Okerrak: *martxoaren 24ean, *martxoaren 24eko, *martxoaren 24etik…

Zuzenak: martxoaren 24an, martxoaren 24ko, martxoaren 24tik…

 

Honatx Interneten topatutako oker batzuk:

  • *Aurtengo hitzordua martxoaren 24ean izanen da.
  • *Argibide horiek martxoaren 24eko 26/1998 Foru Dekretuaren eranskinean jasota daude.
  • *Urtero lez, uztailaren 24etik 28ra bitartean, Jazz doinuek hartuko dute Donostia.
  • *Datorren uztailaren 17tik 24era bitartean Viña del Mar-en egingo dute Neguko Barnetegia.

Beste hauek dira zuzenak:

  • Aurtengo hitzordua martxoaren 24an izanen da.
  • Argibide horiek martxoaren 24ko 26/1998 Foru Dekretuaren eranskinean jasota daude.
  • Urtero lez, uztailaren 24tik 28ra bitartean, Jazz doinuek hartuko dute Donostia.
  • Datorren uztailaren 17tik 24ra bitartean Viña del Mar-en egingo dute Neguko Barnetegia.

“Hogeita lau” diptongoz amaitzen da. Diptongoz bukatutako hitzak bokalez bukatutako beste edozein bezala deklinatu behar dira. Hala dio Euskaltzaindiaren 29. arauak: Diptongoz bukatzen diren izenen deklinabidea. Hortaz, bokalez bukatutako beste edozein zenbaki bezalaxe deklinatu behar dugu 24 (hogeita lau).

Gai honi lotuta, ikus blog honetan bertan argitaratutako Okerrak: *2014ean, *2014eko, *2014etik, *2014era… sarrera.

2 iruzkin “Okerrak: *martxoaren 24ean, *martxoaren 24eko, *martxoaren 24etik…” bidalketan

    1. Miren Basurto Bidalketaren egilea

      Kaixo, Aitziber:

      Euskaltzaindiaren 29. arauak dioenez (ikus ‘Diptongoz bukatzen diren izenen deklinabidea’):

      “1. Bokalez amaituak bezala deklinatuko dira normalean -au diptongoaz amaitzen diren hitzak, horrela egiten baita Hegoaldean —eta hor erabiltzen dira ugarienik horrelako hitzak— eta Iparraldean ere horrela jokatzen baita zenbaitetan, guztietan ez bada ere. Beraz, adibide bat ematearren, hau da hobesten den deklinabidea auzitan dauden kasuetan: arau, araurik, arauri, arauren, arauz(ko), arautan, arautako, arautatik, arautara mugagabean eta arauan, arauko, arautik, araura singularrean.

      2. Salbuespen jakin batzuk baditu, hala ere, jokabide orokor horrek: Gau hitzak deklinabide berezia du. Euskalki guztietako jokabideari jarraituz, -e- bokala tartekatzen du mugagabeko instrumentalean eta singularreko leku kasuetan, kontsonantez amaituek egiten duten bezala: gauez, gauean, gaueko. Baina, bestalde, -r- tartekatzen du bokalez amaituek horrela egiten duten kasuetan: gaurik, gauri, gauren. Beraz, honako paradigma hau izango luke hitz honek: gauk, gaurik, gauri, gauren, gauez mugagabean eta gauean, gaueko, gauetik, gauera singularrean”.

      Bukatzeko, aipatu nahi dut Euskaltzaindiaren Hiztegian “gauaz” adberbioa ere onartu dutela “gauez” eta “gaueko orduetan” adberbioen parean.

      Erantzun

Utzi erantzuna Miren Basurto(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.