Hizkuntza Plana egiteko kontuan hartu behar diren faktoreak
Hizkuntza plangintza gauzatzeko zer faktore izan behar ditugun kontuan azaltzen hasiko naiz. Beti galdera berberak egiten dizkigute ikastetxeetatik eta denbora guztian hiru hizkuntzen (gaztelania, euskara eta ingelesaren) programazioarekin gabiltza. Gero azalduko dizuet zer printzipioetan oinarrituta eta zergatik egin dugun hiru hizkuntzen programazioa.
Zein faktore izan behar ditugu kontuan edozein hizkuntza plangintza garatzeko?
Nondik abiatu? ingelesa zein adinetan sartu? Haur edo Lehen Hezkuntzan? Gaztelarekin
noiz hasi? Beti esan izan dugu ezin direla erabaki orokorrak plazaratu, ezin
dugu orokortu "oso ona da bi urterekin ingelesarekin hastea" edo "oso
ona da lau urterekin hastea". Hizkuntza plangintza egiteko, hartu behar
diren erabakiak hartzeko zenbait faktore kontuan izan behar dira:
- azpiegitura, giza baliabideak, (irakasleak, gelak eta abar)
- eta hizkuntzaren egoera herrian eta ikastetxean bertan
Herrian, komunitateko hizkuntzaren egoera eta estatusa aztertu behar dira (karrikan,
erabilera guneak). Horren arabera hartu behar baitira hizkuntza erabakiak. Beste
horrenbeste egin behar da, eskolako hizkuntza helburuekin; ikastetxeak hizkuntza
proiektuarekin hartutako konpromezuaren araberako erabakiak hartuko ditu programazioan.
Eta horrek guztiak markatuko digu noiz hasi behar dugun hizkuntza bat lantzen
eta zein den hizkuntza bakoitzarentzat ordu kopurua. Azterketa hori egin behar
da nahi eta nahi ez.
Hitzaldi honek balio dezake adibide gisa, gero ikastetxe bakoitzak hartzen dituen
irizpideen arabera eta duen egoeraren arabera egokizeko. Gurean, Irunen, kalean
ez da hizkuntza presentziarik. Etortzen zaizkigun euskaldunak %ko 10 da. Hori
kontuan hartuta, guk erabaki dugu gure komunikazio hizkuntza euskara izango
dela, gure hizkuntza proiektoan horrela dio eta hori bermatu nahi dugu. Orduan,
euskara hutsez arituko gara hirugarren mailara arte, ingelesa sartzen dugulako
hirugarren mailan. Baina komunikazio hizkuntza euskara da. Laugarren mailan
hasten gara gaztelaniarekin. Badakigu erabilera soziala ziurtatua dagoela kalean
eta ikuskaritzarekin gure borroka badaukagu ere, guk gurean jarraitzen dugu.
Ingelesarekin, berriz, izugarrizko presioa izan dugu azken urteotan, haur hezkuntzatik
hasi behar zela agindu baitziguten. Guk ingelesa bigarren mailan hasiko genuela
erran genien. Hasieratik behikularra da, plastika edo arte hezkuntza ingelesez
ematen dugulako eta ingelesezko saioak ere. Hortaz, bigarren mailan ingelesa
sartzen dugu. Eta laugarren mailan sartzen da gaztelania. Hori da guk hartu
dugun erabakia. Gurean, oso gustora gaude ateratzen ari diren emaitzekin.
Zer landu behar dugu hizkuntza bakoitzean?
Zer landu, erabakitzeko, bi gauza izan behar ditugu kontuan. Batetik, hizkuntza
konzepzioa eta bestetik, hizkuntza jabekuntzaren kontzepzioa.
Guk pentsatzen badugu, orain arte askotan pentsatu izan den bezala, hizkuntzak
hiru maila dituela: fonetikoa, morfosintaktikoa eta pragmatikoa nolabait esatearren.
Orduan, morfosintaxian, esaldiak isolatuta daude, konpletibak, erlatibozkoak,
…eta semantikan hiztegi multzoak, deklinabideak, atzizkiak eta abar. Eta
garai batean hala ikasten genuen. Aldiz, konsziente bagara hizkuntza ez dugula
berdin erabiltzen etxean, hitzaldi bat ematean, telebistan, edo egoera aldatzean;
hizkuntza erabilera motak onartzen baditugu eta hizkuntza konzepzio horretatik
abiatzen bagara, ezin ditugu esaldi solteak irakatsi, komunikazio egoera ezberdinak,
alegia, testu motak irakatsiko ditugu. Beraz, Ginebrako eskolako "Bronkart"
eta hauen teorietan oinarrituko gara. Hori dela eta, hizkuntza konzepzio horren
arabera testu mota ezberdinak irakatsiko ditugu, ahoz, idatziz, eta hiru hizkuntzotan.
Guk testuak, egoera komunikatikoak irakatsiko ditugu hizkuntza mota bakoitzean.
Guk ikusten genuen adituek esaten zutela, ikasleek dakizkiten hizkuntzak eragina
zutela bigarren edo hirugarren hizkuntza ikasteko. Hori esaten dute adituek
eta horrela bada, ezin dugu egin programazio bat ingeleserako, beste bat euskararako
eta hirugarrena gaztelaniarako. Hizkuntza batetik bestera aldatzen dena azaleko
hizkuntza ezaugarriak dira. Beraz, hiruen artean programazio osagarria edo bateratua
egin behar da.
Guk ardatz gisa, euskara hartu genuen eta egin genuen galdera zen: haurra ikastolara
sartzen denetik ateratzen den arte, zer, zertarako hitz egiten du? Kexatzeko,
deskribatzeko, bere azalpen mailak adierazteko, behar duena adierazteko eta
abar. Orduan, sartzen zenetik atera arteko egoerak prestatu genituen eta egoera
horietan zertarako hitz egiten zuen, eta hor zein hizkuntza esapide erabiltzen
zen aztertu genuen. Era horretara, edukiak atera genituen. Bi motako testuak
lantzen genituen: Batetik, monologalak alegia, hiztun bakar batek kudeatzen
dituenak eta gero, dialogalak.
Lehenengo hizkuntzan ikasitakoa gaztelania eta ingeleserako probestu behar delakoan
gaude. Euskaraz errezetak landu baldin baditugu ingelesez ere ikasi beharko
ditugu. Egitura, antolamendua berbera baita ingelesez. Aldatzen direnak hizkuntza
esapideak dira, hau da, "lehendabizi" esaten dugun lekuan "first".
Orduan, ingelesez egoera komunikatiboa pixka bat aldatu eginen dugu ez errepikatzeko;
adibidez: lehen gurasoei makarroiak nola egiten ziren adierazten bazieten, liburu
bat egin behar zutelako, oraingoan haur ingelesei euskal sukaldaritzaren errezetak
irakatsiko dizkie. Testu mota bera da baina egoera komunikatiboa aldatu egin
da. Orduan, haurrentzako bi tarea ezberdin dira, baina denbora inbertitu egin
dugu planikfikazioa, antolamendua nola egiten den badakitelako. Horrela egiten
dugu, edukiak euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz lantzeko.
Hizkuntza bakoitzean egoera komunikatiboak aukeratzeko zein irizpide erabili
izan dugun geroago azalduko dizuet. Orain, hiru hizkuntzatan metodologia berbera
izan behar dutela azalduko dizuet. Ezin baitu ingeleseko irakasleak halako sekuentzia
didaktikoa erabili, gaztelaniakoak beste bat eta euskarakoak hirugarren bat;
orain esango dizuet zein irizpide erabili izan dugun edukiak aukeratzeko hizkuntza
bakoitzean.
Egoera komunikatiboak aukeratzeko irizpideak.
1. Euskaraz eskolak haurrari eskatzen dizkion erabilera komunikatiboak sailkatu
ditugu.
- Lehen esan dizuedan bezala, haurrak eskolan erabili behar duen hori ikas dezan,
zeren hizkuntza hori hizkuntza behikularra da. Guk laburpenak edo azalpen testuak
erabiltzeko eskatzen badiegu, hori da euskaraz irakatsiko dieguna (adinari dagozkion
nahi, interes eta gaitasunen arabera). Horri emanen diogu lehentasuna, nahiz
eta beste egoera komunikatibo batzuk ere landu. Euskaraz dialogalak dira bereziki
kontuan izanen ditugunak. Haurrak etengabe itzuli egiten duelako: "Amak
esan du que da nirea", "Andereño, si da nirea" edo "kontuz,
eroriko zarela", "eroriko egingo baitzara" edo…Gaztelaniaz
ez dauden euskal formak galtzen ari dira, haurrak ahal dituen bezala itzultzen
dituelako; "kontuz eroriko zarela" kasu hoberenean edo "kontuz
que eroriko zara. Hori normala da. Orduan, haurrek egiten dituzten interferentzia
horiek, nolabait tipifikatu eta programazioan txertatuko ditugu, dialogalen
barne. Horiek ez badira lantzen, ezin ditu haurrak erabili, ez baititu bere
hizkuntzan. Euskaraz "si" hori egiteko baditugu erabilera mota ezberdinak:
eta, ba, eta abar. Orduan hori ere, txertatu eginen dugu programazioan, interferentzia
duen esapide oro txertatuko dugu haurrak ikas ditzan, batez ere, bigarren maila
bitartean.
- Eta jolasaren inguruko esapideak ere txertatu ditugu programazioan. Horrela
"dona, dona, katona" egiten dutenean nola esan behar dute? "te
libras" "te la paras"? Horiek behar dituzte, baina irakasleok
ere ez dugunez euskaraz jolastu, ez dakigu; orduan, haurrari ez dio inork euskarazko
eredurik eman, baina euskaraz egiteko eskatzen diogu eta ez dakienez ezin du
euskaraz egin. Hori ere kontuan izan behar dugu, euskararako edukiak aukeratzeko
orduan. Eta hor jarraibide batzuk urratu ditugu.
2. Gaztelaniaz, zein egoera edo zer irizpide erabili dugu egoera komunikatiboak
lantzeko? Erabilera formalei eman diegu lehentasuna, zeren "guai, paraguai",
eguneroko hori, haur guztiek dakizkite. Eta hor "usted" tratamendua,
kortesia formulak, eskutitz formalak, araudiak,... irakatsi dizkiegu. Nahiz
eta gaztelania oso ondo menperatu ez dakite hizkera formala, ez badugu lantzen.
Orduan, kolokial guztia baztertu egin dugu. Gure kezka formala da eta duen garrantzi
guztia eman behar zaio. Testuak ondo sortzen irakatsiko diegu. Ahal den heinean,
aurreko beste mailetan euskaraz landutako testuak izanen dira.
3. Ingelesez gure helburua irakasle ikasle elkarrekintza guztia, gelan, ingelesez
izatea da; beraz hautatutako testuak haurrek dena ingelesez egiteko modukoak
izan behar dute, hau da, errezetak irakasten badizkiegu eta gero boligrafoa
uzteko eskatzen badiegu, ezin digute ulertu; ez baitiegu irakatsi. Beraz:
1.- Zertarako erabili behar du haurrak ingelesa?
2.- Zer behar du? Zer hizkuntza esapide?
Guk, dena, egoera komunikatiboen arabera mailakatu dugu. Erabilerak irakasten
dizkiegu. Erabilera horretan sujuntiboa agertzen bada, ba subjuntiboa ikasiko
du hiru urterekin. Horrela ikasten baitugu. Amak, hitz egiten duenean, ez du
subjuntiboa kentzen; esan behar den bezala esaten du.
Ingelesez landu beharrekoa (testu monologalari dagokionez) euskaraz edo gaztelaniaz
aurreko mailetan landuak izatea komeni da, izugarri aurrezten baitugu.
Testu motak
Guk lantzen ditugun testu motak honela sailkatzen ditugu, esaterako, lehenengo
ziklorako edukiak ahoz (monologalak eta dialogalak) honako hauek lirateke:
- Dialogaletan baimen eskaria ahoz, aginduak, hipotesiak, esandakoa transmititzea,
zalantza, erronka, "ere" horrekin "ezer ere ez" "inor
ere ez". Gurean erabiltzen dute: "nor falta da? Inor" "zer
falta da? ezer" interferentziak zuzenduz.
- Monologaletan, gela antolatu, eskulanak egin, Eguberriak ospatu, ipuinak laburtu,
definizioak eman, portaerari buruzko balorazioak... Horiek dira ahoz landuko
ditugunak, kasu honetan lehen mailan.
Gero, sei urterekin idatziz deszifratua irakasten hasten gara eta hor erabiltzen
ditugun testu motak honako hauek dira: izenburuak, ajenda, menuak, Eguberrietan
zoriontzeko guttuna, ordutegia, eskema, errezeta, iragarki txartela, inprimakiak,
berriak.
Honek jarraipena du, hau lehenengo zikloa denez, hemen euskarakoa bakarrik dago.
Euskararako bigarren zikloan eta hirugarren zikloan berdin egiten da. Adbiderako,
bosgarren mailan informazioa eman, animaliei buruzko azalpenak, hipotesiak,
informazio testua, landereen katalogoa, gustoei buruzko iritzia, gero fabrikazio
edo transformazio prozesuaren deskribapena, harridura positiboan eta negatiboan,
ipuinak laburtu, hipotesiak; horiek euskarazko bosgarren mailako edukiak dira.
Ikusten duzue zein testu motak diren, idatziz eta ahoz.
Gaztelaniaz, adiskideei eskutitza edo ahoz marrazki berdintsuen deskribapena,
nahien adierazpena ahoz, karta jokoen instrukzioak, e.a.
Esandako irizpideen arabera, elkarren osagarri diren edukiak landuz programazio
bateratua egiten dugu.
Ideia da, egoera komunikatibo desberdinak hartu eta hiru hizkuntzatan jokatu
-euskara ardatz gisa hartuta- hizkuntza bakoitzaren beharrizanak kontuan izanda,
elkarren osagarri diren testuak aukeratuz.
Zer landu horretan dago koxka, "ez al dira aspertzen errezeta ingelesez
eta errezeta gaztelaniaz; hori ez al da errepikapena?" galdetuko duzue.
Guretzat errepikapena eman arren, egoera komunikatiboa ez da berdin berdin berdina.
Kasu batean, egoera komunikatiboaren helburua haur ingelesei, eskutitz baten
bidez, euskal sukaldaritzaren errezetak azaltzea da. Eta bestean, gurasoentzat
errezeta liburu bat egitea. Haurrarentzat tarea ezberdinak dira. Orduan, beraientzat
ez da errepikapena eta aldiz, denbora izugarria aurrezten da, zeren ingelesa
lantzen ari direla, ingelesekoak esanen dio: "Oroitzen zarete, zer egin
behar zen euskaraz? zer idatzi behar genuen lehendabizi?" Ingelesez, eskema
berbera jarraitu behar dugu. Dena dela, beti ezin izan dugu hirukoiztu testu
mota bera.
Mailaz mailako bilakaera da. Enfasia egoera komunikatiboan jartzen da adinaren
arabera; batean, antolatzaileak du garrantzia; beste batean, egitura morfosintaktikoak;
bestean, hiztegiak eta abar. Orduan, beti dago adinaren araberako bilakaera.
Hiztuna, kasuko, lau urteko haurra bada, euskaraz hitz egiten ikasten ari da.
Testu monologalarekin hasiko gara; lehenengo testu monologala bere buruaren
aurkezpena izanen delarik. Haurra egoeran jarri eta zergatik egin behar duen
hori azaltzen diogu; azkenean, mikrofonoa hartu eta bera nor den, non bizi den,
zenbat urte duen e.a. esan behar du. Horrekin, modulo monologala osatu dugu,
grabatu e.a. Gero dialogalak datoz.
Eta gero ingelesarekin hasten garenean, bigarren mailan, ingeleseko testua ahozkoa
izango da. Ez dakit nongo lagunari, kaseta bat bidali behar diote eta bakoitzak
bere buruaren aurkezpena egin behar du. Oroitu behar dute nola egin zuten: hori
bera ingelesez egiteko. Alegia, planifikazioa, testu ttiki horren egitura, eta
testuaren egitura guk aukeratu dugu, aurkezpena modu askotan egin baitaiteke.
Hizkuntza esapidea guk hautatuko dugunez, ez da bikoiztu behar. Hiru hizkuntzatako
programazio eta planifikazio lana egina dagoenez, etekina ateratzen diogu aurrez
egindako lanari eta honekin koherentzia eman ahal diogu edukiak aukeratzean
eta haurrari errentagarria gertatuko zaio. Elkarren osagarri: eduki aukeraketan
eta sekuentzia didaktiko bera.
Tutoreak euskara eta gaztelania ematen du eta gero, ingeleseko espezialistak
ingelesa ematen du arte hizkuntzarekin.
Nola landu da gure hurrengo galdera: "sentido comun"a erabiliaz.
Dena egin izan dugu: unitatea, gelaratu, probatu, haur guztiek gaizki egin badute,
kendu eta beste gauza bat sartu. Dena egin behar da bulegoan, gelaratu, irakasle
taldearekin kontrastatu eta horren arabera hurrengo urterako, erabakiak hartu.
Horregatik oso, oso erreala da.
Lantzeko ikasesanguratsuen printzipioak kontuan hartuko ditugu, alegia, ikasleek
dakitenaren behaketa eginen dugu, ikasi behar dutenaren zertarakoa zehatz-mehatz
azalduko dugu, talde lana bultzatuko dugu, sintesi lana bideratuko dugu....
Zenbait printzipio hartuta, hizkuntzaren irakaskuntzara aplikatuko dugu eta
horren arabera, ahozko testuak lantzeko sekuentzia didaktikoa gauzatuko dugu;
alegia, eduki bat lantzeko eman behar diren urratsak zehaztuko ditugu ahozkoa
lantzeko eta idatzia lantzeko. Hau dela eta, ahozko hizkuntza lantzeko testu
monologalak eta testu dialogalak bereizi ditugu:
- Testu monolagalak izango lirateke, hiztun bakarrak kudeatzen dituenak. Deskribatzea,
narratzea, argudiatzea edo orain egiten ari naizena litzateke.
- Dialogalak, hiztun bat baino gehiagoren artean egiten direnak, egiten dituzten
interferentziak barne.
Sekuentzia didaktikoa
1. Lehendabizi girotze lana eta eginkizunaren aurkezpena egiten dugu, zertarako
hitz egin behar duen, zehatz-mehatz, adieraziz. Zertarako, nori, zein den bere
papera. Alegia, egoera komunikatiboa zehatz-mehatz definituko dugu.
Eman dezagun, lehenengo mailan, sei urterekin monologala lantzen ari garela:
gure ikasgela nola antolatu dugun, girotze lana eta eginkizunaren aurkezpena
eginen ditugu. Adibidez: Inguruneko lehen gaia ikasturte hasieran, gelako ikasle
taldearen antolaketaren beharra dela adieraziko zaie haurrei.
Antolaketak ikastetxetik ikastetxera aldatu egiten direla adieraziko zaie eta
beren ikasgelako antolamendua finkatu behar dutela. Lehenengo egunetan gaudenez,
gela antolatu behar dugu. Ondoren, iazko irakasleari, zuzendariari, gurasoei
edo ikasleentzat esanguratsua den norbaiti, kontatuko zaio zein den ikasgelako
antolaketa berria. Oraintxe hasi behar duten lehenengo mailako haurrei honako
eskutitz hau edo antzekoa irakurri ahal zaie motibatzeko. Irakaslez aldatu direnez,
irakasleak irakurri die hau:
"Kaixo neska-mutilak: zuen iazko irakasleak gara.
Zer moduz ari zarete lehenengo mailan? Zaila al da? Ez, ezta?
Esan irakasleari idazteko eskutitz bat guztion artean guri gauzak kontatuz.
Irrikitan gaude zuen kontuak jakiteko. Entzun dugu gela oso ondo antolatu duzuela.
Gu ere gela antolatzen ari gara eta asko gustatuko litzaiguke zuek nola egin
duzuen jakitea, gure haur txikiei erakusteko. Grabatuko duzue zinta bat eta
bidaliko diguzue?
Mila esker eta muxu bana sudur punta-puntan."
Haurrei irakurtzen zaie. Orduan, haien eginkizuna da andereñoari gela
nola antolatu duten azaltzea; eta zintan grabatuko dute andereñoari emateko.
Orduan, haurrek helburu batekin hitz egiten dute. Ez da hitz egitea hitz egiteagatik.
2. Bigarren pausoa gaiaren ezagutza litzateke: hiztegia menperatzea, dakitenaren
inguruan jardutea,…Aurkezten den testuaren gaia ezaguna dutela egiaztatuko
du irakasleak. Horretarako, ikasturte hasieran daudenez, gela antolatzea proposatuko
dute: "Zuek izango zarete ez dakit zein talde, hau izango da liburutegia,
bost talde egongo dira, bakoitzean arduraduna egongo da… Haurrek beren
artean egin dezakete talde banaketa, irakaslearen laguntzaz.
Panpinak aurkeztuko du testu eredua. Eredua hainbatetan entzungo dute ikas dezaten.
Bereziki, egitura zailak lantzeko ariketak egingo dira. Azkenean, haurrek testuaren
aurkezpena, ekoizpena egin behar dute zintan grabatuz. Bakoitzak berea grabatzen
du, haur guztiak grabatuz. Era horretara, haurrentzat ekoizpena dena, irakasleentzat
baliagarria da ebaluatzeko. Horrekin egoera behatuko da.
Laburbilduz, dialogaletan lehendabizi dakitenaren behaketa egin, eredua aurkeztu,
buruz ikasi, ekoitzi eta errejistro batzuen arabera ekoizpena ebaluatu.
Guk gure programazioan gidoiak ematen ditugu. Gero, tutore bakoitzak gelan eta
taldearekin badaki zer bariante egin. Guk eredua ematen dugu, hainbat esapide,
egitura morfosintaktiko eta abar, testuan dauden esapide horiek, ereduak, egunero,
eta gelan oina jartzen dudanetik bukatu arte, etengabe, eman behar ditut. Etengabe,
ereduak eman behar dizkiet egoera ezberdinetan.
Testuan dauden edukiak hartu behar ditugu kontuan egoeran; egoeran behar du
izan, bestela ez du balio. Hori da edozein programazioetan kontuan hartu behar
duguna, denok dakigu, taldean gaudenean esapideak guk aukeratzen ditugula, alegia,
indarra eman diezaioket "dut, ditut" zerari; eta beste mementu batean,
erlatibozko perpausei e.a. Orduan, hor tutorearen, irakaslearen, etengabeko
lana dago. Horregatik oso ona izaten da eredua izatea paretean jarrita.
Gure gela antolatzeko taldeak egin ditugu eta talde bakoitzak izen eta kolore
bana aukeratu du. Talde bakoitzak arduraduna du txandaka, astero aldatuz. Arduraduna
lan tresnak banatzeaz eta jasotzeaz arduratuko da. Hartara, gure gela beti txukun
eta garbi egonen da. Esaterako, gaztelaniazko "si" hori baldintza
edo hipotetikoa da. Eta euskaraz ez da halako ordezkorik; desberdina da egoera
bakoitzean. Beraz, etengabeko adibideak eman behar dizkiet.
Bi hizkuntzen arteko aldeaz konsziente izan behar dugu, enfasia eginez. Zenbat
eta gu konszienteagoa izan zailtasuna non den ikasteko, orduan eta abadagune
gehiago aurkituko ditugu aldaerak emateko. Interferentziak zuzentzea ikasleentzat
zaila da oso. Hainbat ekintza egiten dira, kasuan, iazko andereñoak eskutitza
idatzi die, bere haur txikiak koloreak ikasten ari direla esanez eta ideiarik
ere ez dutela koloreak nahasten. Eta nahiko lukeela haurren ahotsak entzutea
kolore nahasketak egiten ikasteko (haur txikiek ezbaitakite oraindik irakurtzen)
beraz, grabatzeko; beste haur batzuk esanda hobeto ikasiko dutelako. Orduan
irakasleak egoera ezberdinetan hainbat ariketa jartzen dizkie egitura horiek
aztertzeko. Hainbat ariketen bidez landu ondoren ikasi baitute. Irakaslearentzat
grabaketak balio du ebaluatzeko.
Gero, adinaren arabera, sekuentziak aldatzen dira. Adibide hauek lehenengo mailakoak
dira. Beste mailetarako beste testu mota batzuk, beste produkzio mota batzuk,
beste baliabide batzuk daude. Esaterako, hirugarren mailan denak dakite idazten
eta irakurtzen; beraz, beste baliabide batzuk sar daitezke, ahozkoa bera trebatzeko.
Hau izango litzateke ahozkoari buruzko sekuentzia didaktikoa.
Idatzian beste horrenbeste. Idatziz beste sekuentzia didaktikoak bideratuko
ditugu. Lehendabizi, eginkizunaren aurkezpena izango litzateke, lehen esan dugun
bezala, idaztearen zertarakoa, nori, zein den haiek egin behar dutena e.a. Oso
garrantzitsua da zertarakoa, nori; nork zaren alde hortatik, zertarako idatzi
behar duzun zehaztea.
Beste kasurako, laboratorioko esperientzia baten txostena egin behar dute eta
horretan zertarako eta zer egin behar duten esan behar zaie. Kasu honetan, esperimentu
liburua egitea proposatuko die irakasleak, hauen kopiak atera liburutegian,
haur-hezkuntzan eta lehen hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetan banatzeko.
Hortaz, esperimentuak egin eta nola idazten diren ikasiko dute. Liburu bat egin
behar dute bigarren edo hirugarren maila edo hirugarren zikloko ikasleentzat.
Nori, norentzat, zertarako, non agertzeko. Horrek denak baldintzatzen du nolakoa
behar duen izan testuak. Hau izugarri garrantzitsua da eta izugarri kostatzen
zaigu irakasleoi hor denbora ematea. Hori ondo egiten badugu, haurrak motibatuko
ditugu.
3. Ondoren, testu eredua eman eta ulermena landu behar dugu: ulertzeko eta idatzi
duenak zein helbururekin idatzi duen antzemateko. Ulermena landuko dugu, hipotesiak
eginez, gai horren inguruan dakitenarekin eta ariketen bidez. Ondoren, hizkuntza
edukiak landuko ditugu, testu mota horri dagozkion eduki konkretuak landuz:
egitura morfosintaktikoak, planifikazioa, antolatzaileak, aditza,… landuz
ariketen bidez. Gero, hainbat egunetan landu diren eduki ezberdinei buruzko
sintesia egiten da eta azkenean, haurrak jartzen dira egoera horretan. Eta idatzi
egin behar dute, idatzi ondoren behaketa egiteko esaten zaie, errejistro mota
bat azalduz, norberak zuzentzeko bere lana.
4. Eta azkenean, beraiek egin dituzten zuzenketekin lana guri eman eta ebaluatuko
dugu. Gero, ebaluaketaren ondoren atera ditugun hutsak zuzenduko ditugu. Hauxe
izango litzateke testu idatzi bakoitza zuzentzeko sekuentzia didaktikoa.
Gero, ebaluatu, neurtu haurrek ikasi dutena eta unitate didaktikoan ondo aritu
izan garen edo aldaketak behar dituen eta ikas-irakas prozesuan nola joan den
aztertuko dugu.
Helburua irakurtzeko ohitura garatzea da. Ohiturak izugarrizko garrantzia duelako,
ohitu behar dugu haurra, errentagarria baita.
Dena ezin dute zuzendu, baina ebaluaketaren helburua ez da esatea "honek
ze gaizki" ez. Afera da zer egin hobetzeko. Ebaluaketa zentzu horretan.
Noski, hemendik aterako ditugu gero datuak informeak osatzeko. Eta esaten dugunean,
"euskara pobrea du ...". Askotan erabiltzen ditugu gurasoen informetan
eta pobre horren barruan zer dago? Hizkuntza arazoak dituela eta P.T. batengana
eraman behar dela esateko, hizkuntza arazoak non dituen jakin behar dugu ( planifikazioa
egiteko orduan, gaia antolatzean, joskeran...). Unitatez unitate errejistro
guztiak sailkatuta baititugu.
Laguntzeko hemendik jo behar dugu. Orduan, hemendik egin behar dugu lan eta
ez, ahozko hizkuntzan zailtasunak ditu edo, oso hizkuntza pobrea duela esanez.
Hizkuntza pobrea testuei dagokien hiztegian, egin dituen hiztegi hutsetan, kaligrafian,
irakurketan, ortografia parrafo bukaeran, deszifratzen, argumentatzen, haria
jarraitzen, testuan dauden informazioak erabiltzen, puntuazioan (puntuazioan,
gainera kometan). Edo irakurritakoa bere experientziarekin eta haur ezagupenarekin
lotzen duenentz edo hiztegia (kasu honetan hirugarren mailako batekin) erabiltzen
badakien edo hitzen adiera aurkitzen badakien, baina gero ez daki hitz egokia
erabiltzen edo esanahi egokia aukeratzen e.a. Hau da, hobetu behar du jartzen
duenean, hobetu hori, zertan den azaldu behar da. Horrela dago enfokatuta ebaluaketa,
laguntzera begiratua. Hori izango litzateke ikaslearen produkzioen ebaluaketa
egiteko modua, bai ahoz bai idatziz. Kasu honetan, idatzizko adibideak jarri
ditugu, baina ahoz berdin egin daiteke dialogaletarako zein monologaletarako
errejistro berberak baititu irakasleak; eta unitate bakoitzeko testu mota ezberdina
denez, errejistroa ere ezberdina da.
Gure esperientzia azalduko dizuet. Hasieran, hamabost egunetako unitateak egiten
genituen, gero hilabeterako eta hilabete bukaeran (gelaratu ondoren) arduradunekin
biltzen zen irakasle talde osoa. Eginez ikasiz. Material hori gelaratu eta zer
ematen duen eta zer ez duen ematen, eta zer ulertzen dugun planifikzioaz, edukia
zer den, sekuentzia didaktikoa zer den, zer ez den. Hor ikasi dugu. Hor aztertzen
genuen zaila den, erreza den, egokia den, planifikazioari dagozkionean, edukian;
adina horretarako egokiak diren; kopuruz aski, gutxi, gehiegi; beste eduki batzuk
sartu behar diren; morfosintaxiari dagozkionak egokiak diren adin horretarako;
kopurua; ortografiari dagozkionak; ekintzak, eta zer ekintza sartu duen irakasle
bakoitzak,… Hau hilabetero aztertzen genuen denon artean. Eta horrela joan
izan gara unitateak urtero, urtero, urtero haurren adinei, interesei te abarrei
egokitzen. Hauxe izan da gure formakuntza. Eguneroko praktika aztertuz eta eginez.
Izugarri ikasi dugu izugarri kostatu arren ohiturak aldatzea.
Programazioan, interesgunea ingurunean jarri dugu, edozein testu aukeratu beharrean.
Denetan ezin da, baina ahal denean lotu dugu ingurunea eta hizkuntza. Horrela
egin izan dugu, ohitura hartzea baita. Biribilean esertzeko esaten diegun bezala,
grabatzeko ohitura hartzea besterik ez da. Eta denborarekin hiru hizkuntzatan
lan egiteko era bera jorratu dugu.
Lan egiteko izugarrizko egoera berezia izan dugu. Ikastola pribatua zenean hasi
ginen lan honekin; hizkuntza lantzeko programazioa berritzeko aholkularitza
behar zuten. Orduan, nik aholkuak ematen nizkien, ni joaten nintzen irakasleen
formazioa ematea. Beraiek egiten zuten materiala nire aholkuen arabera eta nik
ematen nizkien formazio ikastaroak. Gero, gelaratu eta ebaluaketa saioak egiten
ziren. Orduan, ikastolak kontratatu egin ninduen eta lanera etorri nintzen.
Pribatua zenez, bi irakasle ginen lan horretan ikastetxe beretik. Gaur arte,
orain bukatu dugu esperimentuarekin eta Erein argitaletxeak argitaratuko digu.Dudarik
gabe, sekulako lana da. Ikaragarria da eta horrela berriren-berri gauzak egiten
hastea, asmatzea, probatzea eta gainera klaseak ematea oso zaila da. Baldintza
horiek genituelako atera zen, neurri batean behintzat.
Bestetik, aipatu behar dugu legea presio mota handia dela. Alegia, ikuskaria
urtero datorkigu esanez: "gaztelania lehenengo mailatik" eta "bai,
hori legeak horrela dio, baina nik esaten dizut, seigarren mailan legeak dioela
euskara eta gaztelania ongi menperatu behar dituztela eta nik betetzen dut helburu
hori. Utzi nire antolaketa egiten nik ditudan baldintzak kontuan hartuta".
Beraz ikuskaritzak onartu behar izan zuen.