literatur sorkuntza

Iritzia eman III

Arratsalde bat telebista aurrean izeneko elkarrizketa irakurriko duzue.

Orain iritzi-artikulu bat eginen duzue. Horretarako, iritzi testuen egiturari erreparatuko diozue, hots, sarrerari, tesiaren argudiatzeari eta konklusioari.

Arratsalde bat telebista aurrean

Autorregulazio Kodearen benetako erabilera aztertu nahian, telebista piztu eta bertan dagoena guk geuk ikustea eta entzutea deliberatu dugu. Hauxe da edozein egunetan telebista kateek eskaintzen dutena.
Arratsaldeko bostetan piztu dugu telebista, babes indartuko ordutegia hasten denean hain zuzen. Kateren bat aukeratu behar eta pribatu bat aukeratu dugu, horiexek dira-eta polemikoenak. A tu lado saioa orain dela ordu erdi hasi da, eta Emma Garcia gipuzkoarra elkarrizketa egiten ari zaio Mercedes Milari; Gran Hermano hasi behar zaigu berriro, eta aurkezle katalana reality showaren promozioa egiten ari da. Bosgarren minutuan, guretzat beren-beregi sortua dirudien pasarte hau gertatu da:

Emma Garcia: "Zeintzuk izan dituzu unerik latzenak Gran Hermanon?"

Mercedes Mila: "Lehiakide batzuk putak zirela jakin genuenea...".

E. G.: (Milari esaldia amaitzen utzi gabe): "Mercedes, barkatu, baina ume ordutegian gaude..."

M. M.: "Hara, umeek ondo dakite putak egon badaudela" (Ikusleek barre).

E. G.: "Bai, baina badago ordutegi bat. Umeek badakite hori, baina niri era honetako gauzak saihestu behar ditudala esaten didate".

M. M.: "Nik hemen hitz hori esatea baino askoz larriagoa iruditzen zait gurasoek seme-alaben aurrean sesio latzak edukitzea, zeharo oldartuz gainera. Horrek umeen etorkizunaren oinarri larrienei (sic) egiten die kalte".

E. G.: "Ez daukat zalantzarik horretaz, baina dagokigun neurrian, eta batez ere niri dagokidanean, errespetatzen ahaleginduko naiz...".

Milaren ostean, Operación Triunfoko lehiakide baten txanda da -telebista modernoan, saio asko dira elkarren eduki: askoz merkeagoa da-. Elkarrizketa, oraingoan, lehiakide horrek gainerakoekin edukitako liskarrei buruzkoa da -liskarron irudiz hornitua-. Amaitzeko, abesti bat eskaini digu mutilak. Tertulia hasteko unea da, eta horretarako lehen plater arina aukeratu dute: Espainiako printzesaren haurdunaldiaren gorabeherak. Tertuliakideen ahoetan hitz gozo eta irribarre zabalak baino ez, azkonak zorrozten dituzten bitartean. Printzesaren txanda igarota, gezi-jaurtiketa hasi da: Espainiako ospetsu eta sasi-ospetsuak bata bestearen atzetik ageri dira pantailan, eta denek dute zer kritikatua. Azkenik, toreatzaile bati elkarrizketa egin dio Emma Garciak, bere alabarekin duen harreman txarraz eta emaztea ez beste emakume mordo batekin izandakoez -horiek nahiko onak, antza-. Momentu ona geure burmuinei atseden emateko.

Telebista parera itzuli orduko, Antena 3en El Diario de Patricia ematen ari dira. Talk showa da, hots, jendeak bere arazoen berri ematen duen saio horietako bat. Gaurko gaia, itxuraz, hautsitako familiak dira: aita bera duten baina momentu horretara arte elkar ezagutzen ez duten hiruzpalau neba-arreba -bide batez, aitaren bizimodu ez lar eredugarria deskribatu digute-, 40 urte eta gero berriro elkartzen diren anaia bi...

Ez saio batean ez bestean ez dugu biraorik edo irainik entzun, puta ez bada, eta hori ere lanbide adierarekin erabilia. Ordu eta erdi inguru eman dugu telebistari so, eta aurkezleek behin baino ez dute gonbidatu baten jarioa eten behar izan. Ageriko sexu edo bortizkeria irudirik ez digute erakutsi. Hau da autorregulazioaren menpeko telebista, eta diotenez, ume askoren gustukoa da.

Iturria: Argia aldizkaria