Kazetaritza generoak
Ariketa honetan lau kazetaritza genero landuko ditugu: elkarrizketa, erreportajea, albistea eta iritzi-artikulua. Bakoitzaren ezaugarriak atera eta zein generori dagozkion esanen duzue.
Artikuluak:
Komunikazioaren gizartean bizi garela. Inoiz baino informazio gehiago dugula. Eta informazioa boterea dela. Hori diote. Horrenbeste gauza esaten da... "Neu naiz bidea, egia eta bizia" esan zuen beste batek. Eta jarraian hil egin zen. Hori diote behintzat, betiko gaizki-esaleek. Horrenbeste esatariren helburua ez da izango entzuleak beren esanetara jartzea!? Beti, noski, egiaren izenean.
Kazetariak eta epaileak ibiltzen omen dira egiaren bila. Baina ez batzuek, ez eta besteek ere ez omen dute denborarik informazioz kolapsatutako sotoetan begirada bat botatzeko, bihar goizean eman behar baita albistea, epaia. Hala eta guztiz ere, egiaren izenean jarraitzen dute.
Baina, kaleko ikusentzulerik inozoenak ere barneratuta du komunikazio erraldoiaren gizartean gezurra ezinbestekoa dela. Nork bere burua hobeto saltzeko curriculuma puztu behar dela apur bat. Politikariek politikoki zuzenak diren gezur bikainak esaten dakitela. Eta publizitateak gezurra baino ez duela iragartzen. Egia esateak, biluzik zebilen erregea ikusi zuen umearen antzera, lotsatuko gintuzkeela. Gezurra, minutu batean amaituko dudala esan dizudanean. Gezurra, Irakeko armak. Gezurra, munduko turroirik onena dela. Gezurra, guztiontzako etxebizitzak, lana, osasuna, eskubideak... Eta betirako maiteko zaitudala ere gezurra. Gezurrezkoa kalean erosi berri duzun markako jertsea. Gezurrezkoagoa benetako horrek El Corte Inglesen duen prezioa. Gezurra talk-showetan ageri diren lekukotasunak. Eta albistegietako adierazpenak. Eta bihar eguraldi ona izango dela gezurra ere bai. Eta bihar erretzeari utziko diozula.
Zergatik tematu orduan egiaren bila? Ez bada, egiazkotasunak eta jatortasunak -labelak, alegia- azokan duen prezioarengatik. Zein da egiazkoagoa 20 eurotako CDa, edo 6 euroko berbera? Egiaren ezean, egiantza. Eta egiantzik ez bada, bada antzeko zerbait. Inoiz ere ez gezurra. Hori diote, eta ados daude.
Gezurraren aldarrikapen moduko zerbait irakurri dut arestian. Grupo Autonomo a.f.r.i.k.ak eta Luther Blissett eta Sonja Brunzels-ek idatzitako Manual de guerrilla de la comunicación, "apur bat zoriontsuagoa izateko aukera" eman nahi duen liburua da. Bertan, komunikazioaren teoria eta komunikazio-gerrilaren praktika uztartzen dira eta, era berean, irauli nahi jostalaria.
Komunikazioarekiko eta praktika politikoarekiko jarrera bat da "komunikazio-gerrila" delakoa, jarduera mota askotan gauzatzen dena. Horietako bat fake izenekoa da, gezurra, engainua, iruzurra, alegia. Athletic-eko emakumeen taldekoek gizonezkoen soldataren erdia jasoko dutela dioen gutuna zabal liteke, Athletic-eko bazkide guztien etxeetara bidalitako eskutitz baten bitartez. Segur aski, komunikabideren batera helduko litzateke gutuna, eta komunikabideak idazkiaren berri emango luke. Orduan, futbol taldeko zuzendaritzak hori gezurtatu beharko luke; gezurtamenari buruzko albiste berean, aldeko eta aurkako iritziak emango lituzke Gaur Egunek, seguru asko.
Hamaika fake jarduera etortzen zaizkit irudimenera Euskal Herriko politikaz hausnartzen jarrita. Izan ere, fakea ez da botereak eta zerbitzu sekretuek egindako faltsifikazioa, aitzitik, botererik gabeko ahotsen adierazpidea da, statu-quoaren diskurtsoak isildutakoen tresna. Eskarmentu handia du politikari askok esandakoa gezurtatzen, baina gezurtamen gehienen emaitza bakarra egiaren berrespena da: "excusatio non petita, accusatio manifesta".
"Zergatik ez dit inork entzuten?" kexatu da luzaroan Ezkerra. Izan ere, Ezkerra egiaren jabea izan da urteetan, baina ez du izan egia komunikatzeko tresna egokirik, kartel handiak, pankarta handiagoak eta komunikatu erraldoiak ez baziren. Denak egiazkoak. Fakea lortzeko ezin kaltegarriagoa baita, baita ezkerraren sineskeria ere: ezkerreko benetako lagunak ezin duela egia baino esan.
Rosa Martin Sabaris
Iturria: www.argia.com
Anjel Alkain
“Euskararen mundua serioegia da”
Ikasle kaskarra izan omen zen, baina ikasketei zor die antzerki
zaletasuna. Anjel Alkain (Andoain, 1966) Hernaniko Institutuan “erori
zen”, batxilergo garaian. Ttanttaka antzerki taldekoak ere Hernanin
bizi ziren sasoi hartan, eta ikastaroak ematen zituzten institutuan. Irakasle
“onak eta profesionalak” izan zituelako zaletu zen Alkain. Ez
zen bakarra izan. Alkainek ikaskide zituen Niko Lizeaga eta Jose Mari Berasategirekin
batera eman zuen izena Donostiako Antzerki Eskolan. Ondoren, kale antzerkian
zaildu zen, Hankagorri taldearekin umeentzako ikuskizunak egiten. Sorginen
Laratza telebista saioko pertsonaiei esker egin zen ezagun, eta Gorringo
taldearen Kutsidazu bidea, Ixabel antzezlanarekin erabateko arrakasta
lortu zuen. Wazemank saio berriaren lehen atalek ere txalo-zaparrada
jaso zuten, eta urritik aurrera ETB-1en izango da atzera. Ana Unanue. Argazkiak: Amaia Zabalo. |
Anjel Alkain Asteasun, Bernardo Atxagaren jaioterrian, bizi da. Kutsidazu bidea, Ixabel lanaren telebistarako eta zinemarako egokitzapena ere han ari dira grabatzen. Eta hantxe harrapatu genuen Alkain, grabazioaren atseden batean.
Nolakoa zara?
Inoiz ez naiz izan oso gogoetatsua. Saiatzen naiz tipo umoretsua izaten, gauzen alde positiboa bilatzen. Gainerakoan, oso pertsona normala naiz: mendia gustatzen zait, bizikletan ibiltzea, baratza koskorra daukat… Askotan, aktoreen elkarrizketak irakurtzen dituzu, eta oso jende arraro edo berezia dirudite. Alde horretatik ni ez naiz aktore tipikoa. Oso lasaia naiz. Aktore urduri asko ezagutzen ditut eta, egia esan, ez dakit zer egiten duten ofizio honetan, ikaragarri sufritzen dute eta. Nik hain estu pasatuko banu, aspaldi egongo nintzateke lanean tailer batean. Ondo pasatu beharra daukat, bestela aspertu egiten naiz segituan. Zinemagintzan, esate baterako, asko aspertzen naiz. Zain eta zain egon behar duzu esaldi bat botatzeko. Horretarako ez dut balio. Grabazioak oso astunak egiten zaizkit.
Zer ikasi zenuen kalean antzerkia eginez?
Bat-batekotasuna. Ez da gauza bera publikoa zure eremura etortzea, sarrera ordainduta, edo zu joatea beraienera. Herriko festetan sartzea, adibidez. Horrek ematen dizu oso oinarri ona aktore izateko. Ni bost-sei urtez ibili nintzen umeekin, eta zaildu egin nintzen. Zestoan, Errezilen… baserri giroko herri txikietan euskara aberatsa dute, eta gainera xelebre asko egoten da. Horregatik, zaila da ondo ez pasatzea.
Zuk, gainera, asko edaten duzu iturri horretatik.
Bai, bai. Ni ez naiz aktore ona. Izatekotan, aktore intuitiboa naiz. Hitzekin jolasten dut. Telebistan pertsonaiak egiten ditudanean ere jolasten dut lau esamolderekin. Hizkuntza interpretatzen dut, eta asko harrapatzen dut handik eta hemendik: keinuak, ibilerak… Zu beharbada geldituko zara nire begien kolorearekin. Ni, berriz, geldituko naiz eskuen mugimenduarekin edo ibiltzeko erarekin.
Merezi dugun telebista al daukagu euskaldunok?
Nik uste dut hobea merezi dugula, baina barruan egonda gauzak desberdin ikusten dira. Konturatzen zara oso erraza dela telebistari egurra ematea. Eta irratia? Zer irrati daukagu? Hori ez da esaten, baina nire ustez irrati publiko kaskarra daukagu. Euskadi Irratia ez dago aditzerik, umorerik gabeko irratia da, eta umorerik gabe ezin da telebista edo irrati edo egunkari bat egin. Euskararen munduaren arazoa da serioegia dela. Horrela ez goaz inora. Euskara ez dugu erakargarria egiten. Niri ilusio handia egin zidan behin Iruñean adineko pertsona erdaldun bat hurbildu eta esan zidala: Zu Euskal Telebistakoa zara, ezta? Nik ez dizuet tutik ere ulertzen, eta izugarrizko pena ematen dit, primeran pasatzen duzuela ematen baitu. Bada, horixe behar dugu: ikus dezatela geuk ere barre egiten dugula, eta ez bakarrik afarietan edo mozkortuta gaudenean.
ETBn pozik daude Wazemank saioak izan duen harrerarekin, ezta?
Bai. Esan digute aspaldiko audientziarik onena lortu duela. [uztaileko lau saioek % 7,1eko sharea lortu zuten, hau da, 55.000 ikusle inguru; uztailean ETB-1en batez besteko audientzia % 5,1ekoa izan zen]. Aurpegi eta ideia berriak probatzeko apustua izan da Wazemank. Saio freskoa egitea eta jendeak ongi pasatzea zen nire helburua. Elkarrizketa guztietan galdetzen didate euskal umorea ba ote dagoen, zer den eta abar. Umorea unibertsala da, hori lehendabizi, eta gero pertsonek egiten dute, eta gutxienekoa da pertsona horiek euskaldunak edo murtziarrak diren.
Harrapatu nauzu: euskal umoreaz galdetu behar nizun. Batzuetan esketx bat ikusi eta esaten dugu: oso Pajares da, edo espainiarkeria hutsa da, zatarra edo gustu txarrekoa dela adierazteko.
Bai, baina gure artean ere umore desberdinak daude, eta guztiak ez dira finak. ‘Kaka-ipurdia-pixa’ erako umoreak funtzionatzen du toki guztietan, eta hemen ere bai, ez gara hain bereziak. Horregatik, Wazemanken era guztietako esketxak sartu ditugu: batzuk betikoak eta beste batzuk berritzaileagoak, hemen badirelako gauzak inoiz kontatu ez direnak. Lehen saioan, adibidez, tipo bat sartzen zen bulego batean eta zailtasunak zituen erdaraz zekien langile bat lortzeko, guztiak euskaldun petoak zirelako. Euskaldunok hamaika aldiz bizi izan ditugun egoerak, baina buelta emanda. Eta konturatu nintzen esketxa grabatzen ari ziren kamerek harrituta begiratzen zigutela, pentsatuko balute bezala “etxe honetan hau ez da inoiz kontatu”.
Umoreak euskalkia eskatzen du nahitaez?
Ez da nahitaezkoa, baina Kike Amonarrizek-eta aztertu zuten gaia, eta ondorio bera atera zuten: euskaraz umorea egiteko euskalkietara eta baserri girora jotzen da gehienetan. Batzuei topikoa irudituko zaie beti baserri kontuekin ibiltzea, baina hiriko euskara sortzen ez dugun bitartean, jai daukagu. Gure erreferentziak baserri girokoak dira, eta hor jendeak euskalkian egiten du. Batzuetan herri txikietako ikusleak haserretu egiten zaizkigu: gu ez gaituk hain basapiztiak! esaten digute. Ez, eta euskaldun berriak ez dituk hain tontoak. Baina bi mundu horiek joko handia ematen dute, grazia egiten dute, denok dugulako baserriko lehengusuren bat edo euskara ikasten ari den ezagunen bat.
Kritikarik jaso duzue batez ere gipuzkeraz egiteagatik?
Ez. Gainera, ez da nahita egiten dugun zerbait. Tolosa aldekoak gara eta umorea natural egiteko hemen inguruko euskara ateratzen zaigu. Guretzat garrantzitsuena komunikatzea da: gauzak esan, eta ahal bada, bizi esan, ez irakurrita. Ahozko euskara nahi genuen, herriko hizkera, eta gurea hau da. Badakit ikusle askori kosta egiten zaiola ulertzea, baina gure apustua hori da. Ikusleek erne egon beharko dute ulertzeko, eta beharbada horregatik ez dute saioa kenduko.
Kutsidazu bidea, Ixabel antzezlana 100.000 lagunek ikusi zuten. Zer behar da neurri horretako arrakasta lortzeko?
Mundu osoan bezala, behar dira obrak barre egiteko, gehiegi pentsatu gabe, eta euskaraz ez daude horrelako asko.
Euskaldunok komedia kostunbrista ikustera bakarrik joaten omen gara antzokietara.
Hori da mundu osoan gertatzen dena. Madrilgo aktoreek ere esaten didate: orain jendea antzokira joaten da soilik aktoreak telebistan ateratzen badira, eta obra komedia bada. Ez gara hain desberdinak. Jendeak lan gehiegi egiten du, politikaz ere kokoteraino dago, eta gaueko hamaiketan garagardo bat hartu eta barre egiteko aitzakia nahi du.
Telebistaren antzeko antzerkia egiten bukatuko duzue denek?
Nire ustez hori oso arriskutsua da. Gaur egun egiten diren antzezlan asko formatu aldetik oso telebisiboak dira. Nire ustez ongi bereizi behar dira telebista eta antzerkia. Kutsidazu egin genuenean argi neukan ez nuela antzokietan telebista egin nahi, eta halaxe esan nion zuzendariari. Kostunbrista zenik ere ez dut uste: metaforaz eta elipsiz josita zegoen, eta gure planteamendua oso ganberroa zen.
Zer garrantzi ematen diozu gidoiari?
Gidoia dena da niretzat. Gidoia ez bada ona, aktoreak ezer gutxi egingo du. Euskal Herrian arazo handienetakoa da gidoilari gutxi dauzkagula, eta euskaraz askoz gutxiago. Estatubatuarrak horretan oso azkarrak dira: gidoilariak dira gehien kobratzen dutenak. Hemen gidoilariak eta sortzaileak orokorrean ez dira behar bezala zaintzen. Zer gertatu da Vaya Semanitarekin? Jendeak ospa egin duela zaindu ez dituztelako.
Arrakastak ekarri ohi duen inbidia sumatu duzu inguruan?
Ez, gure arrakasta ere txikia denez… Euskaldunon audientziak dira % 3 ingurukoak, ez dute zerikusirik Vaya Semanitaren % 35arekin. Ni Oscar Terolekin afaltzera joan izan naiz, eta ezin kaletik ibili. Ni lehengoan Azpeitira joan nintzen, eta neu ere ezin kaletik ibili, baina hori Azpeitian, beste tokietan ez dut horrelako arazorik.
Zer ekarri dizu aitatasunak?
Kristoren poza eta kristoren lana. Umeena oso polita da, baina nekagarria ere bai. Nire alabekin ezinbestekoa sentitu naiz, bizitzan lehen aldiz. Nahiz eta leher eginda egon, umeei purea eman behar diet, hori ezin dut biharko utzi. Aurreneko aldiz, garrantzitsua naizela sentitzen dut.
Urteekin, zer ikasi duzu maitasunaz?
Ruperrek abesti batean esaten duena: zaindu maite duzun hori, zeren bestela… adio!
Euskal egoera politikoak, komediatik ala tragediatik du gehiago?
Tragediatik askoz gehiago. Umorea egiteko ere ematen du, baina badira gai batzuk inori graziarik egiten ez diotenak. Horregatik ez ditut egiten.
KOLKOTIK
Zerk alaitzen dizu eguna? Norbaitek zuku bat
laranja ohera ekartzeak.
Zerk ateratzen zaitu zure onetik? Jendearen umore faltak.
Zerk lotsarazten zaitu? Lotsa aspaldi galduta daukagu.
Zerk beldurtzen zaitu? Gaixotasunek.
Zertaz zaude harro? Nire alabez.
Antzerkigile bat: Monty Phyton taldearen esketxak idazten dituena,
ez dago Shakespeare izan beharrik.
Zuzendari bat: Anartz Zuazua bera.
Aktore bat: beti gustatu izan zait asko Jose Ramon Soroiz.
Telebistako saio bat: ez naiz telebistazalea, baina Wazemank,
zer arraio!
Zure mapa sentimentalean, zein izango litzateke hiriburua?
Ernio.
Hogei urte barru… Ez dakit, eta gainera ez dut jakin
nahi.
iturria: www.aizunet.net
Mikel Alvarez AHTren Aurkako Asanbladako kideak kritika egin dio EHAKri «Ibarretxeren inbestiduran AHT geldiarazteko agertutakoaren konpromiso falta» dela eta. Alvarezen ustez, EHAK-k ez du «bere indarra baliatu AHT eta gainerako proiektu txikitzaileak geldiarazteko eskakizuna eztabaidaren erdian jartzeko». Besteak beste, zera galdetzen du: «Moratoria baten alde egindako adierazpen testimoniala izan al da EHA-k egin zezakeen guztia? Uztailaren 1ean Berriara bidalitako gutunean azaldu du bere kritika Alvarezek. AHTren lanak urrian hasiko direla ere salatu du.
Madrilen sonatua izan da AVTk Pedro Cerracin abokatua kaleratu izana, azken 17 urteetan bere zerbitzupean izan ondoren. Isilunearen ondoren ABCri eman zion elkarrizketa: «Finantz aparatoa da terrorismoaren burua, hori da urte hauetan guztietan ulertu dudana. ETArentzat garrantzitsuena ez direla bere presoak, zerga iraultzailea biltzea baizik. Gobernuaren eta oposizioaren borondate onean sinesten dut, eta begirunea diet biei». 18/98 Auzian berak ordezkatzen zuen AVTren akusazioa eta ETAren aurkako borrokaren inguruko iturrietan, erakunde armatuaren finantzei buruz gehienetarik dakienetakoa omen da. Ildo horretatik, kazetariak galdetzen dio auzia ez ote den umezurtz geratu bera gabe: «Ezta pentsatu ere, erabateko konfiantza dut AVTk ni ordezkatzeko hautatuko duen pertsonan. Behar nauen denetan izango nau aldamenean».
Iturria: www.argia.com
Sirgalariak, ibaien bi aldeak lotzen zituen lanbide galdua
Aturri, Ardanabi, Aran, Biduze... ibai, erreka, errekasto eta urek orokorrean, urteetan zehar paisaia libreki modelatu badute, beraiek ere "domestikatuak" izan dira, ekar dezaketen abantailez baliatzeko eta egin ditzaketen kalteak murrizteko. Ibaiak, gainera, muga dira: egungo banaketa administratiboak, aspalditik datozenak batzuk, sare hidrografikoa kontuan hartuz egin izan dira. Horrela, Aturrik, Euskal Herria eta Landak banatzen ditu. Urketa eta Beskoitze Ardanabi ibaiaren alde banatan kokatzen dira, Aran ibaiak Ahurti eta Bardoze arteko muga marrazten du... Baina ibaiak beti izan dira gizakiak gainditu nahi eta lortu duen mugak. Ez dute eragotzi bi ibaiertzen arteko trukea.
Ur gaineko zeharkaldiak izan dira nagusi XIX. mendera arte. Horrela, 1886an, Pîtres zubiak, Aturriren alde batera dagoen Ahurti eta beste aldera dagoen Saint Laurent de Gosse arteko zeharkaldia egiten zuen baltsa ordezkatu zuen. Dena den, zabalera estuagoko ibaietan behintzat eraikitzen ziren zubiak, bai Erdi Aroan, baita erromatar garaian ere.
Baina ibaiak batez ere komunikabide garrantzitsu dira, nabigagarriak diren heinean. Aturri oraindik horrela bada ere, garai batean txalupak Aturrin ez ezik ibai-adarretan gora ere joaten ziren, nahiz eta denborarekin hauen nabigagarritasuna galdu den. Aran ibaia dugu adibide ezin hobea: Erdi Aroan Aran nabigagarria zela eta, 1312an, Nafarroako erresumako erregeak Bastidaren sorrera gutuna sinatu zuen, Nafarroako erreinuak ezinbestekoa zitzaion itsasorako irteera izan zezan. XVIII. mende hasieran, ordea, ezinezkoa zen, errota berriaren parean kokatutako (Moulin Neuf) Bardozeko bigarren portutik gora joatea. Gaur zeharkatu ditugun herri guztiek zuten behiala ibai portu edo azpiegituraren bat, baita Aturrin gorago dauden Gixune, Bidaxume eta Akamarrek ere. Aranek Bardoze, Ahurti eta aipatu Bastidako portuak zituen. Urketak Ardanabi ibaiertzean azpiegiturak zituen. Mugerre, Lehuntze, Urketa eta Ahurtik azkenik portuak zituzten Aturrin.
Baionako portu garrantzitsuak, lur barneko produkzio gehientsuena erakartzen zuen eta, modu berean, Atlantikoz beste aldetik zetozen produktuak banatzeko abiapuntu zen. Neurri batean, aipatutako portu txiki hauekin guztiekin lotuta zegoen eta baita hauen atzean zeuden ustiakuntzekin ere, harrobia hemen, teilategia han, burdinolak ondoan... Baina errepide sareak garatu eta burdinbideak sortu ziren eta garraiobide hori galdu. Garai bateko gabarrak desagertu dira egun, baita sirga-bideak eta sirgalariak ere: txalupak ibaian gora sirga-gune batetik hurrengora, sirga edo soken bidez tira ahal izan zezaten idizainak. Egun, arrantza portu gutxi batzuk, eta batez ere, azken urteotan sortutako kirol portuak besterik ez dira geratzen.
Iturria: www.argia.com