literatur sorkuntza

Film bat ikusi

Aupa Etxebeste! filma ikusiko duzue. Ondoren, behean duzuen erreportajea irakurri etakritika idatziko duzue. Hau guztia egin eta gero, denon artean eztabaidatuko dituzue filmaren alde onak eta txarrak, aktoreen lana, zuzendariaren lana...

Alajaina, Etxebeste!



Jada hilabete luzea igaro da urtetan euskaraz egin den film bakarra, Aupa Etxebeste!, zine aretoetan estreinatu zenetik. Ilusioz, itxaropenez eta irrikaz espero zen estreinaldia; baina baita beldur apur batekin ere. Izan ere, pelikula ororekin gertatzen den moduan, ikusleek izaten baitute azken hitza, eta haiek bizkarra emanez gero, jai izaten da gehienetan. Hilabete eta erdiaren buruan, ordea, zalantza guztiak uxatu ditu filmak, eta pozik egoteko arrazoiak badituzte egileek: kritikaren eta publikoaren oniritzia jaso du, eta zine aretoak lepo bete dira, Hego Euskal Herrian behintzat. Eñaut Mitxelena.

Zenbakiek ez dute zalantzarako tarterik uzten: Aupa Etxebeste!-k arrakasta izan du eta dagoeneko historian euskaraz egin diren pelikulen artean ikusiena da. Irailaren 22an Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu zutenean filmak izan zuen harrera onak jarraipena izan du hurrengo asteetan; eta gauzak asko okertzen ez badira behintzat, jendea zinema aretoetara erakartzen jarraituko du ondorengo asteetan ere, agian Gabonak arte. Aldizkari hau itxi aurretik Irusoin produkzio etxeak emandako datuen arabera, urriko hirugarren asteburua igaro ostean 50.000 ikuslek ikusi dute filma. Hego Euskal Herrian, guztira 44.880 ikusle izan ditu filmak: 40.880k euskarazko bertsioa ikusi dute, eta 4.000k gaztelaniaz bikoiztutakoa. Espainian (Madrilen, Bartzelonan eta Sevillan eskaini dute, besteak beste), orotara 6.000 lagunek ikusi dituzte etxebestetarren komeriak; erdiek jatorrizko bertsioan eta beste erdiek gaztelaniaz bikoiztuta. Pozik egoteko zenbakiak, dudarik gabe.
Pozik agertu dira, hain zuzen, Telmo Esnal (Zarautz, 1967) eta Asier Altuna (Bergara, 1966) filmaren zuzendariak. Asierrek azaldu digunez, ikusle kopuruaren datuek baino gehiago, jendearen hasierako harrerak harritu ditu: “Ikusi dugu zinemara joan den jendea gustura irten dela, eta hori oso polita da, luxu bat da. Estreinaldietan zinema aretoaren kanpoaldean itxoiten egon, eta jendea irribarretsu irteten dela ikustea, gozamena da”. Telmok ere gauza bera aipatu digu: “Guk espero genuen zineman jendeak ondo pasatzea, baina hain ondo... Ni, behintzat, harrituta nago”.

Erantzun bikaina
Filma estreinatu aurretik ekoizleek (Irusoin eta Alokatu ekoizpen etxeak) eta egileek bazuten ikusleen erantzunaren inguruan nahikoa beldur, ekoizpen apala baita Aupa Etxebeste!, promoziorako dirutza izugarria erabil ezin dezakeena. Ahoz ahoko publizitatea, ikusleek euren ezagunei emandako gomendioetan oinarritzen dena, zuten itxaropen nagusi. Eta ez die hutsik egin. Zinemaldiko estreinaldi jendetsuaren ostean (emanaldi guztietako sarrerak agortu ziren), jendearen erantzuna apartekoa izan da, eta honezkero hilabetetik gora darama filmak ikuskizunen sailean. Gazteriaren Saria ere jaso zuen Zinemaldian, eta horrek bultzadatxoa eman dio. “Zabaltegin egoteak zinema gustatzen zaion jendeari jada eskaintzen dio zerbait, askok pentsatuko dute “hor badago, ondo egongo da pelikula!”. Baina gero, saria jasotzea! Luxu bat da. Nik uste dut pertsonarik baikorrenak ere ez zuela espero gertatu dena. Normalean pelikulek dirua luzera ematen dute, herrietara eramanez gero... Eta bat-batean bi asteburutan bildu duen dirua lortzea... bueno! Ekoizleek esango dute ez dela asko, baina hori lortu bada izan da gehienbat sariagatik eta Zabaltegin egon delako”. Gainera, etxean ez ezik, kanpoan ere filmaren oihartzuna handixeagoa izan da sariari esker, Zinemaldian saria jaso izanak kanpoko kazetarien arreta bereganatu baitzuen.
Harrera onak ate dezente zabal diezazkioke filmari merkatuan. Hala, Espainian ez ezik, Europan ere filma eskaintzeko esperantza badute egile eta ekoizleek. Printzipioz, zinema jaialdietan mugitzea da filmaren arduradunen asmoa, eta horretarako jada eman dituzte lehen urratsak. Donostiako Zinemaldian, Media Luna enpresa alemanak filmarekiko interesa agertu zuen, eta haiek izango dira mundu mailan Aupa Etxebeste! ordezkatuko dutenak.

Euskararekin bueltaka
Zeresan ugari piztu du Aupa Etxebeste!-k. Arestian aipatu dugunez, hamahiru urtetan egin den euskal pelikula bakarra izateak ikusmin handia piztu du, eta arreta berezia eskaini zaio euskal hedabideetan. Behin filma estreinatu eta gero, loreak nagusi izan dira, nahiz eta kritika txarren bat edo beste ere jaso. “Kritikak onak izan ziren. Baina ez hain onak ere izan dira, baina tira, denetarik ondo etortzen da”, esan digu Asierrek. Kritiko profesionalek esandakoez gain, beste zenbait kritika ere entzun dira. Hala, euskarazko bertsioan gaztelaniazko azpitituluak agertzen direla-eta haserre agertu denik ez da falta izan. Esaterako, Berria egunkariko Zuzendariari atalean zenbait gutun argitaratu zituzten auziaren inguruan. Dena dela, euskaraz egindako filmak izandako onespena handia izan da, eta ikusleen datuek argi erakutsi dute: askoz gehiago izan direla jatorrizko bertsioa ikustera joan direnak, bikoiztutakoa ikustera joandakoak baino.
Bestalde, Espainian jasotako datuek ere euskarazko bertsioa toki onean utzi dute. Izan ere, Espainian, lehen asteetan, jende gehiagok ikusi zuen jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin, bikoiztutako bertsioa baino, nahiz eta azkenean bi joerak parekatu. “Nik uste dut pelikula hau erdaraz izan balitz, izan duen arrakastaren erdia izango zukeela, bai hemen eta bai kanpoan. Kritika askok goraipatu dute euskaraz egin izana. Beste aire bat ematen dio pelikulari, desberdintasun bat ematen dio. Estiloa ere, pelikularen estiloa, ez da pelikula espainiarren estilo hori… Estilo frantsesa omen du batzuen ustez. Ez dakit, baina uste dut pelikulak irabazi egin duela euskaraz izatean”, esan digu Telmok. Pelikulak irabazi ote duenentz epaitzeko zuzendariak dira egokienak, baina ikusle garen heinean, euskaldunok eta, batez ere zinema zaleok, irabazi dugula esan daiteke lasai.

Jaioko dira berriak?
Mugarri izango ote da Aupa Etxebeste! euskal zinemagintzan, halakorik baldin badago? Filmak utzitako arrasto goxoak baietz esatera bultzatuko du bat baino gehiago, baina zaila da jakiten, euskaraz ekoizteko laguntza gutxi baitaude, eta oztopoak, aldiz, ugari. Telmoren iritziz, “dirua baldin badago, gero gidoiak, aktoreak, teknikoak eta gainontzekoak aterako dira. Tamalez, jende gutxi dago apustu hori egiteko prest. Ekoizle gutxi dago apustu hori egiteko gogoarekin, edota gogo pixka batekin. Guk bi oso ausart lortu genituen , eta gehiago egongo dira. Uste dut hau ondo ateratzen bada, jendea animatuko dela. Azkenean, bi gauza behar dituzu: ekoizleak, eta zuzendari euskaldunak. Zeren, zuzendariak euskaraz ez badaki, alferrik ari baita euskaraz istorio bat egin nahian”.
Telmok eta Asierrek, zorionez, ekoizleen babesa lortu dute, “ez hainbeste, baina ate batzuk jo ondoren”, Asierrek dioen moduan. Eta gustura geratu dira sortu dutenarekin, Telmok gogorarazi digunez: “Geu bai! Asko filosofatzen da zinemari buruz, euskal zinemari buruz-eta… Azkenean, lana egin behar da; hartu eta lan egin, gutxiago hitz egin eta lan gehiago egin. Eta kito”. Beraz, euskaltegietako ikasle saiatuei –eta hain saiatuak ez direnei- aitzakiarik ez jartzeko moduko etxerako lana emango diegu: zinemara joatea. “Zinemara joateko esango nieke ikasleei”, dio Asierrek, “oso ondo pasatuko dutela, eta ez direla damutuko”. Izan bitez Telmoren hitzok ikasle lotsatien lasaigarri: “Filmeko euskara erraza da, ez da euskara teknikoa; kaleko euskara da, oso erraza eta erdarakada pilarekin, guk normalean hitz egiten dugun bezala”. Eta ikasleek kasu handiegirik egiten ez badute, irtenbidea erraza izango da: euskaltegi bakoitzak eros dezala DVDa, kaleratzen dutenean!

Komedia ala drama umoretsua?
Oporretara irtetear dira etxebestetarrak, herriko familiarik ezagunenetako kideak. Baina Patricio eta Maria Luisa senar-emazteak (Ramon Agirre eta Elena Irureta), Luziano aitona (Paco Sagarzazu) eta Iñaki semea (Iban Garate) Marbellara abiatzear direnean, familia sosik gabe geratu dela jakingo dute. Orduan, herritarren aurrean itxurak egiteko asmoz, etxean gordeta geratzea erabakiko dute. Familiaren miseriak ederki haizatuko dituzten arren, etxean ezkutatuta igaroko dituzten oporrak euren bizitzako onenak izango dira. Horixe da, oraindik ere despistaturen bat enteratu ez bada, filmaren argumentua. Etxean igaro beharreko opor derrigortuak aitzakiatzat hartuta, hiru bizi-ikuskera eta biziera ezberdin agertzen ditu filmak: aitona Luzianorena, Patricio aitarena eta Iñaki semearena. Hedabide gehienetan filma komedia moduan aurkezten badute ere, zuzendariek bestelakorik diote, umorez tratatutako drama dela. Asierrek esan digunez, “azkenean, istorio gogor bat da kontatzen dena. Bai, umore piloa dauka, baina egoerak ematen duelako”. Telmok ere antzeko iritzia du: “Ni gehiago identifikatzen naiz lehengoan herriko batek pelikula ikusi ostean esandakoarekin: “Joder, komedia! Grazia putarik ez du!” Hau da, barre egiten duzu, algara baino gehiago, irribarrea da nagusi pelikula guztian zehar, baina kanpora ateratzen zara, eta esaten duzu, “hau istorio gogorra!” Baina jendeak beste ikuspuntutik hartu du, eta primeran”. Batzuei besteei baino grazia gehiago egingo die, baina irribarrea ziurtatua dagoela, zalantzarik ez.

Eskarmentu faltarik ez
Zinemarako zuzentzen duten lehen film luzea izan arren, eskarmentu handia dute Asier Altunak eta Telmo Esnalek zinemagintzan. Asierrek hamabost film baino gehiagotan egin du lan 1991z geroztik elektrikari edota elektrikari buru gisa, besteak beste, Lucia y el sexo (Julio Medem, 2000), Yoyes (Helena Taberna, 1999), Salto al vacío (Daniel Calparsoro, 1994) edota Justino, un asesino de la tercera edad (La Cuadrilla, 1994) filmetan. Telmok hogeita bost pelikula baino gehiagotan egin du lan, batik bat zuzendari laguntzaile moduan: Crimen Ferpecto (Alex de la Iglesia, 2004), Flores de otro mundo (Iciar Bollaín, 1998), Pecata Minuta (Ramon Barea, 1998), edo Cachito (Enrique Urbizu, 1995). Gainera, telebistan gidoilari moduan ere aritu izan dira. Elkar ezagutu zutenetik bi film labur ezagun bezain saritu zuzendu dituzte elkarrekin: 40 ezetz (1999), eta Txotx (1996). Asierrek, halaber, badu beste “semetxo” ezagun bat: Topeka (2002) film laburra, hainbat sari jaso dituena. Nolanahi ere, orain, Aupa Etxebeste!-ren promozio lanak amaituta, langabezian dira biak, Telmok barrez azaldu digun moduan: “Orain langabezian gaude, arrakastak hilda, INEMeko ilaran!”

Iturria: http://www.aizunet.net/