literatur sorkuntza

Balorazioak I


Ariketa honetan filmen izenburuak, film bakoitzari dagokion testutxoa eta kartela lotuko dituzue.


Filmen testu-iruzkinak / Filmen izenburuak / Filmen horma-irudia edo kartelak

Filmen testu-iruzkinak

Aldatu nahi izan ez zuen ikazkinarena.
Euskal zinemak azken hamarkadetan izan duen arrakastarik handienetakoa ekarri zuen film honek. Era berean, Montxo Armendariz nafarraren lehen film luzea izan zen, eta bertan bere zinemagintzaren ezaugarri nagusiak antzematen ahal dira jadanik. Tasio Urbasako mendilerroaren magalean bizi den ikazkina da. Gazte-gaztetatik hasi behar izan zuen mendian lanean, txondorrak egiten eta, ahal duenean, legez kanpo animaliak ehizatzen. Paulina ezagutuko du, eta berarekin ezkonduko da. Urteen poderioz herriko ohiturak aldatu egingo diren arren, Tasiok segituko du bere bizimoduarekin. Askotan eman duten arren, ikazkinaren istorioa berriro ikustea ostiraleko gauerako plan aproposa izaten ahal da.

 

Haurra, kosta ahala kosta.
Berriki arte egon da zinema aretoetan Bernard Tavernier (Ça commence aujourd´hui, Capitaine Conan) zuzendari beteranoaren azken film hau. Bere lanik onena ez da, baina arretaz segituko duzue filma; gehienbat jorratzen duen gaiaren inguruan interesa dutenek, adopzioa, alegia. Izan ere, horixe da filmak kontatzen duena: bikote frantziar batek Kanputxean haur bat adoptatzeko izanen dituen arazoak. Pierre eta Geraldinek haur bat adoptatu nahi dute eta xede horrekin Asiako herrialdera joko dute. Han, haien egoera berean dauden hainbat bikote ezagutuko dituzte, eta, gainera, Kanputxeako burokrazia ustelarekin eginen dute topo. Nahiko afera konplikatua izanik, filmak defenditzen dituen hainbat ikuspuntu nahiko eztabaidagarriak dira.

 

Maisuaren azken lana.
Alfred handiaren azken filma izan zen honako hau, eta bere film onenen mailara ailegatzen ez bada ere, bitxia da komedia eta intriga uztartzen duen film hau. Hala ere, hainbatetan oso sinesgaitza gertatzen da zinemagile britainiarrak kontatzen duena. Bi istorio paralelo kontatu nahi izan zituen Hitchcockek: batetik, atso zahar bati iruzur eginen dion bikote gazte batena; bestetik, bitxiak lapurtzen dituen beste bikote batena. Bien bideak gurutzatuko dira, eta hortik aurrera ez dira berriro bereiziko.

 

Jokalaria haurren artean.
Estrenatu zenean ez zuen batere oihartzunik izan Brian Robbinsen hala moduko film honek, eta Keanu Reevesen parte-hartzea da ikusteko duen bakarra. Apustuekin arazo larria duen jokalari bati bere bizimodua zuzentzeko aukera sortuko zaio; Chicagoko auzo gatazkatsu bateko beisbol taldea entrenatu beharko du. Kontua da haurrak ez zaizkiola batere gustatzen.

 

Eta dena izoztuta egonen balitz?
Hondamendien generoaren barruko film garesti eta kaskarra da gaurko hau. Balizko klima aldaketa erabatekoaren aurrean zer gertatuko zen kontatu nahi izan zuen zuzendariak, baina nekez lortu zuen helburua. Filmak duen interesgune ia bakarra da modako aktorea ikusteko aukera dagoela, Jake Gyllenhaal (Jarhead, Brokeback mountain).

 

Batere funtsik gabeko istorioa.
Berry Levinson (Rain man, Sleepers) zuzendari gorabeheratsu eta komertzialak eskandaloa piztu nahi izan zuen film honekin, eta film nahiko kaskarra egin zuen; pil-pilean zegoen gai bati heldu, sexu jazarpena lantokian, eta batere indarrik gabeko filma egin zuen zuzendariak. Hori gutxi balitz, istorioari ukitu matxista nabarmena eman zion. Tomek Digicom enpresan egiten du lan, eta bertan lanpostu hobea lortzeko aukera duenean, bere neska-lagun ohi batek, Meredithek, eskuratuko du. Horrez gain, postu berriaz baliatuta Meredithek proposamen lizunak egingo dizkio gizagaixoari. Haren ezetzaren aurrean, egoerari buelta eman eta Tom salatuko du, berari sexu jazarpena egin izanaz leporatuta. Guztiz istorio sinestezina.

 

Beti lehen hitzordua balitz bezala.
Izen eta aurpegi ezagunak dituen arren, ez du bestelako interesik Peter Segalen komedia inozo honek, playboy baten gorabeherak kontatzen dituena. Henry albaitaria da, eta bere zaletasunik handiena emakumeak konkistatzea da. Horietako batean ezagutuko du Lucy, irakasle gozoa, baina egun batetik bestera bezperako kontuak guztiz ahazten dituena. Henry berarekin maiteminduko da, eta bere oroimen arazo hori moldatzen saiatuko da.

 

Maisuaren ikasgaiei jarraiki.
Lino Venturaren gaurko bigarren filma da. Oraingo honetan, ordea, beste zuzendari baten aginduetara, eta oso bestelako genero batean. Izan ere, Jacques Derayri Alfred Hitchcock frantziarra esaten zaio, eta gaurko film honek, intriga eta gaizki-ulertzez josia, izengoitiaren zergatia argi uzten du. Roland marinela Bartzelonan ari da egun batzuk pasatzen, eta hotel batean hartu du ostatu. Halako batean, ondoko gelakidea hilik agertuko da, eta Roland klinika pribatu batean itxiko dute. Ez da hortik aterako maleta non den argitu arte, baina marinelak horren inguruan ez daki deus, eta ihes egiten saiatuko da.

 

Gupidarik gabeko hiriburua.
Alejandro Gonzalez Iñarritu zuzendariak eta Guillermo Arriaga gidoilariak osatutako bikoteak ahoa bete hortz utzi zuen mundu osoa haien estreinako film bikain eta gordinarekin, Hollywoodeko ate handia ireki ziena. Mexiko DFn gertatutako hiru istorio kontatzen ditu filmak, zein baino zein gogorrago. Batetik, Octavio gazteak koinatarekin hasi nahi du bizitza berria, baina horretarako txakurren arteko borroketan aritu beharko du. Aldi berean, Danielek emaztea utzi eta Valeria modeloarekin hasiko da bizitzen. Baina zoritxarra erdian sartuko da eta auto batek Valeria harrapatuko du. Luzea eta gogorra da Amores perros filma baina merezi du, sikiera Hollywoodetik kanpo bizia dagoela egiaztatu ahal izateko.

 

Filmen izenburuak

izenburuak

Filmen horma-irudia edo kartelak

 

acoso
tasio
trama
amores perros
hard ball
le jour
papillom
lola

Iturria: Berria egunkaria, 2006ko urtarrilaren 19a eta 20a.

--->>>irakaslea<<<---