Euskal Herriko
lurretan, mundu zabalean bezalaxe, dinosauroak ibili ziren duela 65, 100
eta 140 milioi urte. Hori esateko zalantzarik ez dago, nahiz eta gure inguruan
aztarna askorik ez den aurkitu; Errioxan oinatzak aurkitu ziren, eta Arabako
lurretan, berriz, fosil bat agertu da.
Orain, oinatzak eta fosilak ez ezik, dinosauroak ikusteko aukera ere badago,
Karrantzako Karpin parke tematikoak berriki zabaldutako
Terrasauro aldean, hain zuzen. Hantxe daude ikusgai
dinosauro motarik ezagunenak, beldurgarrienak eta handienak, tamaina errealeko
eta zehaztasun handiko erreprodukzio bikainen bidez. Era berean, musker
erraldoi haragijaleak, belarjaleak eta hegalariak daude. Haietako asko mugitu
ere egiten dira, eta orro beldurgarriak egiten dituzte; zientzialarien ustez,
egiazko dinosauroek egiten zituzten orroen imitazio zehatzak.
Terrasauro Karpin parkeko
erakusgai berriena da, baita arrakastatsuena ere, batik bat umeen artean.
Puntako teknologia (Estatu Batuetakoa) erabiliz, latexaz egindako erreprodukzioek
sistema elektroniko bat dute, mugimenduak eta soinuak eragiteko. Dinosauro
bakoitzaren ondoan, haren oinatzaren erreprodukzioa dago lurrean, hori ere
tamaina errealean. Oinatza zapalduta, piztia jurasikoa mugitzen eta orroka
hasiko da berehala, eta horrek, jakina, ikaratu edota harritu egingo du
bisitaria. Hori ikusgarria da zinez, baina ez da, ez, Terrasauroko berritasun bakarra.
Heziketari dagokionez, antzinako animalia haien inguruko azalpenak ere ageri
dira idatzita, eta batez ere animatronikoak aipa
daitezke: paleontologoen itxurako erreprodukzioak dira, dinosauroenak bezain
zehatzak, eta hantxe daude jesarrita, ondoan narrasti erraldoien arrautzak,
kumeak edo aztarnategiak dituztela. Haietako baten ondoan paratuz gero,
berbalapiko baten moduan hasiko da hizketan era guztietako
azalpenak emanez: lehenengoz euskaraz, ondoren gaztelaniaz eta jarraian
ingelesez.
Duela 65 milioi urte desagertutako basapiztia erraldoi hauen artean, ohorezko
lekua Rex tiranosauroak
hartzen du, haragijaleetan izugarriena zelako: 12 metro luze, itzelezko
hanka eta atzaparrak, eta hortz izugarri handiz betetako ahoa, pertsona
bat oso-osorik irensteko bezain handia. Horrez gain, umeei argi azaldu behar
zaie gizakia eta dinosauroak ez zirela sekula garai berean bizi izan, bi
espezieen artean, izan ere, milioika urteren aldea dago. Pedro Abad
parkeko zaindaria eta erakuslearen arabera, ume askok uste dute gaur egun
ere badirela dinosauroak eta, era berean, antzinako gizakia dinosauroen
artean bizi zela pentsatzen dute. Bestalde, bilduman ageri diren dinosauroak
honakoxeak dira: Diplodokus, Mallasauro, Quetzalcoatlus, Parasaurolofus eta beste hainbat musker erraldoi. Horiek dira,
bai, ezagunenak, baina ez dira jakina garai hartako dinosauro guztiak, animalia
hauen arteko aniztasuna gaur egungo ugaztunen artean egon daitekeena bezainbestekoa
baitzen.
Ezagutzeko ez ezik, kontzientzia hartzeko
Hori guztia Terrasauro Karpinen
parte bat baino ez da, etxaldearen azalera handiena egungo animalia bizien
eremuak hartzen du-eta, Animaliak alegia. Bertan, Europako faunako 50 espezietako
ehunka animalia daude, eurentzako eremu egokian kokatuta eta sailkatuta,
libre ibil daitezen; hesitutako eremuetatik irten gabe ordea, bisitariek
haiekin topo egiteko. Oreinak, basurdeak, azkonarrak, katagorriak, mufloiak,
orkatzak, bisonteak, otsoak, mapatxeak, azeriak, hegazti harrapariak (mota
gehienak), hartzak, adarzabalak, dortokak... zerrendak amaitezina dirudi.
Pedro Abadek azaldu digunez, ugaztun animaliak gatibu jaiotako aleak dira,
zoologikoetan batez ere, eta hegaztiei dagokienez hegan egin ezinik daude
guztiak, gehienak ehiztariek tiro eginda zauritu baitziren; hala, behin
zauriak osatu eta gero, Karpinera ekarri zituzten.
Hemen ez dago, beraz, bizileku naturalean harrapatutako animaliarik. Hala
ere, hortxe daude hartza, otsoa eta katamotza, guztiz animalia basatiak
metro gutxira ikusgai (ezkutatzen ez badira, jakina!).
«Animalian, Europako fauna ezagutarazi nahi dugu, baita haren arazoen berri
eman ere; gisa berean, jendea hezi eta jokabide batzuk aldatzea da gure
asmoa, animaliak babestu ahal izateko», azaldu digu zaindariak. Heziketa
asmo horren ildotik, azpimarratzekoa da Animalian dagoen areto berezi bat,
desagertzeko arrisku bizian dauden Europako animalien zerrenda ageri baita
bertan, baita animalia hauen biziraupena kaltetzen duten arrisku nagusiak
ere, hala nola ehiza, zepoak, suteak, giza hondakinak edota autoen kolpeak.
Animaliei kalterik ez egiteko, hezi egin behar da pertsona eta, beraz, beharrezkoa
da okerreko iritziak baztertzea, konparazio batera «animalia basatiek gizakiari
erasotzen dioten ustea; animaliek ez dute joera hori izaten, ezta hartzek
edota otsoek ere. Aitzitik, gizakiak du animaliei erasotzeko joera», azpimarratu
digu Abadek.
Parke tematiko gisa antolatuta dagoenez, bisitariak onena aurrez zehaztutako
eta adierazitako ibilbidea egitea du. Era horretan, Terrasauro
ikusi eta gero (edo aurretik), animalia bizi guztiak ikusteko aukera izango
da. Ordu pare batean lasai asko egin daitekeen osteratxo atsegina da, zuhaitzez
eta landarez inguraturik. Horrez gain, atsedenlekuak, umeentzako jolastokia
(Dinotxiki), taberna-jatetxea eta bestelako zerbitzuak ere
badaude parkean; gainera, parkeko zaindariek talde-bisitaldiak direnean
nahiz ikasleekin-eta esatari lanetan jardun ohi dute.
Etxaldeko eraikin nagusia jauregi eder bat da, eta bertan zabalduko dute
datorren urtean parkearen hurrengo erakusgaia: Bitxo Jauregia. Han, jendea
beldurtzen duten animalia txikiak izango dira, sugeak, armiarmak eta antzeko
zomorroak. Parkearen beste proiektu bat arraza autoktonoko animalien atala
da. Hantxe ikusi ahal izango dira Enkartazioetako astoa, villano
txakurra, latxa ardia, euskal artzain txakurra, pottokak eta motxina behia,
besteak beste.
El Carpin etxaldearen
jabea Urbano Peña Txabarri izeneko Bizkaiko labe
garaietako ingeniaria zen. Duela zortzi urte Enkartazioetako Mankomunitateak
familiari erosi zion, Karpin Abentura parke hau
zabaltzeko helburuz, eta ingurumenean espezializatutako enpresa bat arduratu
zen kudeaketaz. Gisa horretan, turismo ekologiko eta kulturalaren bidez,
eskualdearen garapenari bultzada eman nahi izan diote.
Karpin parkea bisitatzea aitzakia ederra izan
daiteke Euskal Herriko mendebaldeko muturrean kokatutako eskualdea, Karrantza,
ezagutzeko, euskal herritar askorentzat bazter hauek guztiz ezezagunak baitira,
nahiz eta naturaz, mendi ederrez, larrez eta aberez inguratuta egon. Gainera,
historia aldetik ere eskualde aberatsa da.
OINARRIZKO DATUAK
- Izena: Karpin Abentura.
- Non: Karrantzako Biañez auzoan. Bilbotik 52 kilometrora.
- Ordutegia: Egunero zabalik, 11:00etatik 19:00etara (apirilaren
1etik urriaren 31ra), 11:00etatik 17:00etara (azaroaren 1etik martxoaren
31ra).
- Prezioak: Helduek 4,5 euro; 5-18 urteko umeek 3 euro; 3-4 urtekoek
2,50 euro; 0-2 urtekoek doan.
- Telefonoak: Karpin (946107066-944479206),
Karrantzako Turismo Zerbitzua (902197361). Talde-bisitaldietan, aurrez ohartarazi.
- Internet: www.karrantza.com.
- Nola iritsi: Bilbotik etorrita, Balmasedako errepidea hartu, Zallan
desbideratu, Turtzio- Villaverde igaro eta La
Escrita mendatea pasatu eta sei kilometrora, Karrantzako lehen
auzunea den El Callejora
iritsiko gara; pare hartan, Biañezerako bidea hartu behar da. Beste aukera
bat hauxe da: A-8 autopistatik joan, Colindresen
(Kantabria) irten, Burgosko errepidea hartu, Gibajan
desbideratu eta Karrantzara. Autobusez (ANSA) eta trenez (FEVE) ere hel
daiteke Bilbotik Karrantzara, baina hobe da autoz.
- Bazkaldu: Karpinen taberna-jatetxea dago,
eta Biañezko Txetxu Etxea ere gomendatzeko moduko taberna-jatetxea da. El Suceso gertu dago, eta bertan
mendiko askaldegia, mahaiak eta parrilak daude. Karrantzan ere badira jatetxe
eta sagardotegi ugari.
- Lo egin: Landa turismoko hainbat etxe, bainuetxe bat eta kanpin
bat daude.
- Ikusteko: Pozalaguako leizea, Biañezko
Elizako Museoa, El Suceso
eta dorretxeak eta baselizak. |