ZUZENAK: argitzeko ASMOZ/ASMOAREKIN/ASMOTAN/ASMOAN

Euskaltzaindiak ontzat eman ditu euskara baturako honako hauek guztiak:

-Zalantza argitzeko ASMOZ, Euskaltzaindiaren Hiztegira jo dugu.

-Zalantza argitzeko ASMOAREKIN, Euskaltzaindiaren Hiztegira jo dugu.

-Zalantza argitzeko ASMOTAN, Euskaltzaindiaren Hiztegira jo dugu.

-Zalantza argitzeko ASMOAN, Euskaltzaindiaren Hiztegira jo dugu.

Halaxe ondorioztatzen da Euskaltzaindiaren Hiztegian asmoan, asmoarekin, asmotan eta asmoz kontsultatuta:

asmoan adb. (-tzeko atzizkiaren eskuinean). Ik. asmotan; asmoz; asmoarekin. Mutilzahar gelditzeko asmoan al haiz? Kai aldera joan ginen, asteko soldata kobratzeko asmoan.

asmoarekin adb. (-tzeko atzizkiaren eskuinean). Ik. asmoan; asmotan; asmoz. Beste bagoira pasatzeko asmoarekin hasi ziren bi guardia zibilak. Guztia bideoan grabatzen ari dira, beste dokumental bat egiteko asmoarekin. Antzerkia egiteko eta antzerkirako zaletasuna sorrarazteko asmoarekin jaio zen DAT.

asmotan adb. (-tzeko atzizkiaren eskuinean). Ik. asmoan; asmoz; asmoarekin. Lan asko egiteko asmotan. Ezkontzeko asmotan da.

asmoz 1 adb. (-tzeko atzizkiaren eskuinean). Ik. asmoan; asmotan; asmoarekin. Atera ziren iluntzerako Debara iristeko asmoz. Betekada bat egiteko asmoz, hasteko, arrain zopa eskatu dute. Kultura suspertu eta euskara bultzatzeko asmoz sortu zen elkartea.

Amaitzeko, eta gai honen inguruan sakontzeko, irakurri blog honetan bertan argitaratutako OKERRAK: *etorri asmoz, *sustatu asmoz… sarrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude