Elkarrizketa batetik abiatuz I
Hurrengo elkarrizketa irakurri ondoren, iritzi artikulu bat sortuko duzue. Artikulua 1.400 karakterekoa izanen da, hau da, egunkariko zutabe txiki bat.
Amak adin
handia duela eta Oronoz-Mugairin elkartu zarete familia dena. Tartean,
Kalifornian eta Nevadan bizi zareten hiru anaia. Hogeita bost urte badira
familia dena biltzen ez zinetena... Bai. Aunitz aldiz etorri gara
hiru anaiak Ameriketatik hona, baina oraintxe juntatu gara denok hemen
lehenbiziko aldiz.
Hamabost egun gurean eta kezka bat dabilkizu buruan jira eta bueltaka. Bai, jakina. Uste dut euskal gobernuak
gehixeago begiratu behar liokeela Ameriketako artzain zaharrari. Ez
dutelakoz erretirorik. Ez dute hemengo pentsioa hartzen ahal. Badira
euskaldun andana hemendik hara joanak, han urte batzuk egin eta bueltan
etorri zirenak. Eta horietarik askok ez du han egindako urteen kotizazio
edo dena delakoa.
Artzain izan ziren bitartean nagusiak gizarte-segurantzari zegokion dirua kentzen zien. Bai. Uste dut gehienetan sakelara
sartu dutela diru hori. Guk uste genuen nagusiek hango gobernuari pagatzen
ziotela, baina ez da horrela izan: euren sakelarako gorde dute.
Zure kexa, hala ere, hemengo gobernuaren kontrakoa da. Jende asko ikusten dugu han, hemendik
joanda. Asko, euskal gobernuak igorriak; beste batzuk, ez dakigu nork
igorri dituen. Eta ikusten dugu interesatuak direla hango arboletan
euskaldunek egindako markak aztertzen, arbola horietako letrei begiratzen,
zer erran nahi duten ikerketak egiten eta horrela, eta nik erran nahi
nioke gobernuari -garai hartan euskal gobernurik ez bazegoen ere-, nola
egon ziren artzainak Amerikan abandonatuta. Kontrata batekin joaten
ziren, egoten ahal ziren hiru urtez, eta buelta etxera. Gero, artzain
horietarik aunitz hirurogeitaka urtetara etorri dira eta kontua da ez
dutela han egindako urteen diru-saririk edo ez dutela erretiroa hartzen
ahal.
Jende asko ezagutu duzu egoera horretan bizi dena? Euskal Herrira etorri naiz hamabortz eguneko. Familiarekin egon naiz eta herri batetik bertzera ibili gara egun guziez. Badakizu. Eta Elizondo inguruan aunitzi galdetu diot ba ote duten erretiroa, eta batzuek baietz erran didate, eta beste batzuek ezetz. Iduri du euskaldun nagusiek, ardi-jabeek, ez zutela sekula pagatu seguruaren partea, erretiroa hartzeko behar den puska hori. Amerikar ardi-jabeak pagatzen zuen gizarte-segurantzari zegokion dirua? Bai. Amerikar nagusiak bai. Klase
horretara euskaldun nagusiak makurrago izan dira artzainarentzat, amerikanoak
baino. Ez dakit euskaldun nagusiek zer egin nahi zuten: negozioa gurekin,
klase horretara, gizarte-segurantza ez pagatuz eta dirua sakelara sartuz.
Ez zen diru aunitz, baina denei kenduz egiten zuten dirua, doike.
Gainera, amerikanoak askoz hobeak ziren artzainari jatera emateko eta aunitz gauzatarako. Ardi-nagusi euskaldunek egiten zuten hemengo berri balekite bezala... Eta ez al zekiten? Bai, baina lehenagoko kontuak
ziren: sasoi batean hemen nola bizi ziren bazekiten, baina ez geroko
denborako konturik, gure garaikorik. Ez gintuzten goseak edukitzen,
ez dut hori erran nahi, baina arrunt estu bai. Uste zuten gu hara joan
geroztik estu ibili behar genuela. Amerikanoek, aldiz, ez zuten horrela
pentsatzen. Hauek bestela egiten zuten: lanera joan behar zenuelarik
nahikoa ematen zuten jateko. Arrunt diferentea zen batzuekin eta besteekin.
Euskaldun ardi-nagusiek igoal ematen zuten baba-nabarra, zigarroak eta
horrelakoak; eta oilasko bat... igoal aste guziko! Amerikano nagusiekin
askoz gehiago izaten genuen jateko.
Nola joaten ziren Baztango gazteak Kalifornia, Texas edo Nevadara, adibidez? Gehienak, kontrata batean joaten
ziren. Hiru urteko kontratua zen. Hiru urteren buruan Euskal Herrira
etorri behar zuten, hona. Ez zirenei etortzen, nagusi aunitzek paperak
ateratzen zizkioten, amerikano izateko agiriak. Berritu egiten ziren
kontratu asko, zeren eta sasoi hartan hemen ere ez zen halako lanik
ere eta berritu egiten zuten.
Amerikara artzain joandakoen artean azkenetakoa zaitugu... 1979an joan nintzen ni. Hemezortzi
urte nituen orduan. Azkenetakoa naiz. Gure herrian baziren bi, hiru,
lau Ameriketara joanak eta nik ere banuen buruan sartua hara joatea.
Eta, azkeneko, berotu eta joan nintzen, Idahora. Hiru urte egon nintzen
han, Rupert herrian. Frantsesa zen nire nagusia, Jean Pierre Etcheverry,
eta ez nintzen arrunt konforme. Gero, hona etorri nintzen eta beste
kontrata bat egin nuen, beste hiru urte, beste nagusi batendako: Rosco
Ridge.
Etcheverryrekin ez zinela arrunt konforme diozu. Hala da. Kontratan joan nintzen
eta urtearen buruan ez nintzen konforme. Artzainak hara eramaten zituen
asoziazioari, Western Range Association zen, kanbiatu nahi zenuela erranik
ere aunitz problema izaten zen kanbiatzeko. Nagusiek ez zuten uzten
kanbio egitera. Beharbada, langile ona zinela ikusten zuten nagusiek
eta nahi zuten zu luzeago eduki. Guk, berriz, igoal nahi genuen kanbiatu
eta orduan gaizki ibiltzen ginen. Nagusien asoziazioan baziren Larry
eta Rich Garro, bizkaitarrak, guri lagundu beharrean ardi-konpainiaren
alde egiten zutenak.
Western Range Association horretan, hortaz, euskaldunak ere baziren. Ardi-nagusi euskaldunak, alegia. Bai, baziren. Gehienak, euskaldunak,
eta horietan, gehienak bizkaitarrak, sasoi hartan behinik behin, 79
inguruan. Ni baino aitzinago joan zirenetan, oraindik eta euskaldun
gehiago ziren asoziazio hartan.
1979an joan zinen zu; anaia gazteena joan zen zure ondotik. Bai, Jabier. Bederatzi senide
gara eta zaharrena ere han izan zen. Gu lau anaia izanak gara Ameriketan.
Orain hiru gaude han, bi Kalifornian eta ni Nevadan. Eta zaharrena ere
han izaten ahal zen. Zaharrenak egin zuen hiru urteko kontrata, etorri
zen gibelera eta karro istripua izan zuen hemen. Soldadutza ere ez zuen
egina eta hemen gelditu behar izan zuen. Epaitegitik deitu zuten eta
ez zuen gehiago hara joaten ahal. Ni ere, hara joan nintzenean ez nuen
soldadutza egin, eta ez nuen egin nahi ere! Eta hara joan nintzen, Ameriketara.
Lehenbiziko kontrata hori eta gero -hiru urte horiek, alegia-, atzera berritu egin zenuen hango egonaldia... Nik denera zortzi urte egin nituen
kontratan, bi alditan. Gero, andregaia egin nuen eta handik bi urteren
buruan, ardian nengoela, ezkontzea erabaki genuen. Eta ezkondu eta eraikuntzan
hasi nintzen lanean, aunitz euskaldunek bezala. Horretan ari naiz.
Zergatik ari da hainbeste euskaldun eraikuntzan Reno inguruan eta? Gehiena hor pagatzen dutelako.
Ardian edo arrantxoan baino gehiago, behinik behin. Lana gogorxeagoa
da baina gehiago ere pagatzen dute eta euskaldunak hara. Ardian lan
egitea baino zailxeago da, baina aise gehiago irabazten dugu, doble
eta gehiago.
Gaur egunean ere euskaldun asko ari da eraikuntzan? Reno inguruan, hasteko. Ez, orain gutxi ari dira. Orain
ez da lehen bezala. Lehenago, ni eraikuntzan hasi nintzelarik -eigthy
five izango zela uste dut- igoal hogei edo hogeita hamar euskaldun izango
ziren nire konpainian, Helms Construction-en. Orain Q&D-n ari naiz,
beste konpainia batean, bertze hark kiebra jo zuen eta. Orduan hogei
edo hogeita hamar euskaldun eta gaur egunean, aldiz, ez dakit lau-bost
bat izanen diren Reno guzian, eraikuntzan ari diren euskaldunak.
Non dira euskaldunak? Berriak ez dira heldu. Euskaldun
gehiago ez da heldu Nevadara aspaldiko urteetan. Zaharrak jubilatu dira
eta horien seme-alabak bere lanean ari dira. Badituzte negozioak eta
gauzak. Batzuek denda ttipiak dituzte, arroparenak; beste batzuek, jatekoarenak...
Badira abokatuak... Horrela badira aunitz Nevadan.
Garai batean ez bezala dira gaur egun, herriko bizimoduan. Diotenez, artzain zinetela hilabete eta hilabeteak iragaten zenituzten menditik mundura jaitsi gabe. Bai, egia da hori. Desertura joaten
ginelarik ez genuen igoal inor ikusten hiru hilabetez edo. Gero, udaberriro,
mendietara joaten hasten ginen eta herriak ikusten genituen, eta jendea.
Herri bazterrean egoten ginen, hala ere, ez herrian bertan. Inor ikusi
gabe egoten ginela esan dut, baina herri bazterrean ginenean jende ezagunak
etortzen ziren bisitan gure ardi-kanpamendura.
Zuen anaia zaharrenak esanda dakit bederatzi hilabete ere egin izan zuela mendian, herrira ez herri bazterrera batere etorri gabe... Lehenagoko sasoietan bai. Hartzen
zuten kanpin-denda xahar bat eta joaten ziren mendira. Ez zuten kanperoa
beste inor ikusten, astean behin-edo jatekoa eramaten zien gizona. Beste
denbora asko egoten ziren inor ikusi gabe. Sasoi hartan. Gero, ardiak
binaka paratzen hasi ziren: bata, ardiak begiratzeko eta, bertzea, berriz,
jatekoa egiteko. Baina ni baino aise lehenagotik, hamar edo hogei urte,
banaka ibiltzen ziren artzainak. Nire anaia zaharrena ere, Jose, horrela
ibilitakoa da.
Trantze gogorra pasatu zenuen behin elurretan. Behetik heldu ginen gu. Menditik
desertura, herrialdera, ardiak erdi egiten diren sasoian. Bide erdian
zatozelarik, denbora txarra etortzen bada igoal egon behar duzu aste
bat edo bi aste bertan geldi, elurpean, laguntza etorri arte. Orduan
Nevadan ginen, Alberdeen deitzen zaion herri ttipian sartu baino lehenago.
Eta hori gertatu zitzaigun: elur asko egin zuen eta hantxe egon ginen
gobernukoak etorri eta bidea zabaldu arte. 2.500 bat ardi geneukan eta
nahiko justu ibili ginen aste betean jateko. Patata puska bagenuen eta
ardiren bat edo hil behar izan genuen. Bertzalde, abioneta ttipi bat
etorri zen gainetik eta jatekoa bota zigun zaku batean, harik eta gobernukoak
etorri arte.
Ardien paraderoa? Ardiak... aunitz ardi galdu genuen
ordukoan. Ardiek ziri-kozkorrak eta bata bestearen ilea ere jaten zuten.
Hortz aunitz hausten zuten ziri horiek jaten. Eta hortzak hausten badituzte,
ez dute jaten ahal eta ondoko urtean ez dute balio ardi horiek. Ez duzu
desertura ez nehorat ateratzen ahal ere. Saldu beste erremediorik ez
duzu, haragitarako; saldu eta beste batzuk erosi.
Artzain izana, eraikuntzan lanean, aizkolari jardun duzu Ameriketan... Hemen ere aritzen ginen arbolak
hozkatzen eta txarkeriak egiten, baina ez aizkoran-aizkoran. Han egin
naiz ni aizkolari. Nevadan baziren aizkolariak: Donamariako Arrastio,
Lesakako Periko Zubiria... eta haiek ni ikusi, gazte edo, eta ea aizkoran
arituko nintzen erran zidaten. Eta erakutsiko zidatela nondik hasi eta
nola eman egurrari. Baietz erran nien eta aizkoran ari naiz geroztik,
Nevadako-eta euskal festibaletan. Kalifornian eta Idahon ere ibili naiz.
Egurra inguratzeko ere lanak izanak dituzue. Bai. Batzuetan, lehen gehiago,
behar genuen altxapeka ibili, isilean, ezkutuan mozten eta etxera ekartzen.
Ez dute dohainik ematen, ez. Eta erosi ere... Nola erosi, ez badute
saltzen! Menturaz, egur idorra salduko dizute, baina berdea ez dute
saldu nahi. Eta aizkorak ere... Ezin Euskal Herritik hara eraman, aireportuan
inmigrazioko poliziak kentzen dizkizu eta. Lege zorrotzak dira Ameriketakoak.
Oroitzen naiz, izan nuen lehenbiziko aizkora Australiatik igorri zidatela.
Nik, hura hartu eta Euskal Herrira igorri nuen, xorroxtu eta ongi paratzeko.
Gero, amak igorri zidan Ameriketara berriz. Ez da horrela ibiltzen ahal.
Orain, uzteko prest zaude. Bai, orain baditut berrogeita
zazpi urte eta baditut bertze lanak egiteko. Aizkora gogorra da. Euskal
Herritik hara joaten diren aizkolariekin batera lanean sartuz gero Ameriketan,
udako jaialdietan, jo egin behar da. Eta, horretarako, behar duzu pixka
bat entrenatu, eta batzuetan ez dugu horretarako denborarik. Saiatzen
gara egitera, ahal duguna, baina ez da aski. Uste dut hemendik aurrera
hobe dudala utzi aizkora alde batera.
Nor eta nor ari zarete gaur egunean aizkoran Nevadako partean? Telletxea, bat; beste gazte bat,
bi, eta gure alaba zaharrena, Stephanie. Hamalau urtetan hasi zen; orain
baditu hemezortzi. Urtean hiru, lau, bost bat saio egiten ditu, eta
jendeak maite du neska gaztea aizkoran ikustea. Kasik, ni ikustea baino
nahiago du alaba ikusi egurra mozten. Baina afizioa aunitz galdu egiten
zaio Stephanieri; diru guti da pagatzen diotena eta gazte horiek sos
pixka bat nahi dute bere sakelarako. Eta ez dutelarik sosik ikusten
gibelera joaten dira. «Aita zaharrak egin dezala!». Hala erraten du
hark.
Miel A. Elustondo
|