Elkarrizketaren egitura I
Zuzenketa orria
ELENA ROSALES-Donostiako Zientzia KutxaGuneko prentsa arduraduna.
"Zientziarekin primeran pasa daitekeela demostratu nahi dugu."
Donostiako Zientziaren KutxaGuneak 3 eta 11 urte bitarteko gaztetxoentzat ikastaro bereziak eskaintzen ditu TXIKIKLIK izeneko egitasmoaren barruan. Urtean hirutan izaten dira, Udan, Gabonetan eta Pazkoko astean. Ingurumena eta Zientzia dira ikastaro hauen oinarria. KutxaGuneak ongi pasatuz ikastea proposatzen du. Irailean handiena, txikiena, garaiena, sakonena eta kutsatuena aurkitu nahi duenak Zientziaren KutxaGunean izena eman dezake.
Zergatik TXIKIKLIK izena?
Museoan 4 eta 9 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dagoen sekzioari TXIKIKLIK deitzen diogu. TXIKI hori gaztetxoentzat delako; eta KLIK hitz horrekin berriz, batzuetan pertsonek prozesu baten funtzionamendua ikusten dugunean buruak egiten duen "klik" hori adierazi nahi dugu. Gaztetxoek galderak egitea nahi dugu. Horregatik sail honetan gaztetxoengana, jolasten diren bitartean, hainbat prozesu eramaten dizkiegu. Gure helburuen artean dago gaztetxo horiek fisika, zientzia, kimikaren inguruan ikasketa formala egiten dutenean bat-batean prozesu baten azterten ari direnean, klik hori burura etortzea.
Zergatik opor garaian?
Bi gauza lotu nahi genituen data horietan eginda. Batetik, gaztetxoak oporretan daude eta denbora librea dute. Bestetik, gurasoak lanean izaten dira eta etxekoen ordutegiek ez dute bat egiten. Horregatik goiz osorako ekintzak eskaintzen ditugu. Pazko Asteko TXIKIKLIK-a lau egunekoa da, irailekoa bost egunekoa eta Gabonetan bederatzikoa. Hala ere, nahi izanez gero, aukera dago egun bakarrerako apuntatzeko. Egun guztietan egoten denari amaieran diploma antzeko bat ematen diogu.
TXIKIKLIK hauetan zein gai lantzen duzue?
Egiten dugun TXIKIKLIK bakoitzak, normalean ingurumeneko gai bat izaten du ardatz gisa. Egiten ditugun ekintzak ezberdinak dira. Jakin badakigu horrelako zerbitzua hartzen duten gatzetxoek gero urte osoan zehar errepikatu egingo dutela. Urteko hiru Txikikliketan ez dugu gauza bera egiten, eta urte batetik bestera ere ez.
Iraileko eskaintza irakurrita, handiena, txikiena, garaiena, sakonena eta kutsatuena ezagutzeko aukera ematen duzue.
Beti izango da zerekin alderatzen dugun: animalia handiena balea izan daiteke eta txikiena mikroskopikoa, astunena planeta baten pisua... helburua da gaztetxoei erakustea badaudela neurriak, mailak, urteak... erreferentzia sistema bat dagoela. Horrekin jolastea eta ikustea zertan datzan. Egia da ikastea baino gehiago, helburua ondo pasatzea dela eta horretan ari garen bitartean etekina ateratzen badiogu, bada primeran. Hasieran igual ez dute kontzeptua finkatu, baina gero gaia eskolan benetan ikasi behar dutenean oinarri bat badute.
Zer gaztetxok eman dezake izena?
3 eta 11 urte bitarteko 150 gaztetxorentzat lekua dago. Bi taldetan banatuta daude; txikienak 3 eta 6 urte bitartekoak dira, eta handienak 7-11 urte bitartekoak.
Izena emateko zer egin behar da?
943 01 29 17 telefonora deitu edo www.kutxasocial.net helbide elektronikora idatzi. Prezioari dagokionez, 10 euro dira eguneko eta Gaztetxoen Elkarteko eta museoaren lagunen bazkide txartelarekin, 6 euro.
Hori TXIKIKLIK egitasmoa da, baina uda honetarako Zientziaren KutxaGuneak zer beste eskaintza du?
Planetarium-ean Kometak eta Meteoroak ikusteko aukera dugu. 30 minutuko iraupena du saio bereziak. Eguzki sisteman egiten den ibilbidean kometa guztien sorlekura iritsi eta gainera kometa ezagunei (Halley, Levi...) buruzko datu interesgarriak ezagutuko ditugu. Bestetik, izar uxoen jatorria ulertuko dugu. Hori da Planetarium-aren eskaintza berria.
Ainhoa Mendiburu
Iturria: Ipurbeltz,
327-328. zenbakia