Zer moduz Mikel? / Zer moduz, Mikel?

Bi esaldi hauek, itxuraz oso antzekoak badira ere, esanahiari dagokionez zeharo ezberdinak dira:

  • Zer moduz Mikel?
  • Zer moduz, Mikel?

   Ikus dezagun bien arteko aldea hiru item hauen bidez:

1. Nori idatziko zenioke “Zer moduz Mikel?” esaldia?
a) Zure lagun Mikeli, gutunaren hasieran.
b) Beste lagun bati, Mikelez galdetzeko.

 

2. Noiz idatziko zenuke “Zer moduz, Mikel?” esaldia?
a) Mikeli gutuna idaztean, hasierako agur moduan.
b) Mikel ez den beste bati, Mikeli buruz galdetu nahi diozunean.

 

3. Mikeli mezu bat idaztean, zein erabiliko zenuke?
a) Zer moduz Mikel?
   b) Zer moduz, Mikel?

Erantzunak argi ez badituzu, jarrai ezazu posta irakurtzen.

Erantzunak: 1b; 2a; 3b

Bokatiboen aurrean —edo ondoren, esaldiaren arabera— beti koma jarri behar da. Goiko bi esaldien arteko aldea horretan datza: bigarrenean “Mikel” bokatibo edo deikia da, eta koma bat behar du aurretik.

Lehenengo adibidearen azpian honelako zerbait dugu: Zer moduz (dago) Mikel?

Bigarren adibidearen azpian, berriz: Zer moduz (zaude/hago), Mikel?

Horregatik guztiagatik, ez dira zuzenak gutun, mezu edota ohar batzuen hasieretan irakurtzen ditugun “*Kaixo Uxue:” eta tankerakoak. “Kaixo, Uxue:” izan behar du.

Behin, komen inguruan gogoeta eragiteko eta, bidenabar, irribarre txiki bat sorrarazteko, ondoko izenburua zuen mezu bat heldu zen nire postontzira: Koma batek zenbait haurren bizitza salba dezake. Hauek ziren esaldiak:

  • Haurrak jatera etor zaitezte!
  • Haurrak, jatera etor zaitezte!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude