Erreportajea I
Hurrengo erreportaje hau irakurriko duzue. Ondoren, denon artean testuak zer kontatzen duen azalduko duzue.
Bukatzeko, zuek izanen zarete kazetari eta erreportaje bat eginen duzue. Gaia librea da: zuen herria, gustuko duzuen leku bat, oporretako leku bat...
Erromesaldia bentetara
Dantxarinean eta Ibardinen beti izan da bentei loturiko dinamika bat. Garai batean urrea merkeagoa zela eta hurbiltzen zen mugaz bestaldeko jendea bertara; gaur egun ordea, urreak baten batzuk apika oraino erakarri arren, beste altxor bat dute xede mugara hurbiltzen direnek. Ihintza Erremendeguy. Argazkiak: Ana Unanue. |
Azkenean iritsi da igandea! Lanean jo eta ke pasatako
aste neketsuaren sari, asteburu goxo bat iragateko, mendira joateko irrika bizia
sentitu dugu. Goazen Otsondora! Egun pasa bikaina. Kasko hartako aire freskoa,
inguru berde horietako usain garbiak... denak umore oneko jartzeko moduko ateraldia.
Goizean goiz atera eta bertan bazkaldu, arratsaldean, beherantz abiatzeko lasai-lasai,
eta Dantxarinera heltzean... zer da hori?
Bukaerarik ez duten auto ilarak, xinaurri tribuez gaindika diren saltegiak,
gaindika diren erosketarako orgatxoak alde guztietan, bi hilabeterako jakiz
eta, batez ere, edariz kargaturiko autoak... Mendi tartean bat-bateko kontsumo-guneen
pilaketa. Hots, ustekabe handia. Hori da gaur egun Dantxarineko mugan ageri
dena.
Denok dakigu betidanik izan direla bentak inguru horietan. Betidanik ere hurbildu da bertakoa ez zen jendea bertara, bereziki mugatik hurbil bizi zen Iparraldeko jendea. Hala ere, duela lau bat urte boom bat izan zela diote denek, batez ere Benta Peio eta Landibar hipermerkatuak lekutzearekin batera. Bi benta hauek besteak baino aise handiagoak dira. Bizpahiru estai ditu bakoitzak, eta ostatuak, ile apaindegiak... denetarik aurki daiteke bertan. Argi da jende ikaragarri erakartzen dutela hauek, beharbada, beste benta "txikiek" erakartzen ez zutena. Izan ere, ez da harritzekoa azken urte hauetako emendatze hori, irrati guztietan entzun baitaiteke hauen publizitatea (baita NRJ irrati frantsesean ere), sarritan gainera! Ikusten dugunez, marketingarekin jokatu dute, baita lortu ere!
Honela, aspalditik zetorren Iparraldeko jendeaz gain, Frantzia osotik ere hurbiltzen da orain jendea bertara. Matrikulei so egitea nahikoa da Bordele, Paris nahiz Landetako auto andana ikusteko. "Oso bitxia da", dio Zugarramurdiko biztanle batek, "astean zehar lasai-lasaia den herria, aste bukaera iritsi, eta bat-batean halako eromena bilakatzea. Deskuiduz ostiralean autoari gasolina ematea ahazten baduzu, bukaerarik gabeko auto ilaretan murgiltzera zigortuta zaude. Ordu erdi baino gehiago itxoin beharra gertatu izan zait anitzetan. Asteburu bakar batez milaka pertsona etortzen dira Dantxarinera!" gehitzen du. Horrek bertako izpiritua aldatu duela diote anitzek.
Alkohola, tabakoa eta gasolina
Denok dakigun bezala, eta ez da zaila asmatzen, hain urrutitik datorren jende erromesaldiaren arrazoia bakarra da: alkohola, tabakoa eta gasolina erostea. Besterik ere erosiko dute, jakina, baina hiru salgai hauek erakartzen dute jendea gehienbat. Izan ere, prezioak anitzez apalagoak dira mugako bentetan orokorki, baina batez ere hiru hauei dagokienez, eta nahiz eta urrutitik etorri, asko erosiz gero, bidaia oso errentagarria atera ohi da. "Duela urtebetetik gutxi gorabehera, frantses estatuak tabakoaren prezioa emendatu zuenetik, are jende gehiago dator. Bestalde, gasolina ere, azken aldi honetan, oso garestia da Frantzian eta Ipar Euskal Herrian" dio bertako saltzaile batek. Horrez gain, argi da prezioak erakartzen duela masa hori, zeren "Zugarramurdiko leizeak adibidez ez dira urrun, baina ez da publiko bera hurbiltzen bertara" gehitzen du.
Honela, asteburu guztiz, jendea trumilka dator Dantxarineko edo Ibardineko bentetara. Eta, bistan dena, dirua uzteaz gain, hainbat traba ekarri ere egiten dituzte. Izugarrizko auto ilarak izaten dira, "beharrik ondoko herri bateko bide txar batzuk ezagutzen ditugula, eta haietatik iragaten garela ilarak saihesteko!", dio bertako batek. Igandeak izan ohi dira jendetsuenak. Alabaina, egunero irekitzen dira bentak, baita igandeetan ere, betidanik. Orduan, asteburu osoa jendetsua izan arren, igandeetan, gainerateko guztia itxita dagoenez, denak Dantxarinera edo Ibardinera joaten dira eta eromena izaten da. Traba hauek direla eta, bertako jendea kexu da. "Ni zainetan jartzen nau! Itolarria sartzen dit edonon egonda ere hainbeste jendez inguratuta izateak. Beharrik astea lasaiagoa izaten dela!" dio batek.
Dantxarinean eta Ibardinen, bietan fenomeno bera ikus baldin badaiteke ere, ez dira arras berdinak bi gune hauek. Izan ere, Dantxarinean hamasei benta dira, denak handiak, batzuk besteen aldean txiki gelditu arren. Ibardinen aldiz, egoera desberdina da: iparralderantz gelditzen diren bentak, toki faltagatik, txiki-txikiak dira. Hegoalderantz gelditzen direnak aldiz, izugarri handiak, toki gehiago dutelako. Horrez gain, Ibardinen negozio familiarrak dira; Urdazubin aldiz, pertsona bakarra hiruzpalau saltokiren jabe da. Parean diren Benta Peio eta Landibar enpresak, adibidez, jabe berarenak dira. Honek lan egiteko beste molde bat suposatzen du. Azken aldi honetan, bestalde, Ibardinerantz datorren jendea gutxituz omen doala eta, gasolindegi berri bat eraikitzekoa dute laster, bezeroak berreskuratzeko asmoz. Benten elkarte bat ere sortua dute horretaz arduratzeko. Dantxarinean berriz, alimaleko eremu bat erosi bide du E.Leclerc-ek zentro komertzial berri bat egiteko. Ez da, beraz, erromesaldia urrituz joanen. Gaur egun, sekula baino jende gehiagok egiten ditu erosketak bentetan, eta jabeek, ahal den heinean, beti horretaz baliatu nahi dute, zerbait berria eraikitzeko.
Hipermerkatu hauek duten alde onetariko bat lanpostuak sortzea da. Izan ere, herriko gazte anitzi ematen diete lana. "Ezin zara segundo batez ere geldirik egon. Jendea etengabe heltzen da, eta goizetik arratsera arte ari izan behar zara korrika. Ordu anitz sartzen ditugu" dio saltzaile batek. Nagusiak ere, nola ez, asko pozten dira erromesaldi horretaz. Haatik, esan behar da erosketak egitera datozen jende gehienek eman baino gehiago kendu egiten dutela. Lehenik eta behin, beste hizkuntza batean mintzatzera derrigortzen dute, gutxi baitira euskara dakitenak erosleen artean, eta bigarrenik, traba ugari sortzen dituzte.
Hala ere, trabak traba, jendeak etortzen segitzen
du. Honek interesaren zenbaterainokoa erakusten du.
Honela, beraz, egun pasa etortzen da jendea mugako bentetara erosketak egitera.
Jende bera hurbiltzen omen da bai Dantxarinera, bai Ibardinera. Badirudi erromesaldi
honek erreakzio desberdinak eragiten dituela: erosleen, nagusien eta langileen
poza, bistan dena, baina herritar batzuen kexa ere bai. Etorkizunean, segur
da fenomeno hau areagotuz joango dela, prezioek ez baitute beherantz egingo,
batetik, eta bestetik, mugako bentetan gero eta egitura gehiago lekutzen ari
baitira.
Iturria: http://www.aizunet.net/