SUPERTRAMPS
|
|
FITXA TEKNIKOA
|
ZUZENDARITZA: JOSE MARI GOENAGA IÑIGO BERASATEGI
GIDOIA: JOSE MARI GOENAGA JOANES URKIXO
ZUZENDARITZA ARTISTIKOA: RICARDO RAMÓN ANGEL ALONSO
ANIMAZIO ZUZENDARIA: IÑIGO BERASATEGI
STORY-BOARD: IÑAKI G. HOLGADO
DISEINU GRAFIKOA: IKER AYESTARAN
EKOIZPEN ZUZENDARIA: IÑAKI GOMEZ
EKOIZPEN BETEARAZLEA: RICARDO RAMON FERNANDO LARRONDO
MUSIKA: PASCAL GAIGNE
|
PERTSONAIEN DISEINUA: PATXI PELÁEZ
MAKETAK: JOSU MITXELENA
PERTSONAIAK MOLDATZEA: MIKEL ARROYO
SOINU DISEINUA, SOUND TRACK SORTZEA ETA NAHASKETAK: IMANOL ALBERDI
DATU TEKNIKOAK
IRAUPENA: 70 MIN.
EKOIZPEN URTEA: 2004
KALIFIKAZIOA: GUZTIONTZAT
JATORRIZKO BERTSIOA: EUSKARAZ
EKOIZLEAK: IRUSOIN, DIBULITOON ETB eta BARTONFILMS |
SINOPSIA
"Ongi etorri animalien erresumako
azpi-mundura. Denetik topatuko duzue hemen: zorte txarra emateko itxura
egiten duten katu beltz zikinak; memoria galdu duten uso zaharrak, hegaz
egiteko gai ere ez direnak; laborategiko arratoiak, esperimentuen ondorioz
gaixotasun bat baino gehiago dutenak; eta marakak astinduta ospetsu bihurtu
nahi duten labezomorroak. Hori guztia eta gehiago ere aurkitu daiteke hemen,
animaliak noraezean ibiltzen diren ingurune honetan, gizartearen gaitzespena
eta beldurra eraginez. Tano (kale-katua), Chung-I Fty (uso asiatarra), Paulov
(Europako ekialdeko arratoia) eta Rambn (Karibeko labezomorroa) dira baztertutako
animalia horietako batzuk; egokitu zaien miseriatik ihes egitea amesten
dute. baina Gabonetako gau hotz batean dator miraria: Nora, kateme aberats
eta harroputza, etxe berrira zeraman mudantza-kamioitik erori da, nahigabe.
Eta Nora etxe berrira onik eramaten duenari diru-sari bikaina emango diotela
jakingo du kaleko gure lagun-taldeak. Tonok, bat-batean, zorigaitzetik ateratzeko
bidea ikusi du; Nora jabeengana eraman eta diru-saria jasoko dute. Eta denak
poz-pozik." |
GLUP, ZABOR BIZIDUNAK |
|
FITXA TEKNIKOA
|
Iraupena: 70 min
Jatorrizko Bertsioa: Euskaraz |
Zuzendaritza Aitor Arregi, Iñigo Berasategi
Gidoia José Antonio Vitoria
Musika Mikel Azpiroz |
SINOPSIA
"Erosi, erabil eta bota".
Bai erraza! Denak hustu eta zabortegiak bete egiten dira. Baina gizakiok
ez dakiguna da zer borroka daraman zaborrak bizirik irauteko zabortegiaren
oihanean. Botatako gauza pila bat erortzen da egunero Komunjaunen tranpa
liluragarrian, Labe Errauskailu beldurgarriaren tripetan bukatzeko. Glup
detektibearen gabardina traketsak eta bere zabor taldeak bakarrik egiten
diote aurre haien tiraniari. Eta aurrerantzean errazago izango zaie, aliatu
bati esker. Alize da, zabortegian istripuz jausi eta etxera itzultzen
ez dakien neska txikia. |
PRINCESAS |
|
FITXA TEKNIKOA
|
Titulua: Princesas
Kalifikazioa: NR 18
Iraupena: 117 min.
Kolorea: Koloretan
Nazionalitatea: ESPAINIA
|
Urtea: 2005
Zuzendaria: Fernando León de Aranoa
Aktoreak: Candela Peña, Micaela Nevárez, Mariana Cordero,
Llum Barrera |
Caye eta Zulema prostituten kaleko bizimoduari
buruzko filma. Hasieran, etsaiak direla pentsatuko dute, baina laster
lagunak egingo dira.
SINOPSIA
Koktel berari eraginez
Nire lagunartekoan, musikari asko baitago
tartean, broma bat baino gehiago egin izan dugu Turbonegro taldearen jokaeraz.
Duela urte batzuk, Turbonegro taldeak arrakasta handia lortu zuen Apocalypse
dudes izeneko disko bikainarekin, eta ordutik hona, haien disko guztiak
lan haren kalkoa dira. Ordutik hona, beti intro instrumental batekin hasten
dira Turbonegroren diskoak, ondoren lelo itsaskorreko abestia dator, eta
ondoren urrea erruten duen oiloa ondo hezita dute Turbonegrokoek, bai
jauna. Eta ez naiz mesprezuzko tonuan ari; finean, jakin egin behar baita
hori egiten, eta gure lagunartean, jakin-mina pizten baitute beti, «ea
oraingoan nola egin duten!», esateraino behintzat.
Zineman, oilo bera hainbeste ustiatzen duenari, autore adjektiboa bizkarreratu
zaio. Eta Leon de Aranoa zuzendari madrildarra horren adibide ona da.
Aranoak zinema soziala egiten du zergatik ez definizio hori erabili, Kean
Loach zuzendariari hala esaten diogunean? Beti karrika du agertoki, beti
karrikako arazoak testuinguru, beti karrikako pertsonaiak protagonista.
Barrio eta Los lunes al sol dira horren adibide.
Baina istorioak ez ezik, Leon
de Aranoaren filmeek ezaugarri komunak dituzte formari dagokionez. Batetik,
testuak berebiziko garrantzia du haren pelikuletan, esan nahi baita, Aranoaren
pertsonaiak ez direla nolanahi mintzatzen, eta mintzatzen direnean, zerbait
esateko mintzo direla. Bestetik, musika borrokalarienari keinu egiten
zaio Barrio filman nabarmena da hori, zenbaitetan, bideo klip
itxura emanez sekuentzia osoei. Horrez gain, drama gordinenak irribarrez
jantzi nahi dituen komedia printza azkarrak solasaldien bitartez, Los
Lunes al sol filmeko Bardemen mingain azkarra kasu edo ihesaldi itxaropentsuak
daude Princesas honetan, prostitutak limousinean bidaia egiten
dutenekoa.
Horixe guztia topatuko du Princesas
filma ikustera joaten denak; ez gutxiago, ez gehiago. Baina oraingoan,
film txukuna izanagatik, koktelak ez du aurrekoetan bezain ongi funtzionatzen.
Caye (Candela Peña) eta Zulema (Micaela Nevarez) prostituten istorioak
indarra du, eta baita ikuslea gogor kolpatzeko ahalmena ere. Baina Aranoaren
aurreko filmetan ez bezala, halako artifizialtasun puntu bat sumatzen
zaio filmari, halako aurretik pentsatze luze bat. Ukitu hori solasaldietan
antzematen da gehien. Turbonegrok bezala, horixe baitu txarra beti koktel
berari eragiteak. Errepikatzea ez da inongo hanka sartzea; ongi eginez
gero (hori baita zailena) bertute handia da. Aldez aurretik pentsatze
hori gehiegi igartzea izaten da okerrena.
Alberto Irazu |
AUPA
ETXEBESTE! |
|
FITXA TEKNIKOA
|
Titulua: Aupa Etxebeste!
Kalifikazioa: guztiontzat
Iraupena: 95 min.
Kolorea: koloretan
Nazionalitatea: ESPAINIA
Urtea: 2005 |
Zuzendaria: Telmo Esnal - Asier Altuna
Aktoreak: Ramón Agirre, Elena Irureta, Paco Sagarzazu, Iban Garate
|
Oporretan, Marbellara
joan behar duen egun berean, Etxebeste familia dirurik gabe gelditu da.
Herri osoari esan diote kanpora doazela. Eta, hala, autoan irtengo dira,
baina gauean etxera itzuliko dira, bertan oporrak pasatzeko.
SINOPSIA
Oso komedia txukuna
Aupa Etxebeste! eszena bikain batekin hasten da. Eta lehenengo
eszena horretan bertan, ondoren, pelikulan zehar, gertatuko diren hainbat
kontu igartzen dira.
Ramon Agirrek antzeztutako pertsonaia trago bat hartzen ari da lagunekin.
Hain zuzen, hor hasi dira lagun horietako bi, tabernako barra aurrean,
tragoa nork ordainduko eztabaida gizonezkoan emakumezkoek ez dute halako
erridikulurik egiten! Zerbitzariak bi oilar horien kikirikia moztuko du,
baina: «Etxebestek ordaindu dik». Eszena horretan, Asier Altunak
eta Telmo Esnalek oso zuzendari gutxik egiten dakiten zerbait egiten dute:
pertsonaia bat, eta pertsonaia hori bizi den herria, ekintza bakar batez
bikain definitzea. Eta definizio horretarako, oso gurea den portaera batez
baliatzen dakite: Bergaran, Bilbon, Tafallan oilarrak norgehiagokan aritzen
dira tragoak ordaintzeko, ez aitzitik, Katalunian! Chapeau, beraz: tokian
tokikoan xurgatzen duen film bat eskaini behar diogu munduari. Segi dezagun
aurrera. Ekintza horren bitartez, esan egiten zaigu nolakoa den Etxebeste
hori: berak ez dio sekula utziko ondokoari tragoa ordaintzen! Kalean Mercedesean
eta urrezko lepokoarekin ibiltzen den horietakoa da, etxean baratxuri-zopa
hartu arren! Bestetik, esan egiten zaigu Etxebestek alkate izan nahi lukeen
herri horretako portaerak nolakoak diren, eta bertako txalotze eta zigortze
kodeen barruan, itxurakeriak zenbaterainoko garrantzia duen. Beraz, kontestualizatu
egiten zaigu istorioa: xentimorik gabe geratutako etxebestetarrek etxean
gordeta emango dituzten oporrak, herri guztiari Marbellara joan direla
sinetsarazi eta ziria sartu ondoren.
Hain zuzen, filmaren bigarren zati horretan, meritu handiko terreno arriskutsuan,
ederki moldatu dira Asier Altuna eta Telmo Esnal. Esan dezadan, nire ustez,
komedia dela zinema jenerorik zailena, eta are gehiago, komedia horretako
istorioa espazio eszeniko txiki batean maneiatu behar izaten denean. Kasu
honetan halaxe da: etxebestetarrek etxean gordeta ematen dituzten oporrak,
irudimen handiz kontatuta daude, eta hor ikusten da inon baino hobe zein
aktore handiak diren eta etxekoak direlako, askotan zenbat gutxiesten
ditugun!- Ramon Agirre eta Elena Irureta. Iban Garateren antzezpena ere
ezusteko atsegina da. Komedia egiteko horren barruan, beraz, ondo moldatzen
da Aupa Etxebeste!. Hala ere, irudi du, etxe barruko pasadizoen
harilkatzea erritmo azkarragoan egin balitz, eta horko gertakizunen umore
beltza urrunago eraman balitz, filmak asko irabaziko zukeela. Izan ere,
apika, horixe da espazio eszeniko itxietan petrolioa ateratzen dakiten
komedien legea: pertsonaiak batetik bestera ipurterre ibiltzea, ateak
itxi eta zabaltze etengabean, erabat tempo azkarrean.
Bejondeiela etxebestetarrei!
Alberto Irazu |
OBABA |
|
FITXA TEKNIKOA
|
Titulua: Obaba
Kalifikazioa: NR 18
Iraupena: 112 min.
Kolorea: koloretan
Nazionalitatea: ESPAINIA
Urtea: 2005 |
Zuzendaria: Montxo Armendáriz
Aktoreak:Pilar López De Ayala, Juan Diego Botto, Eduard Fernández,
Peter Lohmeyer, Bárbara Lenni, Mercedes Sampietro
|
Bernardo Atxagaren
Obabakoak liburuan oinarritutako filma da hau. Zinema ikasle
batek pertsonaia harrigarri batzuk ezagutuko ditu Obaba herrian: irakaslea,
Lucas, ingeniari alemaniar bat eta Miguel.
SINOPSIA
Oxigenoa eta enborra
Bere garaian, Tolkienen The lord of the rings literatur abentura
erraldoiaren zinema egokitzapena heldu zitzaigunean, Peter Jacksonek bere
gainean hartutako erronkaren tamaina aipatu nuen. Neure burua Jacksonen
tokian jarrita, oso zaila begitandu zitzaidan epopeia horretako adar guztiak
enbor koherentean elkartzea, oso zaila Tolkienen unibertso magikoa egoki
islatzea. Halaber, zaila bezain komenigarria begitandu zitzaidan, pertsonaia
nagusien arbola genealogiko amaitezinekin ikuslea ez gogaitzea. Aldeak
alde eta alde handi samarra dago, antzeko zerbait gertatzen da Obabakoak-ekin.
Liburua irakurri duenak ederki dakienez, ipuinez ipuin eraikia dago Obabako
mundua, baina ipuin horiek guztiak bularralde bereko birikak dira: arnasa
hartze koordinatuan, zainak eta globuluak konpartitzen ari dira. Alde
horretatik, ipuin batetik bestera tonua aldatu arren, ikusleari oxigeno
komun hori birikaratzea zen Montxo Armendarizen erronka nagusia, adarrak
enborrari lotzearekin batera edo alderantziz, oso anputazio mingarririk
egin gabe. Hala, ezer baino lehen, handicap handia iruditu zait Obaba
euskaraz filmatu ez izana, Lander Garro adiskideak Donostiako Zinemaldian
egunkari honetan aipatu zuen gisan, aukera estetiko eta zinematografiko
egokiena zelakoan. Azken kontu honi dagokionez, esan dezagun, filma euskarara
bikoiztuta ikusten duena zeharo harrituta geratuko dela obabatarren zenbait
joera diglosikorekin. Horixe da gure patua, dirudienez. Baina gatozen
Armendarizen lanera, eta adarren eta enborraren kontu horretara. Nire
ustez, horixe da zuzendari nafarraren lorpenik handiena, Obabako errealitatean
lardaska egitera joandako emakume gazteaz baliatuta (Barbara Lennie),
asmatu egin baitu ipuinen arteko zilbor-hestea sortzen.
Baina eta oxigenoa? Muskerrak argazki zaharretatik belarrietara, eta arbela
aurreko mapa mundietatik gutunetara lekuz aldatu ditzakeen globulu dantza
magiko hori? Hor, oso urruneko egin zait Obaba hau, askoz ere berdeago
eta zaharrago behar zuen mundu horretan, etxeak, autoak, arropak mende
bat aurrerago baleude bezala. Seguru asko, artean gazte eta berde ginela
murgildu ginenez Obaban.
Alberto Irazu |
|
|