Bloga
Interneteko blog batean honako artikulutxo hau aurkitu dugu:
2005-12-04 MI VIDA SIN MI |
|
Mi vida sin mi ez da Hollywoodek begietatik sartzen dizkigun melodrama horietako bat. Ez, Mi vida sin mi melodramak beste melodrametan jorratzen diren gaiak beste modu batera jorratzen ditu; modu desberdin baina eder batean. Heriotzari buruz diharduten film denek heriotza modu berdinean tratatzen dute, baina Coixetek beste heriotz modu bat aurkezten digu film honen bitartez. Heriotza ikuspuntu desberdin batetik ikusita erakusten zaio ikusleari. Heriotzari buruz diharduten filmak asko dira. Baina zer desberdintasun dago batetik bestera? Hiltzen den pertsona da desberdintasun bakarra. Azkenean heriotza ikuspuntu berdinetik erakusten zaigu; heriotza gauza txarra da eta gizaki guztioi alde egiteko garaia heltzen zaigu. Gainera, gure alde egite horrekin batera, gure ingurukoak penaturik geratuko dira, bihozmin. Baina heriotza ikusteko hainbat ikuspuntu daude. Pertsona bakoitzak heriotza bere modura ikusten du eta Isabel Coixetek bere modu partikular hori Mi vida sin mi filman aurkezten digu, Ann (Sarah Polley) izeneko neska batekin. Annek 23 urte ditu, bi alaba, senar bat, mundua gorrotatzen duen ama bat eta kartzelan 10 urte daramatzan aita. Bere amaren etxeko lorategian bizi da, Vancouverren, karabana batean, eta garbitzaile moduan lan egiten du gauetan unibertsitate batean. Baina bere existentzia gris hori aldatu egingo da azterketa mediku baten ondoren. Bi hilabeteko bizitza emango diote Anneri eta geroztik, paradoxikoki, Annek bizitza ezagutuko du, bizitzearen plazerra. Hil baino lehen paper batean idatziko ditu egin beharreko ekintza denak, hori izango da Anneren bultzada bitala aurrera jarraitzeko. Ez dio inori gertatzen zaiona kontatuko eta mementu oro aprobetxatuko du, segunduak azkenak balira moduan tratatuko ditu. Heriotzari berak bakarrik aurre egingo dio. Zaila da filman aurkezten zaigun kasu honetan gaixoak aurrera egitea, baina Annen pertsonaiak hori posible dela erakusten du. Heriotza modu surrealista batean aurkezten zaigu, Annek humorez eta ironiaz ikusten du bere heriotza eta hori izango da bizirik mantenduko duena. Coixetek film honen bitartez ikuslea liluratu
egiten du. Heriotzak errealitate anitz dituela argi uzten du, pertsona
bakoitzak bere heriotz ikuspuntua du eta Annen ikuspuntua, ikuspuntu itxaropentsua
da, aurrera jarraitzen laguntzen duena. Coixetek ikuslea estu mantentzea lortzen du, nahiz eta azken horrek filmaren bukaera jakin. Pelikula gomendagarria da, itxaropentsua, hori bai, negar egitekoa. “La fuente de todas las miserias para el hombre no es la muerte, sino el miedo a la muerte” Epicteto filosofoaren esaldi horrekin bukatu nahi nuke. Heriotzari ez zaio beldurrik izan behar eta hori da Mi vida sin mi filmak erakusten diguna. |