EIBZ

 

OINARRIZKO HIZKUNTZA TREBETASUNAK
--- IRAKASLEA ---

 
mintzatu
irakurri
idatzi
entzun

Alkoholaren beldurra

Testua irakurri eta gero, ikasleei laburpen bat eta haien iritzia ematea eskatuko diegu. Gero, alkoholikorik ezagutzen duten galdetuko diegu, zein arazo sortzen den eritasun horrekin, nolako eragina duen ingurukoengan, nola laguntzen ahal zaien...

(Urke argazki denda)

Alkoholaren beldurra

Enekoitz Esnaola

Elkarrizketarako geratu eta gauza bat baino ez du eskatu: anonimotasuna. "Hori dugu baldintza taldean". Al-Anon alkoholikoei laguntzeko taldekoa da. Izena ez, baina badu zer kontatua

Nik orain dela 35 bat urte ezagutu nuen gizona. Eta txispatu egiten zen. Egia da, alkoholarekin momentu onak pasatu ditugu, baina hura beti txispatzen zen. Ezagutu eta bospasei urtera ezkondu ginen, eta hura gero eta gehiago etortzen zen etxera txispatuta; edanda, esango nuke. Horrek familiako elkarbizitza trabatu egiten du, arazoak sortzen dira. Baina ni ez nintzen ohartu ezkondu eta zazpi bat urtera arte hura arazoa zenik. ‘Zergatik edaten du hainbeste?’, ‘nik zer egin dut gaizki?’ eta horrelako galderak egiten hasi nintzen, baina ez gizonari, baizik eta neure buruari. Eta hasten zara pentsatzen zeuk duzula errua. Hori da gauzarik txarrenetako bat. Azkenerako, pertsona bezala deuseztu egiten zara.

Halako batean berari galdetzera iristen zara, ea zergatik edaten duen gero eta gehiago, baina hark gezurra, gezurraren atzetik. Batean esaten dizu etxera zetorrela lagun bat ikusi duela eta hark eraman duela taberna batera eta bestera. Hurrena, ez duela horrenbeste edan eta zertan ari zaren. Baina hurrengoan igual geratu zara harekin halako ordutan nonbaitera joateko, iritsi ordua, pasatu ordua, eta gizona, falta; edaten. Gezurra gero.

Arazoaz ohartzen zarenean, kalera irteteko beldurra sartzen zaizu. Aurretik ez. Hau da, aurretik sinpatikoa eta dena iruditzen zaizu. Joan ezkontza batera eta txoroarena egiten zeure gizona, eta inguruko denak, barrez. Joan afaltzera eta berdin. Afari bat, bestea eta beti berdin, eta orduan hasten zara pentsatzen jendea zure gizonaz ari dela barrez, ez hain justu egiten duenaz. Etxera joan eta errietan hasten zara, baina alkoholikoek ez dute aitortzen gaizki egin dutena. Euren barruan bai sentitzen dutela errua dutela, baina kanpora begira ezin dute hori esan eta, orduan, egiten dutena justifikatu egin behar. Eta harremana okertzen hasten da. Nire kasuan hala izan zen. Gure gizona ez zen egunero mozkortzen; lanetik irten, txikiteoan ibili eta etxera, zera handirik gabe. Afaritan bai, baina gertatzen zen gero eta afari gehiago egiten zituela; eta sagardo garaia iristen zenean...

Esan bezala, beldurra sartzen zaizu. Ez duzu kalean gizona edanda ikusterik nahi. Lotsatu egiten zara. Igual kuadrilarekin zaude, joaten zara halako tokitara, ikusten duzu gizona lagunekin eta zu, etxera; ezkutatzera. Lekuak eta orduak saihesten ibiltzen zara. Begira, gure alaba lehen lagunekin Gau Txorira joaten zenean, esaten zioten, ‘eh, atzo zuen aitte ibili zunan bette-bette eginda’, eta horrek gure alaba hondatuta uzten zuen, hondatuta. Seme-alabek asko sufritzen dute, eta gaztetxo den seme-alabari trauma ere geratzen zaio, eskolako kideek-eta, adina ere halakoxea dutelako, gogoratu egiten diotelako aita mozkorra duela. Angustia da, eguna joan eta eguna etorri. Eta hori, ez da bizitzea. Harekin duzun elkarbizitza puskatzen joaten da.

Nik ez nuke esango bat alkoholikoa denik bere inguruagatik, dituen lagunengatik edo. Bai, gehienetan haiekin hasiko da edaten, baina lagunak etxera joaten dira ordu normalean eta alkoholikoa ez; egon seguru topatuko duela baten bat kalean, eta harekin ibiliko da eta, bestela, bakarrik. Ardo bat edo zerbeza bat edan, eta bestea behar du, eta bestea, eta azkenerako ez daki non dabilen, zeinekin... Behin galtzen denean, erabat galtzen da.

Baina zeure gizona (edo besteren kasuan, emaztea, edo anaia...) hortik, nolabait esatearren alkoholiko ‘ofizial’ hartzera, aldea dago. Hau da, hura alkoholikoak sendatzeko talderen batera eraman nahi duzunean, halako zerbait sartzen zaizu barruan. Izan ere, zuk pentsatzen duzu alkoholikoak lurrean etzanda ibiltzen direla, kalean lo geratzen direla, eta ez, alkoholikoak era askotakoak daude eta ez prexixo aipatutako era horretakoak. Eta orduan, buruhaustea. Baina nik ja gizona tratamendura eraman behar nuela garbi neukan.

Bestela, apartatzera nindoan. Alabak ere esaten zidan hori, uzteko. Baina bi ezintasunekin aurkitzen gara. 1. Gizona edanda ez dagoenean, zuk hura maite duzu eta... 2. Edanda dagoenean, parte sartzeko gogoa sartzen zaizu, baina ez zara ausartzen, bi arrazoigatik: batetik, hura gabe familia ezin duzulako aurrera atera, nire adineko emakumeak (50 urtetik gorakoak) soldatarik ez duelako, eta, bestetik, badakizulako gizonak jakiten badu parte sartu duzula, hura kapaz dela zu jotzeko. Azpeitian badaude tratu txarren kasuak, guk badakigu badaudela, baina ez dira ia batere salatzen, hezurretarainoko beldurragatik, alkoholikoak beraiek publikoki umiliatuta sentitzen direlako. Zuk pentsatu, e, edaten duenak ez dakiela zer egiten duen; ez da akordatuko aurreko gauean zer egin duen. Gaur egun, hala ere, halako bikote gehiago bereizten dira, zorionez emakume gehiago daudelako soldata dutenak, salaketa sartzerako badakitenak nora joan behar duten, nola atera aurrera familia, baina gure garaian...

Nik mirarietan ez dut sinesten baina gure gizonak edateari utzi zionean, gure etxean miraria gertatu zen. Ez dakizu nola aldatu zen giroa! Orduan hasi zen seme-alabekin itxurako harremana izaten. Lehen, edaten zuenean, ez zen kezkatzen eskolako kontuez eta. Lanera joan, txikiteora, etxera, sota-caballo-rey. Gero, aldiz...; hori aldea!

Horretaz badira hemezortzi urte. Zenbat eskertzen dudan Bilboko bidaia hura! Hau da, nik hemengo mediku bat ezagutzen nuen, honek gure gizona ere bai, eta medikuak agindu zidan gure gizon horri esango ziola edana uzteko. Baina medikuek beraiek askotan ez dute ulertzen kasua; igual gaixoari egiten dizkiote analisiak, horiek negatibo ematen dute eta medikuek diote ondo dagoela. Baina nola ondo dagoela, edanean dabil eta? Hori gertatzen den mediku harekin, eta neuk azkenerako nire bizimodua dena azaldu nion, uler zezan kasua. Halako batean, behintzat, esan zion gizonari esan beharrekoa, beste mediku espezializatu batengana bidali gintuen, Bilbora, honek lagundu egin zigun janari, medikamendu aldetik-eta, eta orduantxe salbazioa. Segituan Zarautzera jo genuen, Alcoholicos Anonimosera. Egun batetik bestera utzi zion edateari. Gaur arte.

Harrezkero, herrian alkoholikoen senideei-eta laguntzen gabiltza biok. Kasuak badaudelako, bai, Azpeitian: gizonezkoak, andre-gizonak, emakumeak; Azpeitian emakume askok edaten dute, dezentek. Kasuak daude Azpeitian. Batzuk besteak baino gogorragoak, egunerokoak. Hau da, asko edaten da Azpeitian".

Anonimotasuna

"Astero biltzen gara Al-Anon taldean, ostiralero 20:00etan, Aitonena I-en, bigarren solairuan, eta han edozeinek ditu ateak zabalik eta inor ez dago behartuta joatera. Elkar laguntzera joaten gara, irakurketarako materiala lortzeko-eta arduradun bat dago, elkarren esperientziak kontatzen ditugu... Hogei bat lagun bildu izan gara, eta baldintza bat dugu: anonimotasunari eutsi behar diogu. Hau da, ezin dugu esan hau eta bestea joaten direnik taldera, honek edo hark alkohol arazoak dituenik etxean edo izan zituenik". Argazkikoa, Uztarriak elkarrizketatu duen emakumea bera da, baina jendeak zein den antzemateko moduan jarri gabe.

 

Iturria:http://www.uztarria.com