Adar iharrik gabeko arbolarik ez

Azalpena

Zerbaitek edo norbaitek akatsen bat izan dezakeela adierazteko erabiltzen da.

Testuinguruan

=> Olano, Joxerra in Ttiki-ttaka 25, (2015) 24-27  [http://errioxa.ikaeuskaltegiak.eus/fitxategiak/ckfinder/files/25_alea.pdf; kontsulta-data: 2018-05-09]. 

Arabako Errioxara etorri zinenean zer lortzea espero zenuen? Zer lortu da? Eta zerk huts egin du?

Eskualdean euskarak aurrera egitea, jendea euskalduntzea, euskal kultura zabaltzea, euskararen aldeko jarrera sendotzea, euskararen kontrakoa ahultzea, euskararen erabilera handitzea, inoren morroi ez den herri mugimendua osatzea, bertako instituzioak euskararen aldeko lanean inplikatzea… Aipatu ditudan guztiak lortu dituzue edo lortzen ari zarete, eta, egia esan, neure eskasean, jende askoren ahalegin horretan parte hartu izanak harrotasun puntu bat ematen dit.

Adar iharrik gabeko zuhaitzik ez dela dio esaera zaharrak, eta Arabako Errioxako euskalduntze prozesuak ere adar iharren bat izango du, jakina, gauzak hobeto egiterik izango genuen, noski. Dena dela, oro har, eredugarria iruditzen zait Arabako Errioxan egin den bidea, eta ez dut uste Euskal Herrian euskalduntze prozesu bizkorragorik izan denik beste inon, euskararen ezagutza zabaltzeari dagokionez. Horretan parte hartu duten guztiek, eta batez ere heldutan euskara ikasi duten guztiek, harro egoteko moduan daudela iruditzen zait.

=> Mendizabal, Jesus Mari: “Euskalduna, hitzekoa”, in Bai horixe, bizargorri bloga (2016-08-03).  [http://blogs.diariovasco.com/bai-horixe-bizargorri/2016/08/03/euskalduna-hitzekoa/; kontsulta-data: 2018-05-09]. 

Mendian ez omen da arbolarik adar iharrik ez duenik. Gisa berean, ez euskaldunik ere tatxa gaberik. Gaitz gaizto asko omen dugu euskaldunok, etxe barrutik zein auzo hurbiletik sarri aditzera ematen digutenez: gatazkatsuak, handinahikoak, harroputzak omen gara…; eta, batez ere, errebes bihurri kontra-esanekoak; aurkia eta infrentzua aldiro erakusten omen dugunak; hau da, sekula eta beti baina eta baina omen gabiltzanak. Ohitura zaharren zaleak gaude, baina…; Euskal Herrian euskaraz, baina…; lege moral garbien aldekoak gara, baina… Nonbait, herri arrunt zaharra garenez, ostrei gertatzen zaiena gertatzen zaigu guri ere, euskaldunoi: gaitz-tatxak oro, zer!?, eta perlak bilakatu zaizkigula, alajaina. Baina hori beste kontu bat da… Perla, gaur dakarkizudana.

Iturriak

Bai horixe, bizargorri bloga, Garate

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.