Hileko artxiboak: urria 2014

Okerrak: marra *jarraia, lanaldi *jarraia…

Hiztegi Batuan, Euskaltzaindiak  dio jarrai izenondo gisa erabili nahi dugunean, jarraitu edo jarraiki erabiltzeko , eta ez *jarrai.

jarrai 2* [izond. gisa] e. jarraitu; jarraiki

Euskaltzaindiaren Hiztegian, berriz, hau diote:

jarrai2 [Oharra: Euskaltzaindiak, jarrai-k, izenondo gisa, euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, kasu horretan, jarraitu eta jarraiki erabiltzea gomendatzen du: hots, hezkuntza jarraia eta kidekoen ordez, hezkuntza jarraitua edo hezkuntza jarraikia erabiltzea].

Horren arabera, Internet sarean topaturiko hauek eta hauen parekoak ez dira zuzenak:

  • *Lanaldi malgua eta jarraia duten ikastetxeen zerrenda argitaratu du Nafarroako Gobernuak.
  • *Ez zuen errepide erdiko zirkulazio marra jarraia errespetatzen.
  • *Funtzio jarraia, trazu bakar batez egin daitekeena da.

Honela, berriz, zuzenak lirateke:

  • Lanaldi malgua eta jarraitua (jarraikia) duten ikastetxeen zerrenda argitaratu du Nafarroako Gobernuak.
  • Ez zuen errepide erdiko zirkulazio marra jarraitua (jarraikia) errespetatzen.
  • Funtzio jarraitua (jarraikia) trazu bakar batez egin daitekeena da.

Jarraitu irakurtzen

Desberdinak: “bikote” eta “bikotekide”

Hiztun askok bikote hitza erabiltzen dute bikotekide edo bikote-lagun hitzen adierarekin. Okerra da erabilera hori. Bikote hitzaren esanahia parea da, eta bikotekide eta bikote-lagun  hitzena, berriz, pare bateko kideetako bat.

Honatx Interneten topaturiko oker batzuk:

  • *Nire bikotea psikologoa zen.
  • *Aspaldi hil zen zure bikotea eta bakarrik bizi zara.
  • *Bera zein bere bikotea euskaldunak dira.

Zuzenak izateko, honela behar zuten:

  • Nire bikotekidea/bikote-laguna psikologoa zen.
  • Aspaldi hil zen zure bikotekidea/bikote-laguna eta bakarrik bizi zara.
  • Bera zein bere bikotekidea/bikote-laguna euskaldunak dira.

Jarraitu irakurtzen

Ezberdinak: “Alde egin tabakoarengatik” eta “Ihes egin tabakoari”

Alde egin_tabakoarengatik

Zer esan nahi du “Alde egin tabakoarengatik” esaldiak?

Tabakoa dela kausa alde egiteko iradokitzen edo eskatzen du esaldiak. Zer dela-eta edo zergatik egin behar da alde? Tabakoarengatik.

Argazkian islatzen den testuinguruan, ordea, hori adierazi nahi zuten? Gaztelaniazkoa ikusita, ezetz dirudi. Agian, “Ihes egin tabakoari” izan zitekeen irtenbide bat.