EIBZ

 

OINARRIZKO HIZKUNTZA TREBETASUNAK
--- IRAKASLEA ---

 
mintzatu
irakurri
idatzi
entzun

Dilema

Zuzenketa orria

Beste dilema bat: ederra ala azkarra?

XABIER MENDIGUREN ELIZEGI

"Hobe da guapoa eta tontoa izatea, itsusia eta bizkorra baino".

Hori esan zizkidanak edertasuna eta argitasuna, biak batzen zituen beregan. Asaldatu egin ninduen esaldiak. Pixka bat pentsatzen jarri nintzen. Kontzeptuak oso lausoak ziren: polit - itsusi, ergel - bizkor...

Saia gaitezen itxura zientifikoa ematen berez matematikoa ez den auzi honi: har dezagun magnitude bat, edertasuna, eta egin dezagun eskala bat, zerotik hamarrera: 0 guztiz itsusi eta zatarra izango litzateke, begiratzeak nazka ematerainokoa, eta 10 guztiz ederra, denen begiak erakarri eta itsutzeko modukoa. Egin dezagun beste horrenbeste argitasunarekin: 10 erabateko inteligentzia litzateke eta 0 haren gabezia osoa.

Zer nahi genukeen galdetuz gero, erraza da bietan 10 nahi dugula esaten, edo bederatzina bestela, puntaren puntan egotea deseroso samarra izan liteke-eta. Orain imajinatu, jaio orduko, puntu kopuru bat ematen digutela, eta nahi eran banatzeko aukera, bi ezaugarri horien artean. Adibidez, zuri 12 puntu egokitu zaizkizu bizitzaren loterian; nola banatuko zenituzke: 6 eta 6? 7 azkarrean eta 5 guapoan? Alderantziz akaso?

Hizpidea eman zidan lagunak garbi zeukan puntu gehiago hartuko lituzkeela edertasunean argitasunean baino, eta nabarmen gainera; nik kontra egiten nion, baina sendoa zen haren argudioa: "Mundu honetan zoriontsuagoa izan ohi da ergel polita azkar itsusia baino; eta gainera —jarraitu zuen— azkar itsusia ohartu egiten da bere zoritxarraz, eta bi aldiz sufritzen du horrenbestez". Biok ezagutzen genuen adibide bat ekarri zuen bere argudioen sendogarri, eta isildu egin nintzen.

Adibidetzat hartu genuena emakumezkoa zen; edertasunaren nagusitasuna aldarrikatzen zuena ere bai. Gure gizartearen falokrazia, misoginia, matxismoa egon liteke horrelako sentieren oinarrian. Esan nahi baita, gehiago baloratzen (are exijitzen) zaiola edertasuna emakumeari gizonezkoari baino, eta emakume bizkorra lan-munduan etsaitzat hartu. Ez dut ur handitan sartzeko astirik ordea. Gainera, ez dago gure izaera faktore bi horietara mugatzerik: hor dago alaitasuna, eta ontasuna, eta beste hainbeste.

Eskerrak, hala ere, tokatzen zaiguna tokatzen zaigula, ez dugun guk aukeratzen; erotu egingo ginateke bestela.

Iturria:www.ikasbil.net

 

 

--->>>ikaslea<<<---