Etiketa honen artxiboa: irmotasuna

Bi ezkero, hiru seguru

Azalpena

Zerbaitetan ahaleginduz gero, azkenerako ongi ateratzea lortzen da.

Pilota partida Hondarribiko harresietan (Wikipedia.org)

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. A la tercera va la vencida / Tres perfecto número es.

fr. La troisième fois sera la bonne.

en. Third time lucky.

Testuinguruan

⇒ Berria, 2004-10-17, «Esainen jipoia eta Agirreren errebantxa», I.M [Kirola], Egungo Testuen Corpusa.

‘Bi ezkero, hiru seguru dio atsotitzak, halere ostiral gauez ahoz ahoko tradizioaren jakituriak bizkarra eman zion Enrike Galarzari.

⇒  Berria, 2006-05-13, «Chungkingeko», ZIGOR ALDAMA [Gaiak], Egungo Testuen Corpusa.

Egia izango da bi ezkero hiru ere seguru dela.

⇒ Iban Zaldua, Oharrak & Hondarrak, Zutabegilearena”, 2013/09/12.

Zutabegilearena

     Egunkarian astero zutabe bat idazteko kontratatu nindutenean, sekulako poza hartu nuen. Nire ahotsa iritsiko zen, azkenik, publikoarengana. Baina ez zitzaidan dotorea iruditu bat-batean ekitea, zakarki: irakurlea pixkanaka limurtu behar nuen, nire pentsamenduaren altzora erakarriz. Hasierei buruz idatzi nuen, beraz, lehenengo agur-zutabea; tira, hasierei buruz baino, hasiera jakin horri buruz, egunkariaren zutabegile bezala izango nuen, izaten ari nintzen abialdiaz alegia. Bigarren zutabea bigarren aldiaren inguruan idatzi nuen: bigarren aldiek eskaintzen dizkiguten aukera berrituez, gauzei eta egoerei buelta emateko gaitasunaz, eta aurrera jarraitzeko kemenaz; bigarren zutabe horrek bezala hain zuzen ere. Hirugarren artikulua “Bi ezkero, hiru seguru” esamoldearen inguruan antolatu nuen, gaztelaniazko “a la tercera va la vencida” haren nolabaiteko euskal ordaina: azken batean, “sagua harrapatzeko hiru salto egin behar ditu katuak”, eta hirutasunak badu, gainera, zentzu sinboliko sakon bat –zenbat kultura eta erlijiotan ez da hirua zenbaki zentrala?–, ondo egokitzen zitzaiona nire hirugarren ahaleginari. (…)

Olaia Juaristi, Berria, 2014-02-20.

Jon Ander Albisu. Asegarceko pilotaria (elkarrizketa)

(…) Txapelketan debutatu zenuenetik urtez urte gorantz zoaz.

 Duela bi urte, finalerdietan sartuta, eta iaz, finalera iritsita, ea aurten bi ezkero hiru seguru izaten den [barrez]. Oraingoz, gauzak ez ditugu erraz, baina dena da posible, aurkari zuzenak puntu bat gehiagorekin baititugu. Finalerdietan sartzeko aukerak ditugu, eta, zergatik ez, baita finalean sartzeko ere. (…)

Iturriak

Gotzon Garate, Pons, Reverso.net, Gaur egungo Testuen Corpusa.