EIBZ

 

OINARRIZKO HIZKUNTZA TREBETASUNAK
--- IKASLEA ---

 
mintzatu
irakurri
idatzi
entzun

Udak gure loaldia ere aldatzen du

Jabier Agirre

Udak ez ditu soilik aldatzen gure portaera eta jateko ohiturak. Loaldian ere aldaketa azpimarragarriak gertatzen dira, tenperatura beroen eta oporraldien eraginez. Aldaketa hori lo egindako ordu kopuruan eta erritmoan gertatzen da batez ere. Kasu gehienetan horrek gure bizi-kalitatea okertzen du.

Uda parteko tenperatura beroek loaldiaren sakontasuna gutxitzen dute, eta lo gauden bitartean etenaldi txiki-txikiak eragiten ditu. Horrek, gaueko atsedenaldiaren kalitatea okertzeaz gain, bazkalondoko siestaren premia areagotzen du.

Hori dela eta, udako hilabeteetan ohikoa da gure loaren zikloa aldatzea. Adituen iritziz, aldaketa horrek ondorio gogorragoak ditu Eskandinavia inguruan bizi direnentzat, Mediterraneoko herrialdeetan bizi direnentzat baino.

Baina zer gertatzen da, bada? Lo egiteko tenperatura jakin bat behar izaten dugu gorputzean (tenperatura lo eragilea esaten zaio). Frogatua dago 18-22 gradu bitarteko tenperatura dela egokiena behar bezala lo egiteko. Hortik gorako edo beherako tenperaturek loaldi arina edo loaldiaren etena dakarte, hurrenez hurren. Beroaren eraginez, udan gorputzeko tenperaturaren jaitsiera moteldu egiten da. Horrenbestez, lo hartzeko dugun joera naturala ere berandutu edo atzeratu egiten da.

Adituen arabera, loaldiaren kalitatea neurtzeko, bi faktore hartu behar dira kontuan: lo egindako orduak, eta loaren sakontasuna. Tenperatura beroak sakontasun hori gutxitzen du. Etenaldi txiki-txikiak eragiten dituenez, udako loa negukoa baino askoz eskasagoa da.

Horrek bazkalostean lo kuluxka egitera eramaten gaitu. Izan ere; eguneko ordu horretan gure garunak lokartzeko ohitura handia du. Gainera, oporretan egonik, gauez parranda apur bat egiteko ere aprobetxa daiteke. Adituek 20-30 minutu arteko siesta egitera aholkatzen dute; inola ere ez, 1-2 ordukoa. Egunean lo egiteko ordu premia jakin batzuk ditugu programatuak genetikoki. Ordu kopuru hori gaindituz gero, gurpil zoro bat sortzen da gorputzean: amaierarik ez duen soka luzea, alegia. Egunez atseden gehiegi hartzearen ondorioz, gauez ezin dugu lo hartu. Hori dela eta, biharamunean bezperan baino nekatuago gaude.

Lo zikloaren aldaketa horrek ekarritako ondorio txarrei lanera itzultzean antzematen diegu. Lanean hasteak dakarren trauma psikologikoaz gain, berriro ere loaldiaren zikloa eta ordutegia aldatu edo egokitu behar ditugu.

Pertsona helduen kasuan, hiruzpalau egun behar izaten dira egoera normalizatzeko. Egun horietan opor osteko sindromea jasaten dugu. Horrek gehiago zailtzen du egunerokotasunera itzulera. Umeen kasuan, hilabete iraun dezake. Izan ere, hiru hilabete inguru egiten dituzte oporretan.

Eta ezinbestean esna egon behar duten pertsonentzat, zer? Guztiok ezagutzen eta erabiltzen dugun konponbidea kafeina da. Ameriketako Estatu Batuetako Rush unibertsitateko, Brigham erietxeko eta Havrdardeko Medikuntza Eskolako ikertzaileek egindako azterketa batek zalantzan jarri du lo egiteko substantzia hori noiz hartu behar den.

Ikerketa horren arabera, kafeina dosi txikiak nahiko maiz hartzeak logura kentzen digu. Baina horrek ez du eraginik gaueko loaldian. Hori dela eta, eredu hori gomendagarriagoa da, goizean dosi dezente bat (kafe katilukada bat edo te bat) eta arratsaldean beste pare bat hartzea baino.

Egunean zehar kafeina kopuru txikiak erregularki hartzen dituzten pertsonak ez dira lokartzen. Test kongnitiboetan emaitza onak lortzen dituzte gainera, lo egiteko ohituretan inolako aldaketarik izan gabe. Hortaz, derrigor esna egon behar dutenei (mediku, gidari eta gainerako langileak) dosi txiki eta etengabeak hartzeko gomendatzen diete.

 

Artikulugileak dioenez, udak zenbait aldaketa eragiten ditu gure loaldian, eta, horien froga gisa, hainbat argudio ematen ditu.

Jarraina argudio horietako batzuk dituzu, baina, tartean, gezur batzuk ere sartu ditugu. Ea asmatzen duzun baieztapen horietako zein diren EGIA eta zein GEZURRA

Egia
Gezurra
1.
Udak gure loaldia eta jateko ohiturak aldatzen ditu, baina ez gure portaera.
 
2.
Loaldian gertatzen diren aldaketak tenperatura beroen eta oporraldien eraginez izaten dira.    
3.
Uda parteko beroak loaldia arinagoa izatea eragiten du.    
4.
Adituen iritziz, aldaketa horiek gogorragoak dira Mediterraneoko herrialdeetan bizi direnentzat, Eskandinavia aldean bizi direnentzat baino.    
5.
Lo egiteko tenperaturarik egokiena 18 gradutik beherakoa da.    
6.
Udan, beroaren eraginez, gorputzaren tenperaturaren jaitsiera azkartu egiten da.    
7.
Loaldiaren kalitatea neurtzeko ezaugarrietako bat loaren sakontasuna da.    
8.
Beroak etenaldi txikiak eragiten ditu gure loaldian, eta, horren ondorioz, neguko loa sakonagoa eta hobea da.    
9.
Bazkalostea aprobetxatu behar da lanik gogorrena egiteko; orduan egoten baitira gure garunak esna.    
10.
Pertsona bakoitzak duen premia baino lo gehiago egiten badu, hurrengo egunean bezperan baino nekatuago egon ohi da.    
11.
Oporren ondoren lanean hasten garenean, opor osteko sindromea izaten dugu helduok; hiruzpalau egun irauten duena.    
12.
Egunez kafeina maiz hartuz gero, ez da lokartzen, nahiz eta kopuru txikia izan bakoitzean hartzen dena.    

 

--->>>irakaslea<<<---