Filmen Kritikak
TASIO |
Zuz.: Montxo Armendariz. Akt.: Patxi Biskert, Amaia Lasa, Isidro Jose
Solano. 92 min. Euskal Herria, 1984. Aldatu nahi izan ez zuen ikazkinarena. Euskal zinemak azken hamarkadetan izan duen arrakastarik handienetakoa ekarri zuen film honek. Era berean, Montxo Armendariz nafarraren lehen film luzea izan zen, eta bertan bere zinemagintzaren ezaugarri nagusiak antzematen ahal dira jadanik. Tasio Urbasako mendilerroaren magalean bizi den ikazkina da. Gazte-gaztetatik hasi behar izan zuen mendian lanean, txondorrak egiten eta, ahal duenean, legez kanpo animaliak ehizatzen. Paulina ezagutuko du, eta berarekin ezkonduko da. Urteen poderioz herriko ohiturak aldatu egingo diren arren, Tasiok segituko du bere bizimoduarekin. Askotan eman duten arren, ikazkinaren istorioa berriro ikustea ostiraleko gauerako plan aproposa izaten ahal da. |
|
HOLY LOLA | Zuz.: Bernard Tavernier. Akt.: Isabelle Carre, Jacques Gamblin, Bruno
Putzulu. 130 min. Frantzia, 2003. Haurra, kosta ahala kosta. Berriki arte egon da zinema aretoetan Bernard Tavernier (Ça commence aujourd´hui, Capitaine Conan) zuzendari beteranoaren azken film hau. Bere lanik onena ez da, baina arretaz segituko duzue filma; gehienbat jorratzen duen gaiaren inguruan interesa dutenek, adopzioa, alegia. Izan ere, horixe da filmak kontatzen duena: bikote frantziar batek Kanputxean haur bat adoptatzeko izanen dituen arazoak. Pierre eta Geraldinek haur bat adoptatu nahi dute eta xede horrekin Asiako herrialdera joko dute. Han, haien egoera berean dauden hainbat bikote ezagutuko dituzte, eta, gainera, Kanputxeako burokrazia ustelarekin eginen dute topo. Nahiko afera konplikatua izanik, filmak defenditzen dituen hainbat ikuspuntu nahiko eztabaidagarriak dira. |
|
LA TRAMA | Zuz.: Alfred Hitchcock. Akt.: Karen Black, Bruce Dern, Barbara Harris.
120 min. AEB, 1976. Maisuaren azken lana. Alfred handiaren azken filma izan zen honako hau, eta bere film onenen mailara ailegatzen ez bada ere, bitxia da komedia eta intriga uztartzen duen film hau. Hala ere, hainbatetan oso sinesgaitza gertatzen da zinemagile britainiarrak kontatzen duena. Bi istorio paralelo kontatu nahi izan zituen Hitchcockek: batetik, atso zahar bati iruzur eginen dion bikote gazte batena; bestetik, bitxiak lapurtzen dituen beste bikote batena. Bien bideak gurutzatuko dira, eta hortik aurrera ez dira berriro bereiziko. |
|
HARDBALL |
Zuz.: Brian Robbins. Akt.: Keanu Reeves, Diane Lane, John Hawkes. 115
min. AEB, 2001. Jokalaria haurren artean. Estrenatu zenean ez zuen batere oihartzunik izan Brian Robbinsen hala moduko film honek, eta Keanu Reevesen parte-hartzea da ikusteko duen bakarra. Apustuekin arazo larria duen jokalari bati bere bizimodua zuzentzeko aukera sortuko zaio; Chicagoko auzo gatazkatsu bateko beisbol taldea entrenatu beharko du. Kontua da haurrak ez zaizkiola batere gustatzen. |
|
LE JOUR D' APRES |
Zuz.: Roland Emmerich. Akt.: Dennis Quaid, Jake Gyllenhaal, Emmy Rossum.
120 min. AEB, 2003. Eta dena izoztuta egonen balitz? Hondamendien generoaren barruko film garesti eta kaskarra da gaurko hau. Balizko klima aldaketa erabatekoaren aurrean zer gertatuko zen kontatu nahi izan zuen zuzendariak, baina nekez lortu zuen helburua. Filmak duen interesgune ia bakarra da modako aktorea ikusteko aukera dagoela, Jake Gyllenhaal (Jarhead, Brokeback mountain). |
|
ACOSO |
Zuz.: Barry Levinson. Akt.: Michael Douglas, Demi Moore, Donald Sutherland.
125 min. AEB, 1994. |
|
AMOUR ET AMNESIE | Zuz.: Peter Segal. Akt.: Adam Sandler, Drew Barrymore, Rob Schneider.
94 min. AEB, 2004. Beti lehen hitzordua balitz bezala. Izen eta aurpegi ezagunak dituen arren, ez du bestelako interesik Peter Segalen komedia inozo honek, playboy baten gorabeherak kontatzen dituena. Henry albaitaria da, eta bere zaletasunik handiena emakumeak konkistatzea da. Horietako batean ezagutuko du Lucy, irakasle gozoa, baina egun batetik bestera bezperako kontuak guztiz ahazten dituena. Henry berarekin maiteminduko da, eta bere oroimen arazo hori moldatzen saiatuko da. |
|
AMORES PERROS | Zuz.: Alejandro Gonzalez Iñarritu. Akt.: Emilio Echevarria, Gael
Garcia Bernal, Goya Toledo. 150 min. Mexiko, 2000. Gupidarik gabeko hiriburua. Alejandro Gonzalez Iñarritu zuzendariak eta Guillermo Arriaga gidoilariak osatutako bikoteak ahoa bete hortz utzi zuen mundu osoa haien estreinako film bikain eta gordinarekin, Hollywoodeko ate handia ireki ziena. Mexiko DFn gertatutako hiru istorio kontatzen ditu filmak, zein baino zein gogorrago. Batetik, Octavio gazteak koinatarekin hasi nahi du bizitza berria, baina horretarako txakurren arteko borroketan aritu beharko du. Aldi berean, Danielek emaztea utzi eta Valeria modeloarekin hasiko da bizitzen. Baina zoritxarra erdian sartuko da eta auto batek Valeria harrapatuko du. Luzea eta gogorra da Amores perros filma baina merezi du, sikiera Hollywoodetik kanpo bizia dagoela egiaztatu ahal izateko. |
|
UN PAPILLON SUR L'EPAULE | Zuz.: Jacques Deray. Akt.: Lino Ventura, Claudine Auger, Paul Crauchet.
99 min. Frantzia, 1978. Maisuaren ikasgaiei jarraiki. Lino Venturaren gaurko bigarren filma da. Oraingo honetan, ordea, beste zuzendari baten aginduetara, eta oso bestelako genero batean. Izan ere, Jacques Derayri Alfred Hitchcock frantziarra esaten zaio, eta gaurko film honek, intriga eta gaizki-ulertzez josia, izengoitiaren zergatia argi uzten du. Roland marinela Bartzelonan ari da egun batzuk pasatzen, eta hotel batean hartu du ostatu. Halako batean, ondoko gelakidea hilik agertuko da, eta Roland klinika pribatu batean itxiko dute. Ez da hortik aterako maleta non den argitu arte, baina marinelak horren inguruan ez daki deus, eta ihes egiten saiatuko da. |