literatur sorkuntza

Iritzia eman II

Hurrengo artikulua irakurri eta zuen iritzia eman.

Miren Aranburu
Euskararen mundua ghetto baten moduan ikusten dut

elkarrizketa

Txikitatik komediante arima izan du Miren Aranburu lazkaotarrak. Handitzean ere, izaera berberari eutsi dio: abeslari, bikoiztaile -batez ere-, telebista aurkezle, antzezle… Erizain lanean ere ibili zen, baina "bide aberasgarriagoak" aukeratu zituen. Eskulangiletzat du bere burua, baina gehienok ahotsarengatik ezagutzen dugu. ETBren emisioak txikitatik ezagutu dituztenek, esaterako, bere ahotsa entzutean hainbat eta hainbat marrazki bizidunen oihartzunak edota auskalo zenbat telesail, dokumental eta filmenak jasoko dituzte. Gaztetan euskal kantagintza berrian aritua, Jabier Muguruza edo Imanol Lartzabal moduko musikariekin kolaborazioak egina, 90eko hamarkadan jazza deskubritu zuen Jean Louis Hargous musikariari esker. Bide oparoa hasi zuten elkarrekin, Miren Aranburu Ensemble taldea sortu zutelako, jazzaren bidezidorrak arakatzearren. Iazko udazkenean bere laugarren diskoa kaleratu zuen, Lorategi hibridoan (Gaztelupeko Hotsak/ Errabal), eta ez du geldi egoteko asmorik. Kontzertuez gain, hainbat arte mota uztartzen dituzten ikuskarietan ere parte hartu du (azkena, Juan Kruz Igerabideren testuetan oinarritutako Hosto gorri, hosto berde ikuskaria), ekinaren ekinaz "euskarari beste aire batzuk emateko".

Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Abeslaria, bikoiztailea, aktorea, margolaria... Zer zara?

Umetatik, oso umetatik, arteetarako halako joera bat izan dut. Txikitan margotu-eta egiten nuen, asko gustatzen zitzaidan. Panpinak-eta… ere egiten nituen. Niri gustatuko litzaidake askoz gehiago margotzea, gustatuko litzaidake batez ere margolaritzatik bizi ahal izatea, margolaritza izatea nire ogibidea, baina horretarako jada beranduegi da. Beste bide batzuk jorratu ditut eta… Baina denak behar ditut! Idatzi behar dut, abestu behar dut, josi behar dut, sukaldean ibili… Hori naiz: eskulangilea.

1977an argitaratu zenuen zure lehen diskoa, Lehertu da, euskal kantu berria deituriko korrontean kokatzen zena. Disko hura kaleratu zenuenean burutik pasatu al zitzaizun handik hogei urtera estilo guztiz ezberdin batean abestuko zenuela?

Dirudienez, txikitatik oso komediantea nintzen. Gero, oso militantea izan nintzen, euskara zalea. Garai haiek oso egokiak izan ziren, egokiak alde batetik. Noski, ni abeslaria nintzen, eta kantuak egitea eta hori guztia gustatzen zitzaidan, baina abeslari izatera egoerak bultzatu ninduen. Garai haietan, emanaldi bat zegoenean hura zen biltzeko zegoen leku egokiena: elizak eta bete-bete eginda… Gauza asko ezin genituen esan, baina ahal genituenak, bai. Baina garai haiek bukatu ziren, eta kantatzeko nire gogoa ere bai. Gozatzen nuen, eta bukatu zen, agur esan nion kantatzeari. Gero, handik urte batzuetara Jean Louis ezagutu nuen, eta musika berarekin ezagutu nuen. Bera beti ibili izan da musika aldetik oso abangoardistak izan diren taldeetan: free jazz, konposaketa pertsonalak… Horrela hasi nintzen musika ezagutzen, musika abangoardista, euskal kulturatik eta euskal arazoetatik kanpokoa. Egia esan, berak bultzatuta hasi nintzen kantatzeko beste modu bat probatzen. Eta asko gustatu zitzaidan. Eta hau da azken emaitza.

Zuen azken emaitza, Lorategi hibridoan diskoa, ez da entzuteko erraza, eta izenburuak ere disko zailaren itxura ematen dio. Ez duzu uste jendea beldurtuko dela?

Jendea ez da hainbeste beldurtu behar, ez dira umeak. Nik uste dut disko horretan denetik dagoela. Oso kantu errazak daude, belarrira jotzen dutenak; beste batzuk daude, askoz bereziagoak; denetarik dago. Niri ez zait gustatzen jendea hartzea haurrak balira bezala. Ez dira haurrak. Kontua da entzutea, hori da ikasi beharrekoa, musika entzuten. Musika zalea baldin bazara, oso gai zara gauza berriak bilatzeko, aurkitzeko, eta entzuteko, ezta? Eta, beno, modernoa da, bai. Baina bestelako asko daude, aukeratzeko asko dago. Gurea bezalakorik ez dago hemen. Eta hori da guk eskaintzen duguna.

Ez duzue jazz klasikoa egiten, berritzailea baizik.

Hori ere nahi duzun adina aurkituko duzu. Aspaldidanik egiten da ohiko jazza, ohituta gaude, zertarako egingo dugu guk hori? Guk beste gauza bat egin nahi dugu. Guretzat jazza jarrera bat da, musikaren aurrean jarrera bat. Musika tresnak dira jazzean erabiltzen direnak, musikarien jarrera, jazz musikariena, ikertzaileagoa izaten da. Zeren, gure musikariak hasten baldin badira pieza estandar bat jotzen, oso ondo jotzen baitute. Baina guk musikarekin jolas egiten dugu. Jolastu eta bilatu egiten dugu. Bilatzen dugu ohikoa ez den jazz mota bat, berria, modernoa. Jazza halaxe sortu zen: kalean, musika tresna zahar bat zuen jendearekin, bila ibiltzen ziren zer atera, beltzen-eta kantu klasikoak beste modu batera egokitu zituzten… Guk hori egiten dugu, baina 2005ean.

Zure abesteko modua nahiko berezia da.

Jazza eta euskara oso-oso ondo konpontzen dira. Nire ustez, hizkuntzari halako sentsualitate bat ematen dio, notetara oso-oso ondo egokitzen da. Kontua da ez dugula euskara horrela entzuteko ohiturarik. Frantzian-eta hainbat jenderi izugarri gustatzen zaio gure hizkuntza hau swing horrekin entzutea, eta iruditzen zaie oso hizkuntza polita dela. Bestela ere ez dakit zer pentsatuko duten, baina, agian, eguneroko hizkeran ez dauka halako xarmarik, ez dakit.

Merkatuak ez dizue buruhausterik sortzen, ezta?

Ez da buruhausterik ez dugula, zeren nik beste ogibide bat baitut, baina Jean Louis eta gurekin ari diren musikariak batez ere musikari profesionalak dira. Baina zenbat aukera duzu? Bata da merkatuan sartzea, eta merkatuak eskatzen duena egitea, ahal den neurrian, eta badakigu merkatua zer den. Merkatuko ez dakit nork edo nortzuek erabakitzen dute nork egin behar duen aurrera. Hori horrela da, denok dakigu. Orduan, baten bat etortzen zaigu esanez "zuek izango zarete aurrenekoak, eta horretarako hau eta hau egin behar duzue". Inor ez zaigu etorri, eta ez dakit zer egingo genukeen holako egoera batean. Eta beste aukera bat da esatea "egin behar dugu nahi duguna!". Azken batean, hori da geratzen zaiguna. Egin genuen nahi genuena. Hori geratuko da. Eta hori da gure aukera. Egingo dugu gogoak ematen diguna. Eta Gaztelupekok onartzen digu, Gaztelupekori buruz hori esan egin behar dugu.

Hain zuzen, zuek eman zenioten hasiera Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak jazzari eskainitako Errabal bildumari. Zerutik eroritako oparia al da Gaztelupeko?

Nik ez dakit beste batzuek zer egiten duten, nik dakidana da hauek arriskatu egiten direla. Eta talde batzuekin edo beste bide batzuetatik diru pixka bat ateratzen badute -edo asko, berdin zait-, diru bat gordetzen dute dirua emango ez dieten horiei laguntzeko. Hori, gaur egungo gizartean, estatua bat egiteko modukoa iruditzen zait. Hor daude, leial. Orain arte beti esan digute baietz. Eta gehiago arriskatu gara, eta baietz esan digute. Hori txalotu behar da. Azken finean, Gaztelupeko ez da etxe handi bat. Badaude etxe handiak herri honetan, dirua ematen ez duen ezer egiten ez dutenak. Argi eta garbi. Hori horrela da, niri esan didate: "Oso ondo dago, baina honek ez du dirurik ematen, ez da saltzen". Ez Madrilen eta ez Bartzelonan, hemen esan didate.

Euskal musika ekoizpena ez al dago estilo jakin batzuetara mugatuegia?

Esaten dutenez, ekoizpena handia da, eskaintza handia ere omen dago, euskaldunek eskatzen dutena baino gehiago. Mugatua dagoena euskara bera da. Euskararen mundua ghetto baten moduan ikusten dut. Eztabaidatzeko premian gaude, ikusi nahi ez ditugun akatsei buruz gehiago hitz egin beharko genuke. Euskaraz idazten duen idazle batek bere lana itzultzen ez badu, euskaldun ez direnek ez dute irakurriko, baina musikari edo eta abeslari bati gauza bera gertatzea ez da ulertzekoa, ulertzen ez diren hizkuntzetan abesten diren kantuez josita daude irratiak. Euskaraz egiten dena etxean geratzen da, senide artean bezala, euskaraz egiten diren lanei buruz euskaraz bakarrik hitz egiten da. Euskarari zer eskatzen diogu? Nora goaz? Zer nahi dugu?

Alegia, euskaldunok konplexu asko ditugula?

Konplexuak baino, nik uste ez dugula barnean sinesten euskaraz aurrera egingo dugunik. Euskarari eusten diogu, hortxe dugu zainduta; seruma jartzen diogu… Zainketa Intentsiboko Unitatean dago, eta seguru asko guk geure umeei transmitituko diegu, geure umeek beren umeei… hori bai. Baina ez dugu sinesten benetan euskarak aurrera egiteko balio digunik. Nik uste dut barne-barnean "egun on, buenos días" bilakatu dela. Irratian horrela entzuten da: "arratsalde on, buenas tardes", "egun on, buenos días"… Lekukotasun bat da: "Hau da Euskal Herria eta hemen esaten da egun on, jakin dezazuen". Baina "buenos días" esaten ez bada, ez du ezertarako balio. Nik horrela ikusten dut. Agian oker nago, eta nahi nuke gainera oker egon!

Aurreko diskoa atera zenutenean aipatu zenuen Euskal Herria gizonezkoen lurraldea zela, eta zaila zela emakume bat taula gainean ikustea. Ordudanik panorama aldatu dela ikusi al duzu?

Ez, batere. Ez da batere aldatu. Euskararen munduan zenbat emakume abeslari gaude? Bada, noiz agertzen gara gu? Kantagintzari buruz hitz egiten denean, letrei buruz hitz egiten denean, gauzak egiten baldin badira -hitzaldiak…-, gu ez gara agertzen. Ez gaituzte deitu ere egiten! Literatur sariak ikusten dituzu, eta gehienak dira gizonezkoak. Baina ez bakarrik sarituak, ikusten ari direnak ere bai! Nik uste emakumeari ez zaiola behar den bezala begiratzen. Estimatzen dugu ama, amaren irudia, emakume politikariren bat ere, baina oro har ez ditugu ikusten emakumezkoak, ahaztu egiten ditugu.

Euskarazko lehen bikoizketak hasi zirenean zeu ere hasi zinen horretan lanean. Urte asko igaro dira. Hasiera hartatik asko aldatu al dira gauzak?

Bai, batez ere lan kopurua. Garai haietan lan asko zegoen, film asko bikoizten ziren, egun gehienak marrazki bizidunak dira. Bestalde oraingo bikoiztaileen mailak ez du zerikusirik ordukoarekin, asko ikasi dugu. Baina euskara aldetik garai haietako freskura galdu egin dugu, zeren eta erabiltzen genuen hizkerak kalekoarekin zerikusi handiagoa baitzuen. Esaterako, epaile batek eta kale gorrian botata dagoen gizagaixo batek ez lukete hizkuntza era berean erabili beharko. Gaur zorroztasun handia dago. Konturatzen al zara nolako zalantzaz erabiltzen dugun gure ama-hizkuntza? Zenbat aiton-amona zalantzaz mintzatzen dira "behar den bezala" ez dakitelako. Ni saiatzen naiz gurasoek egiten zuten era hartara aritzen, bustidurak, doinuak, eta abar. Ez dut galdu nahi, eta lana da, ez pentsa. Behin neska batek esan zidan: "Ai ama, nire amonak egiten zuen bezala egiten duzu euskaraz!". A zer oparia egin zidan!

Urruñan bizi zara duela hamabost urte, baina lana batez ere Hegoaldean egiten duzu. Bidasoa ibaia uste duguna baino zabalagoa al da?

Muga handi bat dago, muga izugarria. Beste ohitura batzuk daude, bizitzeko beste modu bat da… Dena da oso-oso ezberdina. Horrek ez du esan nahi euskaldunen artean ezaugarri komunik ez dugunik… Noski, hizkuntza dugu, ohitura asko, baina ez ditugu esperientzia berak. Nik egunero zeharkatzen dut muga, eta muga-muga zeharkatzen dut.

Nola ikusten da Iparraldetik Hegoaldea?

Beno, esaten badidazu giro abertzale batean, bada, batzen gaituena ikusten dute: euskararen mundua, euskaltasunari eusteko zera hori… Baina euskaraz dakiten askok, abertzaleak ez direnek, baita abertzaleek ere, "espainolak", "espainolak zarete" esaten digute. Hori horrela da, hori onartu beharra dago. Haientzat "espainola" hitzak ez du esan nahi guretzat esan nahi duena. Saiatzen dira batzen, baina nik alde handia ikusten dut.

Eta Hegoaldeak ikusten al du Iparraldea?

Exotikoa da guretzat Iparraldea, haien hizkuntza, hitz egiteko modua, azken batean dena. Baditugu gauzak komunean, hori bai, batez ere hizkuntza, eta etxeko ohiturak agian. Familia ohiturak eta… Hemen nola ikusten ditugu? Bada, ez dakit. Adibidez, guk eman dugun ikuskizun berria oso gauza berezia izan da: margolaritza, dantza… Performance bat Euskal Kultur Erakundeak babestuta; eta hemen (Hegoaldean) ez dute hitzik esan. Ez dut ezer entzun. Eta han badaude Iparraldeko berriak ematen dituzten kazetariak. Baina Iparraldeko berriak dira betikoak: paisaia, nora joan jatera, non ematen duten pastorala, Miarritzeko dantza jaialdia… Oso gauza zehatzak eta kito. Nik hala ikusten dut.

KOLKOTIK

Zerk alaitzen dizu eguna? Egunean zehar alaituko nauen edozer gauza gertatu daitekeela.

Zerk lotsarazten zaitu? Gauza askok, uf! Ematen duena baino askoz lotsatiagoa naiz.

Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Adibidez, irratian "Egun on, buenos días" entzuteak.

Zerk beldurtu? Jendearen ergelkeriak. Eta jendea esklabo izateko joera horrek beldurra ematen dit.

Amets bat? Pentsatzen ari naiz gehienak betetzen ditudala seguru asko. Zahartzarora osasuntsu ailegatzea.

Kantu bat: Avec le temps, Leo Ferrerena.

Musikari bat: Archie Shepp.

Norekin joko zenuke gustura? Archie Sheppekin.

Margolari bat: Nicolas de Staël.

Hogei urte barru: pentsatzen dut gutxienez 10 disko gehiago grabatuta edukiko ditudala eta erakusketaren bat egingo dudala. Eta amona osasuntsu eta borrokalari bat izango naizela. Eta polita.

Iturria: www.aizunet.net