EIBZ

 

OINARRIZKO HIZKUNTZA TREBETASUNAK
--- IRAKASLEA ---

 
mintzatu
irakurri
idatzi
entzun

Gaia emanda II

Oraingoan, testu labur batzuen bidez ikasleei gaia idatziz emanen diegu. Haiek, testuak irakurri ondotik, gaia garatu beharko dute eta ahoz azaltzeko prestatu: ideiak ordenatu, eskema egin, etab.

Erabil daitezkeen testu batzuk dituzue jarraian:

Ke arteko azken egunak

Urtea amaitzeko hilabete eskas falta denean, tabakoa hizpide da nonahi. Izan ere, 2006ko urtarrilaren 1ean Espainiako Gobernuak tabakoaren aurkako lege berria jarriko du indarrean. Gure osasunaren onerako den legeak, ordea, debekua du oinarri. Urtea amaitu baino lehen onartuko du legea Espainiako Kongresuak, eta erretzaile eta ez erretzaileen ohituretan aldaketa handia ekarriko du, ia leku publiko guztietan erretzea debekatuko baitu: lantokietan, osasun zentroetan, kirol gune itxietan, kultur guneetan… Dena dela, zalantza ugari piztu ditu legeak, zigor gogorrak aurreikusten baititu, nola aplikatuko den ere batere argi egon ez arren. Argi dagoen gauza bakarra, tabakoaren aurkako gurutzada hasia dela da. Frantzian orain arteko neurriak ez dira hain gogorrak izan, hainbat lekutan (lantokietan, kasu) erretzaileentzako leku egokituak jartzea agintzen baitu legeak; gainera, jatetxe eta antzekoen kontrola erabat eskasa da. Duela gutxi, baina, legeak gogortzeko ahotsak entzun dira politikarien artean, eta Bidasoa ibaiaren hegoaldean aurki abian jarriko diren neurrien antzeko proposamenak egin dituzte dagoeneko. Eñaut Mitxelena, Ihintza Erremundeguy, M. Egimendi.

Iturria: www.aizunet.net

 

Munduko hizkuntza aniztasuna, arriskuan

Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez, XXI. mendea amaitu aurretik munduko hizkuntzen erdiak, 3.000 inguru, desagertu egin daitezke. Izan ere, Unescok emandako datuen arabera, bi astean behin hizkuntza bat galtzen da munduan.

Eta beste hizkuntzalari batzuek aurreikuspen are larriagoak egin dituzte: mendea amaitzen denerako, munduko hizkuntzen % 90-95 galduko dira. Horrez gain, Internetek joera hori azkartu duela esan du Unescok, munduko hizkuntza asko arautu gabe daudelako, eta, ondorioz, sarean bigarren mailako hizkuntza bihurtzen direlako. Esaterako, munduan dauden 6.000 hizkuntzatik heren bat ahozkoak dira, eta horregatik inoiz ezin izango dira Interneten erabili. “Teknologia berrien ondorioz, leize linguistikoa handituz joango da denborarekin, eta ahozko hizkuntzek zilegitasuna galduko dute hizkuntza arautuen mesedetan, horiek direlako itxuraz ziberespazioan lekua duten bakarrak”, jakinarazi du Unescok. Datuok ikusita, hizkuntza aniztasuna mantentzeko neurriak hartu behar direla esan dute Unescoko adituek, hizkuntza aniztasuna gizartearen kultur ondarea baita. Hala, eredu eleanitzak sustatzeko deia egin du, munduko hizkuntza guztien eskubideak aitortu desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak arautu, eta beste hizkuntza zubi batzuen aldeko apustua egitearren.

Iturria: www.aizunet.net