EIBZ

 

OINARRIZKO HIZKUNTZA TREBETASUNAK
--- IRAKASLEA ---

 
mintzatu
irakurri
idatzi
entzun

Hizkuntza txikien desagerpena

Ikasleek grabazioa adituko dute eta jarraian ageri diren galderei erantzunen diete. Erantzunak osatzeko, berriz ere paratuko diegu grabazioa.

 
1.

Mende honetan desagertuko diren hizkuntzen inguruan zenbat ikuspegi aipatzen dira? Bakoitzak zenbat hizkuntza desagertuko direla dio?

 

Bi ikuspegi daude: Baikorra eta errealista.
Ikuspegi baikorrenak mende honetan hizkuntzen erdiak desagertuko direla dio, eta ikuspegi errealistak, aldiz, %90.


2.

Zenbat hizkuntza daude?

 

6000 inguru.

 

3.

Astean zenbat hizkuntza galtzen dira?

   

Astean hizkuntza bat galtzen da.

 

 
4.

Galera maila zeren araberakoa da?

   

Galera maila transmisioaren araberakoa da; transmisioa badu ziurtatua dago.

 

 
5.

UNESCOk zer dio?

   

Hizkuntzak inoiz baino azkarrago galtzen ari direla dio, globalizazioa dela-eta, beste hizkuntzen inposizioen ondorioz, etab.

 

 
6.

Zein da hiztun gehien dituen hizkuntza? Eta gero?

   

Txinera. Ondotik ingelesa eta gaztelania.

 

 
     


Honen harira, euskararen egoera nola ikusten duten galdetuko diegu. Ahoz haien iritziak jasoko ditugu eta horren inguruko lantxo bat egitea proposatzen ahal diegu. Informazioa Internetetik eskura dezakete, aldizkariren batetik, ikerketa soziolinguistikoetatik, etab.

Jarraian, gaia osatu eta lantzeko erabil daitekeen testu bat duzu. Honetaz gain, Wazemank saioko zenbait esketx dituzue osagarri:

 


Ondo egiten al dugu euskaraz?

Azpeitia herri euskalduna da, eta gehiengoak egiten du euskaraz. Baina ongi hitz egiten al dugu euskaraz herrian? Zein dira akats nagusiak? Kalitate onekoa al da?

 


Azpeitiko euskararen kalitateaz
Aitor Arana (idazlea)

Dagoeneko berrogei urte bete dituen ni bezalako legazpiar jatorriko euskaldun batentzat Azpeitiko euskararen osasun egoera ona da, oro har begiratuta [Urrestillan bizi da Aitor Arana]. Txikia nintzenean Legazpin euskarak oso galduak zituen esparruak –gurasoetako bat erdalduna zuten familiak, lagunartea, kalea, lantegiak...– eta gaur egun oso nekez eta oso poliki berreskuratzen dituenak, Azpeitian gure hizkuntzarenak izan dira nagusiki. Horrek, jakina, gaur egungo Azpeitian euskarak beste herri eta eskualde askotako egoera baino osasuntsuagoa izatea dakar. Ez da hau lekua horren arrazoi sozialak aztertzeko, baina bidenabar aipatu nahi nuke (jende gehienak hala uste baitu) herri batek euskara galtzeko arrazoi bakarra ez dela beti “kanpotar asko etorri izana”. Euskal Herrira bizitzera etorri eta euskara ikasi ez duten pertsonek, egia da, kalea eta lantegiak erdalduntzen laguntzen dute, nahiz eta modu pasiboan egin. Hala ere, ez da ahaztu behar oso erdaldun kopuru handia bereganatu duten herri batzuetan, Arrasaten esaterako, erdaldunak milaka etorri arren, bertako biztanle euskaldunek gehienbat euskaraz egiten jarraitu dutela eta, hortaz, hango erdalduntzea ez dela izan, adibidez, Legazpikoa bezain galgarria. Azpeitiak ez du kanpotar kopuru handiegirik bereganatu, eta jende askok euskara horrexegatik gorde dela uste du. Oker larria: Nafarroako 300 herri ingurutan euskara galdu egin da XIX. eta XX. mendeetan, kanpotarrik batere jaso gabe. Gauzak, beraz, ez dira lehenengo begiratuan eman dezaketen bezain sinpleak.

Nolako kalitatea? Baina gatozen gaurko gure harira: nolako kalitatea du Azpeitiko euskarak? Labur esanda, nahiko kalitate ona du, nire ustez, baina hobea izan lezake. Fonetika, entonazio eta espresibitate aldetik ongi gabiltzala uste dut. Jendeak bere artean erabil ditzakeen erdaratik hartutako hitzez gain, badira esamolde txiki asko euskaldunen artean gehiegi entzuten direnak: lo que pasa que, es que, porque, ya que, lo único que... bezalakoak ohikoegiak dira gure artean.
Hala ere, nire ustez ez da hori larriena. Larriena eta niretzat kezkagarriena da euskaldunen artean gero eta zabalagoa dela euskaraz egiten dutenean, euskara-erdaraz egiten duten pertsonen multzoa. Eta, bitxia dela pentsa daiteke, baina multzo horretan gehiago dira emakumezkoak gizonezkoak baino. Erdarazko esaldiak etengabe tartekatzen dituzte euren euskaran eta ez dira konturatzen euren euskararen heriotza dela horrek erakusten duena.
Bestetik, ni kezkatzen nauen beste gauza bat da euskaldunon “itzultzeko ahalmen” txikia. Oso bitxia egiten zait kalean ibili eta, hamabost urte inguruko mutil euskaldunen ondotik igarotzean, “motoa hartu eta ochentan jarri nian" edo “kotxeari segunda sartu” bezalakoak entzutea. Ochenta eta segunda ez dira euskarazko hitzak, baina konturatu gabe erabiltzen dituzte beti euskaraz hitz egin eta ikastolan ikasi duten arren, nahiz eta “ni segundo pisuan bizi nauk” ez esan inoiz. Berez ondorioztatu behar lukete “segundo piso” bigarren pisua esaten bada, “segunda marcha” bigarren martxa esaten dela. Baina ez da hala gertatzen: gure hizkuntz ahulezietako bat da, euskara erabat desitxuratzera eramaten duena.

 

Maita dezagun gutxiago Jose Luis Otamendi (idazlea)

Euskara pobretzen ari zaigula ikusteko ez dago lau begiren beharrik. Ez da kontu berria baina, akaso, orain abiada izango da bizkorragoa. Ez dakit aurreko belaunaldiekin alderatuta guk galdu dugun gehiago, edo gure hurrengoek izango duten galera larriagoa gurekikoan. Lehen giro politikoa zen arrotzena, orain kontsumo kulturak jotzen du gogor. Ordea, kezka nagusia aurrera nola eta zerekin egin da. Sekula baino bitarteko gehiago daukagu eskueran eta ezin dugu.

Funtsean, kantitateari eta kalitateari eutsi dio Azpeitiak. Hala ere, egungo premiei erantzuteko tresna edukitzeak sortzen ditu burukominak. Kalitatea eta erabilera. Erabiltzen dena ez da horren erraz kamusten, azalberritu egiten da eta beti dago gertu egoera zahar eta berriei itxura antzean erantzuteko. Baina erabiltzeko ere egokiera behar da, bideak. Ezin kondenatuko dugu geure burua bakarrizketa etengabe batean erotzera. Ez dugu bihurtu nahi museo, museoen herri honetan. Komunikazioa da hizkuntza. Hiztun komunitate homogeneo samar bat da gure itxaropena.

Ditxa handia daukagu, hala ere, geure kaskarrean. Bailara hau Euskal Herriko eremu kaletar edo erdi-kaletar euskaldunena hortxe-hortxe izango da. Bizirik eta bizia daukagu euskara kalean, etxean, lanean, asko eta ondo egiten da, prestigio bat badu gaur egun... Kontrariorik handiena, berriz, kontzientzia txikia eta kontzientzia motz samarra izatea dugu. Izan bagarela eta, pentsatzea garena baino gehiago garela. Berez emana etorri zaigun iturri bete horretatik tarteka edan eta horren emana sekula ez dela agortuko uste izatea. Ikasteko egoskor, aldatzeko nagi eta beti prest galtzen ari garenagatik makakorroka hasteko. Nik uste satisfazio hori dela hizkuntza bat kalitaterik gabe ez ezik, hiztunik gabe gelditzera daraman jarreretako bat.

Bitartekoak. Bitartekoak jarri behar ditugu normal euskaraz egiteko, jendarteko eta hizkuntza eremuetan. Okasio bakoitzerako behar bezala jantzita. Hori egiteko geu beste inor ez dago. Gu geu ala inor ez. Baina ez dezagun kalitate falta lan gutxiago egiteko aitzakia hartu. Bitartekoak jarri, exijitu eta lortu.

Seguru asko gazteek zaharragook txitean-pitean to eta no ikusiko bagintuzte, emakumezkoei ez litzaieke horrenbeste toka egingo. Denok denean tajuz ariko bagina ez litzateke ez sintaxia trakestuko, ez hiztegia mermatuko. Akaso, maite dugunaren erdia erabiliko bagenu, ahalik eta alor guztietara zabalduz eta goratuz, etorkinek eta bertakoek ere aiseago egingo lukete euskararen aldera. Zertarako gaude adin eta jatorri ezberdineko jendea herrian, bakoitzak daukagun ondare partea elkarri emateko ez bada? Hori modu antolatu batean eratzen dago lana. Ganbara aldean obrak egiten hasi beharra daukagu, mentalitatea eta jarrerak aldatu. Andoni Egañak joan den azaroaren 7an Urola Kostako Hitza-n zioen bezala, konplejuak galdu eta kanal nazionalak eratzen saiatzeko garaia da. Komunitate euskaldun moderno bat eratzeko ardura daukagu, gure euskara pobretu baina aberats hori landu eta gure herriari eskaintzeko ardura daukagu XXI. mendeko Urolako euskaldunok.

Nahi bada maite dezakegu gutxiago, baina egin dezagun gehiago.

 

Zaharra ongi berritu Aitor Arruti eta Arantzazu Azpillaga (euskal filologoak)

Bizirik dagoena aldatu egiten da ezinbestean, hobera edo okerrera. Hori jakinda, geure esku egoten da kaltea ekarriko digun aldaketarako prestatzea. Beste hainbeste gertatzen da hizkuntzarekin ere, Azpeitian eta edonon. Hizkuntza biziaren aldaketak bideratzea geure esku dago, neurri handi batean.

Ahoa betean aurkezten dituzten hizkuntza egitasmoak herritar guztien esku ez badaude ere, norberak bakarrik aukeratzen du gaur egun erabili nahi duen hizkera. Inguruak indarrez bultzatzen gaitu, egia da, baina edozein aldaketaren aurrean jarrerarik erosoena hautatzen dugu askotan: esaldi boladakoak lehenbailehen erabiltzen hasten gara, ez dezatela esan modernoak ez garenik!

Horrelakoetan ez gara konturatzen beste alor batzuetan hain gogorki borrokatzen dugun indartsuenaren inposaketari men egiten diogula. Auzo-hizkuntza askoz sendoagoak hobesten ditugu, haien egiturak geurean txertatuz: *¿Quedamos mañana? = Geratzen al gaituk biyer?. Aldi berean, erdaratik datorren hitzen bat erabiltzeari barre egiten diogu, berez egitura berriak erabiltzea baino askoz egokiagoa izan arren: “Nola esan dezakek ‘lagunekin akordatu nauk’, ez al dakik orain ‘lagunek faltan bota ditxiat’* esaten dela?”

Egiturak bereizten du hizkuntza bat gainontzekoetatik. Hitz solteak hizkuntzaren berezko izaera apaindu edo zatartzen duten makillajea besterik ez dira. Betiko egiturari eusten badiogu, edonondik jasotako hitz berriak arazo handiegirik gabe erabil ditzakegu. Hori egoki egiteko, esaten dugunaz konturatzea nahikoa da gehienetan.

Esate baterako, neska bati hika mutilari bezala egiten dionak, egindakoaz konturatu eta aldatzea nahi baldin badu, berehala ohitzen da zuzen egiten. Baina halakoak jasan behar dituen neskak berak ere eragin dezake aldaketa: hika neska mutiltzen (aizak neska!) duenari mutila neskatuz (aizan mutil!) erantzun!

Horrelakoak ezagutu ditugu, eta, gehiegi aztoratu gabe, denon onerako aldaketa errazak eragin izan dituzte.

 

 

 

Iturria:
www.ikasbil.net

--->>>ikaslea<<<---