Okerra: *hobe esanda

Zuzenak: hobeto esanda, hobeki esanda

Ikus Euskaltzaindiak Hiztegi batuan dioena hobe hitzaren sarreran:

hobe izond. (*hobe esan e. hobeki esan)

Egitura honen azpian dagoena ez da “NOLAKOA esanda” baizik eta “NOLA esanda“; hortaz, hobeto esanda eta hobeki esanda dira zuzenak. Bata zein bestea, hobeto zein hobeki, sinonimoak baitira. Hobeto ondo adizlagunari dagokion konparatibozko era da; hobeki, berriz, ongi adizlagunari dagokiona. Euskalki kontua da batik bat.

Hona hemen Internet sarean aurkitutako akats batzuk:

a) *Hemen iraultza apala izan da beti edo, hobe esanda, ez da inoiz existitu.

b) *Liburu bat irakurriko duzu datorren hilabetean? Hona hemen gure proposamena edo, hobe esanda, gure ikasleena; eurek gustura irakurri dituzten liburuak dira-eta.

c) *Aurreko bi edo, hobe esanda, hiru mendeetan, XIV.etik hasita, botere feudala deuseztatuz zihoan heinean monarkiena sendotuz eta zabalduz zihoan.

 

Esaldi hauek honela behar dute zuzenak izateko:

a) Hemen iraultza apala izan da beti edo, hobeto/hobeki esanda, ez da inoiz existitu.

b) Liburu bat irakurriko duzu datorren hilabetean? Hona hemen gure proposamena edo, hobeto/hobeki esanda, gure ikasleena; eurek gustura irakurri dituzten liburuak dira-eta.

c) Aurreko bi edo, hobeki/hobeto esanda, hiru mendeetan, XIV.etik hasita, botere feudala deuseztatuz zihoan heinean monarkiena sendotuz eta zabalduz zihoan.

 

Iruzkin 1 “Okerra: *hobe esanda” bidalketan

  1. Pingback: 87. buletina |

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude