Oinarrizko Hizkuntza Trebetasunak
aukerako irakasgairako ariketak prestatzeko Curriculuma hartu dugu kontuan.
Literatur Sorkuntza irakasgaian bezala, era askotako ariketak
prestatu ditugu DBH 2. mailako hautazko irakasgai honetarako. Curriculumean
eduki anitz ageri dira, eta irakasleekin izandako elkarrizketetatik
abiatuz, alde batetik, lau trebetasunak eta bestetik, ortografia, narrazio
testuak, ipuinak... lantzeko ariketak sortzea erabaki genuen.
Lau trebetasunak lantzeko ariketak
aurkituko dituzue, baina ariketak hiru trebetasunen arabera sailkatu
ditugu (entzunaren ulermena, irakurriaren ulermena eta mintzamena),
ariketaren helburu nagusia trebetasun hori lantzea baita. Hala ere,
mintzamena lantzeko ariketa izan arren, beste trebetasunak ere lantzen
dira ariketetan, aurretik zer edo zer irakurri beharko dutelako, zer
edo zer idatzi, eta abar. Hortaz, irakaslearen lana errazteko, taula
batean adierazita ageri da ariketa bakoitzean zein diren lantzen diren
trebetasunak.
Era berean, gure ustez, garrantzitsua
da ariketa hauen nolakotasuna azpimarratzea, izan ere, material osagarria
da eta ikastetxeetan dagoen materiala osatzera heldu da. Esan bezala,
ariketa sorta oparoa da, era askotakoa eta irakasleen lana erraztea
espero dugu.