“Aita, ama eta anaiarekin nago argazki honetan” ala “Aitarekin, amarekin eta anaiarekin nago argazki honetan”?

Galdera

Sendia eta “norekin” ari gara lantzen eta, horretarako, familiako argazkiak ekarri behar izan dituzte ikasleek eskolara. Bat-batean zalantza sortu zait: bi esaldi hauetako zein da zuzena, zuen ustez?

  1. a) “Aita, ama eta anaiarekin nago argazki honetan”.
  2. b) “Aitarekin, amarekin eta anaiarekin nago argazki honetan”.

Erantzuna

Biak dira zuzenak. Euskaltzaindiaren 111. arauan, Izen sintagmen arteko juntadura dela eta, dago arautua afera hau. Bertan esaten dutenaren arabera, juntatzen diren sintagmak singularrak direnean kasu-marka guztiei txertatzea gomendatzen da. Beraz, erabat zuzena da b) aukera. Hauek dira Euskaltzaindikoek arauan eman dituzten adibideak:

  • Itsasoan eta lehorrean bizi diren narrastiak.
  • Eskuz eta palaz jokatzen du.
  • Amarekin eta amamarekin bizi da.

Arau horretan bertan, ordea, beste hau ere esaten da singularreko sintagmen inguruan: “Juntatzen diren izenak oso hurbilekoak direnean, edo izenlagunaz nahiz izenondoaz lagundurik doazenean, ardatz anitzeko sintagma osa daiteke, kasu-marka amaieran ezarriaz”. Hau kontuan izanda, gure a) aukera ere zuzena da guztiz, oso hurbilekotzat jo baitaitezke. Hauek dira arauan eman dituzten adibideak:

  • Gorputz eta arimatik atera den oihua.
  • Bere emazte eta alabari galdetu zien.
Atala Hizkuntza, etiketak , , , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude