziak - AMAN

Jordaniako hiriburuko luxuzko hiru hoteletan bonba bana leherrarazi zuten atzo iluntzean. Maruan al Muasher lehen ministrordeak gutxienez 53 pertsona hil zirela jakinarazi zuen. Zauritutako pertsonak, berriz, 120 baino gehiago izan ziren. Amango hiru hoteletan zartarazi zituzten lehergailuak bata bestearen jarraian. Radisson, Grand Hyatt eta Al Days Inn izeneko hoteletan, hain zuzen ere, izan ziren erasoak. Bost izarretako hotelak dira hirurak eta, batez ere, nazioarteko turistak, negozio gizonak eta diplomatikoak hartzen dute ostatu bertan. Petra informazio agentziaren arabera, hiru ekintzaile terroristek egin zuten erasoa.

Radisson hotelean leherrarazi zuten aurreneko bonba. Al Abdali hiriburuaren mendebaldean dagoen auzoan dago hotela. Lehergailua sabai faltsu batean jarrita zegoela eman zuten aditzera hainbat informazio iturrik. Bertan gutxienez bost pertsona hil ziren. Amango hotel handiena da, bost izar ditu eta turista israeldarrek hartu ohi dute ostatu bertan. Leherketa izan zen unean hoteleko atarian ezkontza bat ospatzen ari zirela eta bertan, gutxienez, 250 pertsona zeudela adierazi zuten lekukoek. Ahmed bertan zegoen: «Ezkontzarako su artifizialak zirela pentsatu genuen hasieran, baina gero jendea lurrera erortzen ikusi genuen. Odola ikusi nuen. Ikaragarria zen». Dana Burde estatubatuarra hotelean zegoen leherketa izan zen unean: «Gelan geunden eta bat-batean horma lurrera erori zen. Gelatik atera eta dena hondakinak ziren. Hildako jendea ikusi nuen lurrean». Gran Hyatt hotelean leherrarazi zuten bigarren bonba, aurrekoa zartarazi eta minutu gutxira. Gutxienez zazpi pertsona hil eta beste berrogei inguru zauritu ziren eraso honetan. AEB Ameriketako Estatu Batuetako hotel sare batena da Gran Hyatt. Jebel barrutiko merkataritza gunean dago hotela, hiriburuaren erdigunean, Hussein Bin Ali kalean. Bertan ostatu hartu zuen estatubatuar batek lehergailuak hotelaren atarian zartarazi zutela jakinarazi zuen. Bonba leherrarazi ondoren, ke beltza ateratzen zen eraikinetik. Al Days Inn hotelean zartarazi zuten hirugarren bonba. Hotel hau ere hiriburuaren erdigunean dago. Hiriburuan kaosa nagusitu zen. Anbulantziak leku batetik bestera zebiltzan eta, lekukoen arabera, kea ikus zitekeen eraikinetatik ateratzen. Amanen aurreneko aldia da horrelako leherketak izaten direla.

Al Kaeda susmopean

Al Kaeda erakunde armatuaren zantzua zuela erasoak, baina ezin zela uste hori berretsi jakinarazi zuen Poliziak. Leherketak, dena den, ikertzen ari zirela eta oraindik arrazoia zehatza zein zen ez zekitela gaineratu zuten poliziek. Abu Musab al Zarkaui buruzagiaren ustezko hamar talde bertan behera utzi dituzte azken bi urteotan Jordanian.

Abdala II.a erregeak gogor gaitzetsi zituen atzo erasoak eta «ekintza kriminalak» zirela gaineratu zuen: «Errugabeen kontra desbideratu talde batek egindako ekintza kriminalak dira». Jordania herrialde seguru bat izaten jarraituko duela eta «terrorismoaren eta terroristen aurkako borrokarekin» aurrera egingo dutela zehaztu zuen.Jordaniako lehen ministro Adnan Badran eta Awni Yarfas Barne ministroa erasoak izan ziren hiru hoteletara bertaratu ziren.

Iturria: berria, 2005-11-10

--->>>ikaslea<<<---