Iritzia eman I
Hurrengo artikulua irakurri eta zuen iritzia eman.
Ardi latxa, larretik errepidera Belazeetan baino, azkenaldian ugariagoa da ardi latxa errepidean. Ardi latxa irudikatzen duten eranskailu dibertigarri batzuei esker, Euskal Herriko auto askotan ikus dezakegu gure-gurea den ardi motaren irudia. Eñaut Mitxelena. |
|
Tolosako gazte koadrila baten ekimenari esker bete dira autoak ardi latxaren eranskailuekin. 2004. urtean sortu zuten 16 bat tolosarrek, Kataluniako autoetan asto katalanaren eranskailuek izandako arrakasta ikusita. "Era inprobisatu batean sortu zen, eta inondik inora ez genuen espero halako oihartzuna izango zuenik", diosku gazte koadrila horretako kide eta Ardi Latxa Kultur Elkarteko koordinatzaile Mikel Ayalak. Euskal kulturaren ezaugarria delako aukeratu zuten ardi latxa. "Ekimenak paralelismo argia du Kataluniako astoarekin eta Galiziako behiarekin, baina ez dugu haiekin inolako harremanik, eta haiek dituzten helburuak ez dira gureak, eta aldrebes. Guk ez diogu zentzu politikorik edo halakorik eman nahi izan. Besterik gabe, kultur ezaugarri baten adierazgarria da ardi latxa", azaldu digu Mikel Arteagak, koadrilako beste kideetako batek. Latxa hemengo espeziea delako hautatu zuten, "ez bere ezaugarriengatik, baizik eta Euskal Herriko gizartean eta ekonomian eduki duen eraginagatik", zehaztu digu beste kide batek, Eloy Arsuagak. Argiro azaltzeko, Arantzazuko Artzain Eskolaren sortzaile eta artzain Nikolas Segurolaren esaldia ekarri digute gogora: "Euskal Herrian betidanik, euskara, laia eta ardi latxa". Guztiz era inprobisatuan eta erdi-txantxa moduan sortutako eranskailu hark, ordea, hedapen izugarria izan du urtebete pasatxoren buruan. 2004ko abenduaren hasieran banatu zituzten lehen eranskailuak Tolosako zenbait tabernatan. Baina eskaria berehala hazi zen, eta gutxika-gutxika Euskal Herri osora zabaldu zen. Lehen aldian 2.000 ale jarri zituzten salgai, eta egun, kontua galdu badute ere, 150.000tik gora saldu dituztela jakin badakite. Halaber, salmenta puntuak ere izugarri areagotu dira, eta Euskal Herrian 150 eta 200 artean dira eranskailua saltzen duten lekuak. Katalunian ere badute salmenta guneren bat, eta posta elektronikoaren bitartez, jatorri anitzeko eskariak iritsi zaizkie: Mallorkatik, Madriletik, Bartzelonatik, AEBetatik, Alemaniatik, Poloniatik, Frantziatik, Erresuma Batutik… Putreak latxa bila Ustekabeko arrakasta horrek, harridura ez ezik, buruhauste eta nekeak ere ekarri dizkie hainbatetan eranskailuaren sortzaileei. Izan ere, salmentak gehitu ahala, gero eta lan gehiago eskatzen baitzien. Gainera, dirua sortzen duen ororekin gertatzen den moduan, mota guztietako aprobetxategiak hurbildu zaizkie. Non abere hila, putreak haren bila. Mikel Ayalak dioenez, "eromena izan da. Egunero etorri zaigu jendea gurekin bat egin nahian: batek diru-zorroak egin nahi zituela, besteak pinak, beste hark karpetak…". Irudia pirateatu eta mota guztietako produktuak saldu dituztenen kasuak ere ezagutu dituzte. Horri guzti horri aurre egiteko, eskaera handitzen hasi zenean ardi latxaren irudia erregistratu behar izan zuten; eta beranduxeago Ardi Latxa Kultur Elkartea sortzea erabaki zuten. Iazko abuztuan eratu zuten irabazteko asmorik gabeko elkartea, eta Mikel Ayala bertan hasi zen lanean, elkartearen jarduna koordinatzeko. Elkartea sortzeak, Mikelek berak dioenez, "iparrari eusten lagundu digu, zer garen eta nora iritsi nahi dugun argi edukitzen". Izan ere, ardi latxaren eranskailuaren azpian helburu zehatza egon baita hasiera-hasieratik: euskal kultura bultzatzea. Horretarako, eranskailua salduz lortutako dirua baliatzen dute. "Hasieratik argi utzi nahi izan dugu gurea ez dela dirua irabazteko asmoz hasitako ekimena. Euskal Herriko sinbolo bat erabili dugu, baina ez sinbolo horretaz probetxua ateratzeko, baizik eta irudi horrekin lortutako etekinak euskal kultura sustatzera bideratzeko", azpimarratu du Mikel Arteagak. Eta horretan dabiltza. Euren txikitasunetik, batez ere talde txikiei eskaintzen diete laguntza, interesgarriago iruditzen zaielako, eta, azken batean, talde txikiek askoz laguntza gutxiago izaten dituztelako. Orain, adibidez, Ibarrako Allur dantza taldeari laguntzatxoa eman diote, 10. urteurrena ospatu behar baitute. Mikel Ayalak beste proiektu baten berri eman digu: "Ardi latxaren Euskal Herriko gida ere atera nahi dugu, gidak egiten dituzten Donostiako bi lagunen laguntzarekin. Ez da ohiko gida izango. Nahiko aurreratua dugu egitasmoa, eta uda alderako kaleratzea da gure asmoa". Artzaintza presente Baina elkarlanik oparoena artzaintzan diharduten elkarteekin garatu dute. Arantzazuko Artzain Eskola eta Artzain Mundua elkartea harremanetan jarri ziren Tolosako gazteokin eranskailua atera zutenean, eta elkarlanerako bideak zabaldu zituzten. Artzaintzan dabiltzan elkarteek begi onez ikusi zuten eranskailuen ekimena, nolabaiteko bultzadatxoa eman diolako ardi latxari gizartean. Mikel Ayalaren hitzetan, "oso azaletik, baina behintzat izena berreskuratu egin da. Orain, gure asmoa da irudiari edukia ematea". Eranskailuen irudia baliatuz edota bildutako diruaren bidez, zenbait ekimenetan parte hartu dute dagoeneko. Filmen bitartez nekazaritza munduko eguneroko bizitza haurrengana hurbiltzea xede duen Haur Nekazaldia izeneko egitasmorako euren irudia baliatu zuten, adibidez. Txileko Chiloé irlan lan egiten duten bi gaztagileren proiektua ere lagundu dute. Chiloén badira ardi latxak, garai batean bertako enpresa batek hara eramanak, eta bi gaztagileok ardiak bildu eta Chilozabal izeneko gazta egiteari ekin diote. Gaztandegia ere eraiki dute, besteren artean, Ardi Latxa Kultur Elkartearen laguntzari esker. Elkarlan emankorra sortu da Ardi Latxa Kultur Elkartearen eta artzaintzan diharduten elkarteen artean, eta lanean jarraitzeko asmoa dute. Baina elkartearen eguneroko jardunari ere erreparatu behar diote. Apirilerako ardi latxaren produktu gehiago jarriko dituzte salgai: kamisetak, katiluak, giltzatakoak eta pizgailuak. "Jendearen eskaerei erantzuteko egingo ditugu, baita finantziazio iturri bezala ere", zehaztu digu Mikel Arteagak. “Produktu berrien apustua ongi irtenez gero, aurrera jarraituko du elkarteak, eta bestela, bada beno! Orain arte egindakoa hortxe geratuko da", argitu digu Mikel Ayalak. Elkartea desagertuta ere, ardi latxek bertan jarraituko dute. Bai mendian, bai asfalto gainean. |
Zuen iritzia emateko honako adierazpide hauetaz balia zaitezte:
Arrazoien kohesioa lortzeko: | Ondorioak sartzeko: |
Alde batetik, ... bertzetik -(e)lakotz, -(e)lako, bait-... Eman dezagun... –(e)la Era berean, suposatuz ... |
Honela, Horren ondorioz, Horregatik, Hori dela eta, Beraz, |
Iturria: www.aizunet.net