Elkarrizketa batetik abiatuz II
Hurrengo elkarrizketa irakurri ondoren, iritzi artikulu bat sortuko duzue. Artikulua 1.400 karakterekoa izanen da, hau da, egunkariko zutabe txiki bat.
"Surf-a 60 urte bete arte egin dezakezu, kirola baino bizimodu bat da."
OSCAR GARCIA-Bera Bera Surf eskolako arduraduna.
"Surf-a 60 urte bete arte egin dezakezu, kirola baino gehiago bizimodu bat da." Donostiako Bera Bera Surf eskolak urte osoko ikastaroak eskaintzen ditu. Talde txikiak, hainbat ordutegi eta maila. Euren helburua: surf-a ikasketekin eta lanarekin lotzea. Fisikoki abantailak handiak dira, baina naturaren, itsasoaren errespetua eta olatuen maitasuna sortzen ditu. Bi egunetan segidan surf-a eginez gero, kirolzaletasuna pasio bihurtzen da.
Urte osoko ikastaroak eskaintzen dituzue. Zer baldintza bete behar dira izena emateko?
Zortzi urte baino gehiago izan behar dira eta igeri egiten jakin behar da. Hasierako ikastaroetan ez da gehiago behar. Surf eskolak beharrezko materiala jartzen du: surf taulak, jantziak... taldeak txikiak izaten dira, bost ikasle eta irakaslea. Gure helburua teknika eta praktika bera ongi irakastea da.
Nola antolatzen dituzue klaseak?
Kirol oso teknikoa, teorikoa eta fisikoa da. Uretan sartu aurretik, gainerako kiroletan bezala, ariketa fisikoak egin behar dira eta teoria ikasi behar da. Neguan, eguraldi edo itsaso txarra dagoenean piszinan egiten ditugu ariketak, Manteo polikiroldegian. Gainera "bideo-zuzenketa" deitzen den teknika erabiltzen hasiko gara. Bideoan grabatzen da ikasle bakoitza surfean ari denean, eta gero bideoa ikusita zuzenketak egiten dira; itsasoan oso zaila da teknika egokia den ikustea. Bideo-zuzenketak asko laguntzen du oreka, gorputza eta mugimenduak zuzentzeko orduan.
Astean zenbatetan egiten dituzue klaseak?
Hori nahiko librea da, bakoitzaren nahien arabera. Talde txikiak direnez, bakoitzak erabakitzen du astean zenbat denbora eskaini nahi dion eta zein mailatara ailegatu nahi duen.
Uda eta oporrak ditugu laster, eskaintza berezirik baduzue ordurako?
Urtero Donostiako Udalaren bitartez ikastaro bereziak eskaintzen ditugu. Ehundaka haurrek ematen du izena, eta Zurriolako hondartzan egiten dira ikastaro horiek. Behin uda amaituta haur batzuek surf-a egin nahi dutela erabakitzen dute eta urte osorako izena ematen dute eskolan. Gurekin harremanean jartzeko bi bide daude: www.berabera.com helbide elektronikoa edo 659 300 483 telefonoa.
Ainhoa Mendiburu
Iturria: Ipurbeltz
aldizkaria