Euskarako gelan maiz erabiltzen diren esaldi batzuen horma-irudiak sortu ditugu.
Moldatu daitekeen dokumentua da, hortaz, ekarpenen bat baduzue, idatzi mesedez. Beharren arabera osatzen joango gara dokumentua.

Aurten egindako “Kamishibai tailerra A ereduan” ikastaroan, 8 kamishibai sortu dituzte irakasleek. Zoragarriak dira eta partekatzeko baimena eman digute. Inprimatzera eramango ditugu eta EIBZko liburutegian maileguan hartzeko aukera izango duzue. Dena den, oraingoz, hemen dituzue ikusgai eta eskuragai.
Claret Larraona ikastetxeko irakasleek Jantzien gaia errepasatzeko Power Pointen egindako bi erruleta partekatu dizkigute.
Erruletaren jarduera, PDIan egiteko da eta umeek gustukoa dute.
“Jira bira sakatu botoia eta erruletak bira egingo du. Sakatu berriro eta gelditzen den jantziaren izena esan beharko duzu“.
Drive dokumentuan ez du funtzionatzen, horregatik, efektua ikusteko fitxategia deskargatu behar da.
Erruletak Power Pointen nola egin daitezkeen jakin-mina baduzue, Interneten bideo tutorial desberdinak ikus ditzakezue. Norbaitek euskaraz nola egiten den topatzen badu, idatzi mesedez, hemen bertan jarriko dugu.
Errutinak, hau da, egunero errepikatzen ditugun jarduera komunikatibo egituratuak, gelan hizkuntzaren ulermena eta adierazpena garatzeko aukera paregabeak dira.
Behin eta berriro errepikatzen ditugun jarduera hauek, ikasleei gero eta konplexutasun handiagoarekin aurkezten badizkiegu, ikasleei euren hizkuntzaren garapenean lagunduko diegu.
Hona hemen, errutinak lantzeko lelo, errima eta kanta bilduma polit bat. Dokumentua ez dago itxia. Jasotzen ditugun ekarpenekin osatzen joango gara. Hortaz, errutinak lantzeko, dokumentuan azaltzen ez den baliabide interesgarri bat ezagutzen baduzu, idatzi, mesedez.
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloan ahozkotasuna lantzeko, Angel Ayechu irakasleak, Stop motion animazio teknikaren bidez sortutako bideoak dituzue hemen. Zenbait jolas, hainbat gaien inguruko hiztegia, eta biltzeko errutina lantzeko interesgarriak dira.
Zerrenda handitzen doa. Hortaz, sar zaitez berri honetan noizbehinka, bideo berriak egin ote dituen ikustera.
Angelek ere sortutako aditzak lantzeko rapa, Lehen Hezkuntzako orrian ikus dezakezue.
EIBZko Webgunean Irudi bilduma argitaratu dugu. A ereduko ikasgeletan erabiltzeko irudiak hiru tamainatan dituzue eskuragai helbide honetan: https://eibz.educacion.navarra.es/web1/irudi-biltegia/
15 gairen inguruko irudiak dituzue: Eguraldia, Emozioak eta aldarteak, Eskola ekintzak, Eguneroko ekintzak, Kirol ekintzak, Jakiak eta edariak, Jantziak, Abereak, Toki izenak, Garraiobideak, Lanbideak, Musika tresnak, Gure jaiak, Inauteriak eta Beste batzuk (gogoko dut/ez dut gogoko, hortzak, minak eta gaitzak).
Irudiekin, hiztegia lantzeaz gain, hainbat egitura landu daitezke. Ondorengo dokumentuan jarduera batzuk bildu ditugu:
Gelan besteren bat egiten baduzu, gurekin partekatzea eskertuko genizuke. Irudi txartelekin egin daitezkeen jardueren bilduma aberasten eta osatzen joango gara.
2020ko maiatzaren 11n eta 12an, “Proiektuak A ereduko Lehen Hezkuntzan” informazio saioak egin genituen. Deialdian, prestakuntza hau, aurrez aurre egiteko planteatu zen arren, itxialdiak horrela egitea galarazi zigun eta online egitea erabaki genuen. Oso interesgarriak izan ziren bi saioak. Hemen dituzue ikusgai:
Saioen grabazioez gain, azaldutako proiektuen inguruko material guztia prest duzue “Lehen Hezkuntzarako Baliabideak” orrian, Proiektuak atalean:
Noain herriko San Miguel ikastetxean ez dute libururik erabiltzen eta proiektuka lan egiten dute. Ikasleak gustura eta motibatuak daude euskarako klaseetan. 2019-2020 ikasturtean nola lan egiten duten ikusteko aukera izan dugu.
Maila honetan urte batzuk daramatzate “Hizki-pasa” proiektua egiten. Ikasturte honetako lehenengo hiruhilekoan talde batekin proiektua nola garatzen duten ikusi eta grabatu dugu. Prozesuan zehar lau trebetasunak lantzen dituzte eta jarduerak oso ongi bideratuak daude azkeneko xedea lortzeko. Zuk zeuk proiektua aurrera eramatea nahi baduzu, hemen dauzkazu programazioa eta behar diren baliabide guztiak.
Maila honetan “Mahai jokoak” proiektua egin dute. Proiektuaren bukaeran, talde bakoitzak sortutako jokoa azaldu digu eta harekin nola jolasten duten ikusteko aukera izan dugu. Zoragarria izan da ikasleak euskaraz nola hitz egiten saiatzen diren ikustea. Zure gelan proiektua egin nahi baduzu, hemen dauzkazu proiektuaren programazioa eta beharrezkoak diren baliabideak.
Maila honetan “Nor da Nor” proiektua egin dute. Talde lana oso garrantzitsua da proiektu honetan. Hiztegi altxagarria eta 1-2-4 egitura kooperatiboaren bidezko abestien lanketa, proiektua garatzeko erabiltzen diren bi jarduera interesgarri dira. Proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu eta zure ikasleekin aurrera eraman nahi baduzu, ikus itzazu ondorengo baliabideak.
Buztintxuri ikastetxean, proiektuak eta Roll playing dinamikak egiten dituzte A ereduko ikasleekin.
2019-2020 ikasturtean, Sorne Lerin irakasleak, “Euskal aditzaren itsasontziak hondoratu” proiektua azaldu digu bere ikasleekin aurrera eraman duen bitartean. Irakasle honek, ikasleen motibazioa sustatzeko, haiengana hurbiltzeko eta beraien mailara egokitutako edukiak eskaintzeko, bere burua grabatzen du jolasen azalpena egiten, jarduera baten prozesua nola egin behar den azaltzen edo berak sortutako ipuin baten antzezpena egiten.
Sornek “Euskal aditzaren itsasontziak hondoratu” proiektua, 5. mailako ikasleekin egin du eta aurrera eramateko bi hiruhileko behar izan ditu.
Proiektu hau aurrera eraman nahi baduzu edo zure ikasgelarako ideiak hartu nahi badituzu, hemen dituzu, Sornek grabatutako bideoak, prestatutako materiala eta proiektuaren programazioa.
Joana Zigandak eta Iker Uribek, bere ipuinaren kontaketa egiten dute aurrez aurre leku desberdinetan. Aurten, Nazioarteko liburuaren egunean ere hura egiteko asmoa zuten; baina, alarma egoerak etxean geratzea behartu zituen. Horregatik, bideo polit hau grabatzea erabaki zuten.