Desberdinak: “Etorri berria den irudipena dut” / “Etorri berria denaren irudipena dut”

Antzekoak dira bi esaldi hauek, baina esanahi ezberdina dute.

     Hiru item hauen bidez saiatuko gara bi esaldien arteko aldea ikusten.

1. “Irudipena dut etorri berria dela”. Bi esaldiotako zeinek adierazten du ideia hori?
a) Etorri berria den irudipena dut.
b) Etorri berria denaren irudipena dut.

 

2. “Etorri berriak duen irudipen bera dut nik ere”. Bi esaldiotako zeinek adierazten du ideia hori?
a) Etorri berria den irudipena dut.
b) Etorri berria denaren irudipena dut.

 

3. “Etorri berria delako irudipena dut” esaldia bi hauetako zeinen parekoa da?
a) Etorri berria den irudipena dut.
b) Etorri berria denaren irudipena dut.

 

Argi ez baduzu zein diren erantzun zuzenak, jarrai ezazu mezua irakurtzen.

Erantzun zuzenak: 1. a, 2. b, 3. a.

Hona hemen antzeko beste bikote batzuk:

  • Beltzez jantzita etorri zen susmoa dugu / Beltzez jantzita etorri zenaren susmoa dugu.
  • Murrizketa gehiago egingo dituen zurrumurrua bolo-bolo dabil / Murrizketa gehiago egingo dituenaren zurrumurrua bolo-bolo dabil.

Gogoratu -laren menderagailua testuinguru bakar batean ere ez dela zuzena:

  • *Etorri berria delaren irudipena dut.
  • *Beltzez jantzita etorri zelaren susmoa dugu.
  • *Murrizketa gehiago egingo dituelaren zurrumurrua bolo-bolo dabil.

 

Gaian sakondu nahi izanez gero:

a) Kontsulta ezazu Euskaltzaindiaren arau hau: 116 -eLAKO eta -eN atzizkiak izenak gobernaturiko perpaus osagarrietan

b)   Honatx ariketa batzuk (-en, -elako, -enaren, -eneko eta -elaren bereizteko): 1, 2, 3.

c) Irakur ezazu blog honetan bertan argitaratutako Okerra: *egitura hau okerra delaren susmoa dut posta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.