Etiketa honen artxiboa: arazoak

Zalditik astora

Azalpena

Egoera txar batetik atera nahian, egoera okerrago batean sartzean erabiltzen da.

Baliokidea: sasitik berrora

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. de mal en peor

fr. de mal en pis

en. from bad to worse

Testuinguruan

=> Mugertza, Juan Luis, “Umeak negarrez, esnerik ez”, in Berria, 2012.  

Sinetsi behar dugu surik gabe ez dagoela kerik, eta batasunik gabe ez dagoela indarrik. Lehengo astean greba eta manifestazioa izan genituen. Bakoitzak jakingo du zer egin zuen, eta zer egiteko prest dagoen, baina, ene ustez, ez da sasoia nor bere zilborrari begira bakarrik bizi izateko.

Ordua da kafe baten inguruan egindako gogoetei itxura emateko; ez da nahikoa mundua gaizki dagoela esatea, edota langileok zalditik astora goazela, baldin eta gero, nork bere astoari arre egiteko joera bultzatzen baldin badugu, neurri batean zein bestean, galtzaile izango baikara. Gure gotorlekutik irteteko sasoia da, eta kale gorriaren haizea arnasteko; horrek lagunduko digu egoeraren tamaina hobeto ulertzen, eta solidarioagoak egiten.

=> Murua Uria, Imanol, Palestina zaurituaSusa, 1998.

— Hiru urte badira Autonomia ezarri zenetik, eta egoera ez dela hobetu diote palestinar askok. Zalditik astora egin duzuela dioenik ere bada.

— Egoera txarra da, baina jendeak badaki zergatik. Israel bide guztiak ixten ari zaigu, okupazioaren garaia hobea zela sinestarazi nahi dio gure herriari, autonomia daukagunetik ahalik eta oztopo handienak jarriz. Baina satorra baino itsuagoa izan behar da, orain hiru urteko Gaza eta gaur egungoa alderatuta, aurrerapauso handiak eman ditugula ez jabetzeko.

Iturriak

BerriaElhuyar, Intza proiektua, Susa

Umeak hazi, nekeak bizi

Azalpena

Umeak hazteak arazoak eta kezkak ekarri ohi ditu gerora.

Beste hizkuntza batzuetan

Ez du baliokide zuzenik. Beste esaera batzuek antzeko esanahia dute euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan, eta esker txarra adierazteko erabiltzen dira:

eus. Emak atherbe gaxtaginari, bera dukek salhatari. 5230 (Gotzon Garate).
Egiok laguntza debruari, emanen dauk ifernua lagunt sari. 8646 (Gotzon Garate).

gazt. Cría cuervos y te sacarán los ojos. 1206 (Gotzon Garate).

fr. Réchauffer un serpent dans son sein.

en. How sharper than a serpent’s tooth / He/she bites the hand that feeds him/her.

Testuinguruan

⇒ Iñaki Zabaleta Urkiola, 110. Street-eko geltokia, Susa, 1986.

“Mieltxori esan beharko diogu bere anaiari karta egin diezaion. Orain dela hilabete pare bat hartu genuen mutikoarena eta oraindik ez diogu arraposturik eman. Izan ere, hau komeria izkiriatzen ez jakitea. Aldiro erregutan ibili behar!”, “Mieltxok pozik eginen dio berriz ere karta, emakumea. Donostiatik heldu den hurrengo aldian neronek esanen diot”, “zerri hiltzerako etorriko omen da”, eta aitak maiz aipatua errepikatuko du: “Hau familia gurea: lau seme-alaba eta laurak kanpoan. Inor ere ez baserri lanetan laguntzeko. Maria, moja; Mieltxo Donostian; Tomax Frantzian basoan; eta gure mutiko ttikia ezbeharrez Ameriketan. Umeak hazi eta nekeak bizi, egia handia”, “ez zaitez kexa, Patxi, denak zintzoak eta langileak dira eta, gainera, osasun ona dute. Horiek dira printzipalenak”.

⇒ Gotzon Garate, Esku leuna, CAP, 1977.

 HAURRAK HAZI, NEKEAK BIZI

«Ez al zizuen berak zer edo zer esan?».

«Ez. Azken denboretan ia sekula ez zigun gure alabak bere bizitzaz ezer kontatzen. Eurrez sufritzen genuen emazteak eta biok. Aldaketa handia izan zuen bi urte honetan. Lehen hain txairo, alai eta argi zena, bat-batean ezkibel, ilun eta fidagaitza egin zen. Beno, ba bart gurekin afaldu zuen, baina ez zuen ia ezer hartu. Denbora guztian isilik egon zen».

Islapena / Reflejo / Reflection

Jon Díez Sudupe, Flickr.com, 2009-08-07