Proiektua: Iruñeko seinaleek euskararen ordenantza betetzen ote dute?

Iruñeko Navarro Villoslada institutuko ikasleak kalera atera dira hiriko seinaleek euskararen ordenantza betetzen dutenetz aztertzera. Argazkiak bildu, eta sarean jarriko dituzte.

Iruñeko hizkuntza paisaia aztertzera atera ziren Batxilergoko lehenbiziko mailako A ereduko 11 ikasle. Argazki kamera, mapa eta papera eskuan, seinaleetan euskara ageri zenetz, eta agertzekotan, nola agertzen zen bildu zuten. Iruñeko Udalak ez zuen azterketa gainditu; are gehiago, nota oso txarra atera zuen. Adibidez, Itxaso Turrillas, Miriam Mortalena eta Julen Rodriguezen taldeak hamar seinale egoki baizik ez zituen aurkitu. 35 gaizki ziren.
N. Villoslada A eredua
Biko taldeak egin, eta kaleak banatuta ekin zioten ikasleek lanari. Nafarroako Gorteen kalean abiatu ziren Turrillas, Mortalena eta Rodriguez. 150 metro baizik ez zituzten egin, eta ordurako hainbat argazki atera zituzten. Kalearen izena euskaraz zegoen San Ignazio etorbidearen bidegurutzean. Metro gutxi batzuk aurrerago, baina, soilik gaztelaniaz ageri zen kale beraren izena. Pentsa liteke bigarren plaka zaharragoa zela. Ez da hala. Orain, Iruñeko Udalak kalearen izena gaztelaniaz idazten du, eta alboetan calle eta kalea hitzak jartzearekin aski dela dio.

150 metro baizik ez ziren, eta zezen plaza eta Txantrea hitzak ez ziren euskaraz ageri seinaleetan. Seinale berean, Norabide guztiak txikiagoa zen Todas las direcciones baino, eta Alde Zaharra hitza letra etzanez eta gris kolorez idatzia zegoen, gaztelaniazko adiera ez bezala. Parkimetroa erabiltzeko argibideak ere ez zeuden ordenantzak eskatzen duen bezala adieraziak. Euskarazko azalpenak letra etzanean ageri ziren, eta zati batzuk gaztelaniaz soilik adieraziak zeuden. Guztien artean batek arreta piztu zien ikasleei: Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ez zuen euskararik bere atarian. Udalaren hizkuntza paisaia zen aztertu beharrekoa, ordea. Horrela aztertu zituzten inguruko hainbat kale.

Helburuak bete zituzten. Haien irakasle Amaia Irazustak azaldu zuenez, ikasleak euskarara gerturatzeko modu bat izan zen, baita hausnarketa bultzatzeko bidea ere. Izan ere, ikasleetako batzuek ez dute uste euskara bazterturik dagoenik. Jarduera «erraza» eta «polita» izan zela zioen. A eredukoak izanik, euskara maila apala dutela azaldu zuen; beraz, gutxi ateratzen dira ikastetxetik euskarazko jarduerak egitera. «Honek asko motibatu ditu, haien lanak zerbaiterako balio duela ikusten dutelako. Udalari erakutsiko diogu». Googlemapsen paratuko dituzte irudiak eta euskalgintzari bidaliko dizkiote.

Artikulu osoa BERRIA egunkariaren helbide honetan irakur daiteke: //paperekoa.berria.info/tartea/2014-04-09/036/001/nota_txarra_udalaren_seinaleei.htm

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.